Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:1:3

Lehenaldi perfektiboko (eta perfektuko) formak

Lehenaldian bi aspektu nagusi bereizi ohi dira: aspektu perfektiboa eta aspektu inperfektiboa. Ez da ahaztu behar, dena den, perfektua (eta pluskuanperfektua)ere agertzen direla askotan lehenaldian. Lehenaldi burutugabearen (inperfektiboaren) inguruko informazioa dagokion atalean aurki daiteke. Hemen, ordea, perfektiboa eta perfektua ikusiko ditugu, beti ere lehenaldiaren barruan. Beraz, lehenaldia da perfektiboaren, perfektuaren eta pluskuanperfektuaren denbora-esparru nagusia.

Arazo terminologiko batekin hasi behar dugu. Irakurlea ohartuta egongo da dagoeneko “perfektibo” eta “perfektu” terminoak ez direla sinonimotzat hartzen lan honetan. Izan ere, kategoria “unibertsal” semantikoen barruan, perfektiboa eta perfektua ez dira esanahi berdinak, nahiz eta diakronikoki perfektua perfektiborantz joan daitekeen. Beraz, gerta daitekeena da jatorriz perfektuaren adiera zeukan adizki batek perfektiboarena ere hartzea. Horrela, nahiko normala izaten da perfektu eta perfektibo esanahiak adizki berak batera adieraztea.

Perfektua

Perfektua, berez, esanahi erlatiboa da. Hau da, erreferentziatzat hartzen den puntu batekiko kokatzen du gertakari bat, eta hain zuzen delako gertakaria erreferentzia puntua baino lehenago gertatu zela esaten. Perfektuaren erreferentzia puntua lehenaldian, orainaldian edo geroaldian koka daiteke. Horrela, erreferentzia puntua geroaldian badago, geroaldiko perfektua daukagu; erreferentzia puntua lehenaldian kokatzen bada, lehenaldiko perfektua edo pluskuanperfektua daukagu; eta, azkenez, erreferentzia puntua orainean izan ezkero, oraineko perfektua edo soilik perfektua daukagu. Geroaldiko perfektua, beharbada, ez da hain garrantzitsua; baina perfektua eta pluskuanperfektua oso adiera ohikoak eta inportanteak (hots, sarritan gramatikalizatuak) izaten dira munduko hizkuntzetan. Pluskuanperfektuak, beraz, lehenaldiko erreferentzia puntu bat baino lehenago kokatzen du gertakizuna eta kontakizuna. (Oraineko) perfektuak, aldiz, gertakizuna oraineko puntua baino lehenago kokatzen du, eta gainera adierazten orainarekiko garrantzia (erlebantzia) daukala delako gertakizun horrek.

Perfektiboa

Perfektiboa, ordea, esanahi absolutua da. Besterik gabe gertakizun bat lehenaldian kokatzen du; baina, bestalde, ez dio begiratzen gertakizunaren barruko konplexutasunari edo barruko faseei (inperfektiboak egiten duen moduan), baizik eta bere osotasunean hartzen duela delako gertakizuna. Perfektiboa, beraz, gertakizun puntualei (une batekoei) aplikatzen zaie askotan. Kasu hauetan denborazko erreferentzia zehatza duten sintagma adberbialekin joan ohi dira, hala nola atzo goizeko 8etan adberbioarekin. Haatik, gertakizun iraunkorrei ere egoki dakieke perfektiboa, baldin beren osotasunean eta unitate mugatuak bezala interpretatzen badira diskurtsoan.

Perfektiboa eta (oraineko) perfektua, hortaz, nahiko esanahi ezberdinak dira teorian. Perfektiboak gertakizun bat lehenaldian kokatzen du, modu absolutuan. Oraineko perfektuak, ostera, gertakizuna lehenaldian kokatzen du, baina betiere orainarekiko erreferentzian edo orainari dagokion garrantzia dela eta. (Beraz, printzipioz, perfektua ezin da agertu denborazko erreferentzia zehatzeko sintagma adberbialekin). Alabaina, alde batetik orainarekiko garrantzia (erlebantzia) ez da beti erraza definitzen. Eta, bestetik, diakronikoki hizkuntza askotan -eta familia ezberdinetakoetan- errepikatzen den eboluzioa da (oraineko) perfektua perfektiborantz jotzen duela. (Eboluzio honetan orainarekiko erlebantzia galdu egiten da). Ondorioz, perfektiboa eta perfektua nahastuta agertzen zaizkigu sarritan adizki berean.

