Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:3

Menturazkoaren aditz-aldiak

Gertakarien 'gertagarritasuna' adierazten du menturazko moduak, gertatzearen agiantasuna [+gerta]. Horregatik, baditu alegialdiak. Modu honetako aldi gehienak zaharrak dira, gaur egun gutxi erabiliak. Mendebaldean ez dute lekurik, idazle batzuen idazkera jasoan izan ezik. Ekialdean, hala ere, erabiltzen dira batzuk, zubereran besteetan baino zerbait gehiago. Erabilera urria gorabehera, taula osoa ipiniko da hemen:

Hauek dira menturazkoaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
- + - / T markagabea / datorke zetorkeen letorke
dakarke zekarkeen lekarke
-TU izan dateke zatekeen litzateke
P -TZEN *edun duke zukeen luke
-TUKO
  • Indikatiboaren ezaugarriak ditu menturazkoak, gehi agiantasuneko -ke- morfemak eransten dion 'menturazko modalitatea'.
  • Indikatiboari agiantasuneko -ke- erantsita sortzen dira menturazko aldiak: [du-ke].
  • Menturazko alegialdia: 'menturazko alegialdi moztua': [nuke(en)nuke], 3. pertsona: z-l-: [zuke(en)luke].

Aldiak:

Aditz trinkoek hiru aldi dituzte, hiru aldi nagusiei dagozkienak. Perifrastikoak bederatzi aldi ditu, aldi nagusiak eta aspektuak konbinatuta eratuak:

T P
ageriko marka gabea -TU -TZEN -TUKO
orainaldia orainaldi puntuala orainaldi burutua orainaldi burutugabea orainaren geroaldia
adibideak datorke, dakarke etorri dateke, ekarri duke etortzen dateke, ekartzen duke etorriko dateke, ekarriko duke
iraganaldia iraganaldi puntuala iraganaldi burutua iraganaldi burutugabea iraganaren geroaldia
adibideak zetorkeen, zekarkeen etorri zatekeen, ekarri zukeen etortzen zatekeen, ekartzen zukeen etorriko zatekeen, ekarriko zukeen
alegialdia alegialdi puntuala alegialdi burutua alegialdi burutugabea alegiazko geroaldia
adibideak letorke, lekarke [etorri litzateke], [ekarri luke] [etortzen litzateke], [ekartzen luke] etorriko litzateke, ekarriko luke

'Menturazkoak' izanik, aldi batzuk baldintzaren ondorioa adierazteko erabiltzen dira. Euskara zaharrean modu honetako orainaldiak 'geroaldia' adierazten zuen. 'Geroaldi zaharra' edo 'geroaldi arkaikoa' esan izan diote.

Aldien erabilerak

Aldi hauek, erabiltzen diren neurrian, indikatiboko aldien erabilera bertsua dute, 'menturazko' modalitatea erantsita. Aldi hauek erabiltzen ez dituzten euskalkiek, berriz, geroaldiak erabiltzen dituzte, probabilitate edo menturazko adierarekin.

"datorke"; "zetorkeen"

Orainaldi puntuala: "datorke", "dakarke"

Indikatiboko orainaldi trinkoak dituen erabilera biak ditu aldi honek ere, 'menturazko' modalitatea erantsita:

Batetik, hizketa-unearen orainari dagokiona, puntuala edo jarraikorra:

  • Lasai dagoke Iker ['Lasai egongo da, menturaz' (orain)]
  • Diru asko duke Ikerrek ['Diru asko izango du, menturaz' (orain)]

Bestetik, etorkizunari dagokiona:

  • Bihar datorke Ane ['Bihar etorriko da, menturaz']
  • Gero bizitza hobea dukezu ['Gero bizitza hobea izango duzu, menturaz']

Orain gutxi arte aldi hau erabiltzen zen menturarik gabeko geroaldia adierazteko: usadio zaharreko datorke = egungo etorriko da. Zubereraz gaur egun ere geroaldia adierazteko erabiltzen da:

  • Egiaz ordian dükezü guretako berantegi ['izango da']

Aldi honetako adizkiak formakideak dira ahalezkoaren orainaldiko adizkiekin:

  • Menturazko datorke = etorriko da, menturaz
  • Ahalezko datorke = etor daiteke

Iraganaldi puntuala: "zetorkeen", "zekarkeen"

