Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:4

Subjuntiboaren aditz-aldiak

Subjuntiboko adizkiak mendeko perpausetan erabiltzen dira beti: nahia, eskaera, agindua, beharra, baimena eta horrelakoak adierazten dituzten perpausen osagarri izaten dira, edo helburua nahiz denbora adierazten duen perpaus adberbial. Hori dela eta, 'aspektugabeen' morfema menderatzailea daramate beti: -en edo -ela (datorren, datorrela; etor nadin, etor nadila). Ez dute, bada, gertagarritasuna adierazten: [-gerta] eta 'aspektugabeak' dira. Lokabe diruditen 'hortatiboak' (noan) eta 'optatiboak' (datorrela) ere subjuntiboa eskatzen duen gobernatzaile gorde baten osagarriak direla pentsa daiteke.

Hauek dira subjuntiboaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
+ - - / T / / datorren zetorren letorren
+ - - / T / / dakarren zekarren lekarren
+ - - / P - *edin dadin zedin ledin
+ - - / P aditzoina *ezan dezan zezan lezan
  • -en/-ela menderatzailea badarama subjuntiboak, baina ez agiantasuneko -ke-, ez baldintzako ba- ere; alegialdia badu (l-).
  • Trinkoak indikatiboko formei -en/-ela morfemak erantsiz eratzen dira:
    • dator + -endatorren
    • dator + -eladatorrela
  • Iraganaldikoak indikatibokoen homonimoak dira:
    • indikatiboa: zetor-enzetorren
    • subjuntiboa: zetor-en-enzetorren
  • Intonazioak ta testuinguru sintaktikoak bereizten ditu.
  • Perifrastikoak: aditzoina [mendebaldean -TU partizipio burutua]; *edin/*ezan laguntzaileak [bizkaieraz egin ere izan daiteke: esan dagigun]

Menderatzaileak bi diren arren (-en eta -ela), aurkezpen bateratua ematearren, -en amaiera dutenak bakarrik emango ditugu taulan, gobernatzaile batzuek, batez ere komunikazio-gobernatzaileek, -ela eskatzen badute ere.

Aldiak:

Subjuntiboko aldiak hiru dira adizki trinkoetan eta beste hiru perifrastikoetan, hiru aldi nagusiei dagozkienak. Aspektugabeak direnez, formaz bereizten ditugu aldiak: trinko/perifrastiko.

T P
orainaldia orainaldi trinkoa orainaldi perifrastikoa
adibideak datorren, dakarren etor dadin, ekar dezan
iraganaldia iraganaldi trinkoa iraganaldi perifrastikoa
adibideak zetorren, zekarren etor zedin, ekar zezan
alegialdia alegialdi trinkoa alegialdi perifrastikoa
adibideak letorren, lekarren etor ledin, ekar lezan

Orainaldiko hortatiboez (noan) eta optatiboez (datorrela) beste, gutxi erabiltzen dira gaur egun forma trinkoak. Horien lekuan, ohikoa da forma perifrastikoetara jotzea, eta are ohikoagoa oraindik forma jokatugabeak erabiltzea [etxean zegoela agindu zioten → etxean egon zedila agindu zioten / etxean egoteko agindu zioten].

Aldien erabilerak

"datorren"; "zetorren"; "letorren"

Orainaldi trinkoa: "datorren", "dakarren"

Aldi honetako adizkiek honako erabilera hauek dituzte:

-en menderatzailea dutela, erabilera 'hortatiboa' dute singularreko nahiz pluraleko 1. pertsonan; hiztunak bere buruari edo partaide den multzoari aholku egiteko erabiltzen dira:

  • Noan laster hemendik!
  • Nagoen isilik!
  • Goazen etxera!
  • Gauden erne!

Ikusten den moduan, esaldiaren lehen buruan ematen da aditza, eta ezezka ez da erabiltzen (*ez nagoen isilik, *ez goazen etxera, *ez gauden).

Alde txiki batzuk gorabehera, pareko perifrastikoaren errankide dira adizki hauek (noan = joan nadin; goazen = joan gaitezen). Bada, hala ere, finkatua geratu den adizkirik: demagun, esate baterako, 'onar dezagun' edo 'pentsa dezagun' adierazten duena. Aldi honetakoa da, halaber, '*edun' aditzaren garai bateko dugun 'subjuntibo zaharra' ere (menderatzaileak egiten du 'subjuntibo', aditza '*edun' izan arren):

  • Dugun ttanttatto bana.