Perfektua eta perfektiboa znbait hizkuntzatan

Zenbait hizkuntzatan, jatorrizko perfektu batek, perfektiboaren esparrua zeharo bereganatu eta gero, esanahi biak (perfektua eta perfektiboa) adierazten ditu gaur egun. Frantsesa eta italiera ditugu horren lekuko, ahozko hizkeran edo erregistro arruntean behintzat. Beste hizkuntza askotan gertatu dena izan da perfektuak ez duela bereganatu perfektiboaren esparru guztia, baina bai honen zati bat: perfektibo hodiernala hain zuzen ere. Perfektibo hodiernala da oraineko denborazko markoan mugatuta dagoen lehenaldi perfektiboa. Besterik adierazi ezean, denborazko marko hori bizi garen egunari dagokio (gaur vs. atzo edo lehenago); baina eguna ez ezik bizi garen astea edo urtea izan daitezke marko hodiernalean sartzen direnak.

Horrela, hizkuntza askotan jatorrizko perfektu batek lehenaldi hodiernala (duela gutxiko lehenaldi perfektiboa) adierazten du, eta horrela oposizioan dago beste adizki batekin, zeinak urrutiko (aspaldiko) lehenaldi perfektiboa adierazten baitu. Lehenaldiarekiko distantzia da, beraz, oposizio honen funtsean daukaguna.

Euskararen kasuan, inguruko beste hizkuntza askotan bezala, jatorrizko (oraineko) perfektu batek perfektuaren esparrua ez ezik lehenaldi hodiernalaren esparrua ere bereganatu du. Are gehiago, eta inguruko hizkuntzetan ohikoa ez dena, euskararen kasuan aspaldiko lehenaldi perfektiboa ere perfektu batetik (pluskuanperfektutik, zehatzago) gramatikalizatu izan da. Beraz, euskaran, lehenaldiarekiko distantzia-oposizioa perfektu bietatik gramatikalizatu da. Jatorriz oraineko perfektua zenak duela gutxiko perfektiboa (hodiernala) ere bereganatu du; eta lehenaldiko perfektua (pluskuanperfektua) zenak aspaldiko perfektiboa eman du. [Pluskuanperfektutik urrutiko perfektibora doan eboluzio hau lekukotuta dago, besteak beste, hindi-urdurako eta armenierarako (Comrie 1985: 68-69), eta baita, dirudienez, italiera dialektalerako (Squartini 1999: 58-59)]. Ikusten denez, sarrera honetan diakroniaz (ere) baliatu gara datu sinkronikoak antolatzeko orduan. Izan ere, diakronia oso garrantzitsua da kasu batzuetan hizkuntzen (eta dialektoen) arteko berdintasunak eta ezberdintasunak hobeto ulertu eta kokatzeko.

Oraineko Burutua (egin du)

Arestian aurkeztu den moduan, perfektiboa eta perfektua ez dira esanahi berdinak. Haatik, euskararen kasuan jatorrizko perfektu bik (hots, oraineko perfektuak eta pluskuanperfektuak) perfektiboaren esparrua bereganatu dutenez, euskal adizki bi horiek perfektu-perfektiboak dira gaur egun. Beraz, bi adizki hauek izendatzeko orduan “Perfektu-Perfektibo” terminoari egokia deritzot (eta horrela izendatu izan ditut inoiz egin du eta egin zuen bezalako adizkiak: hau da, Oraineko Perfektu-Perfektiboa eta Iraganeko Perfektu-Perfektiboa, hurrenez hurren). Dena dela, termino erosoagoa erabili nahi bada, eta tradiziozkoa, “burutu” terminoa ere oso egokia iruditzen zait. Gainera, kontuan har bedi “burutua” nahiko termino anbiguoa dela, behintzat perfektua eta perfektiboa, biak, adieraz baititzake. Horrela, kasu honetan, “burutua” oso aproposa litzateke euskararen egin du eta egin zuen adizkiak izendatzeko: lehena Oraineko Burutua eta bigarrena Iraganeko Burutua liratekeelarik.

