Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2

Euskal aditzaren sistema

Eragile anitzen emaitza dugu, azken batean, euskal aditzaren sistema. Eta azalpen bat baino gehiago eman daiteke, aukeratzen diren ikuspuntuak nolakoak diren. Adizkien morfologiari behatuz gero, pertsona eta zenbakia bereizten ditugu, eta horrek ematen dizkigu, modu eta aldi bakoitzaren barnean (Indikatiboa, Oraina, esaterako) sortzen diren aldaera desberdinak: gara vs zara. Bestetik, ikusi bezala, aditz laguntzaileak (euskara estandarraren gainean ari gara orain) bat baino gehiago direnez (izan, *edun, *edin, *ezan) horrek berak egiten du bigarren bereizketa: naiz vs dut. Moduan ere desberdintzen dira aditzak: naiz vs nadin edo zara vs zaitezke. Eta aldian, edo tempusean: naiz vs nintzen.

Horiek guztiak dira kontuan hartu behar diren datuak. Baina, esan bezala, horiek guztiak kontuan harturik ere, sistematizazioa, hots, aditza nola egituratzen den azaldu nahi izanez gero, leiho bat baino gehiago irekiko zaigu, eta azalpenak ere ez dira guztiak asetzeko modukoak izango, beti sortzen baita, azalpen bakoitzaren gibelean, beste galdera bat. Hori izan da euskal sistemaren azalpena egin nahi izan den bakoitzean gertatu zaigun arazo larria. Eta hemen ere ez dugu agortuko azalpena. Horregatik, hain zuzen ere, aditz sistemaren bi proposamen aurkezten dira hemen: “Eduki semantikoan oinarritua” izendatu dugu bata, eta “Oposizio kontzeptuan oinarritua” bestea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskal aditzaren sistema", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3