Gaur egun ukan dezagun edo izan dezagun erabiltzen dira horren lekuan.

-ela menderatzailea dutela, erabilera 'optatiboa' dute pertsona guztietan; hau da, agindua, eskaera edo desira adierazteko erabiltzen dira:

  • Datorrela zure laguna.
  • Doala pikutara.
  • Zaudetela lasai.
  • Gabiltzala horrela beti.

Hortatiboak ez bezala, ezezkoa onartzen du optatiboak:

  • Ez zoazela horra.
  • Ez zaretela deusen beldur.

Alde txiki batzuk gorabehera, hauek ere pareko perifrastikoen esanahi bertsua dute (datorrela = etor dadila; zaudetela = egon zaiteztela; gabiltzala = ibil gaitezela…). Bada, hala ere, finkatua geratu den adizkirik: bejondeizula (< biaje on degizula [zuk], esate baterako).

Aldi honetakoa da, halaber, 'izan' aditzaren garai bateko dela 'subjuntibo zaharra', dena dela esaldian finkatua geratu dena (menderatzaileak egiten du 'subjuntibo').

Erabilera hortatiboaz eta optatiboaz beste ere erabili izan dira aldi honetako adizkiak, eta gaur egun ere erabiltzen dira inoiz euskara jasoan batez ere:

  • Permititzen du Jainkoak munduan diren probeak. (Axular, Guero, 150)

Horrelakoen lekuan, hala ere, forma perifrastikoak (izan daitezen) edo jokatugabeak (izatea) erabiltzen dira maizenik gaurko euskaran.

Iraganaldi trinkoa: "zetorren", "zekarren"

Hortatiboek eta optatiboek orainaldia eskatzen dutenez, iraganaldiko forma hauek orainaldikoak baino gutxiago erabiltzen dira. Iraganaldiko 'esan' aditz baten osagarri izan daitezke:

  • Karlista nagusien adieraziz joan zitzaizkion Santa Kruzi […], arren, zetorrela Lizarragaren menpera, ta batean geigo egingo zutela. (Orixe, Santa Kruz apaiza, 90)
  • Afal-ordua zanean morroi bat bialdu zuen, deituai esatera, zetozela, bada guzia prest edo ipiñia zegoala. (Lardizabal, Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, 416)

Horien lekuan ere forma perifrastikoak edo jokatugabeak erabili ohi dira maizenik (etor zitezela edo etortzeko).

Indikatiboko iraganaldiko adizkien homonimoak dira hauek, gorago esan dugun bezala. Indikatibokoak iraganaldiaren -en morfema du; subjuntibokoak, berriz, bi -en ditu, subjuntiboarena eta iraganaldiarena, baina biek bat egiten dute:

  • Indikatiboa: zetor-enzetorren
  • Subjuntibokoa: zetor-en-enzetorren
  • Intonazioak eta testuinguru sintaktikoak bereizten ditu:
    • Trena berandu zetorrela esan zuten bozgorailutik. [indikatiboa]
    • Zetorrela berehala eskatu zioten medikuari. [subjuntiboa]

Alegialdi trinkoa: "letorren", "lekarren"

Aditz alegiazko baten osagarri gisa erabiltzen dira aldi honetako aditzak.

  • Nahi nuke denak batean geunden.
  • Ez luke nahi Deabruak genegien trabaillu hetzaz konturik. (Axular, Guero, 334)
  • Gogoeta nahi luke berzetara lioan. (Etcheberri (Ziburukoa), Manual devotionezcoa, 1. lib, 98)
  • Aitzitik, desiratu behar genduke [trabaillua] lizen handiago eta iraun lezan gehiago. (Axular, Guero, 300)
  • Itsuak nahi luke bertzeak ere itsu liren. (Oihenart, Atsotitzak, 25)

Aldi honen 1. eta 2. pertsonak indikatiboko eta subjuntiboko iraganaldikoen homonimoak dira [3.ekoak ez, z-l- aldaketa egiten delako]:

  • indikatiboko orainaldia: nentor-ennentorren
  • subjuntiboko iraganaldia: nentor-en-ennentorren
  • subjuntiboko alegialdia ['iraganaldi moztua']: nentor-en-(en)nentorren

Hauek, bista da, gutxi erabiliak dira gaur, batez ere euskara mintzatuan. Ohikoagoak dira forma perifrastikoak (egon gintezen, egin genezan, joan ledin, izan ledin, izan litezen).

