Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1

Adizki motak

Ikus ditzagun honako aditz hauek:

  • Miren etxetik zetorren
  • Miren kalean ikusi genuen
  • Koldo errenka dabil
  • Jon gero sartuko da
  • dendari horrek egin dezake nahi duzuna
  • zu ere hori ikusteko gai izango bazina

ZUBI HORRETATIK PASATZEN DEN KALEAN IKUSI GENUEN MIREN (Ponte Veccio, Florentzia) Adibide horietan zenbait aditz ageri dira: zetorren, ikusi genuen, dabil, sartuko da, egin dezake, izango bazina

Aditz horien sailkapen moduko zerbait egiteko, hola bereiziko ditugu adizkiak: batzuetan aditz nagusia ageri da bere laguntzailea duela ondoan. Hori gertatzen da ikusi genuen, sartuko da, egin dezake eta izango bazina adizkiekin. Ikusten denez, bi hitzetan ageri dira aditzak hor: batek ematen dio “eduki semantikoa”, esanahia, eta besteak ematen du aldiaren, pertsonaren, moduaren… informazioa. Informazio hori laguntzaileak (genuen, da, dezake, bazina) ematen digu. Informazio mota horren atal bat aditz nagusiak ere bil dezake. Izan ere, aditz nagusiak biltzen du aspektuari (gehien bat) dagokion informazioa: -T(Z)EN, -TU, -TUKO, esaterako.

Goian jarritako adibide horietako beste batzuetan, ordea, adizkia bakarra da, ez du inguruan beste aditz “nagusirik”: zetorren, dabil, … Adizki horien berezitasuna zein da? Bada, forma horrek berak bakarrik biltzen duela informazio semantikoa (“etortzea”, “ibiltzea”), eta perifrastikoetan laguntzaileak ematen duen aldiari eta pertsonari buruzko informazioa. Hori guztia forma bakarrean bildurik ageri da. Aurreko sailekoak ez bezala, hauei “aditz trinko” esaten diegu.

Sailkapenak

Beraz, hori da egiten dugun lehenbiziko sailkapena:

  • ADIZKI PERIFRASTIKOAK
  • ADIZKI TRINKOAK

Aditz perifrastikoetan bada beste sailkapen mota bat ere. Dagoeneko aipatu dugu: aditz multzoan (aditz perifrastikoetan) aditz “nagusia” eta “laguntzailea” bereizten dugu. Laguntzailea nagusiak duen makulu bezalako zerbait da: etorri da eta joan da esaten badugu, bietan da laguntzailea ageri da, baina aditz multzo horren eduki semantikoa ez dago laguntzailean, baizik partizipioan.

Beraz, adizki perifrastikoen barruan egiten dugun bigarren sailkapena ondokoa da:

  • ADITZ NAGUSIA
  • ADITZ LAGUNTZAILEA

Euskal aditzaren sistema azaltzea ez da kontu erraza: besteak beste, orain arte esandako horiek guztiak hartu behar dira kontuan. Eta beste gauza asko ere. Hori dela eta, azalpen bat baino gehiago eman daiteke. Eta hemen berean bi azalpen mota ematen ditugu. Azalpen “klasikoa” dei daitekeenak, EGLU-II argitaratu zenetik eman izan denak, baditu zenbait huts, batzuen ustez, eta han bildutako zenbait sailkapen mota ez dira, beharbada, egokienak. Hemen, hortaz, bi sailkapen (eta, garrantzitsuago, bi azalpen) aurkezten ditugu. Batak, “Eduki semantikoan oinarritua” deitu dugunak, azalpen berria proposatzen du. Eta bestea, EGLU-IIren tradizio formalari jarraitzen diona baina sailkapen ezberdina proposatzen duena, “Oposizio kontzeptuan oinarritua” izendatu dugu.

Aditz sistema azaltzeko zailtasunak

Aditz sistema azaldu nahi dugunean, eta formari behatzen badiogu, berehala konturatzen gara, “laguntzaile” deitzen dugun aditz horrek berez aditz mota bat baino gehiago erakusten duela. Beste hitzetan esateko: “laguntzaile” hitzak laguntzaile bat baino gehiago ezkutatzen du. Ez hori bakarrik: laguntzaile horietako batzuk aditz nagusi bezala ere gauzatzen dira:

  • hori Mikel da
  • Jon arratsaldean etorri da

Hor, bi adibideetan da ikusten dugu. Batean bakarrik (beraz, aditz nagusi bezala, “izan” aditza) eta bestean beste aditz nagusia duela aurretik (“etorri” aditza). Berdin gertatzen da beste honekin ere:

  • indar handia du
  • gezurra esan du

Hor ere du forma ageri da bietan. Batean nasgusitasun osoa du, eta ez du beste aditz nagusi baten beharrik eduki semantikoaz hornitzeko. Bigarren adibidean, ordea, “esan” aditzak darama berarekin eduki semantiko hori. Zein da orduan, “indar handia du” horretan ageri den du horren partizipioa, “esan” aditzaren parekoa litzatekeena. Berehala esango dugu ukan dela. “Ukan” aditza ez da euskalki guztietan erabiltzen, baina “izan” ageri den testuinguru berean agertzen da erabiltzen duten hiztunen mintzairan:

  • Ameriketan da / Ameriketan izango da
  • indar handia du / indar handia ukanen du

AMERIKETAN DA ETXE HAU: Guggenheim, N. York)“Ukan” zuzenean erabiltzen ez duten hiztunei galdetuz gero zer aditz dagoen du horren atzean, “eduki” dagoela esango lukete:

  • indar handia edukiko du

Holako gauzak kontuan harturik, EGLU-IIk eta beste gramatikari batzuek proposatu izan dute orain arte hemen aipatu ditugun laguntzaileetan bi aditz daudela: izan eta *edun. “Da” edo “naiz” bezalako adizkien azpian “izan” dagoen bezala esango genuke “du” edo “dugu” bezalako adizkien azpian “*edun” dagoela. Paralelismoa erraz egiten da:

  • autoa dakargu

Adizki horretan, dakargu adizkian, berehala bereizten dkitugu morfema hauek: d-a-kar-gu (hura-orain-ekarri-guk). Bada, hor informazio hori baldin bada, nola informazioa izango dugu beste adizki honetan?

