Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2

Oposizio kontzeptuan oinarritua

Atal honetan euskal aditzaren 'aldiak' aztertuko dira, baina ez da deus ere esango aditzaren paradigmei buruz. Pertsona guztien formak biltzen dituzten aldi horietako paradigmak beste kapitulu batean azalduko dira. Hemen emango diren adizkiak adibide argigarri gisa emango dira, ez besterik.

Ikus ditzagun ondoko adibide hauek:

  • Miren arratsaldean etorri da
  • ongi datorke, beharbada, honetaz mintzatzea
  • Miren baldin badator, kontu hori eztabaidatuko dugu
  • Miren etorriko balitz, aski pozik hartuko genuke etxean
  • lehenbailehen etor dadin egin dugu hau
  • zatoz hona berehala!

Horiek guztiak adierazpen arruntak dira, nahiz horko adizki batzuek maizago ageri diren euskalki batzuetan beste batzuetan baino: “datorke”, lekuko. Baina, hala ere, adierazpen arruntak. Hor ikusten denez, aditzak ‘zerbait adieraztea’ du xede: adierazpen bat egitea. Eta egiten duen ‘adierazpena’ mota bikoa izan daiteke:

  • ‘gertatzea’ edo ‘gertagarritasuna’ adierazten duena: [+ gerta]
  • ‘gertatzea’ edo ‘gertagarritasuna’ adierazten ez duena (nahia, aholkua, helburua, agindua…): [- gerta]

Gertagarritasuna adierazten dute “dator”, “etorri da”, “datorke”,“etorri bada”, eta holako aditzek. Aldiz, “etor daiteke”, “etor dadin”, “zatoz”, “etor bedi” eta holakoek ez gertagarritasuna adierazten dute. Kontuan izan adizki batzuk anbiguoak izan daitezkeela, eta kontuan hartu behar dela, zernahi gisaz, ingurunea:

  • bizi luze horretan, egin duke lan Manexek

“Egin duke” horren pareko da, neurri batean, “datorke”, gertagarritasunari dagokionez. Hemen ez gara ahalezkoaz ari, nahiz badugun “datorke” ahalezko bat ere (“etortzen ahal da”, edo esan nahi duena). Beraz, bi “datorke” ditugu: bat, gertagarritasuna adierazten duena (“ongi datorke honetaz mintzatzea” → “ongi dator, hain segur ere, honetaz mintzatzea”) eta, bigarrena, gertagarritasunik ez duena (“Hamarretarako datorke menditik” → “hamarretarako etortzen ahal da menditik”).

Beraz, hau da adizkiak elkarren artean bereizteko erabiliko dugun lehen ezaugarria: [± gertagarritasuna].

Adierazpen mota horiek, bestalde, modalitate desberdinak izan ditzakete: agiantasuna markatzen dute (“datorke”, adibide berbera erabiltzeagatik), edo ez (“dator”). Horrela ere bereizten dira adizkiak,bigarren ezaugarri honi esker: [± agiantasuna]. Eta esan dezagun, azkenik, adizki batzuek baldintza markatzen dutela (“badator”), eta beste batzuek, berriz, ez (“dator”). Sail berezi batean dauden agintezkoak. Beraz, ezaugarri hauek ditugu jokoan adizkien artean bereizteko orduan:

Adizkiak bereizteko ezaugarriak
[± gertagarritasuna][± agiantasuna] [± baldintza] [± agindua]
[± -KE morfema] [± BA- morfema]

Eta, ezaugarri horiek kontuan harturik, holaxe banatuko da ondoren datorren informazioa:

  1. Sailkapena egiteko irizpideak
  2. Indikatiboaren aditz-aldiak
  3. Menturazkoaren aditz-aldiak
  4. Subjuntiboaren aditz-aldiak
  5. Ahalezkoaren aditz-aldiak
  6. Inperatiboaren aditz-aldiak
  7. Iusiboaren aditz-aldiak
  8. Baldintzazkoen aditz-aldiak

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Oposizio kontzeptuan oinarritua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3