Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:2

Indikatiboaren aditz-aldiak

Gertakarien 'gertatzea' adierazten du indikatiboak [+gerta]; horregatik ez du alegialdirik. 'Gertatze' horren aspektuak bereizten dira.

Hauek dira indikatiboaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
- - - / T markagabea / dator zetorren /
- - - / T / dakar zekarren /
- - - / P -TU izan da zen /
- - - / P -TZEN *edun du zuen /
- - - / p -TUKO
  • Ez du -en/-ela menderatzailea, ez agiantasuneko -ke morfema, ez baldintzako ba- morfema, eta ezta alegialdirik (l-) ere.
  • Trinkoak: aldi-marka badute, baina ez aspektu-marka berezirik: dator.
  • Perifrastikoak: -TU, -TZEN, -TUKO aspektuak; izan/*edun laguntzaileak; [bizkaierazko adizki batzuetan eutsi].

Aldiak:

Aditz trinkoek bi aldi dituzte: 'orainaldi' eta 'iraganaldi' nagusiei dagozkienak. Perifrastikoek, berriz, sei aldi dituzte, esandako aldi nagusi biak eta aspektuak konbinatuz eratuak.

T P
ageriko marka gabea -TU -TZEN -TUKO
orainaldia orainaldi puntuala orainaldi burutua orainaldi burutugabea orainaren geroaldia
adibideak dator, dakar etorri da, ekarri du etortzen da, ekartzen du etorriko da, ekarriko du
iraganaldia iraganaldi puntuala iraganaldi burutua iraganaldi burutugabea iraganaren geroaldia
adibideak zetorren, zekarren etorri zen, ekarri zuen etortzen zen, ekartzen zuen etorriko zen, ekarriko zuen

Aldien erabilerak

"dator"; "zetorren"

Orainaldi puntuala: "dator", "dakar"

Aldi honek bi erabilera nagusi ditu: alde batetik, hizketa-uneko gertakari puntualak (a-b) eta jarraikorrak (c-d) adierazten ditu:

  • a. Hortxe dago zure laguna.
  • b. Orain ez daukat ezertarako gogorik.
  • c. Taberna gehiegi dago gure auzoan.
  • d. Banketxean daukat diru guztia.

Beste alde batetik, denborari dagokionez mugagabeak diren gertakariak adierazten ditu, bai denbora gabeko egia orokorrak (a-b), bai ez hasiera ez amaiera adierazia ez duten gertakariak (c-d):

  • a. Gorrotoak gerra dakar.
  • b. Inbiria lagun txarra da.
  • c. Afrikak leku zoragarriak dauzka.
  • d. Dirudunak bihotzgabeak al dira?

Horren ohikoak ez diren beste erabilera batzuk ere baditu. Zenbaitetan, etorkizuneko gertakariak adierazten ditu, batez ere etorkizun hurbilekoak (c-d), gertakari horiek hizketa-unearekin inplikazio edo loturaren bat badutela adieraziz bezala:

  • a. Datorren hilean dut azterketa.
  • b. Bihar dator aita itsasotik.
  • c. Oraintxe noa.
  • d. Aurki da hemen.

Horien aldean 'orainaren geroaldia' erabil daiteke egoki:

  • a'. Datorren hilean izango dut azterketa.
  • b'. Bihar etorriko da aita itsasotik.
  • c'. Oraintxe joango naiz.
  • d'. Aurki izango da hemen.

Aldiberekotasuna adierazten duen -enean morfema hartuta ere etorkizuneko adiera har dezake aldi honek:

  • Prest zaudenean irtengo gara.

Gertakari errepikakorrak edo ohikoak adierazteko ere erabiltzen da inoiz:

  • Berandu dator egunero.
  • Gizon hori haserre dago beti.

Adiera horietarako, ohikoagoa da, noski, 'orainaldi burutugabea':

  • Berandu etortzen da egunero.
  • Gizon hori haserre egoten da beti.

Oharrak:

Formak trinkoak dituzten aditzak gutxi dira. Halakorik ez dutenek beste egitura batzuk erabiltzen dituzte gertakari puntual-jarraikorrak edo mugagabeak adierazteko. Ari izan perifrasiak adierazten ditu gertakari puntual-jarraikorrak:

  • Mikel pilotan jolasten ari da.
  • Oraintxe ari da jendea aretoan sartzen.
  • Haize goxoa poliki laztantzen ari da hostoak.

[Bizkaieraz ez da ari izan erabiltzen. Horretarako jardun edo ibili aditzak, edo beste perifrasi batzuk, erabiltzen dira; gainerako euskalkietan ere erabiltzen dira horrelakoak].

