Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:1:2

Lehenaldi inperfektiboko formak

Lehenaldiko formekin hasten gara orain. Aurreko atalean esan denez, orainaldiko adierek aspektu burutugabea izaten dute. Lehenaldian, ordea, bi aspektu nagusi bereizi ohi dira: aspektu burutugabea eta aspektu burutua (eta baita perfektua). Aspektu burutua, hortaz, lehenaldian aurkitzen da hobetoen. Aspektu burutugabea (inperfektiboa), aldiz, bai orainaldian eta bai lehenaldian aurki daiteke, lehenaldi burutugabea eta orainaldi (burutugabe)a denborak soilik bereizten dituelarik. Beraz, euskaraz, lehenaldi burutugabeko formak eta aurreko atalean ikusitako orainaldi (burutugabe)ko formak guztiz paraleloak izango dira. Horrela, lehenaldi inperfektiboa adierazteko, euskaraz gehien erabiltzen diren adizkiak Iraganeko Burutugabea eta Iragan Trinkoa dira (gehi “aditz” edo “lokuzio” estatiboen Iragan berezia). Adizki hauetaz gain, orainaldian bezala, Iraganeko Progresiboa(k) ere baditugu lehenaldi burutugabean.

Iraganeko Burutugabea (egiten zuen)

Iraganeko Burutugabearen adiera nagusiak Oraineko Burutugabearenen paraleloak dira. Bien arteko desberdintasun nagusia, ordea, geroaldiari dagokiona da. Alegia, Oraineko Burutugabeak geroaldi kutsuko esanahiak har ditzakeen bitartean (bereziki, baina ez bakarrik, mendeko perpausetan), Iraganeko Burutugabeak, printzipioz, ez ohi du hartu horrelako geroaldi adierarik. (Hori bai, herri hizkeran -maila apalean-, Iraganeko Burutugabeak adiera modalak -hipotetikoak- har ditzake; baina erabilera irreal horiek ez ditugu hemen ikusiko.)

Beraz, Iraganeko Burutugabea da lehenaldi inperfektiboa adierazteko erabiltzen den adizkirik garrantzitsuena; baina, esan genezake, Oraineko Burutugabea baino mugatuagoa dago. Bere esanahirik tipikoena lehenaldi ohikoa (lehenaldi habituala) da.

(1) Garai hartan, egunero erosten genuen egunkaria

(2) Miren, lehen, askotan joaten zen zinera TOMATEA GUSTATZEN ZITZAION

Lehenaldi ohikoaz gain, Iraganeko Burutugabeak zenbait aditz estatiboren lehenaldia (lehenaldi kontinuoa) ere adierazten du, nahiz eta “aditz” edo “lokuzio” estatibo askok beren Iragan propioa izan dezaketen: cf. (3b). (3a) Peruk Amaia maitatzen zuen

(3b) Peruk Amaia maite zuen

(4) Tomatea asko gustatzen zitzaion

Ondorioz, (2)-(4) adibideek erakusten dute Oraineko Burutugabearen eta Iraganeko Burutugabearen arteko paralelotasuna. Haatik, Oraineko Burutugabeak adieraz ditzakeen ondoko esanahiek nekez aurki ditzakete paralelorik Iraganeko Burutugabean: orainaldi narratzailea, orainaldi progresiboa, programatutako geroa (?), berehalako geroa, eta proposizio generikoak (gnomikoa). Are garrantzitsuago dena: Oraineko Burutugabeak mendeko perpausetan har dezakeen geroaldi kutsua nekez azalduko da Iraganeko Burutugabeen mendeko perpausetan.

Iragan Trinkoa (zegoen)

Iragan Trinkoa, Orain Trinkoa bezala, oso aditz gutxik erakusten dute egun. Gorago (5.15.2.2) aipatu dira gaurko euskaran gehien erabiltzen diren adizki trinkoak. Zerrenda labur hura, beraz, errepika genezake hemen ere, ohar txiki bat erantsita: alegia, Iragan Trinkoa Orain Trinkoa baino are gutxiago erabiltzen dela gaurko euskara mintzatuan. Horrela, izan, egon, *edun, eduki eta jakin, bai; baina irudi, -io- (=esan), eta are joan, etorri, ibili, eraman, ekarri edo erabili bezalako aditzek gutxiagotan erakusten dute gaur egun Iragan Trinkoko adizkirik.

Arestian ere aipatu da aditz trinkoen zerrenda labur horretako gehienak edo estatiboak direla (izan, egon, *edun, eduki, jakin, irudi) edo, dinamikoak izatekotan, mugadun higidura aditzak direla (joan, etorri, eraman, ekarri). Beraz, Orain Trinkoarekin egin dugun moduan, Iragan Trinkoa aztertzeko orduan ere, bi aditz multzo horiek bereizi beharko lirateke.