  • beldurra dugu

Hor ere gauza bera egin daiteke, morfemak bereiziz: d-u-gu. Eta hortik ateratzen dute gramatikariek *edun dagoela hor azpian (jakina, aditz laguntzaileak, erabileraren erabileraz, irregularrago gertatzen dira). Baina nola “*edun” forma hori ez den inoiz ere ageri, izartxo bat jartzen diogu aurretik, eta hola adierazten dugu hori litzatekeela forma horiei legokiekeen partizipioa, baina berez gramatikariek egindako eraikin teorikoa dela, izan litekeenaren hipotesia, eta ez dugula horren lekukotasunik inon ere aurkitu.

Hori dela eta, “ukan” eta “eduki” hartzen ditugu aditza nagusi gisako formatzat, ez aditz laguntzailearen oinarrizko forma gisa. Baina hori hala baldin bada, zer egin beste forma hauekin?:

  • Holakorik gerta baledi
  • euria egin baleza

Zer dira hor “baledi” eta “baleza”? Horiek ere “izan” edo “*edun” ote dute azpian?

Lau aditz laguntzaile euskara batuan

Ez; nola esan dugun “dugu” bezalako adizki baten azpian *edun dagoela erroan, hala esan behar dugu, antzeko argudioak erabiliz, “baledi” adizkiak *edin bezalako zerbait duela azpian, eta “baleza” adizkiak, ostera, *ezan bezalako zerbait. Hortaz, orain denak lerroan jarririk, badakigu parentesi artean ageri diren aditzak direla, nahiz horietarik bakarrik izan erabiltzen dugun benetan partizipio aske gisan:

  • Ameriketan izan da (izan) KALEAN AGURTU DITUGU (Pragako kalea)
  • kalean agurtu dugu (*edun)
  • halakorik gerta baledi (*edin)
  • euria egin baleza (*ezan)

Hori da ondorio bat. Beste ondorioa da aditz horiek, izan-en (eta *edun-en) kasua kenduta, benetan laguntzaile bezala bakarrik ageri baldin badira, nekez erabil daitezkeela aditz nagusi gisa; hots, nekez erabil daitezkeela bakarrik, bakarrik ageriko balira egiazko aditz nagusiak izango bailirateke. Horregatik oso eztabaidagarriak dira “hala bedi” edo “hala bitez” bezalako esaldiak, hor “hala izan bedi” (= “hala biz”) edo “hala izan bitez” (= “hala bira”) erabili beharko baikenituzke, laguntzaile gisa bakarrik.

Euskara batuan erabiltzen dugun laguntzailearen sistema lau aditz horietan oinarritzen da: hortik sortutako adizkiek osatzen dute. Eta bakoitzak bere tokia hartzen du: esaterako, “edin “subjuntibozko” formetan erabiltzen dugu, eta izan “indikatiboetan”. Beste bi aditzak ergatiboarekin batera ageri dira. Gero, gainera, adizki horiek -KE har dezakete, adizki modalak sortuz horrela (izan: etorri da / etorri dateke; *edun: ikusi du / ikusi duke; *edin: etor baledi / etor daiteke; *ezan: ekar baleza / ekar lezake). Adibideetan ikusten denez, gainerako adizkiak BA- aurrezkia erantsirik sortzen dira. Hau guztia aurkezpen honen azpiko ataletan azaltzen da.

ADITZ LAGUNTZAILEAK
izan *edun *edin *ezan
-KE
BA-

Euskalkietan aditz laguntzaile gehiago

Kontua da, ordea, aipatu lau aditz laguntzaile horiek ez direla euskaraz erabiltzen ditugun bakarrak. Lau aditz horiek ageri dira Euskal Herriaren erdialde zabalean. Bazterretan, ordea, batez ere mendebalean (bizkaieraz) eta ekialdean (zubereraz), baina ez han bakarrik, badira beste laguntzaile batzuk, aski erabiliak:

  • emon deutsa
  • zin dagit
  • on egin dagizuela
  • ikus diro
  • erranen dautzut / derautzut
  • erran dio

Adizki perifrastiko horietan ageri diren laguntzaileak honako hauek dira (haiei legozkiekeen aditzak parentesi artean jartzen ditugu)

  • deutsa (eutsi)
  • dagit, dagizuela (egin)
  • diro (*iron)
  • dautzut (*edun)
  • derautzut (*edun+ -ra-)
  • dio (*i, nahiz gramatiketan *edun-en azpian sartu)

Beraz, hor ikusten da nola dagoen gaur egun laguntzailearen kontu hau euskaraz: sistema konplexua da, eta konplexua segitzen du izaten, euskara batuak hori nolabait ere soildu baldin badu ere. Ondoko ataletan azaltzen da hau guztia.

Gaian sakonduz

Euskal aditz laguntzaileafen inguruan material gehiago hemen aurki daiteke

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3