Euskararen Oraineko Burutua, (egin du), inguruko hizkuntzen Oraineko Perfektuaren modura izan zen gramatikalizatua. Gramatikalizazio iturria, egia esan, oraineko erresultatiboa izango zen; baina erresultatibotik perfekturako eboluzioa oso ohikoa izaten da hizkuntzetan. Aipatu den bezala, inguruko hizkuntza bakoitzean Oraineko Perfektuak hedapen semantiko ezberdina lortu du. Euskararen kasuan ere hedapen ezberdintasun hori nabaria da Iparraldeko eta Hegoaldeko euskalkiak konparatzen direnean.

Hegoaldeko (Mendebaldeko) euskalkietan

Oraineko Burutua (oraineko) perfektu bat da gehien bat; hau da, orainarekiko erlebantzia daukan lehenaldiko gertakizun bat adierazten du, esanahi erlatiboa eginez. Alabaina, orainarekiko erlebantzia modu askotan ager daiteke. Hortaz, Oraineko Burutuak duela gutxiko lehenaldia eta esperientziala adieraz ditzake, besteak beste, (baita oraineko erresultatiboa bera ere batzuetan). Hauetako esanahi batzuk (eta batez ere erresultatiboa) euskararen Oraineko Erresultatiboen bitartez (egina du, eginda dauka, eta abarrez) ere eman daitezke. Beraz, lehia fin bat antzematen dugu hemen, Oraineko Burutuaren eta Oraineko Erresultatiboen artekoa, zehatz-mehatz mugatzea batere erraza ez dena.

(1a) Peru orain dela gutxi etorri da

(1b) Peru duela gutxi etorria da

(2a) Erabaki bat hartu dut dagoeneko

(2b) Erabakia, hartuta daukat dagoeneko

(3a) Film berririk ikusi duzu?

(3b) Film hori, ikusita daukazu?

Dirudienez, adizki bikote horien arteko ezberdintasunik nabariena ondokoa litzateke: Erresultatiboak ez dira erabiliko baldin eta gertakizunaren ondorioek ez badute orainean irauten. Bestela esanda, Erresultatiboak erabiliko dira soilik gertakizunaren emaitza oraindik mantentzen denean (eta nolabait ageri denean) oraingo egoeran.

(4a) Peru orain dela gutxi etorri da, baina jarraian joan da berriro

(4b) ?? Peru orain dela gutxi etorria da, baina jarraian joan da berriro

(5a) Erabaki bat hartu dut, baina gero berriz ideiaz aldatu

(5b) ?? Erabakia hartuta daukat, baina gero berriz ideiaz aldatu

Erlazio pragmatikoei dagokionez, bestalde, Erresultatiboek topikalizaturiko elementu nominalak eraman ohi dituzte (subjektua edo objektua, gehien bat), eta perpausaren fokua aditzean berean joan ohi da. Burutuek, ordea, foku nominalak eramaten dituzte sarritan.

Amaitzeko esan behar da, Hegoaldeko euskalkietan oraindik, perfektuaren esanahiez gain, Oraineko Burutuak perfektibo hodiernalaren adiera ere erakuts dezakeela. Horrela, hizkuntza askok ez bezala, euskarak (baita Hegoaldeko euskarak ere) denborazko adberbio zehatzak onartzen ditu marko hodiernalaren barruan.

(6) Gaur goizeko zazpietan jaiki naiz

Iparraldeko (Ekialdeko) euskalkietan

Oraineko Burutuak hedapen semantiko handiagoa lortu du. Hedapen hori, seguruena, frantsesaren eragin modernoaz erdietsi du Iparraldeko euskarak; baina eraginaren jatorria zehaztea ez da deskribapen sinkroniko batean axola behar digun gaia. Edozein kasutan, Iparraldeko Oraineko Burutuak (lagunarteko solasean behintzat), perfektuaren adierez gain, perfektibo orokorraren esparrua har dezake, denborazko edozein erreferentzia adierazten duelarik, bai duela gutxikoa bai urrutikoa. Urrutiko erreferentzia hartzen duenean, Oraineko Burutua, ikusiko dugunez, Iraganeko Burutuarekin agertuko da lehian.

