Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:1:4

Geroaldiko formak

(Oraineko) Geroa (egingo dut) da geroaldia adierazteko euskarak daukan adizki nagusia. Kategoriari dagokionez, ordea, ez da erraza esatea zer super-kategoria semantiko unibertsaletan sartu beharko genukeen euskarazko adizki hau: aldian, aspektuan, moduan? Egia esan, ez dago garbi holako baten barruan sartu beharra legokeen. Baina, hala ere, super-kategoria baten barruan sartu nahi izanez gero, esango genuke euskararen Geroak, gehienbat, aldia (tenpusa) adierazten duela. Izan ere, Iraganak bereziki lehenaldia adierazten badu, eta Orainak batez ere orainaldia adierazten duen bezala, Geroak batik bat geroaldia adierazten du. Beraz, oro har, aldia (tenpusa) ematen du aditzera euskararen Geroak.

Dena dela, geroaldia ez da tenpus arrunta, zeren lehenaldia eta, neurri batean, orainaldia gertatutakoak eta errealak badira ere, geroaldiak gertakizuna edo etorkizuna adierazten baitu. Etorkizunezko gertakariak, jakina, gertatu gabeak dira, eta horregatik beti daukate aurresan edo iragarpen kutsu bat. Hortaz, geroaldiak, funtsean tenpus bat izanda ere, moduzko esanahiak ere adierazten ditu.

Bestalde, euskararen beraren morfologiari erreparatuz, eta oposizio eta distribuzio kontzeptuetan oinarrituz, EGLU-IItik hasita, hizkuntzalari batzuek proposatu izan dute euskararen Geroa aspektu bat dela. Hipotesi honen oinarria ondoko obserbazioan datza: euskarazko aspektu Burutua eta aspektu Burutugabea, biak, Orainarekin eta Iraganarekin konbinatzen badira, eta euskarazko Geroa ere Orainarekin eta Iraganarekin konbinatzen bada, orduan, distribuzio bera izanda, hirurek (hots, Burutua, Burutugabea eta Geroa) egon beharko dute super-kategoria beraren barruan: aspektuaren barruan, hain zuzen.

Ondorioz, badirudi proposa daitekeela euskararen Geroa aldi bat (tenpus bat) dela, baina baita modu bat dela ere, eta EGLU-IIren tradizioaren barnean aspektu bat dela proposatu izan da. Haatik, askotan aipatu denez, hemengo proposamena da ez dela hain garrantzitsua esatea zer super-kategoriaren barruan dagoen adizki zehatz bat. Ikuspuntu honetatik, garrantzitsuago da esatea zer eduki semantiko daukan euskarazko forma horrek, berez. Ez besteen aurka. Hemen ez da onartzen distribuzioan edo oposizio morfologikoan oinarritu behar garenik soilik sailkapen bat egiteko. Are gehiago, ez dago garbi sailkapen holistiko bat egitea beharrezko gauza denik. Beraz, garrantzitsuago da deskribatzea zer adiera ezberdin dauzkan adizki batek, jarraian egingo den moduan.

Oraineko Geroa (egingo du)

Arestian aipatu denez, euskarazko Geroaren erabilera nagusia geroaldia adieraztekoa da. Horrela, Geroa erabiliko dugu oraingo momentutik aurrera jazoko den gertaera bat adierazteko, (1) eta (2) adibideetan ikusten denez.

  • (1) Datorren astean opari bat erosiko diot
  • (2) Bihar mendira joango gara

Subjektua lehenengo pertsona denean, goiko adibide bietan gertatzen den moduan, geroaldiak nahi edo intentzio adiera islatu ohi du. Horrela, (1) adibidean opari bat erostea da, azken batean, subjektuak egiteko duen asmoa edo gogoa; eta gauza bera ikusten da (2) adibidean mendira joateko asmoarekin.

Beste batzuetan, eta batez ere subjektua bigarren pertsona denean, geroaldiak betebehar edo aginte ahul bat, edota debeku bat adieraz dezake.

  • (3) Esaten dizuedanean, azterketa egiten hasiko zarete
  • (4) Ez duzu ahoa zabalduko, baimena ematen ez dizuten bitartean

Galderekin, kontrako zentzua ere har dezakete lehen eta bigarren pertsonei dagozkien adizkiek: bigarren pertsonek nahia ere azal dezakete, eta halaber lehen pertsonek betebehar ahula edota baimena.

  • (5) Zer hartuko duzu zuk afaltzeko? (nahia)
  • (6) Jarriko zarete, mesedez? (aginte ahula)
  • (7) Zer egingo dut nik egoera honetan? (betebehar ahula)
  • (8) Hasiko gara azterketa egiten? (baimena)

Ikusten denez, geroaldia askotan joaten da kutsu modal batekin batera: nahia, intentzioa, betebeharra, aginte ahula, debekua, eta abar. Baina geroaldiak daukan zentzu edo funtzio modalik zabalduena, beharbada, aurresatea edo iragarpena ematea litzateke.

  • (9) Ehun urte barru, Bilbotik Donostiarako bidea 15 minututan egingo dugu
  • (10) Mutil honek gauza asko lortuko ditu bere bizitzan

Dena den, aurresatea edo iragarpena ematea ez zaie bakarrik geroaldian etorriko diren gertakizunei egokitzen, baina baita edozein momentutan jazo daitezkeen gertakariei ere (i.e. gertakari gnomikoei) eta are baldintza batzuen azpian jazo daitezkeen gertakariei. Horregatik, euskararen Geroa perpaus gnomikoetan erabil daiteke batzuetan, bai eta baldintza gertagarrien ondorioetan ere.

  • (11) Gauza bat beti izango da handiagoa bere erdia baino
  • (12) Lan hori errepikatzen duzunean, hobeto egingo duzu
  • (13) Lehiaketa irabazten baduzu, sari bat emango dizute

Azkenez, euskararen Geroak daukan funtziorik bereziena aurkeztuko dugu. Aipatu dugunez, Geroaren funtzio bat iragarpen ematearena da. Baina iragartzea geroaldian ez ezik, orainaldian ere egin daiteke. Horrela, hedapen semantiko baten bidez edo, euskararen Geroa orainaldian ere aplika daiteke batzuetan; eta geroaldian jazoko den (jazo daitekeen) gertakari baten iragarpena ematea ez ezik, orainaldian dagoen egoera baten iragarpena eman dezake Geroak. Geroaren funtzio hau aditz estatiboekin islatzen da garbien, (15) edo (16) adibideetan ikusten denez.

  • (14) Datorren urtean emakume horrek 60 urte beteko ditu (seguru asko)
  • (15) Ez nago ziur; baina emakume horrek 60 urte izango ditu seguru asko
  • (16) Gozokiak ez bide zaizkio gustatzen. Orduan, ez da hain gaztea izango

— Egilea: Gontzal Aldai

lanaren aipamena nola egin...

Gontzal Aldai, "Geroaldiko formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3