Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:2

Adizki laguntzaileak

Euskalkietan euskararen batasunerako onartu diren lau aditz laguntzaile horiek baino gehiago ditugu:

  • etorri da
  • ikusi dugu
  • etor dadin
  • esan dezan
  • emon deutsa
  • zin dagit
  • on egin dagizuela
  • ikus diro
  • erranen dautzut / derautzut
  • erran dio

Adizki perifrastiko horietan ageri diren laguntzaileak honako hauek dira (haiei legozkiekeen aditzak parentesi artean jartzen ditugu):

  • da (izan)
  • dugu (*edun)
  • dadin (*edin)
  • dezan (*ezan)
  • deutsa (eutsi)
  • dagit, dagizuela (egin)
  • diro (*iron)
  • dautzut (*edun)
  • derautzut (*edun+ -ra-, *eradun)
  • dio (*i, nahiz gramatiketan *edun-en azpian sartu)

Euskara estandarrerako lau hartu ditugu. Lehenbiziko laurak:

  • da (izan)
  • dugu (*edun)
  • dadin (*edin)
  • dezan (*ezan)

Laguntzaile horietako batzuk ez daudenez ondo dokumentatuta aditz independente gisa, forma jokatugabe (Partizipio edo Aditzoin) berreraikiak proposatu dira laguntzaile horiek izendatzeko, horregatik izartxoa. Horrela ditugu, izan laguntzailearen ondoan, *edun, *edin eta *ezan laguntzaileak ere. Hauek, gaur egun, ez dira aditz beregainak eta ez ditugu forma horiekin erabiltzen. Baina haien erroa argi ageri da laguntzailearen adizkietan.

ADITZ LAGUNTZAILEAK
Euskara estandarrean Euskalkietan
izan izan
*edin *edin
*edun *i *edun *i, eutsi, *eradun
*ezan *ezan, egin, *iron

Laguntzaile estatiboak eta dinamikoak

Izan eta *edin laguntzaileak NORK-gabeko formetan erabiltzen dira; eta beste biak, NORK-dun formetan. Bestaldetik, izan eta *edun laguntzaile estatiboak dei ditzakegu, aditz estatiboetatik baitatoz; eta *edin eta *ezan (nahiko jatorri ezezaguna daukaten arren) laguntzaile dinamikoak dei genitzake. Laguntzaile estatiboak Indikatiboko adizkietarako erabiltzen dira (forma jokatugabe ezberdinekin konbinatzerakoan), eta baita baldintzazko forma ohikoenetarako. Laguntzaile dinamikoak, aldiz, ez dira gaur egun Indikatiboan erabiltzen eta bai modu markatuetako formetan: Subjuntiboan, Ahaleran, Aginteran (eta baita, aspaldi, baldintzazko formetan; Iparraldean oraindik neurri batean mantentzen dena). Forma hauetan guztietan, euskara historikoan, laguntzaile dinamikoak Aditzoinarekin soilik konbinatzen dira, eta hortaz baita euskara estandarrean ere (goian aipatu den bezala).

LAGUNTZAILE MOTAK
Laguntzaile estatiboak Laguntzaile dinamikoak
izan *edun *edin *ezan
Indikatiboan eta baldintzan ageri dira Subjuntiboan, Ahaleran, Aginteran

Laguntzaile motak eta modu oposizioa

Laguntzaileen arteko aurkaritza hau (hots, izan eta *edun laguntzaile estatiboak alde batetik, eta *edin eta *ezan laguntzaile dinamikoak bestetik) euskarak daukan oposizio formal-nozional garbienetako bat kontsidera daiteke: modu oposizio bat, hain zuzen. Alde batetik modu indikatiboa izango genuke (izan eta *edun laguntzaileez) eta bestaldetik modu markatuak izango genituzke (*edin eta *ezan laguntzaileekin). Alabaina, kontuan hartu behar da oposizio formal hau ez dela erabatekoa. Hor daude baldintzazko formak, indikatibokoak nekez kontsidera daitezkeenak, baina laguntzaile estatiboez eraikiak. Beraz, dagokigun laguntzaile hautaketa hau, gaur egun, modu oposizio batekin zerikusirik badauka ere, ezin dugu esan izan eta *edun laguntzaileekin eraikitako forma guztiak nahitaez indikatibokoak direnik. (Are gehiago, historikoki ezin da baieztatu *edin eta *ezan laguntzaileekin egindako forma guztiak indikatibotik kanpo aurkitzen zirenik). Bestalde, forma trinkoak bai indikatiboan eta bai modu markatuetan erabili izan dira eta erabiltzen ere dira.

Gainera, ohar bedi, “modua” adierazteko, euskarak “estrategia” ezberdin asko baliatzen dituela. Aurrena, orain aipatu duguna da: laguntzaile hautaketa. Baina, horrez gain, euskaran badaude “moduak”, oro har, adierazteko baliabide asko. Esate baterako, -ke morfemak forma modalak eraikitzen ditu, nahiz eta bai *edin edo *ezan eta bai izan edo *edun laguntzaileekin, eta baita are adizki trinkoekin, konbina daitekeen. Halaber daukagu l- morfema ere, zein laguntzaile guztiekin eta adizki trinkoekin ere konbina baitaiteke. Bestalde, Geroak ere, oinarrian aldi (tempus) bat izan arren, kutsu modala ere badauka (inola ere ez kutsu aspektuala). Agintera, azkenez, modu bat izanik ere, askotan trinkoki adieraz daiteke (e.g. zatoz, bego), eta baita *edun laguntzailearen bitartez ere Euskal Herri Kontinentalean (e.g. dugun edan).

— Egilea: Gontzal Aldai

Gaian sakonduz

Hau da Euskaltzaindiak ateratako lehenbiziko lana euskal aditz laguntzaile batuaren inguruan.

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Adizki laguntzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3