Forma trinkoak dituzten aditzek ez dute onartzen ari izan perifrasia: *jendea lasai egoten ari da, *Mikel poliki etortzen ari da. Puntualtasunak eman diezaieke, hala ere, horretarako aukera: jendea multzoka etortzen ari da.

'Orainaldi burutugabeak' berak ere adierazten ditu inoiz gertakari jarraikorrak:

  • Haize goxoak poliki laztantzen ditu hostoak.

Denbora mugagabeko gertakariak adierazteko 'orainaldi burutugabea' erabiltzen dute forma trinkorik ez duten aditzek:

  • Beroarekin elurra berehala urtzen da.
  • Erremedio onek gaixotasun asko sendatzen dituzte.
  • Ontzia gora eta behera mugitzen da olatuen artean.

Ekialdeko euskalkietan adizki trinkoen lekuan [aditzoina-ki + laguntzailea] egitura erabiltzen da: ibilki naiz, joaki naiz, ekarki dut…

Iraganaldi puntuala: "zetorren", "zekarren"

Aldi honek ere, orainaldikoak bezala, ohiko bi erabilera ditu: batetik, hizketa-unearen aurreko gertakari puntualak (a-b) eta jarraikorrak (c-d) adierazten ditu, haiek iraganean kokatuz:

  • a. Nik ikusi nuenean liburutegian zegoen.
  • b. Zerbait eman nahi izan nion eskaleari, baina orduan ez neukan ezer.
  • c. Atzo haize handia zebilen.
  • d. Diru guztia ondo gordeta neukan.

Bestalde, hasiera eta bukaera jakinik gabeko iraganeko gertakari mugagabeak adieraz ditzake:

  • Etxea erosteko diru asko behar zen.
  • Badakit gizon ona zela.

Forma trinkorik ez duten aditzek ari izan perifrasia darabilte aldi honetan ere gertakari puntualak eta jarraikorrak adierazteko, bizkaieran izan ezik:

  • Etxea garbitzen ari zen.
  • Poliziak harrapatu zuenean dirua kontatzen ari zen.

Baina 'iraganaldi burutugabea' ere erabil daiteke horretarako:

  • Haizeak poliki laztantzen zituen hostoak.
  • Ontzia gora eta behera mugitzen zen olatuen artean.

'Iraganaldi burutugabea' erabiltzen da, halaber, trinkorik ez duten aditzekin, iraganeko gertakari mugagabeak adierazteko:

  • Garai batean, mendi guztiak elurrez betetzen ziren neguan.
  • Badakit lehen kirola egiten zuela.

"etorri da"; "etorri zen"

Orainaldi burutua: "etorri da", "ekarri du"

Hizketa-uneko denbora-esparruaren barruko gertakari burutua adierazten du aldi honek:

  • Gaur izan da istripua.
  • Aurten erosi dut auto berria.
  • Mende honetan garatu da nanoteknologia.

Heldu aditzaren orainaldi burutuak badu berehalako etorkizuna adierazten duen erabilera gramatikalizatu bat: heldu naiz ('banator'); heldu den astean egingo dut ('datorren astean')…

Iraganeko kontakizunetan erabiltzen da inoiz aldi hau, hurbiltasuna emateko-edo: Sukaldean sartu da Mikel, eta bat-batean esan die gurasoei: Ameriketara noa…

Iraganaldi burutua: "etorri zen", "ekarri zuen"

Hizketa-uneko denbora-esparrua baino lehen izandako gertakari burutua honela adierazten da:

  • Atzo etorri zen.
  • Iaz erosi zuen etxea.

Iraganeko une jakin baterako gertakaria jadanik burutua dela adierazteko -hau da, erdara batzuen 'pluskuanperfektoa' adierazteko- euskaraz ez du aldi berezirik. Iraganaldi burutua erabil daiteke horretarako ere:

  • Berandu zen, baina Miren ez zen artean lanetik irten.
  • Nagusia iritsi zeneko langileak lanean hasi ziren.
  • Ni jaiki nintzeneko zortziak jo zuten.