Aditz estatiboei dagokienez, hauek lehenaldi estatibo berezi bat izaten dute, zein, faserik eduki beharrean, kontinuoa baita. Horrela, aditz estatiboen Iragan Trinkoak lehenaldi estatiboa (hau da, lehenaldi kontinuoa) adierazi ohi du. Lehenaldi estatiboa edo kontinuoa, bestetik, gehienetan aldi-baterakoa izaten da: cf. (31) adibidea. Bestalde, errepikatu behar da, berez dinamikoak izango liratekeen aditz trinko batzuek adiera estatibo antzekoa hartzen dutela, baita Iragan Trinkoa erabiltzen denean: cf. (34) adibidea.

(31) Hor zegoen gure laguna

(32) Ez nekien arazoa nola konpondu

(33) Zenbat urte zeukan gizon horrek?

(34) Egoera hartan, mutila zeharo galduta zebilen

Mugadun higidura aditzez den bezainbatean, esan beharra dago aditz hauen Iragan Trinkoak (batez ere joan eta etorri aditzenak), gehienetan egoera progresibo antzekoan erabiltzen direla, eta bereziki bi ekintza batera gertatzen direnean: bata, Iragan Trinkoan adierazia, egoera progresiboan doana, eta bestea nahiko ekintza puntuala dena (perfektiboan joan ohi delarik). Iragan Trinkoan adierazitako ekintza bai mendeko perpaus batean (35) bai perpaus nagusi batean (36) ager daiteke.BAI SUERTE TXARRA! ESKOLARA JOAN ETA KAKALARRIA ETORTZEA

(35) Eskolara zihoala, kakalarria etorri zitzaion Pernandori

(36) Peru agertu zitzaionean, Eneko etxerantz zetorren

Azkenez, (bitxikeriaz edo) gehi genezake, diakroniaren ikuspuntutik, Iragan Trinkoak lehenaldi inperfektiboaz gain lehenaldi perfektiboa ere adieraz zezakeela euskal testu zaharrenetan (Aoristo Trinkoa deitu izan dena). Beraz, XVI. mendera arte edo, Iragan Trinkoa lehenaldi orokorra zen, aspekturako markatugabea. Normalean, aditz estatiboekin lehenaldi inperfektiboa adierazten zuen, eta aditz dinamikoekin, ordea, lehenaldi perfektiboa. Alabaina, printzipioz, Iragan Trinkoa bai perfektiboa bai inperfektiboa izan zitekeen edozein aditzekin. Gero, arrazoiren batengatik, esanahi perfektiboa galdu eta Iragan Trinkoa lehenaldi inperfektiboa adierazteko soilik erabili izan da azken mendeotan, eta horrela erabiltzen ere da gaur egun.

“Aditz” edo lokuzio estatiboen Iragan berezia (maite zuen)

“Lokuzio” estatiboen Orain bereziaren ondoan, Iragan estatibo bereziak ere badaude. Lokuzio hauek, beraz, izan edo *edun aditzen Iragan Trinkoaz eratzen dira, eta lehenaldi estatiboaren esanahia (lehenaldi kontinuoa) adierazten dute.

(37) Peruk Amaia maite zuen

(38) Zure osaba Australian bizi zen

Lehenaldi inperfektiboko adizkiak: Laburpena

Laburbilduz, lehenaldi burutugabea (inperfektiboa) adierazteko aditz formarik arruntena Iraganeko Burutugabea da (i.e. egiten zuen). Iraganeko Burutugabeak tipikoki lehenaldi ohikoa (habituala) adierazten du, nahiz eta hau ez den bere adiera bakarra. Iraganeko Burutugabea lehenaldi inperfektiboko adizkirik ez-markatuena kontsidera daiteke, baina ez bide dauka Oraineko Burutugabeak daukan erabilera-esparrua bezain zabala. Dena den, lehenaldi burutugabeko zentzu zehatzagoak adierazi nahi direnean, hala nola lehenaldi progresiboa edo lehenaldi habitual espezifikoa, adizki markatuagoak erabili ohi dira: adibidez, Iraganeko Progresiboa(k) edo ohi partikulaz eratutako formak, hurrenez hurren.

Bestalde, adizki trinkoak dauzkaten aditz apurren artean, Iragan Trinkoa litzateke euren formarik ez-markatuena lehenaldi inperfektiboa adierazteko (zen, zuen, zeukan, zegoen, zekien, eta abar). Aditz hauetarako, Iragan Trinkoa da erabilera zabalena daukan adizkia, gainerako adizkiek (Iraganeko Burutugabea barne) erabilera murritzagoa eta markatuagoa dutelarik. Ez da ahaztu behar aditz trinko hauen artean gehiengo bat estatiboak direla (edo adiera estatibo antzekoak dauzkatela).

— Egilea: Gontzal Aldai

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Lehenaldi inperfektiboko formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3