Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:0

"Aditz bakarraren" teoria XIX. mendeko euskal gramatikagintzan

Atal honetan xix. mendeko zenbait gramatikarik euskal aditzari buruzko azterketetan nola edo hala “aditz bakarraren” teoria deitu izan dena nola adierazi eta erabili zuten azaldu nahi genuke. “Aditz bakarraren” teoria aurreneko aldiz Port-Royaleko Grammaire générale et raisonnée lanean (1660) azaldu zen. Port-Royaleko lanek hizkuntza guztiek batera dituzten ezaugarriak aztertu zituzten, eta gramatika orokorra deitu ohi den joerari bide egin zioten. Atal hau hasteko, xix. mendea arteko gramatikagintzak euskal aditza aztertzeko erabili zituen irizpide nagusiak laburtuko ditugu, atari gisa. Hurrenik, gramatika orokorraren eta, haren barruan, aditz bakarraren teoriaren azalpen laburra emango dugu. Ondoren, zenbait adibide eskainiko ditugu, aditz bakarraren teoriak xix.eko euskalaritzan izan zuen lekuaren agerpen aski zabala erakusteko asmoz: Humboldten lehen urratsak; Darrigolen formulazio oraindik anbiguoa; Abbadia, Xaho eta Itxausperen aldezte garbia; Bonaparteren aditz-teoria bihurrian izan zuen leku nabaria, eta, azkenik, Azkueren eta Arana-Goiriren lekukotasun berantiarrak. Ondorioek emango diote buru atalari.

Euskal aditzaren sailkapenak XIX. mendea arte

Jakina denez, euskarak adizki sintetikoak eta adizki analitikoak ditu (azken hauei “perifrastiko” izena ere eman ohi zaie).1 Aditz-forma perifrastiko bat adizki jokatugabe batek eta laguntzaile batek osatzen dute; lehen osagaiak aspektu-marka bat har dezake eta bigarrenak, aldiz, pertsona eta numero komunztadura-hizkiak eta denbora eta modua adierazteko morfemak hartzen ditu. Joko perifrastikoak modu eta aspektu bereizketa gehiago aurkezten ditu, baita aditzarekin komunztatzen diren argumentuen —absolutibo, ergatibo eta datiboaren— arteko konbinaketa posible guztiak ere. Aitzitik, joko sintetikoak ez du aspektu bereizketarik onartzen eta, pertsona-komunztadura anizkuna onartzen badu ere, halako adizkiak oso gutxi erabiltzen dira; bestalde, joko sintetikoaren erabilera atzeraka joan da euskararen historiaren hasiera-hasieratik bederen.

Paradigma perifrastikoaren aberastasun eta erregulartasun handiagoa dela eta, euskal gramatikari gehienek —Larramendirekin hasi (1729) eta, salbuespen bakanak gorabehera, xix. mendearen bigarren erdia arte— joko perifrastikoa euskaraz berezkoa zela pentsatu zuten; joko trinkoa, berriz, Larramendiz geroztik irregular deitu izan zena, bigarren mailakotzat eta berriagotzat hartu zuten.2 Hala ere, gaur egun euskararen historiaz dakigunaz baliaturik, badakigu gauzak bestela gertatu zirela (cf. Gómez & Sáinz 1995, Trask 1997).

Oihenart

Joko perifrastikoaren gailentasuna aldarrikatu zutenen aldean, Oihenart dugu aditz trinkoen jatortasuna aldeztu zuten autore bakan horietako bat eta lehena. Zuberotarrak ohiko zehaztasun eta zorroztasunez aztertu zituen euskal aditz-joko motak, bi joko bereizi zituelarik, bata berezkoa edo jatorra (hots, trinkoa) eta bestea jatorra ez dena (perifrastikoa, alegia):

  • Duae sunt coniugandi formae. Altera Propria, Altera impropria, quae fit per circumloquutionem. Propria est cum verbum per seipsum inflectitur, absque vllo alterius vocis adminiculo, vt à themate ek’us, id est, vide, fit Decussat video, decussac vides decussa videt, decussagu videmus, decussasue videtis, decussate vident. Necussan videbam &c. Conjugatio Impropria est cum verbum coniugatur, non per se, sed circumloquutione, per participium suum & verbum substantiuum nais hoc est sum & eius auxiliare adi, si verbum sit passiuum vel neutrum, Actiuum vero per verbum possessiuum dut, hoc est, habeo, & eius auxiliare esac vt, Eziten nais iaceo, Sehazen vel Sehatu nais caedor, Ecusten dut video. Vtraque coniugatio quinque habet modos, Indicatiuum, Imperatiuum, Optatiuum, Conditionalem, & Subiunctiuum. (Oihenart 1656: 63)

Bidenabar esanda, aurreko pasartean Oihenartek lau laguntzaile bereizten ditu: haietako bi aditzak ere badira (naiz eta dut) eta beste biak aurrekoen “laguntzaileak” (adi eta ezak, hurrenez hurren).3 Laguntzaile bakoitzaren erabilera esparrua ere ondo zehazten du (Oihenart 1656: 69).

Larramendi

LARRAMENDIEsan bezala, Larramendi da, bestalde, joko perifrastikoaren jatortasuna aldeztu zuen lehena eta, jesuitaren eragin handiari esker, haren ikusmoldeak luze iraun zuen euskal gramatikagintzan. Larramendik adierazten du (1729: 43) aditza aztertzeko eta sailkatzeko erabili ohi den terminologiarekin erabat ados ez dagoela, alabaina besterik ezean erabiliko badu ere. Funtsean, honako hau da proposatzen duen euskal aditzen sailkapena:

  • Supongo, que el Bascuence tiene verbos activos, passivos, y neutros; y estos son regulares, è irregulares: nombres, cuya significacion se explicará en sus lugares. (Larramendi 1729: 43-44)

Larramendik “erregular” deitzen die perifrastikoei eta “irregular”, trinkoei. Hauxe da azken deitura honen arrazoia:

  • Llamo irregulares à estos verbos, assi por que sus tiempos son simples, y no compuestos, como tambien por que su inflexion no corresponde à la raiz, de donde nacen. (Larramendi 1729: 233)

Izan ere, Larramendik joko bakuna eta joko elkartua ere bereizten ditu hizkuntza baten aditzetan:

  • En una Lengua la conjugacion del verbo puede ser simple, y compuesta. La conjugacion simple se llama aquella, cuyas inflexiones son sencillas, y de una sola diccion: la compuesta de dos, ò mas dicciones. […] Pues hablando de las Conjugaciones regulares del Bascuenze, digo, que todas son compuestas, y ninguna simple, por que todas sus inflexiones constan de dos, y tres dicciones. Componense de dos generos de dicciones: unas son los varios modos de infinitivo, y otras son las terminaciones del verbo, y de la varia combinacion destas dicciones resulta la variedad de los tiempos. (Larramendi 1729: 44-45)

Larramendi haratago doa eta, tubalismoari atxikirik, proposatzen du hizkuntza erromantzeek —gaztelania, frantsesa eta italiera4 aipatzen ditu— adizki elkartuak euskaratik hartu zituztela, grekoan eta latinean halako adizkirik ez izaki:

  • De lo dicho infiero yo, que el Romance, y las demás Lenguas hijas del Latin, como imitaron, y aprendieron de su Madre la Conjugacion de los tiempos simples, assi imitaron, y aprendieron del Bascuenze la Conjugacion de los tiempos compuestos, y por consiguiente deben tambien recurrir al Bascuenze por su genealogia en esto, como otras prendas varias. (Larramendi 1729: 46-47)

NEOBURGOKO MARIANAREN BEKATUAK KONFESATZEN IBILI ZEN LARRAMENDI, GRAMATIKA KONTUEZ ARDURATU ONDORENLaguntzaileez (terminaciones) den bezainbatean, Larramendik aditz aktiboak eta neutroak bereizten ditu, eta aktiboen barnean, absolutuak eta iragankor edo erlatiboak:

  • Las terminaciones unas son del verbo activo, otras son del neutro. Destas ablaremos en su lugar. Las terminaciones auxiliares del activo unas son absolutas, otras son transitivas, ò relativas: las absolutas se llaman assi, por que no embeben, ni dicen algun respecto, ù orden à ninguna persona del singular, ni plural: las transitivas se llaman assi, por que dicen, y conotan una transicion, ò relacion à alguna de las personas. Las absolutas son de dos generos, y no mas: el primero rige, ò embebe regimen de singular, y el segundo de plural. Las transitivas son de veinte y una especies, por veinte y una relaciones, que puede tener la accion verbal. (Larramendi 1729: 56-57)

Alegia, laguntzaile aktibo absolutuak det eta ditut-en paradigmek osatuko lituzkete eta aktibo iragankorrak, nor-nork eta nor-nori-nork erakoek. Beste alde batetik, laguntzaile neutroetan joko absolutu bakarra (naiz) eta zazpi erlatibo edo iragankor, nor-nori erakoak, daudela diosku gero (1729: 164-165).

Hasieran iragarri duen bezala, Larramendik darabiltzan sailkapena eta terminologia tradizionalak dira (halako terminoen historiarako, ik. Gómez Asencio 1985). Hau dela eta, ez da ohartzen euskararen laguntzaileek dituzten erro desberdinez —edo ez die garrantzirik ematen— eta, beraz, erdal sailkapenean oinarrituta, laguntzaileen banaketa bitarra egiten du funtsean: naiz (neutro eta pasiboetan) eta det (aktiboetan). Nolanahi ere den, sailkapen eta terminologia hau izango da, neurri handi batean, xix. mendea arte (eta xix.ean bertan ere) euskalari gehienek erabiliko dutena.

Harriet

Gramatica escuaraz eta francesez (1741)Aditzaren sailkapen tradizionalaren beste adibide bat Harrietena (1741) dugu. Haren gramatikaren lehenbiziko zatian, euskaraz idatzitakoan, ez du gai honetaz xehetasun askorik ematen. Alabaina bigarren zatian, frantsesez idatzian, euskarari buruzko oharrak ere ematen ditu eta bertan agertzen dira, hain zuzen, aditzari buruz espero litezkeen azalpenak eta sailkapen bitarra:

  • Dans la langue Basque d’ordinaire les verbes sont reguliers, sans qu’elle en ait d’irregulier ni d’impersonnel, & elle les fait en deux mots comme, nic ematen dut, je donne, […] elle a deux conjugaison, les verbes dont l’une est composée desdits quatre infinitifs desdits participes passifs & d’un mot Naiz, &c. pour faire le substantif, le passif; & ceux qui prennent leur place. […] & l’autre conjugaison se fait moyennant les quatre infinitifs, les participes passifs, & d’un autre mot dut, &c. qui sert pour faire tous les verbes actifs (Harriet 1741: 480)

Bada, halere, puntu harrigarri bat Harrieten lanean. Liburuaren amaieran dagoen “Escualdunei gomendioa eta Abisua”-n, Harrietek, besteak beste, idatzi berri dituen bi libururen berri ematen du. Lehena maisurik gabe euskaldunek frantsesez irakurtzen ikas dezaten idatzi du, eta bigarrena, bi partetan:

  • lehenbicicoa eskuaratik verbo gaitz eta erreguelan ez diren batçuen khenceco, hala nola nago, noha, darasat, &c. horlaco haiñitz, erreguela gabe dire, eta erreguelacoac dire egoten naiz, goaten naiz, erasten dut, &c. (Harriet 1741: 507)5

Eta, egia esan, gramatika guztian zehar Harrietek ez ditu aditz trinkoak behin ere aipatzen. Honen kariaz, agian Harriet garbizaletasunaren aitzindaritzat har genezake arlo honetan. Baina, zehazkiago jotzen badugu, ohartzen gara xx. mende hasierako garbizaleen alderantzizko joera hartzen duela, perifrastikoen aldekoa alegia, eta, beraz, trinkoak desagerrarazi nahi dituela; aranatarrek, ordea, trinkoen antzinatasun eta jatortasunean sinesten zuten eta, ondorioz, joko trinkoa beste aditz batzuetara hedatu eta orokortu nahi izan zuten (Plazaola 1999).

Gramatika orokorra eta aditz bakarraren teoria

GRAMATIKA OROKORRA EDO UNIBERTSALA EZIN AURKITUZGramatika orokorra, aise eta laburki esateko, hizkuntza guztien arazo orokorrei buruzko hausnarketa da; aurreneko formulazioetatik batez ere irizpide logikoetan oinarritu zen, harrezkero korronte filosofikoaren arabera “arrazoia” edo “izadia” etiketez hornituko ziren irizpideetan (cf. Auroux & Clérico 1992, Dominicy 1992). Gramatika orokorraren tradizioan beste deitura batzuk erabili —eta sarritan nahastu— dira: gramatika filosofikoa, gramatika arrazoitua eta, Ingalaterran batez ere, gramatika unibertsala. Euren berezitasunak gorabehera, autore guztiok bilduko dituena hauxe da: gramatikaren hatsarreak ideien jatorriari buruzko dotrina batetik eratortzen saiatzea.