Esaldi horietan artean, zeneko eta nintzeneko osagaiek laguntzen digute aditzaren adiera 'pluskuanperfektoa' ulertzen. Horiek gabe zaila izango litzateke adiera horri antz ematea. Horregatik, inguruko erdaren eraginez beharbada, itzuli jakin batzuk erabili ohi dira euskaraz anbiguotasuna hautsi eta adiera hori zehatzago adierazteko. Hiztun batzuek izan partizipioa eransten dute horretarako (a), eta beste batzuek partizipio mugatuarekin eraturiko egitura predikatiboa erabiltzen dute (b-c):

  • a. Miren ez zen artean lanetik irten izan.
  • b. Nagusia iritsi zeneko langileak lanean hasiak ziren.
  • c. Eguerdirako lanak eginak nituen.

Aldi hau da maizenik erabiltzen dena iraganeko kontakizunetan: Sukaldean sartu zen Mikel, eta bat-batean esan zien gurasoei: Ameriketara noa…

"etortzen da"; "etortzen zen"

Orainaldi burutugabea: "etortzen da", "ekartzen du"

Aldi honek ohiko erabilera bi ditu: batetik, hizketa-unearen denbora-esparruko gertakari errepikakorrak (a-b) edo ohikoak ematen ditu aditzera:

  • a. Bazkari berezia ematen digute igandetan.
  • b. Urtero joaten gara Arantzazura egun batzuk igarotzera.
  • c. Mozkorra egoten da beti.
  • d. Gehienetan hamaikak aldean oheratzen da.

Ulertzekoa da, horrenbestez, aldi honetako adizkiekin errepikatzea edo maiztasuna adierazten duten adberbioak agertzea sarritan: egunero, urtero; beti, maiz, usu, askotan, gehienetan, gutxitan…

Bestalde, gorago esan dugun moduan, adizki trinkorik ez duten aditzekin aldi hau erabiltzen da inoiz gertakari jarraikorrak (a), mugagabeak (b) eta egia orokorrak © aditzera emateko ere:

  • a. Poliki-poliki sartzen da gelan itsasoko haizea.
  • b. Afrikak sekretu asko gordetzen ditu.
  • c. Eguzkia sortaldetik agertzen da.

Inoiz, ordea, etorkizuneko adiera ere izan dezake:

  • Egia al da Martxeli ezkontzen zaigula?
  • Zer ordutan hasten da kontzertua?

Ez da ohikoa, hala ere, erdaren pare zabaltzea erabilera hori. Hasiko naiz? galdetzea ohikoagoa da erdal kutsuko hasten naiz?-ka ekitea baino.

Aldiberekotasuna adierazten duen -enean morfema hartuta ere etorkizuneko adiera har dezake:

  • Denbora iristen denean esango dizut.

Aldi hau ere erabiltzen da inoiz iraganeko kontakizunak egiteko -'orainaldi historikoa' esan izan diote inoiz-: Sukaldean sartzen da Mikel, eta bat-batean esaten die gurasoei: Ameriketara noa…

Iraganaldi burutugabea: "etortzen zen", "ekartzen zuen"

Hizketa-uneko denbora-esparrua baino lehenagoko gertakari errepikakorrak (a-b) edo ohikoak (c-d) adierazten ditu.

  • a. Bazkari berezia ematen ziguten igandetan.
  • b. Ordu-orduetan eta orduak eta erdietan izaten zen autobusa.
  • c. Mozkorra egoten zen beti.
  • d. Gehienetan ibilbide bera egiten zuen.

Iraganean kokaturiko gertakari mugagabeak ere adierazten ditu:

  • Gailurretik itsasoa ikusten zen.
  • Erromatarrek sarraski handiak egiten zituzten.

Aditz trinkorik ez duten aditzekin aldi hau erabiltzen da inoiz gertakari jarraikorrak adierazteko:

  • Kaletik entzuten zen ostatuko zarata.
  • Hezurretaraino sartzen zen haize hotz hura.

"etorriko da", "etorriko zen"

Orainaren geroaldia: "etorriko da", "ekarriko du"

Ohiko erabileran hizketa-unearen ondoan izango diren gertakariak adierazten ditu aldi honek, bai haren denbora-esparruaren barrukoak (a), bai haren ondokoak (b):

  • a. Gaur kanpoan afalduko dut.
  • b. Bi urte barru amaituko ditu ikasketak.

Euskarak ez du aldi berezirik etorkizuneko une batean jadanik gertatua izango den gertakaria adierazteko, 'geroaldi burutua' adierazteko, alegia. Orainaren geroaldia erabiltzen da hori adierazteko ere:

  • Zortzietarako jaikiko da Joakin.
  • Hamabiak jotzerako oheratuko naiz.

