Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:1:1

Orainaldiko formak

Orainaldiko formekin hasita, Oraineko Burutugabea eta Orain Trinkoa (gehi “aditz” edo “lokuzio” estatiboen Orain berezia) dira orainaldia adierazteko gehien erabiltzen diren adizkiak. (Hauetaz gain, orainaldian, Oraineko Progresiboa(k) ere baditugu). Ezaguna denez, orainaldi nozionalaren barruan dauden adierek (orainaldi progresiboak, orainaldi habitualak, eta abarrek) aspektu burutugabea izaten dute. (Alabaina, ohar bedi euskararen beraren Oraineko forma guztiek ez daukatela zertan aspektu burutugabea izan.)

Oraineko Burutugabea (egiten du)

Oraineko Burutugabea da orainaldia adierazteko erabiltzen den adizkirik garrantzitsuena. Bere esanahirik tipikoena, baina ez bakarra, orainaldi ohikoa (orainaldi habituala) da. GERO IKUSIKO DU MIRENEK ORAIN EGITEN ARI DIREN FILM HAU

(1) Egunero erosten dugu egunkaria

(2) Miren askotan joaten da zinera

Orainaldi ohikoaz gainera, Oraineko Burutugabeak zenbait aditz estatiboren orainaldia (orainaldi kontinuoa) ere adierazten du, nahiz eta “aditz” edo “lokuzio” estatibo askok (cf. (3b) adibidea) beren Orain propioa izan dezaketen.

(3a) Peruk Amaia maitatzen du

(3b) Peruk Amaia maite du

(4) Tomatea asko gustatzen zaio

Oraineko Burutugabearen beste adiera bat orainaldi narratzailea dei genezake, kirol emanaldietan, adibidez, askotan erabiltzen dena.

(5) Orbaizek bereganatzen du baloia eta Etxeberriari pasatzen dio

Inoiz (baina nahiko gutxitan) Oraineko Burutugabea orainaldi progresiborako erabil daiteke.

(6) Euria egiten du orain

(7) Orain lo egiten du umeak

Orain arte aipatutako adiera guztiak orainaldiari dagozkio, baina esan beharra dago, mendeko perpausetan, Oraineko Burutugabeak geroaldiari dagozkion adierak ere har ditzakeela. (Azken adiera hauetarako, ikus xx atala).

Dena den, batzuetan, programatutako geroa (eta berehalako geroa) adierazteko, Oraineko Burutugabea erabil daiteke baita perpaus nagusietan, erregistro arruntean behintzat.

(8) Errealak 8etan jokatzen du gaur

Oraineko Burutugabearen beste erabilera bat da proposizio generikoak adierazteko (orainaldi gnomikoa ere deitzen dena). Proposizio generikoak dira beti egiazko direnak: bai lehenaldian, bai orainaldian eta baita, printzipioz, geroaldian. HEGOAK EBAKI BAGENIZKIO...

(9) Txoriek hegan egiten dute

Orain Trinkoa (dago)

Arestian aipatu den bezala, gaur egungo euskaran, oso aditz gutxik daukate adizki trinkoren bat. Gehien erabiltzen diren aditzen artean, ondokoak ditugu: izan, egon, *edun, eduki, jakin, irudi, -io- (=esan); joan, etorri, ibili, eraman, ekarri, erabili. Zerrenda labur honetan ikus daitekeen moduan, aditz hauetako gehienak edo estatiboak dira (izan, egon, *edun, eduki, jakin, irudi) edo mugadun higidura aditzak dira (joan, etorri, eraman, ekarri).

Aditz estatiboekin hasiko gara. Ezaguna denez, aditz estatiboen orainaldia nahiko berezia da, ez baitago normalean fasetan zatituta, kontinuoa delarik. Beraz, aditz estatiboen Orain Trinkoak orainaldi estatiboa (hots, orainaldi kontinuoa) adierazi ohi du. Orainaldi estatiboa edo kontinuoa, bestetik, bai iraunkorra (10a) eta bai aldi-baterakoa (10b) izan daiteke.

(10a) Etiopia Afrikan dago

(10b) Hor dago gure laguna

(11) Ez dakit arazoa nola konpondu

(12) Zenbat urte dauka mutil horrek?

Jarraian mugadun higidura aditzak (joan, etorri, eraman, ekarri) ikusiko ditugu. Hauek aditz telikoak direnez gero, beren orainaldia ere nahiko berezia izaten da. Horrela, aditz hauen Orain Trinkoak (joan eta etorri aditzenak bereziki), gehienetan, berehalako geroa edo programatutako geroa adierazi ohi du (baita perpaus nagusietan ere).

(13) Oraintxe dator nire laguna KOMUNERA NOA

(14) Komunera noa

(15) Bazatoz gurekin?

Oraineko Burutugabearekin ikusi dugun bezala, hemen ere bestelako adierak ere posibleak dira, hala nola orainaldi ohikoa (habituala) eta orainaldi progresiboa. Alabaina, batetik, orainaldi ohikoa adierazteko Oraineko Burutugabea izaten da egokiagoa (ikus (16) adibideak). Bestetik, aditz teliko hauekin (joan, etorri) ez da oso erraza benetako orainaldi progresiboa adieraztea, beti inplikatzen bide dutelako geroaldi kutsu bat, baita progresiboa adierazten omen denean ere (ikus (17) adibideak). Gainera, benetako orainaldi progresiboa adierazi nahi izan ezkero, Oraineko Progresiboak izaten dira egokiagoak. (Dena den, ikusten denez, Orain Trinkoak, printzipioz, oso erabilera zabala izan dezake.)

