Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:3:2:2

Laguntzaile iragankorretatik iragangaitzerako txandakatzea

Ondoko lerroetan egitura inpertsonal mota batez ariko gara, inpertsonal mota asko dagoelako, Aditz inpertsonalak izeneko atalean ikus daitekeen gisan. Aditz pertsonalen erabilera inpertsonal jakin batez ariko gara hemen.

Aditz laguntzaile iragankor eta iragangaitzen banaketa egitura inpertsonaletan ere aldatu egiten da. Egitura horietan, aditz nagusia iragankorra ala iragangaitza izan, aditz laguntzaile iragangaitzak hautatzen dira beti eta horrek aditz laguntzailearen txandakatzea eragiten du aditz nagusia iragankorra denean.

PERU LIBURUA IRAKURTZENEgitura inpertsonaletan ez da aipatzen aditzak adierazten duen ekintzaren egilea zein den, hau da, ekintzak egile jakinik gabe azaltzen dira. Irakurri aditzak, adibidez, adiera batean, bi argumentu –egilea eta gaia– eskatzen dituen arren (ondoko lehenbiziko adibidea), egitura inpertsonalean jarriz gero, gaia baino ez da azaleratzen (bigarrena):

  • Peruk liburua irakurri du (*edun)
  • Liburu hau erraz irakurtzen da (izan)

Egitura inpertsonalak izan eta *edin laguntzaile iragangaitzekin agertzen dira beti, eta horregatik gertatzen da aditz laguntzailearen txandakatzea irakurri bezalako aditz iragankorretan. Irakurri-k, aditz iragankorra izanda, laguntzaile iragankorrak eskatzen ditu: *edun eta *ezan. Alabaina, azken adibidean egitura inpertsonal baten barruan agertzen denez, aditz laguntzailean txandakatzea gertatzen da eta *edun beharrean, izan hautatzen da. Beste atal batean azaldutako egitura inkoatiboetako txandakatzean kontrakoa gertatzen dela ikusten da. Han, aditzak eurak iragankorrak dira eta berez ez dute egilerik eskatzen, baina egilea gaineratzerakoan iragankor bihurtzen dira, eta horrek aditz laguntzailearen iragangaitz–>iragankor txandakatzea eragiten du. Hemen ez, hemen aditzek berez egile argumentua eskatzen dute, baina egitura inpertsonal bihurtzerakoan egile jakinik ez dagoenez, aditz bera egile gabe eta laguntzaile iragangaitzarekin agertzen da.

LEIHOTIK IKUSTEN DEN LORATEGIABeheko saldu, esan, erosi eta ikusi aditzetan ere gauza bera gertatzen da (Euskaltzaindia, EGLU-I eta EGLU-II). Aditzok egilea eta gaia eskatu arren, egitura inpertsonaletan egilea agerian izan gabe eta izan aditz laguntzaile iragangaitzarekin agertzen dira:

  • Sagarrak merke saldu dira (izan)
  • Horrelakorik ez da esaten (izan)
  • Liburu zaharrak erosten dira (izan)
  • Leiho honetatik lorategi eder bat ikusten da (izan)

Adibide horietako ekintzek ez daukate egile jakinik eta horregatik agertzen dira perpausak egilearen aipamenik egin gabe eta izan aditz laguntzaile iragangaitzarekin.

Dena dela, egitura inpertsonal guztietan aditz laguntzaile iragangaitzak erabiltzen direnez, aditz laguntzailearen txandakatzea ez da aditz nagusia berez iragangaitza den kasuetan gertatuko, horietan bestela ere laguntzailea iragangaitza baita, egitura inpertsonala izan zein ez. Beheko perpausetako joan, egon eta ibili aditzak, esaterako, iragangaitzak direnez, ez da aldaketarik gertatzen aditz laguntzailearen erabileran egitura arruntetik inpertsonalera pasatzerakoan, bietan erabiltzen dira-eta laguntzaile iragangaitzak (Euskaltzaindia, EGLU-I eta EGLU-II):

  • Nola joaten da hemendik udaletxera?
  • Oso ondo egoten da hemen.
  • Ezin da gaur egun horrela ibili.