Hiru erabilera (izan) ditu aldi honek:

Batetik, iraganeko une jakin bati dagokiona, puntuala edo jarraikorra:

  • Lasai zegokeen Iker ['Lasai egongo zen Iker, menturaz' (orduan)]
  • Diru asko zukeen ['Diru asko izango zuen, menturaz' (orduan)]

Bestetik, iraganaren geroaldiari dagokiona:

  • Berehala zetorkeela esan zidaten ['Menturaz berehala etorriko zela esan zidaten']
  • Gerora bizitza hobea zukeela uste nuen ['Menturaz gerora bizitza hobea izango zuela uste nuen']

Iraganeko baldintza kontrafaktualaren ondorio hipotetiko gisa ere erabili izan da aldi hau:

  • Lan gehiago egin izan balu, aberatsa zatekeen.

Erabilera hori, ordea, batez ere euskara idatzian du leku. Ohikoagoa da horren lekuan indikatiboko 'iraganaren geroaldia' erabiltzea: 'aberatsa izango zen'. Aldi honetako adizkiak formakideak dira ahaleraren iraganaldiko adizkiekin:

  • Menturazko zetorkeen = etorriko zen, menturaz
  • Ahalerazko zetorkeen = etor zitekeen

"etorri dateke"; "etorri zatekeen"

Orainaldi burutua: "etorri dateke", "ekarri duke"

Erabiltzen dutenentzat indikatiboko orainaldi burutuaren adiera du aldi honek 'menturazko modalitatea' erantsita, indikatiboko iraganaren geroaldiak izan dezakeena bezala:

  • Garaiz iritsi dateke ['Garaiz iritsi da, menturaz'], ['Garaiz iritsiko zen, menturaz']
  • Negar ederrik egin duke ['Negar ederrik egin du, menturaz'], ['Negar ederrik egingo zuen, menturaz']

Iraganaldi burutua: "etorri zatekeen", "ekarri zukeen"

Erabiltzen dutenentzat indikatiboko iraganaldi burutuaren adiera du aldi honek 'menturazko modalitatea' erantsita, indikatiboko iraganaren geroaldiak izan dezakeena bezala:

  • Hil aintzin aberastu zatekeen ['Hil aintzin aberastu zen, menturaz'], ['Hil aintzin aberastuko zen, menturaz' (orduan)]
  • Nigar ederrik egin zukeen ['Nigar ederrik egin zuen, menturaz'], ['Nigar ederrik egingo zuen, menturaz' (orduan)]

Iraganeko baldintza konfraktualaren ondorio hipotetiko gisa ere erabili izan da aldi hau:

  • Lan gehiago egin izan balu, aberastu zatekeen.

Erabilera horrek, ordea, batez ere euskara idatzian du leku. Ohikoagoa da horren lekuan indikatiboko 'iraganaren geroaldia' erabiltzea: aberastuko zen.

"etortzen dateke", "etortzen zatekeen"

Orainaldi burutugabea: "etortzen dateke", "ekartzen duke"

Erabiltzen dutenentzat indikatiboko orainaldi burutugabearen adiera du aldi honek 'menturazko modalitatea' erantsita, indikatiboko orainaren geroaldiak izan dezakeena bezala:

  • Ederki mintzatzen zatekeen ['Ederki mintzatzen zen, menturaz'], ['Ederki mintzatuko zen, menturaz' (orain)]
  • Ane ezagutzen zenukeen ['Ane ezagutzen zenuen, menturaz'], ['Ane ezagutuko zenuen, menturaz' (orain)]

Iraganaldi burutugabea: "etortzen zatekeen", "ekartzen zukeen"

Erabiltzen dutenentzat indikatiboko iraganaldi burutugabearen adiera du aldi honek 'menturazko modalitatea' erantsita, indikatiboko iraganaren geroaldiak izan dezakeena bezala:

  • Ederki mintzatzen zatekeen ['Ederki mintzatzen zen, menturaz'], ['Ederki mintzatuko zen, menturaz' (orduan]
  • Ane ezagutzen zenukeen ['Ane ezagutzen zenuen, menturaz'], ['Ane ezagutuko zenuen, menturaz' (orduan)]

"etorriko dateke"; "etorriko zatekeen"

Orainaldiaren geroaldia: "etorriko dateke", "ekarriko duke"