Europako hizkuntzalaritzaren historian honelako hausnarketek tradizio luzea zuten: Erdi Aroaren amaieran, latinean oinarrituz, modistae izeneko filosofo eskolastikoek hizkuntza guztiek funtsean gramatika berdina zutela baieztatu zuten. Orobatsu, Humanismoaren garaiko zenbait gramatikarik eta filosofok (Scaligerek, Sanctiusek, Vossiusek, Campanellak, etab.). Baina gramatika orokorrari erabateko ospe eta arrakasta eman zizkionak Paris ondoko Port-Royal komentu-eskolan egindako lanak izan ziren: Grammaire générale et raisonnée (1660) eta La logique (1662), hain zuzen ere.6 Port-Royaleko lanek helburu bikoitza bete nahi zuten: batetik, hizkuntzaren arau orokorrak aurkeztea eta, bestetik —baina aurrekoarekin loturik—, edozein hizkuntza partikular aise eta laster ikasteko gida lortzea. Neurri handi batean Descartesen arrazionalismoan oinarritu baitziren, Port-Royaleko autoreen lanak honako premisa honetatik abiatu ziren: hizkuntza giza gogoaren eragiketen isla da eta, hortaz, gramatika ere bai. Ondorioz, gizaki guztiengan gogoaren funtzionamendua berdina bada, gramatika ere berdina izango da ororentzat. Gramatikan eta Logikan Port-Royaleko autoreek garatu zituzten analisietan xeheki jarduteko tokia ez delarik, oraingo honetan bi arazo bakarrik nabarmendu nahi nituzke, perpausaren analisia eta aditz-teoria hain zuzen ere.

Perpausaren analisiari dagokionez, Port-Royaleko logikak giza gogoaren lau eragiketa bereizten ditu; eragiketa horietako batzuek paralelismo garbiak erakusten dituzte gramatikaren unitateekin (Arnauld & Nicole 1662: 27-28). Hauexek dira eragiketok:

  1. Bururatzea (concevoir): gogoari aurkezten zaion zerbaitetan arreta jartzea; aurkezpen bakoitzari ematen diogun moldea ideia bat da.
  2. Juzgatzea (iuger): bi ideia batzea, norbaiti bururatu zaiona halakoa dela, edo halakoa ez dela, baieztatzea. Judizioa, hortaz, proposizioa ere bada.
  3. Arrazoitzea (raisonner): bi judizio baliatuz, hirugarren bat eratzea.
  4. Ordenamendua (ordonner): zenbait ideia, judizio eta arrazoiketaren hurrenkera, gai bat ezagutzeko modurik egokienean antolatua; hautatzen den moduari metodo deritzo.

Hauetarik aurreneko biak dira bereziki interesatzen zaizkigunak: Lehenik, ideien bururatzeak funtsezko eginkizuna betetzen du perpaus-atalen sailkapenean. Izan ere, Port-Royaleko gramatikak hitzen sailkapen bitarra ezartzen du, hizkuntza guztientzat balio duena, jakina: alde batetik, gure pentsamenduen objektuak adierazten dituzten hitzak ditugu eta, bestetik, gure pentsamenduen itxura edo modua adierazten duten hitzak. Lehenbiziko kategorian izenak (hala substantiboak nola adjektiboak), artikuluak, izenordainak, partizipioak, preposizioak eta adberbioak sartzen dira; bigarrenean, aditzak, juntagailuak eta interjekzioak.

PORT ROYAL Bigarrenik, Port-Royaleko autoreentzat gogoaren eragiketa nagusia judizioak egitea da; hots, bi ideia batzea, euren arteko identitatea baieztatzeko edo ezeztatzeko (A ≡ B edo A ≠ B). Ildo honetan, hitz egitea proposizioen bitartez judizioak adieraztea baino ez da. Perpausa proposizio bat da eta proposizioa bi ataletan banatzen da: subjektua eta atributua; biak dira gure gogoaren objektuak, bi ideia dira. Subjektua eta atributua kopularen bitartez batzen dira, kopularen eginkizun bakarra batasun hori baieztatzea delarik.

Aditz-teoriaz den bezainbatean, eta azaldu berri dudan proposizioaren egiturarekin zuzenean loturik, Port-Royaleko autoreen ustez aditza baieztatzeko erabiltzen den hitza da. Horregatik, dagoen aditz bakarra kopula da (hots, da). Ikuspuntu honen arabera, “aditz” deitu ohi diren gainerako hitzak banako konplexuak lirateke, bertan baieztapenari beste adieraren bat gehitu zaiolarik: subjektua (naiz), atributua (Peru dabil = Peru ibiltari da) edota denbora (zen). Horrela bada, aditzen arteko funtsezko banaketa bitar bat ezartzen da: aditz “substantiboa” (benetako aditz bakarra, baieztapen hutsa, kopula alegia) eta aditz “adjektiboak” (gainerakoak). Jakina, banaketaren oinarrian azterketa logiko bat hizkuntzen gramatikara hedatzea dago: logikaren ikuspuntutik izan aditza bakarrik da beharrezkoa; ondorioz, izan aditza bakarrik dago giza hizkuntzetan.

Port-Royaleko lanek arrakasta eta eragin handia izan zuten xviii. mende osoan eta xix.aren zati batean, bereziki Frantzian, non hizkuntzalaritza historiko-konparatzailearen nagusitasuna aski berandu iritsi baitzen. Baina, hizkuntzalaritza historiko-konparatzaile berria Alemaniatik gainerako herrietara zabaltzen zen heinean, gramatika orokorraren pisua eta omena apalduz joan ziren. Nolanahi ere den, xviii. mendean zehar gramatika orokorraren helburuak eta formulazioak aski aldatu ziren, lehenbizi entziklopedisten eraginez,7 geroago filosofo sentsualisten eskutik8 eta, Frantziako Iraultzaren ondoren, ideologoen bitartez.9 Aditz-teoriari dagokionez, urte haietako autoreen berrikuntzarik nabariena honakoa da: aditz substantiboak ez du jadanik “baieztapena” adierazten, “existentzia” baizik.

Azkenik, ohartarazi behar da gramatika orokorraren metodo logiko-arrazionala eta haren argudiatze motak hizkuntza jakinen gramatikak ontzeko ere erruz erabili izan zirela. Gehienetan, haatik, ez ziren lan horietan hizkuntza guztien ezaugarri komunak bilatu nahi, baizik eta delako hizkuntza hark arrazoiaren eta logikaren legeei men egiten ziela frogatu. Gramatika-molde honetan sartu behar ditugu, hain zuzen ere, xix. mendean gramatika orokorraren urratsei nola edo hala jarraitu zieten euskal autoreak. Agian, salbuespen bakarra Astarloa litzateke, bera baita euskarari buruzko gogoetak hizkuntzaren azterketa orokor baterantz bideratu zituen egile bakarra, era berezi batean izanda ere (Gómez 1999, 2002c). Bestalde, gramatika orokorraren eragina jaso zuten euskalari gehienak, espero zitekeenez, Ipar Euskal Herrikoak ziren eta, beraz, frantziar tradizioa zuzenean jaso zuten.

Humboldt

Euskalaritzan aditz bakarraren teoriaren aurreneko agerraldi gisa har genezakeena Wilhelm von Humboldtek idatzitako euskal gramatikaren zirriborro batean (Humboldt [ca. 1801-1803]: 377-380) aurkitu ahal dugu:

  • 2. Verba in dem Verstande, als unsere Sprachen, hat die Vaskische eigentlich gar nicht. Sie besitzt bloß ein Paar Hülfsverba, vermöge welcher sie alle übrige bildet; gerade als sagten wir, statt ich esse, schlafe, stehe, immer ich thue essen, schlafen, stehen, und auf ähnliche Weise, als das Englische to do gebraucht wird. Nur dies Hülfsverbum ist in |378| der grammatikalischen Bedeutung des Worts ein Verbum, der übrige Zusatz ist bald ein wahres Adjectiuum, bald ein mit |379| einer Praeposition verbundenes Substantiuum (Gerundium), bald der unbestimmte Begriff der Handlung überhaupt (In|380|finitiv) bald noch etwas andres. Dies einzige verbum der ganzen Sprache verrichtet allen Dienst, dessen der Redende bedarf, u. erhält durch den Zusatz jedesmal seine bestimmte Bedeutung. Det, allgemein, ich thue, handle, bin beschäftigt, jaten det, ich bin beschäftigt im Essen, ich esse, ilten det, im Tödten, ich tödte, u.s.f.

Wilhelm von HumboldtOhar bedi, haatik, laguntzaile (Hülfverbum) bakarraz mintzo dela, eta ez aditz bakarraz. Bestalde, aurreko pasartearen ondotik datozen lerroetan Humboldtek aditz trinko bakan batzuk daudela adierazten du eta irregularrak (unregelmäßige) deitu ohi direla gehitzen du.

Halarik ere, Adelung eta Vater-en Mithridates-i egindako zuzenketa eta eransketetan, bestelako iritzia agertzen du. Lan honetan Humboldt nabarmenki urruntzen da Larramendik abiarazi zuen tradiziotik, joko irregularra “la más antigua y originaria sin duda alguna” dela adierazten baitu (Humboldt 1817 [1933-34: 98]). Era berean, Humboldtek honako formulazio hau hobesten du: “La lengua vasca no tiene, estrictamente hablando, más que una sola conjugación” (1817 [1933-34: 97]) eta ez du aditz bakar baten alde jotzen duela inon adierazten. Areago dena, euskal aditz-jokoa aurkezten duelarik, aditz deitzen die forma jokatugabeei eta, ildo honetatik, Astarloak proposatu zuen analisiari orpoz orpo jarraitzen dio, alegia euskaran edozein hitz aditz bihur daitekeela -tu atzizkia gehituz gero.10 Hortaz, Humboldtek arazo honen gainean zuen jarrera ez zaigu nahi bezain argia agertzen.

Humboldten aurreneko aipuari berriro bagagozkio, azpimarratu nahi nuke bertan autore prusiarrak Zusatz (‘gehigarri’) deitzen duena —hau da, adizki perifrastiko baten forma jokatugabea— noiz adjektibo bat, noiz preposizio batekin lotutako izena (gerundioa), noiz ekintza bat oro har adierazten duen zerbait (infinitiboa), noiz besterik dela zehazten duela. Humboldtek gaingiroki azaltzen duen proposamen hau aztertuko dudan hurrengo autoreak, Darrigolek, askoz xehekiago garatuko du. Zernahi gisaz, Darrigolen ideien iturria ezin izan zen, inola ere, Humboldten baieztapena, prusiarraren eskuizkribua ez baitzuen ezagutzerik izan.

Darrigol (1827)

Euskal gramatikaren analisi arrazoituari ekiteko, Darrigol gramatika orokorraren hatsarreetan oinarritzen da, edo berak dioen moduan “hizkuntzaren oinarrizko hatsarreetan” (1827: “Préface”, zenbatu gabe). Hala, Darrigolek aditzaren ondoko definizio hau ematen du: “l’on convient généralement que sa fonction essentielle est de lier l’attribut au sujet, de former le noeud de la proposition: de là vient que tous les siècles l’ont appelé unanimement propositionis copula” (1827: 89). Alabaina, harrigarriro, honelako definizio bat harako Port-Royaleko Grammaire-n eman zen harekin lotuagoa dagoke, Darrigolek darabiltzan iturri nagusien definizioekin baino (ik. Gómez 2003).

Euskalari zaharren artean apaiz lapurtarra dugu aditzaren izaerari buruz zuen iritzia arrazoitzeko leku gehien eskaini zuena, auziaren inguruko hurrengo lanen oinarriak finkatu zituelarik. Gainera, ikusiko denez, Darrigolen lana aztertuz gero, nabariki konturatzen gara Port-Royaleko lanetan eta gramatika filosofiko batzuetan azterketa logiko-semantiko bat besterik ez zen aditz bakarraren teoria, euskarari ezarri ziolarik, azterketa formal ere bihurtzeko aukera ezin hobea eskaini nahi izan zuela. Hau dela-eta, ez dirudi lekuz kanpokoa denik Darrigolek aditz bakarraren teoriaren inguruan aurkeztu zituen ideiak ondoko lerroetan xeheki azaltzea.