Anbiguotasuna hautsi eta adieraz zehatz hori adierazteko, izango eransten dute hiztun batzuek, aurreko partizipioari mugatzailea erantsita inoiz, egitura predikatiboa sortuz:

  • Zortzietarako jaiki izango da Joakin.
  • Zortzietarako jaikia izango da Joakin.

Bestelako erabilera batzuk ere baditu aldi honek. Hala, orainaldiko gertakari baten probabilitate-maila handia adierazteko erabiltzen da -ikus, erabilera honetako, menturazko orainaldi trinkoa, 'dateke', 'duke'-:

  • Honezkero etxean izanen da.
  • Dirua soberan izango du horrek.

Agerikoa da horrelako esaldiak formaz 'geroaldia' diren arren, esanahia orainekoa dela. Harridurazko esaldi hauetan ere orainaren geroaldia erabiltzen da:

  • Ai ene, ez da egia izango!
  • Ez duzu boltsan edukiko horrenbeste diru!

Maiz erabiltzen da, halaber, proposamenak (a), baimen-eskaerak (b) eta aginduak ( c ) egiteko:

  • a. Joanen gara zinera?
  • b. Irekiko dut leihoa?
  • c. Isilduko zara, mesedez?

Iraganaren geroaldia: "etorriko zen", "ekarriko zuen"

Aldi honek hiru erabilera ditu. Iraganaldiko aditz nagusi baten mendean erabili ohi da batetik, eta, aldien komunztadurari jarraituz, hark seinalatzen duen iraganeko unearen ondoko denbora adierazten du:

  • Mekanikoak esan zuen berehala konponduko zidala autoa (hori esan zuen unetik 'berehala', alegia).

Iraganeko unearen ondoko gertakaria hizketa-unearen denbora-esparrua baino lehenagokoa, aldi berekoa edo ondokoa izan daiteke:

  • Mikelek esan zuen joan den astean joango zela oporretara.
  • Mikelek esan zuen aste honetan joango zela oporretara.
  • Mikelek esan zuen datorren astean joango zela oporretara.

Azken kasu horretan, hala ere, orainaren geroaldia ere erabil daiteke:

  • Mikelek esan zuen datorren astean joango dela oporretara.

Euskarak ez du aldi berezirik iraganaren etorkizuneko une batean jadanik gertatua izango zen gertakaria adierazteko, 'iraganaren geroaldi burutua' adierazteko, alegia. Iraganaren geroaldia erabiltzen da hori adierazteko ere:

  • Esan zuen zortzietarako jaikiko zela Joakin.
  • Hamabiak jotzerako oheratuko nintzela uste nuen.

Anbiguotasuna hautsi eta adieraz zehatz hori adierazteko, izango eransten dute hiztun batzuek, aurreko partizipioari mugatzailea erantsita inoiz, egitura predikatiboa sortuz:

  • Esan zuen zortzietarako jaiki izango zela.
  • Esan zuen zortzietarako jaikia izango zela.

Aditz nagusia maiz iraganaldikoa izan ohi da, baina orainaldi burutua ere izan daiteke; burutua izanik denboraz iragana denez, une harekiko etorkizuna ere 'iraganaren geroaldiaz' adieraz daiteke:

  • Goizean esan digu gaur gurean bazkalduko zuela.
  • Joan denean esan dizuet ez zela gehiago etorriko.

Perpaus lokabeetan ere erabiltzen da inoiz iraganaren etorkizun gisa:

  • Afariko denboran lasai egon ziren; gero hasiko ziren istiluak.
  • Gogorregi ekin zion lanari; ez zuen, ordea, luze iraungo horrela.

Alegialdi burutuko baldintzaren -hau da, iraganeko baldintza kontrafaktualaren- ondorioa adierazteko aldi hau erabiltzen da maiz:

  • Hemen zinela jakin izan banu, etorriko nintzen.
  • Gehiago ikasi izan bazenu, hobeto egingo zenuen azterketa.

Menturazko etorri(ko) nintzatekeen eta egin(go) zenukeen forma 'zaharrak' gutxiago erabiltzen dira gaur egun, batez ere euskara mintzatuan.

Iraganeko gertakari baten probabilitate-maila handia adierazteko ere erabiltzen da -ikus hauen pareko menturazko aldiak: iraganaldi trinkoa, burutua edo geroaldia-:

  • Ez zuela erantzun? Lo egongo zen zuk deitu zenionean.
  • Egingo al zuen, baldinbaitere!

Eta baita orainaldiko gertakari burutuen probabilitate-maila ere:

  • Honezkero iritsiko zen etxera.
  • Ez dut ogia erosiko, semeak erosiko zuen.

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Indikatiboaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3