(7a) Atzo goizeko zazpietan jaiki naiz

(7b) Atzo goizeko zazpietan jaiki nintzen

(8a) Napoleon Santa Helenan, 1821eko maiatzaren 5ean, hil da

(8b) Napoleon Santa Helenan, 1821eko maiatzaren 5ean, hil zen

Oraineko Burutuak jasotzen duen beste lehia mota bat, azkenez, Oraineko Burutu Bikoitzarekin (egin izan du) gertatzen da. Oraineko Burutu Bikoitza gehiago erabiltzen da Iparraldeko tradizioan Hegoaldekoan baino; baina mugaz honako euskaran ere ezin da esan ezezaguna denik. Oraineko Burutu Bikoitzaren erabilerarik hedatuena esperientzial habitualarena da, hots, esperientziala (inoiz, orain artean, gertatutako esperientzia bat) baina behin baino gehiagotan gertaturikoa; ondoko adibideetan ikusten dena.

(9) Inoiz gertatu (izan) zaigu holakorik

(10) Enekok askotan aipatu (izan) du gertakizun hura

Iraganeko Burutua (egin zuen)

Iraganeko Burutua euskarak daukan lehenaldi perfektiborik tipikoena da (behintzat Hegoaldeko euskalkietan): kontakizunetan (narrazioetan), hauxe da gehien erabiltzen den adizkia. Alabaina, kontuan hartu behar da Iraganeko Burutua ez dela erabiliko denborazko markoa hodiernala denean. Hau da, egunaren barruan gertatutako kontakizunak ez dira Iraganeko Burutuaz adieraziko, baizik eta, aurreko atalean esan denez, Oraineko Burutuaren bitartez. Egunaren barruko markoa definitzeko, gehienetan, loak ezartzen du muga, (nahiz eta egun osoak ere har daitezkeen erreferentziatzat).

(11a) Atzo anaiaren etxean egon nintzen

(11b) *Gaur goizean anaiaren etxean egon nintzen

(12c) Atzo anaiaren etxean egon naiz (Iparraldean soilik)

(12d) Gaur goizean anaiaren etxean egon naiz

(13a) Bart arratsean Pernardok botila bat ardo edan zuen

(13b) Bart arratsean Pernardok botila bat ardo edan du

(14) Behin batean printze bat etorri zen gure herrira, eta jendeari esan zion

Ondorio moduan, hortaz, berriro errepika daiteke arestian esandakoa. Lehenaldi perfektiboaren barruan euskarak distantzia gradu bi bereizten ditu: Oraineko Burutuak duela gutxiko perfektiboa adierazten du (perfektuarekin batera), eta Iraganeko Burutuak, urrutiko perfektiboa. Besterik adierazi ezean, “gaur” kontzeptua (gehienetan, loak dakarrena) da bi perfektibo horien arteko muga markatzen duena. Baina, edozein modutan, Iraganeko Burutua da perfektibo prototipikoa.

Funtzio horretaz gain, Iraganeko Burutua pluskuanperfektua ere izan daiteke batzuetan. Azken eginkizun honetan, Iraganeko Erresultatiboarekin dago lehian. Esan daiteke Iraganeko Erresultatiboa dela ohikoena pluskuanperfektua adierazteko (15), baina onartu beharra dago azken adizki hau ez dagoela oso gramatikalizatua. Beraz, aditz batzuek ez dute Iraganeko Erresultatiboa egiten (edozein erresultatibo, egia esan), eta holako aditzek Iraganeko Burutua hartu behar dute pluskuanperfektutzat. Honetaz gain, zenbait perpaus mendekotan ere Iraganeko Burutua izaten da erabilia pluskuanperfektuaren adierarako: cf. (16)-(17).