Hasteko, Darrigolek adierazten du mundu zabaleko hizkuntzetan aditz guztiek, izan aditza salbu, atributu jakin baten ideia osagarria (idée accessoire) barneratzen dutela eta honek aditzaren benetako izaeratik urruntzen dituela:11

  • Ainsi lego n’est qu’une formule abrégée de legens sum ego: ce n’est pas la pure nature du verbe. On doit raisonner de même sur tout verbe français, latin, grec, &c., à l’exception du verbe être seulement: celui-là seul, si nous en croyons M. Beauzée, présente la pure nature du verbe en général. Tout autre verbe, selon le même auteur, renferme de plus dans la signification l’idée accessoire d’un attribut déterminé. (Darrigol 1827: 90)

Honelako sistema batean adizkiak forma laburtuak direla deritzo, solasaldi laster eta etorri bati ondo dagozkionak. Haatik, oztopo handiak ere badituztela uste du: atributua eta kopula hitz bakar batean nahasten dira; bestalde, horrelako sistema batek adizki asko eta askotarikoak sortzen ditu, maiz irregularrak, eta, beraz, arrazoiaren kontrakoak dira (Darrigol 1827: 91).

Aitzitik, sistema bakun eta perfektu batek izan aditza besterik ez luke erabili behar eta horixe da, hain zuzen ere, Darrigolek euskaran aurkitzen duena.12 Horretarako, Darrigolen abiapuntua infinitibo deitzen direnak euskaraz bederen aditzak ez direla eta benetan izen-klasekoak direla pentsatzea da:

  • tous les mots qui répondent à ce qu’on appelle ailleurs infinitifs des verbes, sont de vrais noms dans notre langue; et, afin que le lecteur se familiarise avec cette assertion, il est bon de lui rappeler qu’elle se vérifie plus ou moins parfaitement dans chaque idiome. (Darrigol 1827: 93)

Izan ere, Darrigolek hizkuntza askotan13 infinitiboek duten izentasuna frogatzeko adibideak ematen ditu, irizpide distribuzionalak, funtzionalak eta formalak erabiltzen dituelarik:

  1. Distribuzionalak: infinitiboa artikuluarekin batera ager daiteke; latinez izen deklinatu baten lekua bete dezake, edozein kasutan agertzen delarik ere.
  2. Funtzionalak: infinitiboak perpaus baten subjektu edo osagarri izan daitezke.
  3. Formalak: arabieraz edo sirieraz infinitiboek izenei dagozkien hizkiak har ditzakete.

Dissertation critique et apologétique sur la langue basque (1827)Infinitiboek eta izenek forman eta esanahian dituzten antzekotasunak aintzat hartu ondoren, infinitiboak eta aditzak zertan bereizten diren zehaztea da hurren zeregina: hala, infinitibo batek ideia orokor eta zehaztugabe bat (“vague et indéterminée”) aurkezten du; aitzitik, aditzak bakarrik eskaintzen du proposizio edo judizio bat eratzeko behar den indar elkartzailea (“la force unitive”, 1827: 97). Beste alde batetik, ordena naturalak eskatzen du lehenik ideia orokorrena aurkeztea eta, ondoren, zehatzena. Horrexegatik doa infinitiboa aditza baino lehen (1827: 98).

Xehetasun hauek guztiak, dena den, Darrigolek euskal infinitiboei buruz duen teoria aurkezteko atarikoak baino ez dira. Haren abiapuntua Beauzéek (1767) action, acte eta passion adigaien artean egindako bereizkuntza da. Bakoitzaren definizioa ematen du Beauzéek eta, beraietan oinarriturik, Darrigolek uste du acte forma abstraktuena dela eta radicalarekin lotzen du (hau da, as ‘has’ aditzoinarekin), action “infinitibo aktibo” deitzen duenarekin (aste aditz izenarekin) eta passion, azkenik, “infinitibo pasibo” delakoarekin (asi partizipioarekin, alegia):

  • Ainsi le mot radical as, qui n’exprime que l’acte, ou un sens de l’abstraction la plus complète, est susceptible de deux formes qui en déterminent l’espèce grammaticale. Si ce mot radical se revêt de la forme active aste, il répond exactement à ce qu’on a coutume d’appeler infinitif; et c’est un nom d’existence, d’action ou d’état, un vrai nom, qui se décline, avec ou sans article, sur le tableau de déclinaison que nous avons déjà tracé: il n’a rien de commun avec les inflexions du verbe. Se ce mot radical prend la forme passive asi, il répond au participe passif, et se décline, avec ou sans article, sur le même tableau que la forme précédente, sans jamais devenir verbe, quoi qu’on puisse dire. (Darrigol 1827: 100-101)

Hortaz, Darrigolen ustez, aditzoinak “erabateko abstrakzioa” adierazten du; infinitibo aktiboa, aldiz, benetako izena da eta infinitibo pasiboa, partizipio bat; hots, ez da inoiz aditz izatera iristen. Horrela, bada, bi infinitibo forma hauek deklinatu ahal dira, bietarako adibideak ematen dituelarik.14 Azken buruan, “les infinitifs basques sont restés dans la classe des noms, soit appellatifs soit adjectifs” (1827: 107).

Azterbide honen barruan, erraz aurreikusten da euskal adizki perifrastikoen zati diren forma jokatugabeak izentzat edo partizipiotzat hartuko dituela Darrigolek, dagokion denboraren arabera deklinatzen direla edo ez esango duelarik:

  1. Orainaldiaz den bezainbatean, erorten niz “je tombe” adizkiari “je suis dans l’acte de tomber” analisia ematen dio; hau da, erorte infinitibo aktiboa kasu “positiboan” (=inesiboan) deklinatua.15
  2. Darrigolen iritziz, lehenaldiko erori niz “je suis tombé” honelaxe dago osatuta: niz aditza (“je suis”) eta erori partizipio pasiboa; niz aditzari buruz beheraxeago mintzatuko naiz berriz.
  3. Azkenik, Darrigolek adierazten du erorico niz “je tomberai” geroaldikoan partizipioa -ko amaieraren bitartez (Darrigolek “destinatibo” deitua) edo -en genitiboaren bitartez deklinatzen dela; biek adieraziko lukete etorkizunaren ideia.16

Honen guztiaren ondorioz, Darrigolek bi aditz besterik ez du onartzen euskaran, n(a)iz eta dut izendatzen dituenak;17 orobat, iradokitzen du biak, azken buruan, aditz bakar baten bi aldaeratzat har daitezkeela, aditz bakarraren teoriara lerratuz.18 Formari dagokionez, lehen aditz motaren bereizgarria hasierako n- izatea da (subjektua markatzen duena; adibidean lehen pertsona singularrekoa, hain zuzen) eta bigarren motaren bereizgarria, hasierako d- izatea (hirugarren pertsonako objektua markatzen duena). Hortaz, niz edo naiz “formula” laguntzaile iragangaitzen ordezkaria litzateke eta dut “formula”, aldiz, laguntzaile iragankorrena:

  • Cette division, indiquée par le matériel des syllabes, est commandée par la nature et le sens de nos verbes: les uns (en n) ayant un sens affirmatif de la substance même de leur sujet, et les autres (en d) un sens affirmatif, non plus de la substance de leur sujet, mais de son action sur un autre. (Darrigol 1827: 108)
  • Il ne résulte pas seulement de ces observations, que les formules niz, dut, sont les deux verbes primitifs de notre langue; l’on doit en recueillir de plus que la nature du verbe ne se rencontre absolument que là où se trouve fondue en quelque sorte l’une desdites formules: ce qui nous conduit à cette dernière conséquence, que la langue basque n’a, à proprement parler, que deux verbes […]. De là nos verbes sont deux. Le premier répond avec avantage au verbe substantif être, connu dans toutes les langues; et s’emploie dans tous les cas où il s’agit d’affirmer en quelque manière la substance du sujet. Le second est une sorte de verbe avoir, affirmatif de l’action la plus générale possible d’un sujet sur un autre. (Darrigol 1827: 109)

Ondoren, Darrigolek bi aditz hauen osagaiak aztertzen ditu, aditzak berez baieztapena adierazten duela frogatu nahian. Niz-ekin hasita, Darrigolek adierazten du mota honetako aditzak joka daitezkeela ba- aurrizkia (prépositive) lagun dutela edo ez dutela. Aurrizki hau bai baieztapen-partikula besterik ez dela onartu arren, aurrizkidun adizkiari (baniz) “subjektuaren existentzia” esanahia egozten dio; aitzitik, aurrizki gabeko adizkiaren (niz) eginkizun bakarra perpaus baten atributua eta subjektua lotzea litzateke:

  • avec la prépositive, ce semble, quand il est employé pour exprimer l’existence du sujet; et sans la prépositive, quand il n’a d’autre fonction que de lier l’attribut et le sujet d’une proposition quelconque. (Darrigol 1827: 110)

Bestalde, aurrizki gabeko forma honen osagaiak lehen pertsonako izenordaina eta kasu “mediatiboaren” (hots, instrumentalaren) marka lirateke: ni + z, alegia:

  • Les deux premières personnes niz, hiz, paraissent d’ailleurs n’être autre chose que les pronoms ni, hi, au cas médiatif, d’où il résulterait que les formules ba-niz pour bai-niz, et ba-hiz pour bai-hiz, signifieraient, mot à mot, oui de moi, oui de toi; façon de parler qui n’aura sans doute rien que de trivial, au jugement de la plupart des lecteurs, mais qui ne laissera pas d’avoir un vrai mérite aux yeux des meilleurs juges, en ce qu’elle rappelle l’enfance du langage. (ibid.)

COURT DE GÉBELIN "TAROT" KONTUEZ ERE ARDURATU ZENLANCELOT HAU EGIAZKOA DA, EZ LITERATURAKOEta epaileon artean Court de Gébelin aipatzen du eta, nola ez, Lancelot eta “des autres grammairiens qui placent la nature du verbe dans l’affirmation” (ibid.). Azken batean, autore hauek bezalatsu, Darrigolek adierazten du benetako aditzaren osagaiak baieztapena eta pertsona direla eta, beraz, aditzak ez duela errorik.19

Niz-en analisia egiteko, Darrigolek ohartarazten du —bere ideiekin bat eginik— aditz honek ez duela modu infinitiborik, errorik ez baitu. Içan, içana eta içaitea-k ezin dute modu infinitiboa osatu, forma hauek deklina daitezkeelako eta, gainera, “n’ont pas même des syllabes communes avec notre verbe substantif” (1827: 114).20 Darrigolen iritziz, ustezko infinitiboak “nom[s] d’être ou d’existence” dira berez (ibid.); aditz substantiboak, berriz, baieztapena adierazten du nagusiki eta —beronen bitartez bakarrik— subjektuaren existentzia gero.

Jakina, Darrigolek uste du dut-ek ere ez duela infinitiborik, nahiz eta arrazoi praktikoak direla medio avoir itzuli ohi den. Aditzaren funtzio bakarra subjektuaren existentzia edo subjektuaren eta atributuaren lotura baieztatzea izaki, Darrigolen ikuspegitik aditza berez iragangaitza da. Baina erabilerak joko iragankor bat ere eman dio aditzari.21 Joko honek subjektuak beste zerbaitekin edo norbaitekin duen erlazioa baieztatzen du:

  • Affirmer l’existence du sujet ou sa liaison avec l’attribut, étant les seules fonctions propres du verbe être, il est clair que ce verbe est essentiellement intransitif. Mais ce que sa nature n’exigeait pas, l’usage le lui donné; lui a donné, dis-je, une conjugaison transitive, selon laquelle il affirme son sujet avec relation à un autre. (Darrigol 1827: 118)

Erakutsi berri dudan analisi guztiaren ondorio zuzena delarik, Darrigolek proposatzen du aditz trinkoak (verbes subalternes izendatzen dituenak) n(a)iz eta dut aditzetariko bat eta forma jokatugabe bat konbinatzearen emaitza direla:

  • En effet, nago résulte de la combinaison de naiz avec egon: naiz avec ibil donne nabila; naiz avec etor fait nator. […] car qui ne voit dut erabil dans dabilat, dut eraman dans deramat, dut eraunts dans derauntsat, &c.? (1827: 109)

Darrigolek ez du onartzen honelako formei “aditz irregularrak” deitzea. Larramendik (1729: 233) deitura horren alde eman zituen arrazoiak bi ziren: lehenik, bakunak dira, hitz bakar batez osatzen dira eta, aldiz, aditz “erregularrak” (hau da, perifrastikoak) elkartuak dira. Darrigol, bere jarrera filosofikoari atxikia, harritzen da bakuntasuna irregulartzat hartzeagatik eta uste du Larramendiren eta ondorengo autoreen errakuntza infinitiboak aditzaren ataltzat jotzen dutelako gertatu dela; oroit bedi Darrigolen analisian izenak edo adjektiboak direla, azaldu berri dudanez. Ondorioz, Larramendiren aditz elkartuak bakunak dira zinez eta, alderantziz, Larramendik-eta bakuntzat harturikoak “elkartuagoak” dira, beraietan jatorrizko aditzari (niz, dut) atributu bat erantsi baitzaio (Darrigol 1827: 139). Bigarrenik, Larramendik ez zuen lotura argirik ikusten forma trinkoen eta bakoitzari dagokion aditz-erroaren artean; Darrigolek ez du Larramendiren baieztapenaren aldeko inongo frogarik aurkitzen.22