Bihurkari eta elkarkarien iragangaizteak eragindako txandakatzeak (iragankor-->iragangaitz)

Laguntzaile iragankorretik iragangaitzerako txandakatzea egitura bihurkari eta elkarkarien iragangaizteak ere eragiten du. Egitura bihurkari eta elkarkariak anafora lexikoekin osatzen dira euskara estandarrean, hau da, nire/hire/bere… burua bezalako anafora bihurkariekin eta elkar/bata bestea bezalako anafora elkarkariekin. Anafora lexiko horiek osagarri gisa jokatzen dutenez, *edun ZER IKUSTEN OTE DU ISPILUAN?eta *ezan aditz laguntzaile iragangaitzak hautatzen dira perpaus bihurkari (lehenbiziko adibidea) eta elkarkarietan (bigarrena):

  • Nik nire burua ispiluan ikusi dut (*edun)
  • Kalean elkar ikusi dugu Mirenek eta biok (*edun)

Nolanahi ere, badira goiko adibide estandar horietatik aldentzen diren bestelako hizkera batzuk ere eta hauetan ez da anafora lexikorik erabiltzen, ezta *edun eta *ezan laguntzaile iragankorrik ere (Ortiz de Urbina 2003). Aldaera ez-estandar hauetan, izan eta *edin laguntzaileak erabiltzen dira aditz nagusia iragankorra izan zein ez. Hurrengo adibideetan, esaterako, ikusi aditza iragankorra da eta erabiltzen den aditz laguntzailea iragangaitza. Horregatik esaten dugu egitura hauetan aditz laguntzailearen txandakatzea gertatzen dela aditz nagusia iragankorra denean:

  • Ni ispiluan ikusi naiz (izan)
  • Kalean ikusi gara Miren eta biok (*edun)

Egitura iragangaiztu hauek euskara batuan oso erabiliak ez badira ere, hemen jaso nahi izan ditugu egungo euskaran sarri xamar entzuten direlakoan.

Progresiboak eragindako txandakatzeak (iragankor>iragangaitz)

HOTZA EGITEN DU HEMENAri izan progresiboak ere aditz laguntzaile iragankorretik iragangaitzerako txandakatzea eragiten duela ikusiko dugu jarraian (Hualde 2003, Laka 2004). Ari izan perifrasiak aspektu progresiboa adierazten du eta aditz laguntzaile iragangaitzekin, hau da, izan eta *edin-ekin agertzen da. Horregatik, aditz nagusia iragankorra denean eta egitura progresibo baten barruan sartzen denean, aditz laguntzailearen txandakatzea gertatzen da, ondoko adibidean nabari denez:

  • Peruk CD berriak erosi ditu (*edun)
  • Peru CD berriak erosten ari da (izan)

Adibide horretan ikus daitekeen bezala, egitura progresiboak aditz laguntzailearen hautaketa baldintzatzen du eta berez iragankorra den laguntzailea (erosi ditu) iragangaitz (erosten ari da) bihurtzen du.

Kontuan izan behar da, dena dela, laguntzaile iragankorretik iragangaitzeranzko txandakatze hau ez dela aditz guzti-guztiekin gertatzen. Eguraldiari buruzko progresiboak egitean, esaterako, ari izan perifrasia agertu arren, aditz laguntzaileak iragankorra izaten jarraitzen du eta *edun eta *ezan laguntzaileak hautatzen dira:

  • Euria ari du (*edun)
  • Hotz handia ari zuen (*edun)

XIX. mende erditik aurrerako Iparraldeko testuetan ere ari aditz laguntzaile iragankorrekin ageri dela azaltzen du Lakak (2004, 2006):

— Egilea: Ane Odria

Erreferentziak

Euskaltzaindia. 1987. EGLU-I eta EGLU-II. Bilbo: Euskaltzaindia.

Hualde, Jose Ignacio. 2003. “Structural analysis of basic verbal paradigms”. Jose Ignacio Hualde eta Jon Ortiz de Urbina, A Grammar of Basque Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 252-255.

Laka, Itziar. 2004. “Ari progresiboa eta euskararen kasu markak”. Albizu, Pablo eta Beatriz Fernández (arg.), Euskal gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia eta EHU. 113-133.

Laka, Itziar. 2006. “Deriving split ergativity in the progressive. The case of Basque”. Johns, A. Massam, D. eta Ndayiragije J. (arg.), Ergativity Emerging Issues. Dordrecht: Springer. 173-196.

Ortiz de Urbina, Jon. 2003. “Periphrastic constructions”. Jose Ignacio Hualde eta Jon Ortiz de Urbina (arg.), A Grammar of Basque. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 290-306.

lanaren aipamena nola egin...

Ane Odria, "Laguntzaile iragankorretatik iragangaitzerako txandakatzea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3