Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:1:3:2:3

Euskalkien araberako txandakatzeak

ETXETIK ATERATZENEuskalkiek eragindako txandakatzeak aztertuko ditugu hemen. Badira zenbait aditz euskalki batzuetan iragankorrak eta bestetan iragangaitzak direnak, eta horiek izango dira ondorengo lerroetan mintzagai izango ditugunak.

Irten aditza, esaterako, erdialdeko euskalkietan iragangaitza da –izan aditz laguntzailea erabiltzen da– eta mendebaleko euskalkietan iragankorra –*edun aditz laguntzailea erabiltzen da:

  • Miren etxetik irten da (izan)
  • Mirenek etxetik urten dau (*edun)

Igo aditza ere iragankorra zein iragangaitza izan daiteke euskalkiaren arabera eta horrek aditz laguntzaile iragankor eta iragangaitzen arteko txandakatzea eragiten du. Erdialdeko euskalkietan aditz laguntzaile iragangaitzak erabiltzen dira igo aditzarekin, eta, mendebalekoetan, ostera, iragankorrak, ondoko adibideek erakusten duten gisan:

  • Karakate mendiraino igo gara (izan)
  • Karakate mendiraino igon dogu (*edun)

Badira, azkenik, hego-mendebaleko eta ipar-ekialdeko euskalkiak bereizten dituen aditz laguntzaileen txandakatzea eragiten duten beste aditz batzuk ere. Aditz hauetan guztietan ipar-ekialdeko hizkerek laguntzaile iragangaitza hautatzen dute eta hego-mendebalekoek iragankorra. Afaldu eta bazkaldu otordu aditzak, adibidez, laguntzaile iragankorrekin markatzen dira hego-mendebaleko hizkeretan, eta iragangaitzekin ipar-ekialdekoetan (Oihartzabal 1990):

  • Oparo barazkaldu dezu (OEH, Lar Cor 216)
  • Al dokan lez iraun egik, gero apalduko ddoagu-ta (OEH, Or Tormes 67)
  • Bazkaldu zirenean, Jesusek erran zion Piarresi (OEH, Lg II 294)
  • Halaber kopa ere har zezan afaldu zenean (OEH, Lç 1 Cor 11, 25)

— Egilea: Ane Odria

Erreferentziak

Oihartzabal, Beñat. 1990. “Structural and inherent case-marking: Ergaccusativity in Basque.” Joseba Andoni Lakarra eta Jon Ortiz de Urbina (arg.), Syntactic Theory and Basque Syntax. Donostia. 309-342.

lanaren aipamena nola egin...

Ane Odria, "Euskalkien araberako txandakatzeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3