Bestalde, Darrigolek ohartarazten du aditz irregularrez mintzatzeak esan nahi duela aditz-jokoak arau orokor batzuk dituela eta aditz batzuek ez dituztela arauak betetzen. Aitzitik, Darrigolek nahiago du pentsatu aditz trinkoek, funtsean, jatorrizko bi aditzen jokabideari jarraitzen diotela, zeinek bere familiakoari eta salbuespen batzuk gorabehera. Beraz, défectueux terminoa hobesten du halako aditzak izendatzeko:

  • On les appellerait défectueux avec plus de sujet; car ils ne se prêtent pas en entier à la conjugaison transitive à régime double, ni même à tous les modes et à tous les temps de la conjugaison à un seul régime. (Darrigol 1827: 142)

Abbadia (1836)

Abbadia gaztetanAbbadia gazte bat izan zen Études grammaticales sur la langue euskarienne (Paris, 1836) lanaren egilea —Xahorekin batera, baina beroni buruz hurrengo atalean mintzatuko naiz—. Abbadiak Xahoren gramatikaren hitzaurre luze bat idazten du (“Prolégomènes”, 1-50). Euskal aditzari dagokionez, iritzi filosofiko eta tipologikoekin nahastuta, euskara gainerako hizkuntzetatik bereizten duten ezaugarriak aurkezten ditu. Haien artean aditz-jokoa dago, jakina:

  • [P]eu d’entre eux [filologoak — R.G.] avaient vu que ce qu’ils appelaient verbes n’était que des noms employés sous diverses formes d’inflexions: que leur auxiliaire Dut n’est qu’un cas particulier de la forme conjuguée Niz, nintzan, et que tout se réduit, en dernière analyse, à des noms iz, izan, izaïte, qui servent à exprimer, sous différentes formes, la seule idée verbale proprement dite, l’expression de convenance entre un nom et son attribut, le verbe être. Plusieurs philosophes, quoique raisonnant d’après des langues où l’idée d’existence est syncopée et confondue avec des modifications actives ou passives, étaient cependant arrivés, par abstraction, à ne reconnaître qu’un verbe. Cette assertion, pleine de sens, se trouve réalisée dans la langue Eskuara. (Abbadia 1836: 2)

Darrigolen proposamenen zantzuak nabari daitezkeen arren, ideia berriak ere aurki ditzakegu Abbadiaren aurreko pasartean. Darrigolekin lotzen dira hurrengoak: infinitiboak izen deklinatutzat hartzea; niz eta dut aditzak aipatzea; aditza kopula delako ikuspegia; euskaran aditzaren analisi logiko-filosofikoa formalki gauzatzen dela baieztatzea. Hala ere, diferentzia nagusia da Abbadiak —euskalaritzan aurreneko aldiz— argi eta garbi adierazten duela euskaran aditz bakarra dagoela. Agian, goiko pasartea Darrigolen eta Xahoren ideien arteko zubitzat jo liteke; Xahok, ikusiko dugunez, aditz bakarraren analisia xehetasun handiagoz garatuko du.23

Aurreraxeago, Abbadia saiatzen da hizkuntzen bilakabiderako bide bat proposatzen, lau egoera bereizten dituelarik:

  • Lehenengo egoeran izenak eta euren flexioa besterik ez zegoen; izen konkretuak aurrenik eta abstraktuak, adjektiboak, kasuak eta abar gero. Adibidea Afrikako hizkuntzetan aurkitzen du:
  • Comme on peut le voir par l’éducation du sourd-muet, tout langage commence par des noms concrets; puis on apprend à généraliser: de là naissent lentement les noms abstraits et qualificatifs, les cas et les terminatives dont on trouve des vestiges dans toutes les langues. Tel est le langage de tant de peuplades nègres; c’est ainsi que des nations peu avancées bégayent leurs idées. (Abbadia 1836: 25)
  • Bigarren egoeran aditza sartzen da, izen-osagaietatik aterea. Abbadiak euskararen adibidea ematen du:
  • Pour arriver au verbe, au lien de la proposition, il a déjà fallu un grand perfectionnement dans une nation. Les noms abstraits de l’existence présente ou passée combinés avec les noms abstraits des personnes, auront formé les premiers éléments de la conjugaison, c’est-à-dire le présent et le passé. Les formes niz (ni iz), nintzan (ni izan), montrent les traces du nom qui s’est fondu ave[c] l’iz, essence ou base du verbe. […] Dès qu’on a possédé le verbe être, on l’a combiné avec les noms verbaux pour exprimer les noms d’action. Cette marche est naturelle, positive, et a dû se présenter d’abord dans l’enfance de la société. (Abbadia 1836: 25-26)

ABADIAKO GAZTELU HONETAN PENTSATZEN ZUEN EUSKAL GRAMATIKAZFormari dagokionez, Darrigolekin dagoen diferentzia hauxe da: Abbadiak aditza osatzen duten bi izenen konbinaketa ikusten du; Darrigolek, aldiz, ni + -z azterketa egin zuen. Oroit bedi Darrigolek erabat bereizten dituela niz aditza eta izan infinitiboa. Abbadiaren ustez (eta Xahoren ustez ere bai), iz eta izan euskal aditzaren oinarriak dira. Bestalde, eta filosofiaren lekuari dagokionez, aintzat har bitez Abbadiak darabiltzan “natural” eta “positibo” terminoen erabilera.

  • Hirugarren egoerak adizki “sinkopatuen”, laburtuen, agerpena du bereizgarri; hau da, adizki trinkoak, “où le nom verbal s’intercale dans le verbe dédoublé” (Abbadia 1836: 26). Euskarak honelako adizkien adibide zenbait eskaintzen ditu eta, bistan da, Abbadiak uste du, Darrigolek bezala, trinkoetan “aditz izena” adizkian tartekatzen dela. Hirugarren hau da orobat latinari zegokion egoera.
  • Azkenik, hizkuntza analitikoetarako aldakuntza dugu, frantsesa adibidez. Hizkuntza hauetan deklinabidetik preposizio sistema bat sortzen da eta aditz-jokoan izena apurka-apurka aditzetik “askatzen” da. Halaber, Abbadiak egoera honetan kokatzen du aditz aktiboen sorrera, hau da, objektuarekiko komunztadura duten aditzen sorrera (ibid.).

Abbadiaren ikuspegian hipotesi glotogoniko hau gizakien pentsamoldearen bilakabidearekin lotzen da: “Les langues des races noires, le basque, le latin et le français, peindront successivement cette transformation dans la manière de rendre la pensée” (ibid.). Hogei bat urte geroago, Alemanian Schleicher-ek hizkuntzen eta gizarteen bilakabideari buruzko teoria arrakastatsu bat proposatuko zuen.24 Abbadiarenarekin erkatuz gero, zenbait antzekotasun ditu, baina baita diferentzia nabarmen batzuk ere. Nagusiki bi dira: Schleicher-ek azaltzen duen bilakabidea nahitaezkoa da, naturala; Abbadiaren ikuspegian, ordea, ez dago horrelakorik, bilakabide historiko hutsa da (Oyharçabal 1998: 448). Bigarrenik, Schleicher-ek proposaturiko bilakabidea R. S. Wells-ek (1987: 58) acmenistic deitu zituenen gisakoa da —hots, lehenik hobekuntza garai bat dago eta ondoren okertze bat—; aitzitik, Abbadiaren lanari ikuspuntu progressivist bat antzematen zaio —non egoerarik onena azkena baita—: “Les nations les plus complexes par leur origine, les langues les plus hétérogènes par leurs emprunts semblent être appelées à guider l’avenir de l’humanité. […] Les langues d’analyse ont pris le dessus dans le monde” (Abbadia 1836: 27-28).

Xaho (1836)

Agosti XahoAurreko atalean esan bezala, Agosti Xahok “Grammaire euskarienne” idatzi zuen, Abbadiaren “Prolégomènes”en ondotik agertzen dena. Xahok, Lécluse eta Darrigolen moduan, aditzaren banaketa bitarra jasotzen du; alabaina, Abbadiak bezala, dut niz-en aldaeratzat hartzen du. Horrela, Xahoren iritziz, euskaran aditz bakarra dago, aditz substantiboa. Eta aditz substantiboaren erroa iz da. Iz erroa eta hitz izena erlazionatzen ditu, eta azken hau zeharka Jainkoarekin lotzen du. Baina Xahok, bestalde, hitz mota bakarra onartzen du, izenak (noms); hau da, deklina daitezkeen hitzak. Beraz, aditza ere izenen sailean sartzen du.25 Horrelaxe hasten da bere gramatikan aditzari eskainitako atala:

  • Le mot ou hitz, créateur, le verbe fécond IZ, modifié par la déclinaison et combiné avec les divers pronominatifs, forme à lui seul tout l’appareil de la conjugaison euskarienne. (Xaho 1836: 51)

Analisi honen arabera, niz adizkia ni izenordaina gehi iz hitza besterik ez da, Abbadiak ere adierazi zuenez. Ohartarazi behar da, halere, Xahoren analisia ez dagoela Darrigolen hartatik guztiz berezirik; azken batean, biek ikusi uste dute niz adizkian -z deklinabide-marka. Izan ere, Astarloaren ideiak gogora ekartzen dituen azalpen batean, Xahok iz erroaren honako interpretazio hau eskaintzen du:

  • La vocale i dont l’émission exige la plus grande contraction de l’organe vocal, et qui se trouve être la note la plus aiguë et la plus vibrante, le son le plus élevé de l’échelle parlée, se combine en euskarien avec la forme déclinative z, signifiant appartenance, pour exprimer l’idée de la vie et de l’existence, iz est, sois, soit. (Xaho 1836: 10)

Gramatika kategoria bakarra izaki, aditzak ere deklinatzen dira eta izenak, aldiz, joka daitezke. Ideia honetan oinarritzen da, iz errotik abiatuz eta deklinabide edo eratorpen atzizkiak erantsiz, adizki jokatugabe deitzen ditugunak azaltzeko, hala nola (ik. Xaho 1836: 170-173):26

  1. iz + -an (“positif”, hots, inesiboa) = izan
  2. izan + -en (genitiboa) = izanen (geroaldia eta baldintzazko modua)
  3. izan + -ik (ablatiboa) = izanik (frantsesezko partizipioaren ordaintzat duena)
  4. izan + -a, -aren, -ari… (“défini singulier”) = izana, izanaren, izanari
  5. iz + -te (‘ugaritasuna’ adierazten duen atzizkia) = izate (‘existentzia’ adieraziko lukeena) eta, berau deklinatuz gero, izatean, izaten, izatera, izatetik, izatia

A. XAHOREN ESKULTURA SAN LEON ILERRIANXaho joko perifrastiko eta trinkoen arazoaz mintzo da, ohi duen estilo iluminista erabiliz. Hiru joko mota bereizten ditu: “abstraktu eta substantiboak” existentzia eta jabego absolutua adierazten ditu eta, berauek Jainkoaren atributuak direnez, gizakiak ezin du erabili eta egiatan joko hau ez da sekula erabiltzen. Bigarrenak, analitiko edo “elkartua” izendatuak, existentzia osagabe eta iheskorra adierazten du, gizakien ezaugarriak:

  • Tout nom se décline, toute déclinaison se conjugue dans la belle langue Eskuara. Les divers modes de la conjugaison abstraite et substantive expriment plus particulièrement l’existence et la possession absolues, qui sont les attributs de Dieu; mais dès que le verbe prend une valeur auxiliaire dans la conjugaison composée, les temps se divisent et se modifient de manière à exprimer les situations accidentelles, qui sont le partage de toute existence fractionnelle et passagère, comme l’homme. (Xaho 1836: 171)

Bigarren joko mota honetan aditz bakarrak laguntzaile gisa jokatzen du, beste hitz batzuekin elkartzen delarik (infinitibotzat hartzen ez dituen hitzak, jakina; ik. 25. oh.): “Niz accompagne alors les modifications neutres ou passives. Dut caractérise toutes les conjugaisons actives et régissantes” (1836: 156). Azkenik, joko sintetiko edo “sinkopatua” aipatzen du eta Darrigolek bezalaxe aztertzen: “La fusion du nom avec le verbe forme la conjugaison syncopée” (1836: 180-181).

Intxauspe (1858)

Intxauspe kalonje zuberotarra da, ezbairik gabe, euskarak aditz bakarra duela sutsukien defendatu zuen euskalaria. Aski da bere Le verbe basque liburua (Baiona/Paris, 1858) nola hasten duen irakurtzea, Bonaparte printzeari egindako eskaintzaren ondoren honelaxe esaten baitu: “La langue basque n’a qu’un verbe” (Intxauspe 1858: 1). Izan ere, liburuaren gainerako orrialdeetan baieztapen hori frogatzen ahalegintzen da. Halaber, hainbat eta hainbat taula eta paradigmaren bitartez, euskal aditzaren aberastasuna ere erakutsi nahi du, hala modu, nola denbora, pertsona eta gainerakoei dagokienez.

