Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:3:2:1

Aditz laguntzaile iragangaitzetatik iragankorretarako txandakatzea

Euskal gramatiketan irakutsi izan den gisan (ikus EGLU-II, adibidez), *edun eta *ezan aditz nagusia iragankorra (hartu, erosi, ekarri) denean erabiltzen dira, eta izan eta *edin, ostera, aditz nagusia iragangaitza (etorri, joan, erori) denean. Horrela, *edun eta *ezan aditz laguntzaile iragankorrak eta izan eta *edin iragangaitzak direla esaten da gramatiketan. Aditz predikatiboen atalean azaldu da bereizketa hori, nolanahi ere, ez dela modu egokian egina.

Aipatutako sailkapena euskararen jokabide orokorra izan arren, zenbaitetan aditz laguntzailearen hautaketan txandakatzeak gertatzen dira. Esate baterako, etorri aditza iaragangaitza da (etorri da), baina behar izan eta nahi izan aditzekin osatutako egitura modaletan agertzen bada, laguntzailearen aldaketa eskatzen du hiztun askoren kasuan (etorri behar du). Egitura hauetan, behar izan eta nahi izan modalen osagarria den aditza iragangaitza izanagatik ere, behar eta nahi modalen arabera hautatutako *edun eta *ezan laguntzaile iragankorrak erabiltzen dira, eta horrek aditz laguntzailearen txandakatzea eragiten du, iragangaitz–>iragankor txandakatzea, alegia. Ikus dezagun zer den zehazki egitura hauetan gertatzen dena.

"Behar izan" eta "nahi izan" aditzek sortu egiturak

GOXOKIAK HOBE ASPIRINAK BAINOBehar izan eta nahi izan aditzak adizki beregain gisa erabil badaitezke ere, beharra eta nahia adierazten duten egitura modalak sortzeko ere erabiltzen dira euskaraz, eta horrelakoetan izen sintagma bat hartu beharrean, aditz sintagma (jokatugabe) bat hartzen dute osagarri, ondoko adibideetan ikusten denez:

  • Aspirina bat behar dut.
  • Goxoki bat nahi dut.
  • Aspirina bat hartu behar dut.
  • Goxoki bat jan nahi dut.

Behar izan eta nahi izan aditzekin osatutako egitura modalek *edun eta *ezan aditz laguntzaileak hautatzen dituzte eta horrek euren osagarri den aditz sintagmaren laguntzailearen hautaketan txandakatzea eragiten du. Txandakatze hori ez da azkeneko bi adibideetan gertatzen, kasu horietan bai hartu eta bai jan aditzak biak baitira iragankorrak, eta beraz, bietan hautatzen baitira *edun eta *ezan aditz laguntzaileak egitura modal baten barruan egon gabe ere. Ondoko adibideetan ikusten da hori:

  • Aspirina bat hartu dut (*edun)
  • Goxoki bat jan dut (*edun)

Ondorengo bi adibideetan, ostera, behar izan eta nahi izan aditz modalek osagarritzat dauzkaten aditzek ez dituzte laguntzaile iragankorrak hautatzen (“etxera joan naiz” eta “etxean geratu naiz” esaten dugu, eta ez “*etxera joan dut” eta “*etxean geratu dut”), baina, egitura modal baten barruan egoteak hautatutako aditz laguntzaileak iragangaitzak izan beharrean, iragankorrak izatea eragiten du:

  • Etxera joan behar dut (*edun)
  • Etxean geratu nahi dut (*edun)

Honenbestez, behar izan eta nahi izan aditz modalek osagarritzat duten aditza iragankorra izan arren, hautatzen den laguntzailea aditz modalek eurek hautatzen dutenez, aditz laguntzailearen txandakatzea gertatzen da. Behar izan eta nahi izan modalak perpausaren aditz nagusiak izaten dira horrelakoetan, eta euren osagarri diren aditzak mendeko aditzak. Horregatik esaten dugu kasu honetan perpauseko aditz laguntzailea aditz nagusiak hautatzen duela, eta ez mendeko aditzak.

HEMEN OHERATZEA MERITU HANDIKO KONTUA DAHau da erabilerarik hedatuena, nahiz ez den bakarra, Euskaltzaindiaren 144. arauak dioen gisan, euskalki batzuetan –edo hiztun batzuetan, hobeki esanik– ez baita ezinbestekoa txandakatze hori gertatzea. Badira, behar izan eta nahi izan modalekin perpauseko aditz laguntzailea menpeko aditzaren arabera hautatzen duten euskalki batzuk ere. Albizu eta Fernandezek (2006) “moduzko egitura gardenak” deritzete laguntzailea menpeko aditzaren ergatibotasunean oinarrituta hautatzen duten egitura hauei:

  • Gaur goiz oheratu behar naiz (izan)