(16a) Ikasle hori egunero doa eskolara

(16b) Ikasle hori egunero joaten da eskolara

(17a) Mikel bidetik dator

(17b) Mikel bidetik ari da etortzen

(18a) Oraintxe momentuan doa Jon bere etxera

(18b) Oraintxe momentuan joaten ari da Jon bere etxera

Goiko (17a) eta (18a) adibideetan atzeman daitekeenez, joan eta etorri aditzen Orain Trinkoak orainaldi narratzailea adierazteko ere balio dezake, testuinguru egokia eduki ezkero.

(19) Orbaiz zelai erditik dator eta baloia bereganatzen du

Bestalde, eraman eta ekarri aditzen Orain Trinkoei dagokienez, esan behar da berauek ere nahiko adiera bereziak izaten dituztela. Aditz bi hauen Orain Trinkoak (baita ibili eta erabili aditzenak ere) orainaldi estatibo antzeko kutsu bat adierazi ohi du (nahiz eta, berez, aditz estatiboak baino, aditz dinamikoak diren). Ondoko adibideek ilustratzen dute delako adiera estatibo antzeko hori.

(20) Zer dakar horrek sakelan?

(21) Mutil hori ez dabil ondo burutik

Amaitzeko, Orain Trinkoa ere erabiltzen dute aditz sintetikoek proposizio generikoak (orainaldi gnomikoa) adierazteko ELEFANTE HAUEK OSO SUDUR LUZEA DUTE

(22) Nilo ibaia Mediterraneora doa

(23) Elefanteak oso animalia handiak dira eta sudur luzea daukate

(24) Urak 100 gradutan diraki

“Aditz” edo lokuzio estatiboen Orain berezia (maite du)

Aipatu berri da adizki trinkoak (eta beraz Orain Trinkoak) dauzkaten aditzak oso gutxi direla gaur egun. Alabaina, badaude izan edo *edun aditzen Orain Trinkoaz eratzen diren hainbat “lokuzio”. Hauek sinkronikoki nola analizatu behar diren ez da kontu erraza (ikus Hualde & Ortiz de Urbina 2003:), baina garbi dagoena da hauek ere “aditz” (edo aditz-lokuzio) estatiboak direla guztiak. Hortaz, izan / *edun lokuzio hauen Orain Trinkoak ere orainaldi estatiboa (orainaldi kontinuoa) adierazi ohi du:

(25) Peruk Amaia maite du

(26) Zure osaba Australian bizi da

Lokuzio hauen zerrenda zehatz bat ematea nahikoa lan zaila da, beste arazo askoren artean, lokuzio hauetan sartzen diren izen / adjektibo guztiek ez daukatelako joera sintaktiko berdina. Jarraian proposatzen den zerrenda, beraz, behin-behinekotzat baino ez da hartu behar.

Aditz-lokuzio (izen / adjektibo + izan / *edun) estatibo psikologiko-modalak: nahi, gura, behar, ahal, ezin, espero, uste, merezi, oroit, gustuko, gogo, aiher, laket, desir(a), plazer, atsegin, opa, aitor, eta abar.

Aditz-lokuzio estatibo lokatiboak: bizi, ageri, ezagun, nabari, irudi, eta abar.

Aditz-lokuzio estatibo neurgarriak: balio, munta, axola, inporta, antsi(a), zor, merezi, eta abar.

Orainaldiko adizkiak: Laburpena

Laburbilduz, orainaldia adierazteko aditz formarik arruntena Oraineko Burutugabea da (i.e. egiten du). Oraineko Burutugabeak tipikoki orainaldi ohikoa (habituala) adierazten du, baina hau ez da bere adiera bakarra. Izan ere, Oraineko Burutugabea orainaldiko adizkirik ez-markatuena kontsidera daiteke, oso erabilera-esparru zabala duelarik. Aitzitik, orainaldiko zentzu zehatzagoak adierazi nahi direnean, hala nola orainaldi progresiboa, adizki markatuagoak erabili ohi dira: adibidez, Oraineko Progresiboa(k).

Bestalde, adizki trinkoak dauzkaten aditz apurren artean, Orain Trinkoa litzateke euren formarik ez-markatuena (da, du, dauka, dago, daki, dator, dabil, eta abar). Aditz hauetarako Orain Trinkoa da erabilera zabalena daukan adizkia, gainerako adizkiek (Oraineko Burutugabea barne) erabilera murritzagoa eta markatuagoa dutelarik. Ez da ahaztu behar aditz trinko hauen artean gehiengo bat edo estatiboak direla edo adiera estatibo antzekoak dauzkatela.

Orainaldiko adizkiak mendeko perpausetan

Arestian emandako adibideak perpaus nagusietan agertzen dira guztiak. Alabaina, aztertutako adizkiak, jakina, mendeko perpausetan ere ager daitezke. Erabilera horiek beste atal batean aztertuko dira.

— Egilea: Gontzal Aldai

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Orainaldiko formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3