Le verbe basque (1858)Intxauspek bi boz edo eratan banatzen du aditz bakarra, boz iragangaitza (da) eta boz iragankorra (du),27 eta garbi utzi nahi du ez direla bi aditz desberdin. Berau frogatze aldera, ohartarazten du euskaraz aditz iragankorrek (edo aktiboek) iragangaitzari dagozkion laguntzaileak hartzen dituztela eraikuntza bihurkari eta sasi-pasiboak osatzeko:

  • Ces deux voix sont le complément l’une de l’autre et ne doivent être considérées que comme composant un seul verbe. En effet, la même action a besoin des deux voix, de même qu’elle a besoin des divers modes, pour exprimer ses divers rapports […]. Pour rendre il l’a offert, on dit eskéntu du avec la voix transitive; pour exprimer il s’est offert, eskéntu da avec la voix intransitive; il le commençait se dit hásten zían; il commençait à, hásten zen; il l’aura perdu, gáldu duke; il se sera perduLetra etzanez, gáldu date, etc. (Intxauspe 1858: 1)28

Aditzaren definiziorako, bidenabar ematen duena, irizpide sintaktikoa baliatzen du nagusiki, Port-Royaleko gramatikan bezalatsu, eta formala bigarrenik:

  • Le rôle du verbe en basque est de lier les idées exprimées par les noms et d’en indiquer les divers rapports, et ces rapports s’exprimant par les formes, les modes et les voix, l’ensemble de ces formes, de ces modes et de ces voix constitue le verbe complet (1858: 1-2)

Esan gabe doa, pasartearen hasieran aipatu izenen artean Intxauspek noms verbaux izendatzen dituenak daude —adizki jokatugabeak alegia— eta aurreko autoreen moduan ez du uste aditzak direnik: “Nous ne comptons pas l’infinitif parmi les modes du verbe; les terminatifs que, par analogie, on a cru devoir rapporter à ce mode, appartiennent au nom verbal” (1858: 3).

Nahiz eta aditzaren definizioan Intxauspek ez zuen baieztapenaz deus ere esaten, testuan aurrerago agertzen da, aditz izenen eta benetako aditzen arteko aldea zehaztu behar duelarik:

  • On ne conçoit pas de verbes sans affirmation, sans indication de mode, de temps et de personne; or ces termes [aditz izenak — R.G.] exprimant simplement une idée, une manière d’être ou d’agir, sans aucune affirmation, sans indiquer aucun rapport soit au temps, soit aux personnes, sont dépourvus des propriétés essentielles du verbe, tandis qu’ils ont tous les caractères des substantifs et des adjectifs: ils se déclinent au défini, à l’indéfini, au singulier et au pluriel (1858: 7)29

Bestalde, Intxausperen iritziz, izen eta adjektibo horiei “aditz izenak” dei diezaiekegu, aditzarekin lotzeko aproposak direlako eta ekintza edo egoera bat adierazten dutelako. Ekintza objektu bati helarazten badiote, aditz izenak boz iragankorrarekin (dut) lotuko dira. Aitzitik, ekintza subjektuan bertan islatzen bada —pasiboetan eta bihurkarietan bezala— edo inork jasotzen ez badu —neutroetan—, aditz izenak boz iragangaitzarekin (niz) lotuko dira.

Intxauspek eskaintzen duen aditz trinkoen —edo, berak deitu bezala, formes contractées direlakoen— analisia Darrigol eta Xahoren lanetan ikusi berri ditugunak bezalakoxea da (Intxauspe 1858: 445-446) eta, hortaz, ez du merezi hemen xehetasun gehiago ematea.30

Liburua amaitzeko, Intxauspek apologia kutsua duen solasa dakar. Bertan Jainkoari —hots, Aditzari, “Verbe Eternel” deitzen baitio— zuzentzen zaio eta iradokitzen du euskal aditzaren perfekzioak hizkuntza Jainkoaren dohaina dela frogatzen duela, orobat, euskaldunek euren hizkuntzan gorde ahal izan dituztela lehen hizkuntzaren ezaugarri batzuk —gainerako hizkuntzek galdu dituztenak—, egiazko fedeari eusten jakiteagatik:

  • Au milieu de cette universelle dégénérescence du langage, l’esprit s’arrête avec complaisance devant ces magnifiques restes de grandeur et de perfection que nous offre la langue Basque et qui nous donnent une idée de ce que pouvait être la langue de l’homme avant sa chute […] [T]ous ces caractères ne sont-ils pas autant de traits divins qui nous révèlent encore, ô Verbe incréé, votre manifestation dans la parole humaine? — Est-ce à sa fidélité au culte du vrai Dieu que le peuple Basque doit de les avoir mieux conservés que tous les autres peuples du monde? Nous aimons à le croire. (1858: 508)

Bonaparte (1869, 1876, 1877)

Louis-Lucien BonaparteBonaparte printzeak,31 han-hemenka utzi zizkigun gramatika-lanetan, euskal aditzaren sailkapen bat baino gehiago proposatu zituen. Sakabanatze honek maizegi haren aditz-teoriaren ikuspegi orokor bat erdiestea zailtzen du. Bonaparte, oso sui generis bada ere, aditz bakarraren teoriaren aldekoa da. Ez du sekula baieztatzen benetako aditz bakarra dagoenik, baina aditz formen arteko hierarkia argi bat ezartzen du, adizki zenbait beste batzuk baino huts edo garbiagoak direla adieraziz eta, horretarako, arazo formal eta apologetikoak —are metafisikoak ere— nahasten dituen argudio sorta bat erabiliz.32 Beste alde batetik, adizki iragankorrek beti objektua adierazten duten Darrigolen ideia bere aditz teoriaren erdigunean kokatzen du Bonapartek. Hurrengo lerroetan, bi gai hauek ahal den modurik laburrenean azaltzen saiatuko naiz.

Adizki jokatuen sailkapenaren barnean Bonapartek izen adiztuen (noms verbisés) eta aditz-bukaera hutsen (terminatifs (verbaux) purs) arteko bereizketa egiten du. Lehenbizikoek izen-etorkiko erroa dute; bigarrenek, aldiz, ez dute inolako errorik agertzen:

Aurreneko sailean euskal aditz eta laguntzaile gehienak sartzen dira: adizki trinkoak, “izan iragangaitza” (naiz, da), eta iraun (diro, ziroen, diroke),33 adi (dadin, nadila) eta ki (dakion, zekiola)34 laguntzaileak; Bonaparteren ustez, “izan iragankorra” deitua (dezadan, dezake)35 eta egin (dagidan, dagizula) bi sailen arteko zubia lirateke, ez baitute indikatiboko adizkirik (Bonaparte 1869: 159).36 Printzeak izan iragangaitzaren eta izan iragankorraren arteko bereizketan Intxauspek proposatu bi bozak frogatzeko oso argudio egokia aurkitzen du:

  • 2º que le nom verbal izan, dans la majorité des dialectes, a le sens de être et celui de avoir; on sera forcé de conclure, que dans les noms verbisés les plus importants et les plus usuels du basque, le radical du transitif est le même que celui de l’intransitif, et que ce sont bien deux voix et non pas deux verbes que cette langue nous présente en nintzan ‘j’étais’ et en nezan ‘que je l’eusse’ (je l’avois, en vieux labourdin). (Bonaparte 1869: xxvii)37

Aditz-bukaera hutsen bereiztea, bestalde, Bonaparteren aditz-teoriaren funtsezko puntua da. Errorik gabeko adizkiak dira; izan ere, adizkiok izenordainez (subjektua, objektu zuzena, zeharkako objektua, alokutiboak),38 modu- eta denbora-hizkiez eta “letra eufonikoez” osaturik daude.39 Eta osagai hauen guztien elkartzea da, hain zuzen ere, aditza sorrarazten duena eta, horrela, aditzari baieztapena adierazteko gaitasuna agerrarazten diona:

  • Les éléments constitutifs des terminatifs verbaux consistent essentiellement en pronoms soit à l’état de sujet, soit à l’état de régime direct ou indirect, soit à celui d’allocution. Ils se trouvent tantôt au singulier, tantôt au pluriel. Des lettres pronominales, tenant lieu de pronom, des syllabes caractéristiques de mode ou de futur, des lettres euphoniques pour faciliter l’union intime de tous ces éléments, complètent la série. Au moment de l’union, le Verbe avec sa qualité essentielle, l’affirmation, se manifeste. (Bonaparte 1869: 159)

Garbitasun hau, aditzik gabeko aditz hau, oso deigarri gertatu zitzaion Bonaparteri, eta horrexegatik eskaini zion Printzeak leku berezia bere ohar teoriko urrietan, kutsu metafisikorik falta ez bazaio ere:

  • Le Verbe pur est pour nous quelque chose d’insaisissable, qui se manifeste toutefois au milieu d’éléments matériels fort saisissables et qui, loin d’en être le produit, les domine de toute sa puissance en les vivifiant. Le Verbe c’est la Vie. (ibid.)

BONAPARTEREN EUSKALKI-MAPA EZAGUNAAlderdi formalari bagagozkio, Bonapartek proposatzen du dut bezalako aditz-bukaera hutsetan, betiere iragankorrak izaki, hirugarren pertsonako objektu zuzena adierazten duen erakusle bat aurkitzen dugula:40

  • De toutes les permutations que l’on observe dans le verbe basque, celles des syllabes au, dau sont sans contredit les plus nombreuses et les plus importantes. Ce sont bien ces syllabes en effet, ou leurs permutations (et c’est en cela surtout que consiste notre théorie du Verbe basque) celles qui représentent le régime direct singulier de troisième personne, au n’étant lui-même que le démonstratif français ceci. (Bonaparte 1869: xi)

Hau da, Bonaparteren iritziz, dut = dau + t, nau = ni + (h)au, etab. Beste alde batetik, dau erakuslearen aldaera bat baino ez da (au, hau, haur, gau, kau eta kaur gainerako aldaerekin batera)41 eta aditz-bukaeretan bilakaera franko izan ditzake euskalki, azpieuskalki eta hizkeren arabera:

  • Nous disons donc que la syllabe au, telle qu’elle existe dans son intégrité primitive en dau ‘il l’a’ du biscaïen, peut se transformer en a, e, i, o, u ü, ai, ei, eu, aa, ao, ie, ii, io, iu, , oo, üi, üü. (Bonaparte 1869: xi)

Ondoren, Bonapartek bilakaera guztien adibideak ematen ditu, bakoitzaren geografi jatorria ere zehazten duelarik.

Hortaz, Xahoren analisiaren oso antzekoa dugu Printzearena, nahiz eta teoria konplexuago batean txertaturik egon. Azken batean, bien helburua adizki iragankorretan objektuak nahitaez agertu behar izatea formalki azaltzea da. Eta, Bonaparteren kasuan, aditz-bukaera hutsak deiturikoek errorik ez dutela aldarrikatzea. Azken ideia honekin Vinson edo Zabala bezalako autoreen kontra agertzen zen; lehenak (Vinson 1867) -u- bokala uk(h)an aditzaren erroa zela zeritzon eta bigarrenak (Zabala 1848), aldiz, eduki aditzarena.42

Adizki iragankorretako erakuslearen beste adibide bat Bonapartek “izan iragankorra” deitzen duen aditzean (= *ezan) kausitzen dugu:

  • Le changement de l’i initial de izan en e dans dezan, est dû au démonstratif qui s’amalgame, pour ainsi dire, avec l’adjectif verbal. (Bonaparte 1876: 8)

Alegia, dezan “izen adiztuan” dau erakuslea, iz(an) “aditz izena” eta subjuntiboaren ezaugarria den -n kausitzen ditugu. Puntu honetan ere hurbiltzen zaio Bonaparte Xahori, baita iz erroa (h)itz izenarekin parekatzen duelarik (Bonaparte 1877: 42); oroit bedi latinean verbum hitzak duen esanahi bikoitzaz.

Bonaparteren aditz teoria zail da kokatzen bere garaiko ingurunean, hizkuntzalaritzan metodo historikoa garatzen ari zen garai bati baitagokio. Badakigu Bonapartek ederki ezagutzen zituela hizkuntzalaritzaren azken aurrerapenak —baina, jakina, ezagutzeak ez du esan nahi ados egotea—. Zernahi gisaz, ezin dugu zuzenean lotu gramatikari filosofoen tradizioarekin ere (Darrigol, Xaho eta Intxauspe bezala). Aintzat hartzeko faktoreak dira, orobat, euskarak Bonapartegan sor zezakeen lilura eta Printzearen kristau fede sakona, hala nola Intxausperen eragin nabarmena eta, oro har, gramatikari euskaldunen teoriekiko agertzen zuen hobespena, ziurrenik teoria osoa azaltzeko adinako arrazoiak ez izanagatik.