Euskalki kontua edo ideiolekto kontua

Ipar-ekialdeko hizkeretan agertzen da batez ere jokamolde hau (zubererazkoan izan ezik), baina nafarrerazko, gipuzkerazko edo bizkaierazko autore batzuen lanetan ere agertu izan dira horrelako egiturak (Euskaltzaindia 2001ab). Hona hemen adibideak:

  • Semea, etzara bertze aldera itzuli behar, (…) (S. Pouvreau, Iesusen Imitacionea, 177).
  • Etzara hargatik haserretu behar, eta haserretzekotz ere zeure buruaren kontra haserretu behar zara, eta ez itsuaren kontra, (…) (Axular, Guero, 310).
  • Nere gezurrak utzirik, Jainko hortaz orhoitu nahi naiz hemendik harat (Barbier, Supazter choxokoan, 162).
  • Ni-ere altxatu nahi naiz lurretik zugana (Duvoisin, Liburu ederra, 14).
  • Gure Jaungoikoaz bakarrik bear gera oroitu (D. Inza, Kristau ikasbidearen azalpena, 132).
  • Ez, ene biotzeko semea, esaten zion Amak, zu oraindik munduan izan bear zera (G. Arrue, //Santa Genovevaren bizitza//, 70).
  • Mugonez oroitu bear gerade, berandu dator sendagarriaab, gaitzak indarrak artzen baditu (V. Mogel,Ipui onak, 24).

Behar izan eta nahi izan aditzekin osatutako egitura modaletan, beraz, aditz laguntzailea aditz nagusien araberakoa izan ohi da kasu gehienetan, eta horrek mendeko aditzaren laguntzailean txandakatzea eragiten du hau iragankorra ez denean. Nolanahi ere, goiko adibideek erakusten dutenez, aditz laguntzailearen hautatzea mendeko aditzaren araberakoa ere izan daiteke beste zenbaitetan, askoz ere gehiago behar izan aditzaren kasuan nahi izan aditzarebn kasuan baino.

Egitura modalak eta egungo idazleen joera

Goiko adibide klasikoekin batera, egungo euskal idazle askok ere –ez nahitaez ipar-mendebalekoak– behar izan eta nahi izan egituretako aditz laguntzailea mendeko aditzaren arabera hautatzen dutela ikus dezakegu ondoko adibideetan:

GARAIZ ERRETIRATU ZENMendeko aditzaren araberako laguntzailea hautatzen duen egitura hau normalean ipar-ekialdeko hizkeretan gertatzen bada ere, ezin daiteke esan aldakortasuna dialektala baino ez denik. Behar izan aditzaren kasuan, hiztun batzuentzat bi jokabideak dira zilegi, bai aditz osagarriaren araberako aditz laguntzailea hautatzen duen egitura eta bai behar modalaren araberako laguntzailea hautatzen duena. Idiolektala ere bada, beraz, aditz laguntzailearen aldakortasuna (Goenaga 2006):

  • Gaur garaiz erretiratu behar dut (*edun)
  • Gaur garaiz erretiratu behar naiz (izan)

Testu klasikoetan ere hiztun berak bi aukerak darabiltzala ikus dezakegu, baita perpaus berean ere (16):

Egitura modalen inguruko atal honetan behar izan eta nahi izan aditzak multzo berean sartu baditugu ere, nahi izan aditzarekin osatutako egitura modalek, kasu gehienetan behintzat, aditz modalak berak hautatutako laguntzaile iragankorrak –hots, *edun eta *ezan– hautatu ohi dituztela azpimarratu behar da. Aditz laguntzaile iragankor eta iragangaitzen arteko txandakatzea behar izan aditz modalarekin osatutako egitura modaletan gertatzen da, beraz, batez ere. Eta nahi izan aditzaren kasuan ez da batere hain ohikoa.

Alokutiboak eragindako txandakatzeak (iragangaitz>iragankor)

Ez da aditzaren argumentua

Aditz laguntzaile iragankor eta iragangaitzen arteko bereizketa forma alokutiboek ere baldintza dezakete hein batean. Ikusiko dugunez, aditz nagusiaren arabera laguntzaile iragankor edo iragangaitzak hautatu beharrean, berez izan laguntzaile iragangaitza hautatzen duten NOR formako aditzek *edun laguntzaile iragankorra hautatzen dute egitura alokutiboetan, eta horrek aditz laguntzailearen txandakatzea eragiten du.