(15) Zu etorri zinenerako, partida amaituta geneukan

(16) Barkatu atzo ez abisatzeagatik. Uste nuen lehenago esan nizula

(17) Zu ikusi nahi zintudan, baina esan zidaten etxetik irten zinela

Azken oharra perfektiboaren esparruaz, amaitu baino lehenago. Ezaguna denez, XVI. mendera arte beste perfektibo bat zegoen nahikoa hedatua euskaraz: Aoristo Perifrastikoa deitu ohi dena; i.e. etor zedin, ekar zezan. Aoristo Perifrastikoa, seguruena, perfektiborik tipikoena zatekeen Erdi Aroan edo; baina XVI. menderako atzeraka aurkitzen dugu dagoeneko. Gai hauek deskripzio sinkronikoari ez dagozkion arren, interesgarria izan daiteke hemen ere aipatzea Aoristo Perifrastikoa *edin eta *ezan laguntzaileekin osatzen zela. Hortaz, garbi geratzen da laguntzaile dinamiko hauek indikatiboaren esparruan ere ager zitezkeela lasai, ez baitago inon ere ezarria indikatiboz kanpoko laguntzaileak, nahitaez, izan behar dutenik. Hori bai: euskararen historian zehar, *edin eta *ezan laguntzaileak “indikatibo” deitzen dugun esparrutik at uzteko eboluzioa gertatu da. Baina hau gertatu da, ez nahitaez gertatu behar zelako, baizik eta euskararen eboluzioak identifikatu omen dituelako (gutxi gora behera) izan eta *edun laguntzaileak adizkirik nagusien, erabilien eta asertiboenekin.

[Bide batez, *edin eta *ezan laguntzaileekin eraikitako adizkiei “aspektu gabeak” deitzea ez dirudi oso egokia denik (EGLU-II: 404): Aoristo Perifrastikoan, adibidez, aspektu perfektiboa adierazten zuten. Gauza bat da aspektuko atzizki ageririk ez eramatea aditz nagusian; baina horrek ez du esan nahi “aspekturik” ez dutenik nahitaez. Are gehiago, bereizketa formalari bagagozkio, errazago da esatea adizki horiek bereziak direla hain zuzen laguntzaile dinamikoak, *edin eta *ezan, eramateagatik.]

Lehenaldi perfektiboko adizkiak: Laburpena

Lehenaldi perfektiboa adierazteko euskarak daukan adizkirik garrantzitsuena (Hegoaldeko euskalkietan bederen) Iraganeko Burutua da (egin zuen). Iraganeko Burutua, tipikoki, kontakizunetan erabiltzen den adizkia da. Alabaina, honekin batera esan behar da denborazko marko hodiernalean (“gaur”), Iraganeko Burutua baizik, Oraineko Burutua erabiltzen dela (egin du), baita marko hodiernalean denborazko adberbio zehatzak agertzen direnean ere. Beraz, Oraineko Burutuak eta Iraganeko Burutuak distantzia-gradutako oposizioa (gaur vs. gaur baino lehenago) osatzen dute, lehenaldi perfektiboaren barruan. Oraineko Burutua, gainera, perfektua adierazteko ere erabiltzen da; hots, orainarekiko erlebantzia duen lehenaldiko gertakizun baten kontu emateko. Horrela, Oraineko Burutuak duela gutxiko lehenaldia eta esperientziala adierazten ditu, besteak beste. Honetaz gain, Iparraldeko euskalkietan (frantsesaren eraginaz, seguruena) Oraineko Burutuak perfektiboko esparru osoa besarkatu du, lagunarteko erregistroan bereziki, eta beraz lehian dago Iraganeko Burutuarekin urrutiko perfektiboa adierazteko.

Bestalde, Oraineko Burutuarekin eta Iraganeko Burutuarekin lehian, Oraineko Erresultatiboa eta Iraganeko Erresultatiboa ditugu, hurrenez hurren. Oraineko Erresultatiboak (egina du, eginda dauka), orainean irauten duten emaitzak adierazteaz gain, esperientziala emateko ere erabiltzen dira askotan. Iraganeko Erresultatiboek (egina zuen, eginda zeukan), aldiz, pluskuanperfektuan daukate beren adierarik garrantzitsuena. Dena den, esan beharra dago euskararen Erresultatiboak defektibotzat har daitezkeela. Ez daude oso gramatikalizatuta, eta ezin zaie aplikatu aditz guztiei, baizik eta emaitza garbia eta ageria daukaten aditzei bakarrik.

— Egilea: Gontzal Aldai

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Lehenaldi perfektiboko (eta perfektuko) formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3