Laburbilduz, bistan da Bonapartek, euskaraz aditz bakarra dagoenik sekula esan gabe ere, aditz bakarraren teoriaren zenbait alderdi jaso zituela, hala nola aditzak ‘baieztapena’ edo ‘existentzia’ adierak43 izatea, edo adizkiak funtsean izen-etorkiko osagaiez eratzea, ondorioz benetako aditz-errorik ez dagoela iradoki zuelarik.

Azkue (1891)

Azkue gazteaxix. mendearen hondarrean, gramatika logiko-filosofikoen berpizte bat azaltzen zaigu, baina oraingoan Hego Euskal Herrian gertatzen da. Haren pizgarria, segurki, 1883an Astarloaren Discursos filosóficos argitaratzea izan zen, mende hasieran idatziak izan arren ordu arte argitaragabe baitziren. Joera honi atxikitzen zaizkion egileek euskararen ustezko lehengo egoera berreraiki nahi dute, bai eta erabilarazi ere, a priori ezarritako espekulazio logikazaleetan oinarrituz (Alberdi 1989). Berpizte honen lehen emaitza Euskal Izkindea izan zen, Azkuek Bizkaiko Diputazioaren Euskarako katedrarako prestatu zuen gramatika-liburua hain zuzen ere (Azkue 1891). Izkindearen iturri nagusia, Lakak (1986: 712) nabarmendu zuenez, Astarloaren Diskurtso filosofikoak dira, hain zuzen ere, nahiz eta euskal aditzaren azterketari dagokionez Azkue sarritan apaiz durangarraren proposamenetatik urruntzen den.

Euskal “aditz miragarri ta Iaungoikozko au” (Azkue 1891: 145) behar bezala argitzeko zailtasun han-hemen errepikatuak aipatu ondoren, Azkuek aditzaren honako definizio hau eskaintzen, eta azaltzen, du:44

«Gauzen izamen langotuan edo langogean itz agergarria» daila aditza uste daut. Creo que verbo es «palabra expresiva de la existencia calificada ó no calificada de las cosas.»
Gizan izateak baino ezdagoz. Langotasun ta bezte ganerantzeko guztiak izateetan bizi daiz. Izate guztiak izakizuna ta izamena daukez: izakizuna’ izenak agertu daroe, izamena’ aditzak. Izamena (bardin izakizuna bere) langotua nai langotu bagea izan leike: gertaldi biotan aditza esan oi dakio izamena agertuten dauen itzari, estu estuan aditz egiazko bat baino ezegonarren. En la naturaleza no hay más que seres. Las cualidades y todos los demás accidentes en los seres viven. Todos los seres tienen esencia y existencia: la esencia suelen manifestar los nombres, la existencia los verbos. La existencia (como también la esencia) puede ser calificada ó bien no calificada: en ambos casos se llama verbo á la palabra que suele expresar la existencia, aunque en rigor no haya sino un solo verbo.

(Azkue 1891: 146)

Jakina, Azkuek aipatzen duen “aditz egiazko” hori izan aditza da, “izamen langogea edo utsa” (ibid.) adierazten duena. Azkuek honela jarraitzen du: “bezte aditz guztiak izamen lagotuak agertuten dauez, edo obeto esateko, izamenan langotasunak / todos los otros verbos suelen manifestar existencias calificadas, ó para decirlo mejor, cualidades de la existencia” (ibid.). Hauxe baita Azkuek euskal aditzean ezarritako lehen bereizkuntza: “langogea=no calificado (sustantivo)”, izan alegia, eta “langotuak —calificados”, hau da, gainerakoak. Bistan da, Azkueren sailkapena aditz substantiboaren eta aditz adjektiboen arteko bereizkuntza ezaguna baino ez dugu (cf. "Gramatika orokorra eta aditz bakarraren teoria" atala). Izan aditz substantiboari dagokionez, bestalde:

Egintza bi daukaz aditz onek: batzuetan bakarrik oituten dai, bezte batzuetan aditz langotuak mugatu ta irabiateko balio izaten dau. Bakarrik oituten dainean’ izamen utsa agertu daroa, erderaz ser. Bezte aditzen laguntzailetzat oituez gero’ erderazko haber ta haberse-n agerkizuna euki daroa: haber’ langotasun biralkoiakaz batuten dainean, eta langotasun euskoiakaz haberse. Este verbo tiene dos oficios: á veces se emplea sólo, otras veces suele servir para limitar y conjugar los verbos calificados. Cuando se emplea sólo suele significar existencia pura, en otra lengua ser. Empléandose por auxiliar de los otros verbos, suele tener la significación de haber y haberse: haber cuando se junta con cualidades transitivas, y haberse con cualidades intransitivas.

(Azkue 1891: 148)

Hortaz, Azkueren ustetan laguntzaile guztiak, hala iragangaitzak nola iragankorrak, izan aditzari dagozkio,45 zeinahi modu edo denbora dutelarik ere (Xaho eta Intxausperen ildo beretik, hain zuzen). Izan ere, aditz “langotu” guztiek, izanLetra etzanezen mende baitira, ‘existentzia’ adierazten dute. Bestela esanda, Azkuek ezaugarri horri egozten dio euskal aditz-jokoa batez ere analitikoa izatea:

Augaitik’ aurrerantzean ikusiko dainez, izan aditza edo aditz langogea bear daue aditz guztiak irabiateko. Euskaraak daukan lege au iakituriz beteriko legea dai, gizako legea dailako; gizako legeak barriz euren Egile Iakintsuari iarraitu daroakioe. Gizako legea dai’ langotasunak eurenez ezin bizi al izatea, izateetan bizitokia eukitea: aditz langotuak edo izamenan langotasunak izatean (izan aditzean) irabia ta bizi bear daue. Por esto, como se verá en adelante, todos los verbos necesitan para ser conjugados el verbo izan ó el verbo sustantivo. Esta ley que tiene el eúskara es ley llena de sabiduría, porque es ley de naturaleza; y las leyes de la naturaleza siguen á su Sabio Criador. Es ley de la naturaleza el que las cualidades no puedan vivir en sí mismas y que tengan su vivienda en los seres: los verbos calificados ó las cualidades de la existencia deben conjugarse y vivir en el ser (en el verbo izan).

(Azkue 1891: 147)

Aurreko pasartean nabari daitekeenez, Azkuek, elizgizona izaki, ez du aukerarik galtzen erlijioarekin lotutako argudio apologetikoak behin eta berriz erabiltzeko. Honela bada, laguntzaile guztiak izanen sartzen dituelarik, Azkuek euskal aditz-jokoaren aniztasuna eta aberastasuna erakutsi ahal ditu, modu erraz bat baliatuz eta, aldi berean, euskararen jainkozko izaera aintzat hartuz (Laka 1986: 729). Hala ere, gramatika-liburuaren beste toki batean, Azkuek onartzen du laguntzaile bat baino gehiago daudela. Zehazkiago, Astarloaren (1883: 481-484) ideia bati jarraituz, Azkuek proposatzen du edozein aditz trinkok balio duela laguntzailearen eginkizuna betetzeko.

Beste alde batetik, eta espero zitekeenez, Azkuek euskaran aditz irregularrak izatea ukatzen du, “[g]ure izkeraak ez dauka[lako] araugetasunik” (1891:146). Aditz trinkoen jatorriaz den bezainbatean, Azkuek berriro ere baliatzen ditu gramatikaz kanpoko argudioak, berak “irabiagarri” deitzen dituen adizkiok euskaran badirela justifikatzeko46 eta izan aditz bakarrarekin erlazionatzeko:

Ene ustez’ aditz irabiagarri guztiakizan aditzetik eratorri daiz. Zelan eratorri daizan ezin bururatu badaut bere’ zergaitik izan-etik eratorri daizan badakitala uste daut. A mi juicio todos los verbos conjugables se han derivado del verbo izan. Aunque no puedo discurrir cómo se han derivado, creo que sé por qué se han derivado de izan.
Ezin argitaratu leikezan gauza asko dagoz’ ukatu bere ezin leikezanak. Autŝe iazoten dai eskutapenakaz bere: euren izamena ezaun ezauna daugu, euren izakizuna andien andienaz ta argitasunan argitasunaz ezin beragandu dau gizonan adin tŝatŝarrak. Euskal-aditza dain miraritsua ezin ulertu leike: bere mirariak eta eskutapenak gizakoak daiz baina andiak; eurak zakonduten dabilenak’ (gizako bezte mirari guztien astertzaileak legez) gizonan adina ta almenak baino adin argiagoa ta almen edatsuagoak daukazala euren egileak’ nai-ta-nai-ez autortu bear dau. Hay muchas cosas que no se pueden demostrar y que tampoco se pueden negar. Esto mismo sucede también con los misterios: su existencia nos es muy conocida, su esencia por su extrema magnitud y claridad no la puede hacer suya el menguado entendimiento del hombre. No puede comprenderse cuan misterioso sea el verbo eúskaro: sus maravillas y misterios son naturales, pero grandes; el que se ejercita en profundizarlos tiene que confesar por necesidad (del mismo modo que el escudriñador de todas las demás maravillas de la naturaleza) que su creador tiene entendimiento más claro y potencias más extensas que el entendimiento y las potencias del hombre.

(Azkue 1891: 157-158)

Aditz trinkoen izaerari dagokionez, Azkuek aditz-denboren teoria konplexu bat garatzen du, Jaime Balmesen Filosofía fundamental lanean oinarriturik, aditz trinkoen beharra agerrarazteko. Azkueren eskema labur azalduz —xehetasunetarako ik. 1891: 161-168—, adizki irabiagarriak beharrezkoak dira “aidako usteak / ideas de momento”47 direlakoak adierazteko, hala “urrekoak / próximas” (adib. dakart) nola “urrunekoak / remotas” (adib. nekarren). Aitzitik, ekarten daut edo ekarten neuan bezalakoetan “uste oituak / ideas habituales” agertzen dira.48 Beraz, ikusi ditugun beste autore batzuk ez bezala, Azkuek argi eta garbi bereizten ditu adizki trinkoak eta esanahi bertsuko adizki perifrastikoak.49

Arana-Goiri [ca. 1888]

Sabino Arana-GoiriAditz bakarraren teorian oin hartu zuten euskal autoreen gainbegiratu hau amaitzeko, aurkez dezadan Arana-Goiriri buruzko ohartxo bat. Gaztaroko lan batean (Alday haren argitaratzailearen arabera, 1888 ingurukoa litzateke), bizkaierazko aditzaren sailkapenaz ari zelarik, Arana-Goirik hiru sailkapen mota bereizi zituen: “1.ª clasificación morfológica; 2.ª clasificación morfológico-significativa. 3.ª clasificación significativa” (Arana-Goiri 1991: 40). Hirugarren sailkapenari eskainitako atalean, ixan aditzaren bi esanahi bereizi zituen:

  • El verbo ixan (ser) tiene dos distintas significaciones: una la de existir, y por ella se llama sustantivo; otra, la de aplicar, a un sujeto, un predicado o atributo, y por ella se llama copulativo. Jaungoikua da (Dios es o existe) es ejemplo de lo primero; Jaungoikua da deun (Dios es santo) es ejemplo de lo segundo. (Arana-Goiri 1991: 63)

Adiera kopulatiboaz ari delarik, Arana-Goirik Port-Royaleko lanen kutsu garbia erakusten du, azken buruan euskal partizipio bat adjektibo + izan formularen bitartez azaltzen baitu (oroit bedi "Gramatika orokorra eta aditz bakarraren teoria" atalean esandakoa):

  • Como copulativo, el verbo ixan (ser) se resuelve con el verbo haber, el cual en Euskera se expresa con la raíz eu, que en su origen fue au; al efecto, no hay más que convertir en adjetivo abstracto el adjetivo concreto que en aquél significa el atributo. Así Jaungoikoa da deun (Dios es santo) es lo mismo que deundasuna dau Jangoikuak (Dios ha santidad). Más aún este au (haber) se resuelve a su vez con el ixan (ser): Jaungoikua da deundasunaren eu-le (Dios es habente de santidad).
  • Por esto, todos los demás verbos equivalen a l + ixan, representando con l el adjetivo que cada cual contiene, y sólo los transitivos a l + au. Así: igan (ascender) es igale-ixan (ser ascendente); irakuŕi (leer) es irakuŕle-ixan (ser leyente) y bera irakuŕi neuk (leerlo yo) es bera irakuŕtzen au neuk (haberlo yo en leerlo o leyendo), y beraren irakuŕle neu ixan (ser yo leyente de ello). (Arana-Goiri 1991: 63)

Ohartarazi behar dut, hala ere, bere lanaren hurrengo orrialdeetan Arana-Goiri ez dela berriz analisi logiko honetaz baliatuko.

