Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:1

Adizki trinkoak eta perifrastikoak

Euskararen gramatika guztiek bereizi egiten dituzte adizki trinkoen eta adizki perifrastikoen artean. Izan ere, adizki mota hauek oso errazak dira bereizteko: trinkoek hitz bakarra dute, eta perifrastikoek hitz bat baino gehiago. Hiztunentzat ere bai, seguruena, oso bereizketa nabaria bide da honako hau.

Ezaguna denez, euskal adizki trinkoak dozena bat aditzek bakarrik sor ditzakete gaur egun. Aditz gehienek, beraz, ez daukate adizki trinkorik (eta are gehiago: horietako gehiengo batek, seguruena, ez dute inoiz ere eduki). Gainera, adizki trinkoak dituzten aditzek adizki perifrastikoak ere badituzte. Hortaz, punturik interesgarriena eta beharbada arazotsuena da ulertzea zer berdintasun eta ezberdintasun dauden antzeko forma duten trinkoen eta perifrastikoen artean; esate baterako, Orain Trinkoaren eta Oraineko Burutugabe (Perifrastiko)aren artean.

Adizki trinkoak dira “etorri” (nator), “ekarri” (dakart), “ibili” (dabil), “egon (gaude), edo “eraman” (darama) bezalakoak dira adizki trinkoak. Horiekin batera “izan” ere, jakina: gara. Guztiek badituzte beren aldaera perifrastikoak: etorri da, ekarri dugu, ibili zarete, egon dira, eramaten dute edo izan gara.

Oinarrizko egitura

Adizki perifrastikoak aditz nagusi batek eta laguntzaile batek osatzen dituzte. Adizki trinkoen eta adizki laguntzaileen estruktura, osagaien hurrenkera barne, bat bakarra da (salbuespen bakarretakoa genuke NORK-NOR adizkietako ABS pluraleko komunztadura-marka; marka hau, oro har, ezberdina baita adizki trinkoetan eta adizki laguntzaileetan). Izan ere, laguntzaile batzuk independenteki ere (i.e. trinkoki) joka daitezke, eta hipotesi bezala pentsa genezake behin laguntzaile guztiak izan zirela independenteak edo trinkoak.

Marka gramatikalak

Adizki perifrastikoei dagokienez, laguntzaileetan aurkitzen dira marka gramatikal gehienak (inflexioa). Alde batetik, pertsona eta numero komunztadura markak, adizki trinkoetan bezalaxe, adizki laguntzaileetan ageri dira. Bestalde, badaude bestelako marka gramatikal posible batzuk adizki laguntzaileetan (adizki trinkoetan bezala): Indikatiboko formetan, Oraina eta Iragana laguntzaileetan bereizten dira; eta modu markatuetako formetan, Oraina eta Iragana ez ezik, Alegiazkoa ere bereizten da laguntzaileetan. Marka hauetaz gain, -ke marka modala ere laguntzaileetan ager daiteke (markatzen denean), eta mendekotasun markak ere (adibidez, -(e)n marka) laguntzaileetan agertzen dira beharrezko direnean.

Alabaina, Indikatiboko adizkietan, aditz nagusiak ere eraman dezake zenbait marka gramatikal. Hain zuzen ere, adizki jokatugabeen bitartez, Burutua, Burutugabea eta Geroa bereiz daitezke Indikatiboko adizkietan (EGLU II tradizioan “aspektua” deitzen dena). Modu markatuetako adizkietan, ordea, ez da horrelako bereizketarik egiten aditz nagusian, berau Aditzoina baita beti. Hortaz, modu markatuetako adizkietan (adizki trinkoetan bezala) marka gramatikal guztiak hitz bakar batean agertzen dira.

— Egilea: Gontzal Aldai

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Adizki trinkoak eta perifrastikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3