Ikus ditzagun honako adibide hauek:

  • Peru etorri da
  • Peru etorri duk/n

MIRENEK IRAKURRI DUEN ALDIZKARIALehenbizikoa da eztabadako adibide arrunta. Bigarrena da alokutiboa. Egitura alokutiboetan, aditzaren argumentua ez den –eta beraz, aditzak adierazten duen gertakarian parte hartzen ez duen– egoera komunikatiboko hartzaileari egiten zaio erreferentzia. Hau da, aditzak berak adierazitako ekintzan parte hartzen ez duen solaskidea markatzen da aditzean. Hori gertatzen da bigarren adibidean: gizon batekin ari bagara, eta alokutiboa erabiltzen badugu, Peru etorri duk esanen dugu, eta andre batekin ari bagara, aldiz, Peru etorri dun. Horrek elkarrizketa osoa alokutiboetara makurtzea eskatzen du. Aditz laguntzailean agertzen den –k/n atzizkiak aditzak adierazten duen ekintzan parte hartzen ez duen solaskideari egiten dio erreferentzia:

  • etorri da (izan)
  • etorri duk/n (*edun)

Baina ikus dezagun zer gertatzen den aditz laguntzailearekin: eztabadako egituran etorri aditzak dagokion laguntzaile iragangaitza hautatzen duela ikus dezakegu, izan alegia. Egitura alokutiboan, aldiz, ez da etorri aditzari dagokion izan aditz laguntzaile iragangaitza hautatzen, *edun laguntzaile iragankorra baizik. Horregatik esaten dugu forma alokutiboetan aditz laguntzailearen txandakatzea gertatzen dela berez izan laguntzaile iragangaitza hautatzen duten NOR formako adizkietan.

Txandakatzea ez da gertatzen, jakina, berez aditz laguntzaile iragankorrak eskatzen dituzten aditzetan, horiek izatez laguntzaile iragankorra eskatzen baitute eztabadako formetan ere eta ez da alderik egoten egitura neutroaren eta alokutiboaren artean:

  • Mirenek aldizkaria irakurri du (*edun)
  • Mirenek aldizkaria irakurri dik/n (*edun)

NOR eskatzen duten adizkiekin bakarrik gertatzen da

Egitura alokutiboetako iragangaitz–>iragankor txandakatze hau izan laguntzailea eskatzen duten NOR formako adizkietan bakarrik gertatzen da. NOR-NORI formako aditz iragangaitzekin, esaterako, ez da txandakatzea gertatzen:

  • Mireni asko gustatu zaio liburua (izan)
  • Mireni asko gustatu zaiok/n liburua (izan)

Bi adibide horietan ikus daitekeenez, alokutibozko forman erabiltzen den laguntzaileak iragangaitza izaten jarraitzen du datibodun argumentu bat duten adizki iragangaitzetan. Halaber, txandakatzea izan laguntzailearekin bakarrik hautatzen dela ere aipatu behar da, berez *edin laguntzailea eskatzen duten aditzek forma alokutiboetan ere *edin hautatzen baitute:

  • Kalera joan naiteke.
  • Kalera joan naitekek/n.

Egitura inkoatiboak eragindako txandakatzeak (iragangaitz-->iragankor)

Otsoak ardia hil eta hau gertatu daEgitura inkoatiboak arazle bihurtzen direnean ere aditz laguntzailearen txandakatzea gertatzen da, eta aditz nagusia iragangaitza izanagatik ere, laguntzaile iragankorra hautatzen da ezinbestean. Egitura inkoatibotik arazlerako aldaketa ulertzeko, azter dezagun beheko bi adibideetan gertatzen dena:

  • Peruren ardiak hil dira (izan)
  • Otsoak Peruren ardiak hil ditu (*edun)

Adibideei erreparatuta ikus dezakegu egoera aldaketa bat adierazten duen hil aditza berez iragangaitza dela eta ez duela egilerik eskatzen (lehenbiziko adibidea), baina egilea eransten zaionean iragankor bihurtzen dela (bigarrena). Hala, aditza bera iragangaitz izatetik iragankor izatera igarotzerakoan, aditz laguntzailearen txandakatzea (iragangaitz–>iragankor) gertatzen da.

— Egilea: Ane Odria

Erreferentziak

Albizu, Pablo eta Beatriz Fernández. 2006. “Licit and illicit ERG-DAT pairings”. Beatriz Fernández eta Itziar Laka (arg.), Andolin gogoan. Essays in honour of Professor Eguzkitza. Bilbo: EHU. 69-96.

Euskaltzaindia. 2001a. “Nahi/gura izan aditzen jokabidea aditz iragangaitzekin”. Euskaltzaindiaren 144. araua

Euskaltzaindia. 2001b. “Behar izan aditzaren jokabidea aditz iragangaitzekin”. Euskaltzaindiaren 113. araua

Goenaga, Patxi. 2006. “Behar-en lekua euskal hiztegian eta gramatikan”. Beatriz Fernández & Itziar Laka (arg.), Andolin gogoan. Essays in honour of Professor Eguzkitza. Bilbo: EHU.

lanaren aipamena nola egin...

Ane Odria, "Aditz laguntzaile iragangaitzetatik iragankorretarako txandakatzea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3