Ondorioak

Kapitulu honetan erakutsi dut xix. mendean euskal autore batzuek euskarak aditz bakarra duelako ustea aldeztu zutela, nork ozenki nork apalkiago. Gure iritziz, euskal gramatikagintzan honelako joera bat sortzeko arrazoi nagusiak ondoko hauek dira: lehenik, euskal gramatikagile gehienen helburu apologetikoa, euskararen aberastasun eta betegintzarrea erakutsi nahi baitzuten; bigarrenik, euskal aditzaren beraren egitura, non aldi berean aurkitzen baititugu paradigma analitiko bat —bereizkuntza gramatikal gehiago dituen eta aditz guztiek duten paradigma— eta paradigma sintetiko bat —aditz bakan batzuetan baino ez dagoena—; azkenik, gramatika orokor eta filosofikoak gorpuztutako aditz bakarraren teoria, bereziki Ipar Euskal Herriko autoreengan, Frantziako tradizioan hezi baitziren, eragin zuzena izan zuena. Hortaz, aurkeztu ditugun autore askok euskal aditzean formalki gauzaturik ikusi uste zuten gramatikari filosofoek ikuspuntu erabat logiko batetik proposatu zuten analisi hura. Autoreon arabera, honelako aditz-sistema bakun eta erregular batek euskararen perfektutasuna frogatuko luke.

VAN EYSHalarik ere, aditz bakarra nola edo hala onartzen duten lanetan euskal aditzaren azterketa guztiak ez dira berdinak: zenbaitentzat benetako aditz bakarra ‘baieztapena’ edota ‘existentzia’ adierazten duen izan aditza da (Abbadia, Txaho, Azkue); beste batzuek bitan —izan eta *edun— banatzen den aditz bat proposatzen dute (Darrigol eta Intxauspe, aldeak alde); errorik gabeko aditza ikusten duenik ere badago (Bonaparte); azkenik, formulazio argiegirik ematen ez duten Humboldt eta Arana-Goiri aipa litezke. Gainerako aditzak ez dira egiazko aditzak, izenak + izan (edo *edun) baizik; beraz, infinitiboa, partizipioa, etab. izenak edo adjektiboak dira. Bistan da, euskal aditz perifrastikoa oso egokia bide da aditz bakarraren teoria garatzeko eta orobat adizki jokatugabeak adiztzat ez hartzeko, bi zatiak ongi bereizten direnez. Aitzitik, garai hartan kontrako joera batek adierazi zuen euskaraz edozein hitz bihur daitekeela aditz: Astarloa, Lécluse eta Zabala, besteak beste.

Gai honi loturiko autoreen zerrenda, haatik, ez litzateke osoa aditz bakarraren teoriaren aurka idatzi zutenak ere aipatuko ez banitu: alegia kapituluan zehar ikusi ditugun autore gehienei Willem Jan van Eysek (1867, 1874, 1875, 1879) eta Julien Vinsonek (1872, 1874a, 1874b) egin zizkieten kritika gogorrenak. Berauen ustez, euskal aditzak erro desberdinak ditu, nahiz eta laguntzaileak bi multzotan bana daitezkeela onartzen duten. Bestalde, ez dugu ahaztu behar aditz bakarraren aldeko analisitik abiatu zirela xix. mende hondarrean euskal aditzaren pasibotasuna aldarrikatu zuten autoreak (ik. Oyharçabal 1991).

Amaitzeko, aditz bakarraren inguruan interesgarri gerta daitezkeen beste aztergai batzuk aipatu nahi nituzke. Esate baterako, autoreok aurkeztutako aditz-sistema hain logiko eta erregular bat izateak euskara ikasterakoan ekarri ahal dituen onura eta abantaila; Darrigolek eta Intxauspek aipatzen dute alderdi hau. Beste gai jakingarri bat izan liteke adizki trinkoak laburketatzat hartzen dituzten autoreak eta adizki trinkoak hurbileko forma perifrastikoen baliokidetzat (nator = etortzen naiz) hartzen dituzten autoreak erkatzea.