Indikatiboko orainaren geroaldiaren adiera legokioke aldi honi, erabilia izan(go) balitz, 'menturazko modalitatea' erantsita, baina ez da erabiltzen:

  • Aberastuko dateke hura ere, eta orduan hobeto biziko da ['Aberastuko da menturaz hura ere, eta orduan hobeto biziko da']
  • Gauza bera eginen dukezu zuk ere ['Gauza bera eginen duzu menturaz zuk ere']

Iraganaren geroaldia: "etorriko zatekeen", "ekarriko zukeen"

Indikatiboko iraganaren geroaldiaren adiera bera du aldi honek 'menturazko modalitatea' erantsita:

  • Uste nuen etorriko zatekeela ['Uste nuen etorriko zela menturaz']
  • Zuk primeran egingo zenukeela esan zidaten ['Zuk menturaz primeran egingo zenuela esan zidaten']

Iraganeko baldintza konfraktualaren ondorio hipotetiko gisa ere erabili izan da aldi hau:

  • Lan gehiago egin izan balu, aberastuko zatekeen.

Ohikoagoa da horren lekuan indikatiboko 'iraganaren geroaldia' erabiltzea: aberastuko zen.

"letorke", "etorri litzateke","etortzen litzateke", "etorriko litzateke"

Alegialdi puntuala: "letorke", "lekarke"

Aldi hau baldintzaren orain-geroko ondorio hipotetikoa adierazteko erabiltzen da. Aurreko baldintza perpaus batean bildua (a), perpausik gabe adierazia (b), edo batere adierazi gabea ( c ) izan daiteke:

  • a. Aukera baduzu, ondo letorkizuke oporrak egitea.
  • b. Gau ilunean, hobeto geundeke etxean.
  • c. Atseden pixka bat hartzea ondo litzateke.

Horren lekuan maizago erabiltzen dira forma perifrastikoak:

  • Menturazko alegiazko geroaldia mendebaldean:
    • Etorriko litzaizuke; egongo ginateke; izango litzateke
  • Ahalezko alegialdi perifrastikoa ekialdean:
    • Etor lekizuke; egon gintezke; izan liteke

Alegialdi burutua: "etorri litzateke", "ekarri luke"

Morfologikoki etorri litzateke eta ekarri luke dira aldi honi legozkiokeen formak, baina alde batera utziko ditugu, ez baitira erabiliak.

Alegialdi burutugabea: "etortzen litzateke", "ekartzen luke"

Morfologikoki etortzen litzateke, ekartzen luke dira aldi honi dagozkion formak. Ekialdean aitzinean erabiliak izan badira ere, gaur egun ez dira (ia) batere erabiltzen. Horien lekuan, orain-geroko ondorio hipotetikoa adierazteko hauek erabiltzen dira:

  • 'menturazko alegialdi trinkoa': letorke, lekarke
  • 'menturazko alegiazko geroaldia' mendebaldean: etorriko litzateke, ekarriko luke
  • 'ahalezko alegialdi perifrastikoa' ekialdean: etor liteke, ekar lezake

Alegialdi gerokoa: "etorriko litzateke", "ekarriko luke"

Aldi hau da mendebaldean maizenik erabiltzen dena baldintzaren orain-geroko ondorioa adierazteko:

  • Oporrak banitu, Ameriketara joango nintzateke.
  • Auto hori erosiko bazenu, negozio ona egingo zenuke.

Adibide horietan baldintza ere alegialdian emana da, ondorioa bezala. Hori da maizenik gertatzen dena, baina orainaldikoa ere izan daiteke:

  • Hori horrela bada, poztuko nintzateke.

Ekialdean 'ahalezko alegialdia' erabiltzen da:

  • Oporrak banitu, Ameriketara joan ninteke.
  • Auto hori erosten bazenu, negozio ona egin zenezake.

Hiztun batzuek horren lekuan indikatiboko 'iraganaren geroaldia' erabiltzen dute, orain-geroko ondorioa adierazteko ere:

  • Oporrak banitu, Ameriketara joango nintzen.
  • Auto hori erosiko bazenu, negozio ona egingo zenuen.

Hori, ordea, iraganeko baldintzaren ondorioa adierazteko egokia bada ere, ez da egokia orain-geroko ondorioa adierazteko.

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Menturazkoaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3