— Egilea: Ricardo Gomez

— Urtea: 2011

1 Deitura hau Oihenartek dakar lehen aldiz (1638: 62).
2 Joko perifrastikoaren jatortasunaren aldeko eta kontrakoen zerrenda baterako, ik. Gómez (1989: 361).
3 Ohar bedi Oihenartek ez duela “laguntzaile” terminoa erabiltzen gaurko ohiko adieran; alegia, adi eta ezak “laguntzaileak” dira, naiz eta dut aditzek betetzen ez dituzten denborak eta moduak betetzen laguntzen dietelako, eta ez, demagun, adizki jokatugabe (“participium”) bati informazio gramatikala —modua, denbora, komunztadura, etab.— ematen laguntzen diotelako.
4 Oroit bedi Larramendik, euskararen beste apologista batzuek bezala, iberiarrak Italian ere izan zirela baieztatu zuela eta, beraz, iberiarrak euskaldunen arbasotzat hartzen baitzituen, Italiako biztanleek euskararekin harremanak izan zitzaketen. Erromantzezko forma batzuk euskaratik datozelako proposamena Larramendik Hiztegi Hirukoitzean erabilitako etimologietan aurkituko dugu behin eta berriz (ik. Urgell 2000).
5 Bigarren partea, bidenabar, euskaldunek beste hizkuntzetarik hartu dituzten hitzak kentzeko dela dio.
6 Port-Royaleko lanez, ik., besteak beste, Harnois (1929), Donzé (1967), Auroux & Clérico (1992), Dominicy (1992) eta Wheeler (1995).
7 Entziklopedisten hizkuntz ideiez, ik., besteak beste, Auroux (1973) eta Swiggers (1984).
8 Sentsualistei buruz, ik., besteak beste, Aarslef (1974), Sgard (1982) eta Formigari (2000).
9 Ideologoei buruz, ik., besteak beste, Picavet (1971 [1891]); Auroux, Désirat & Hordé (1982); Busse & Trabant (1986), Schlieben-Lange et al. (1989-1994), Schlieben-Lange (1996) eta Désirat (2000).
10 Cf. “Los adverbios de cualquier naturaleza que sean, los pronombres, los numerales, en una palabra, cuantas voces tiene un idioma, cuantas son sus inflexiones, tantos son los verbos que pueden formarse, operacion que necesariamente ha de presentar en la voz la idea más perfecta de su signado” (Astarloa 1883: 692). Bide batez, Astarloak espresuki idatzi zuen aditz bakarraren teoria aldeztu zutenen kontra, edo lehen hizkuntzan aditz bakarra zegoela aldeztu zutenen kontra gutxienez: “Es verdad que los filósofos, especialmente modernos, quieren que no hubiese verbos inflexionados en el mundo primitivo, fundándose en que un verbo en inflexion no es otra cosa que un participio con el sum es fui, esto es, un participio que es el atributo, y el sum es fui ó el verbo ser que une á dicho atributo con el sujeto. Dicen que la expresion los hombres aman es lo mismo que los hombres son amantes: los hombres amaban equivale á los hombres eran amantes: los hombres amaron vale lo mismo que los hombres fueron amantes. Acerca del modo con que hubo de inflexionar sus verbos el idioma primitivo, hablaremos en su lugar y allí rebatiremos esta opinion en la parte que nos pareciese opuesta á la filosofía” (Astarloa 1883: 433).
11 Cf. orobat: “Ainsi je lis est la même chose que je suis lisant; et dès lors l’expression lis ne présente pas la pure nature du verbe, mais un verbe avec l’idée accessoire d’un attribut déterminé” (Darrigol 1827: 90).
12 Helburu apologetikoa begien bistan dago Darrigolen gramatika-lan guztian zehar, izenburutik hasita. Gramatika orokorraren oinarriak hizkuntza jakin bati ezarri nahi dizkioten autoreetan ohi den bezala, euren lanen bitartez delako hizkuntzaren bikaintasuna erakutsi nahi dute, zuzenean edo zeharka. Darrigoli dagokionez —eta baita ondorengo beste zenbait autoreri ere—, gramatika-azterketekin batera euskararen antzinatasunari eta balizko perfekzioari buruzko iritziak aurkitzen ditugu: “vestiges de son antique splendeur” direlakoak, hain zuzen (Darrigol 1827: 158).
13 Darabiltzan hizkuntzak honako hauek dira: frantsesa, nederlandera, alemana, gaztelania, italiera, latina, grekoa, hebreera, arabiera eta siriera.
14 Besteak beste, baratce (‘gelditze’) / baratce (‘soro’) eta aci (‘hazi’) / aci (‘ale’) adibideak darabiltza distribuzio berdina dutela erakusteko. Gainera, erortean, jatetic, edanic, hastera, ikhusiz bezalako formak ere infinitiboa edo partizipioa gehi deklinabide kasuak direla adierazten du (Darrigol 1827: 101-105).
15 Cf. “le mot erorten, qui exprime l’action de tomber, n’est pas un verbe, mais bien un nom au cas positif” (Darrigol 1827: 105).
16 Darrigolek (1827: 106) destinatiboa gaztelaniazko está por llegar gisakoekin erkatzen du. Eta analisi honek nahiko egiantzekoa dirudi. Oroit bedi, Mitxelenak euskal adizki perifrastikoen eraketa auzoko hizkuntza erromantze eta germaniarren aditz sistemekin konparatu zuen eta bilakabide paralelo bat gertatu zela ondorioztatu: “El paralelo pasa por las formas analíticas, llamadas entre nosotros perifrásticas, del verbo, tanto en perfectum como en futuro: etorri da, egin du, est venu, ist gekommen (ant. es venido) / ha hecho, a fait, hat gemacht; joanen, joango da, lit ‘es de ir’, eginen, egingo du ‘ha de hacer’” (Mitxelena 1981 [1987: 48]). Beste alde batetik, Darrigolek euskal adizki analitikoetarako eskaini zuen azterketa John Andersonen “hipotesi lokalistaren” oinarria izan zen. Andersonek, 70etako gramatika sortzailearen ereduari atxikita, ingelesaren eraikuntza progresiboetan predikazio lokatibo bat agertzen dela proposatu zuen (Anderson 1973).
17 Honen antzeko sailkapen bikoitz bat proposatu zuen lehentxeago Fleury Léclusek (1826), nahiz eta autore honek aditz laguntzaileak bakarrik izan zituen hizpide eta ez zuen, beraz, aditz bakarraren teoriara hurbildu zezakeen ezer ere adierazi. Areago dena, Léclusek —lehenago Astarloak eta geroago Zabalak eta van Eysek bezala (Gómez 2007: 72)— euskaraz edozein hitz aditz bihur daitekeela adierazi zuen, delako hitzari -tzea atzizkia erantsiz gero (Lécluse 1826 [1987: 902]). Halako iritzi bat, jakina, ez dugu aditz bakarraren aldekoengan sekula aurkituko.
18 Hain zuzen ere, Louis de Bonald-en ondoko aipamen hau baliatuz iradokitzen du: “L’avoir est une manière de l’être, et la plus générale possible… Être et avoir, idées fondamentales de l’être… Être et avoir, fondement de toutes les langues, qui sont l’expression de êtres” (apud Darrigol 1827: 109). Eta badirudi Darrigolen analisian aditz bakarra ulertu zutela haren garaikideek eta gogaideek. Honelaxe adierazten du Campiónek (1884: 308), gai honi dagokionez: “se la [= Darrigolen aditz teoria — R.G.] puede considerar más como un unicismo mitigado que como un dualismo categórico”.
19 Izan aditzaren analisi hau mende erdi bat geroago errepikatuko du Charencey kondeak (Charencey 1873, 1874, 1875). Bestalde, Bonaparte printzeak ere onartuko du errorik gabeko aditz bat bere terminatifs purs direlakoak azaltzeko.
20 Baieztapen honen atzean, silabez eta ez erroez baliatzeaz gain (Xahok ez bezala), bistan da Darrigolek grafiarekin egindako jokoa ere.
21 Darrigolek darabilen terminologian “iragankor” terminoak esanahi bikoitza du: batetik, pertsona bat baino gehiago dituzten aditzak dira, bata nominatiboan (hots, absolutiboan) eta bestea(k) zehar-kasuren batean; aditzaren esanahia pertsona batetik bestera “iragaiten” da (nor-nori paradigmari buruz ari delarik baino ez du adiera hau erabiltzen, letra etzanez erabili ere; ik. 1827: 118). Hauxe da, hain zuzen, besteak beste Larramendik darabilen adiera (Larramendi 1729: 170 eta hh.). Eta hauxe da, orobat, terminoaren lehen adiera, azken buruan, Priszianorenganaino gibeleratu daitekeena. Baina, beste alde batetik, Berpizkundeko latin gramatiketan nagusi da aditz iragankorren saila “aktiboen” barruan sartzea; hots, objektu zuzena dutenak dira iragankorrak (ik., Antzin Aroko eta Espainiako tradizioei buruz, Gómez Asencio 1985: 128 eta hh.). Denbora aurrera joan ahala, “aktibo” ezaugarri semantikoa eta “iragankor” ezaugarri sintaktikoa gero eta nahasiago agertuko ziren eta hori da Darrigolen lanean aurkitzen dugun bigarren adiera, adiera nagusia alegia. Larramendiren kasuan, honako aditz sailkapena dugu: aktiboak eta neutroak, eta aktiboen barnean bi aditz-joko absolutu (dut, ditut) eta hogeita bat aditz-joko iragankor edo erlatibo (nor-nori-nork eta nor-nork paradigmei dagozkienak).
22 Andoaingo jesuitak xehetasun gehiagorik ematen ez badu ere, badirudi iduqui / daucat bezalako bikoteak dituela gogoan; izan ere, honelakoetan zaila gerta daiteke adizki trinkoa eta partizipioa formalki lotzea, are gehiago Larramendik baliatzen duen grafia sistema aintzat hartuz gero. Hala ere, baliteke —bigarren aukera bat eskaintzearren— egun aditz ez-ergatiboak deitzen direnez aritzea, hala nola idurí, iritzí, iraquín, iraun(dú), etab.; Larramendik aditz neutroen artean sartzen ditu baina, jakina, euren jokoa aditz aktiboenei dagokie.
23 Oyharçabalek (1998: 445) ohartarazten duenez, paradoxikoa gertatzen da euskal gramatikagintzan aditz bakarraren teoria ageriki sartu dutenak batik bat zubereran oinarritu diren bi egile izatea, hain zuzen, Abbadia eta Xaho. Izan ere, zubereran ongi bereizten dira laguntzaile bakoitzari dagozkion aditz jokatugabeak, nahasmendurako aukera itxuraz txikiagoa litzatekeelarik: izan iragangaitza (niz laguntzaileari dagokiona) eta ükhen iragankorra (dut laguntzaileari dagokiona).
24 Schleicher-en teorien azalpena lan askotan aurki daiteke; ik., besteak beste, Maher (1983), Koerner (1989) eta Oyharçabal (2008).
25 Cf. “La langue euskarienne ne reconnait qu’une seule espèce grammaticale de mots (hitzak), qui est celle des noms (izenak), régie par un système universellement régulier de déclinaison” (Xaho 1836: 35), edo beste pasarte hau: “Nous savons déjà que le radical iz est un appellatif harmonique que la déclinaison modifie: le système euskarien ne reconnaissent qu’une seule espèce grammaticale de mots, le verbe lui-même se trouve rangé dans la classe de noms; il n’a point d’infinitif” (1836: 170). Ik. orobat Oyharçabal (1998: 439).
26 Gainera, edozein hitz, deklinatua zein ez, joka daiteke -tu atzizkia atxikiz gero; cf. “Le tu leur imprime le sens actif que leur simple appellation ne saurait comporter” (Xaho 1836: 176) eta “Non-seulement tous les mots euskariens sans exception prennent valeur active et se conjuguent avec un brillant cortége de relations déclinatives et de modifications secondaires, mais encore chacune de ces modifications, de ces relations marquées par une terminative, se conjugue à son tour” (1836: 178). Xahok adibide batzuk eskaintzen ditu: hebenkotu niz / dut, hebenkoarentu niz / dut, etab. Honen antzeko ideia bat aurkitu genuen Astarloaren lanean (ik. "Humboldt" ataleko 10. oh.).
27 Aktibo-pasiboaren ordez, bozei dagokiela “iragankor-iragangaitz” terminoak erabiltzea ez da inondik ere Intxausperen asmakizuna, ezta berak baino lehenago terminook euskarari aplikatu zizkion Zabalarena ere (1848). Zabalaren hitzak irakurriz gero —“A esta ultima [pasiboa —R.G.] llaman también neutra, media é intransitiva: y á la activa transitiva” (Zabala 1848: 1)—, argi dago terminologi nahasketa artean hedatuta zegoela (cf. Gómez Asencio 1985 eta batez ere Iglesias 1991).
28 Cf., orobat, “Ces noms, que nous appelons transitifs, se conjuguent avec les formes transitives et intransitives. Lorsqu’ils se conjuguent avec les formes transitives, leur action se porte sur un objet étranger au sujet, et alors ils rendent le sens des verbes appelés actifs en français. Lorsqu’ils se conjuguent avec les formes intransitives, l’action qu’ils expriment retombe sur le sujet, et alors ils rendent le sens des verbes appelés en français réfléchis et passifs” (Intxauspe 1858: 21).
29 Baieztapen honen ostean adizki jokatugabe guztien analisi xehe bat dator eta, Darrigolek bezala, izen edo adjektibo deklinatutzat hartzen ditu Intxauspek. Aski da hurrengo pasartea irakurtzea bi egileon proposamenen arteko antzekotasunez jabetzeko, batik bat euskarazko adibideak frantsesera nola itzultzen dituzten aintzat hartuz gero (cf. "Darrigol (1827)" ataleko 15. oh.): “Les noms verbaux indiquent les diverses manières d’être et d’agir; le verbe unique exprime les relations de ces manières d’être et d’agir avec les personnes et les temps. Ainsi, dans ebílten niz, je suis en marche, je marche, — ebílten, en marche, exprime le genre d’action qui se fait; niz, je suis, exprime le sujet de cette action et le temps présent” (Intxauspe 1858: 12).
30 Nolanahi ere den, ez dut aipatzeke utzi nahi díot, dioát, diózu… adizkiei buruz proposatzen duena. Gainerako aditz trinkoetan ez bezala (noa = joan + niz, darámat = eráman + dut…), forma hauetan érran partizipioa ikusi ezin baitu, latinetik edo erromantzetik letozkeela adierazten du, dicere-tik alegia (cf. gazt. digo): “Les formes diot, dioát, dioe, diok, dion, diózu, diozie: je dis, ils disent, tu dis, vous dites, sont empruntées au latin ou à l’espagnol; elles peuvent parfaitement être remplacées par la conjugaison régulière de érran, mais elles n’en sont pas composées comme les autres formes régulières” (Intxauspe 1858: 446).
31 Bonaparteren euskal aditzari buruzko argudio teorikoak zenbait artikulutan (ik., batez ere, Bonaparte 1876, 1877) eta Le verbe basque en tableaux (1869) bere lan nagusian sakabanatuta daude; oraingoz ez dugu Printzearen aditz teoriari buruzko monografia sakonik, baina hurbilketa aski xehe baterako ik. Suárez (2000).
32 Euskal aditzari buruz idatzi zuen liburuaren azalean (Bonaparte 1869) honako pasarte bibliko hau sartzen du, bere asmoen aitormentzat har daitekeena: “In principio erat Verbum.”
33 Ekialdeko adizki laguntzaile hauen erroa iraun dela uste du Bonapartek (1876), van Eysek (1874, 1875) proposatu zuen eroan-en aurka (ik. Gómez 2002b).
34 Adizkion erroa egon edo egoki (Bonaparte 1877: 42) izan litezke, baina ki bera ere badu izentzat (1877: 44).
35 Jakina, gaur egun azken forma hauek *ezan aditz berreraikiari dagozkiola pentsatzen da. *Ezan aditz laguntzailea, baita *edin ere, van Eysek berreraiki zituen bere gramatika konparatzailean (1879: 196 eta hh.). Laurogeietako hamarkadaren bukaeran aditz hauek leku handia hartuko zuten Berlingo Euskara aldizkarian Bonaparte, van Eys eta Vinsonek Etxepare eta Leizarragaren hizkeren inguruan izan zituzten eztabaidetan (lan hauen aipamenerako, ik. Gómez 1989).
36 Cf. “Les deux noms verbaux izan et egin ne peuvent donc être assimilés aux autres que morphologiquement. Ils forment classe à part, quant au sens, et servent, pour ainsi dire, de transition entre les terminatifs verbaux purs et les noms verbaux ordinaires” (Bonaparte 1869: 159). Alta bada Bonapartek ez du inon argiegi azaltzen zertan datzan “trantsizio” izate hori.
37 Cf. orobat Bonaparte (1876: 8): “Ce nom verbal [izan — R.G.] qui signifie en même temps ‘eu’ et ‘été’ dans cinq des huit dialectes basques, de même que ill ou hil signifie ‘mort’ et ‘tue’, est un argument très-favorable aux deux voix dans le verbe”.
38 Diodan, bidenabar, “alokutibo” terminoa Bonapartek berak sartu zuela euskalaritzan, euskarari buruzko bere lehenbiziko lanean (Bonaparte 1862: 19).
39 “Letra” eta silaba hauen guztien zerrenda osoa da, euskalki bakoitzean jasaten dituzten aldakuntzekin batera, Bonapartek bere liburuaren taulen aurretik eskaintzen dituen “Observations” direlakoen gaia (1869: ix-xxxii). Nabarmendu nahi nuke Bonapartek ez diela batere begirunerik erakusten hots aldaketa erregularrei —adiera hertsian, garai hartan ezin baita oraingoz “lege fonetikoez” mintzatu—; aurreraxeago Printzearen jokamolde honen adibide bat eskainiko dut.
40 Berebat zeharkako objektuari dagokionez, non -o- < oni proposatzen baitu (Bonaparte 1869: 159).
41 Eta dau, bestalde, gau-ren aldaera litzateke, Printzearen teoriaren bertsioetariko batean behinik behin (Bonaparte 1877: 37).
42 Esan gabe doa, gaur egun dut paradigmako adizkiak *edun aditz berreraikiari atxiki nahiago da, uk(h)an eta eduki haren partizipio eratorriak liratekeelarik.
43 Bigarren esanahia, espero zitekeenez, izan iragangaitzean aurkitzen du Printzeak: “Quant aux terminatifs intransitifs à base de izan, nous pensons que l’adjectif verbal auquel ils s’unissent représente un simple attribut, tandis qu’ils se trouveraient contenir izan dans le sens d’existence” (Bonaparte 1876: 8).
44 Euskal Izkindea bi zutabetan antolatuta dago: ezkerrekoan, Azkuek berak proposatutako hizkuntza eredua erabiliz idatzitako testua dugu (Dodgsonek azcuence izendatu zuena, alegia, eta ia ulertezina dena); aldameneko zutabean gaztelaniazko bertsioa dugu, maiz euskararen sintaxiari lotuegi badago ere.
45 Itzulpenak gorabehera; izan ere, gaztelaniazko ordainetarako haber(se) hautatzen du Azkuek, ziurrenik horixe delako gaztelaniazko laguntzaile bakarra ere.
46 Beste toki batean euren zerrenda eskaintzen du (“Zenbat daizen aditz eurenez irabiagarriak”, 1891: 156).
47 Aditz-denborari eskainitako kapituluan zehar “ideas momentáneas” eta “ideas presentes” terminoak ere erabiltzen ditu gaztelaniazko zutabean; euskarazkoan, “aidako uste(ak)” dagokie beti.
48 Cf. “Ezdaiz aidako usteak eta uste oituak nastu bear: aidakoak gitsi daiz (475 garren esaldian ta urrengoetan erakutsi itzazan), oituak edozein aditzetan egon leikez. / No deben confundirse las ideas presentes y las ideas habituales: las presentes son pocas (se manifestaron en el párrafo 475 y siguientes), las habituales existen en cualquier verbo” (Azkue 1891: 168). Nahasi samarra da Azkueren aditz teorian uste oituek betetzen duten lekua. Terminoa aditz-denboraz aritzean erabiltzen dituenen antzekoa da (“uste” hitza erabiltzen baitu, alegia); alabaina -ten “irazgaia” hartzen duten adizkiez “Aditz mugean aldamenak eta aldagaiak / Modificaciones y modificativos del verbo infinitivo” izeneko atalean dihardu (1891: 189). Bertan -ten hizkia “ekanduzko aldamena / modo habitudinario (habitual ó consuetudinario)” delakoa adierazteko bide bat izango litzateke, oi “aldagaiarekin” eta eroan edo ioan aditzak laguntzaile gisa erabiltzearekin batera (1891: 190). Hala eta guztiz ere, eta hona nahasmendurako beste arrazoi bat, Azkueren sisteman “aditz mugean aldagaiak” ez dira hizkiak edo “irazgaiak”, grafikoki bederen bereiz idazten diren hitzak baizik; “aditz irabiarikoen aldagaiak”, berriz, hizkiak dira beti (cf. 1891: 171). -Ten izango litzateke, hain zuzen ere, sistema honetako salbuespen bakarra. Izkindeako aditz-moduen sailkapenaz, ik. Madinabeitia (1999).
49 Diodan, bidenabar, adizki mota hauek adierazitako denboren artean erabat bereizteak eta, ondorioz, adizki trinkoen premia osoa izateak berehalako eragina izan zuten. Honela bada, xx. mende hasieran zenbait autorek, Arana-Goiri buru zelarik, paradigma trinkoak asmatu zituzten sekula halakorik izan ez zuten aditzetarako (ik. Plazaola 1999).

lanaren aipamena nola egin...

Ricardo Gomez, ""Aditz bakarraren" teoria XIX. mendeko euskal gramatikagintzan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3