"etor dadin", "etor zedin"; "etor ledin"

Orainaldi perifrastikoa: "etor dadin", "ekar dezan"

Honako gobernatzaileek aukeratu ohi dute aldi hau osagarri moduan: nahia eta desira adierazten dutenek (a-b); ahalegina edo saioa adierazten dutenek (c-d); beharra edo komenigarritasuna adierazten dutenek (e-f); baimena adierazten dutenek (g-h); susmoa edo beldurra adierazten dutenek (j); agindua edo eskaera adierazten dutenek [-en nahiz -ela] (j-m); opa izan aditzak [-ela] (n):

  • a. Nirekin etor zaitezen nahi dut.
  • b. Denak pozik bizi zaitezten desio dut.
  • c. Gauzak ondo joan daitezen ahaleginduko naiz.
  • d. Joakin nire laguna izan dadin lortuko dut.
  • e. Beharrezkoa al da ni ere joan nadin?
  • f. Ez da komeni horrela mintza zaitezen.
  • g. Utziko al digute gaur lehenago irten gaizen?
  • h. Ontzat hartu du nagusiak lan hori nik egin dezadan.
  • i. Okerren bat gerta dakizun beldur naiz.
  • j. Alferrik agintzen diet goizago jaiki daitezen.
  • k. Eskatu didate hemen gera nadin.
  • l. Polikiago ibil daitezela agindu diet.
  • m. Eskatu didate gaur behintzat garaiz etor nadila.
  • n. Opa dizut zoriontsu izan zaitezela.

Helburua adierazten duten perpaus adberbialetan ere erabiltzen da:

  • Isilik egongo naiz, behar ez den ezer esan ez dezadan.
  • Opari polit bat egin didate, pozik egon nadin.

Denborazko perpausetan:

  • Garaia etor dadinean esango dizut dena.
  • Hemen egongo naiz bidal nazaten arte.

Hortatiboetan, lehen pertsonan, hiztunak bere buruari edo partaide den multzoari aholku egiteko, -en morfema duela:

  • Egin dezagun otoitz.
  • Isil nadin, hobeto izango da!
  • Itzul gaitezen lehenbailehen!

'Subjuntibo zahar' deitu izan dute *edun-en subjuntiboa laguntzaile duten dugun hitz egin bezalako hortatiboak [= hitz egin dezagun].

Optatiboetan, pertsona guztietan, -ela morfema duela, agindua, eskaera edo desira adieraziz:

  • Ez dezazula berriro horrelakorik egin!
  • Luzaro bizi zaitezela zu ere!
  • Jainkoak gorde gaitzala!
  • Itxi dezala norbaitek ate hori!

Osagarrien lekuan maiz -tzea aditz-izena erabiltzen da [egitea], helburuen lekuan -tzeko [egiteko], eta denborazkoen lekuan edo indikatiboa edo forma jokatugabeak [etortzen denean, etortzean; bidaltzen nauten arte, bidali arte].

Iraganaldi perifrastikoa: "etor zedin", "ekar zezan"

Aldi honetako adizkiek orainaldikoek bezalako erabilera dute:

  • Denak pozik bizi zitezen nahi zuen.
  • Gauzak ondo joan zitezen ahalegintzen nintzen.
  • Ez zen komeni horrela mintza zintezen.
  • Ontzat hartu zuen nagusiak lan hori nik egin nezan.
  • Okerren bat gerta zekizun beldur nintzen.
  • Opari polit bat egin zidaten, pozik egon nendin.
  • Garaia etor zedinean esango nien dena.
  • Alferrik agintzen nien goizago jaiki zitezen.
  • Zoriontsu izan nendila opa zidaten.

Orainaldia eskatzen duten hortatibo eta optatiboetan, ordea, ez da erabiltzen, bistan denez. 'Esan' aditzen osagarri izan daitezke, hala ere, optatiboak:

  • Ez zezala berriro horrelakorik egin esan zion nagusiak.
Alegialdi perifrastikoa: "etor ledin", "ekar lezan"

Alegialdi hau erabiltzen da hizkera jasoan aditz hipotetikoaren osagarria adierazteko.

  • Ez nuke nahi zuk ere horrelakorik jasan zenezan.
  • Gustatuko litzaizuke gu ere noraezean ibil gintezen?
  • Ez genuke nahi zuri ezer txarrik gerta lekizun.

Baldintza gertagarriko alegialdiaren mendeko helburua ere alegialdi honen bidez eman daiteke hizkera jasoan:

  • Dirua emango bazenio arropa berria eros lezan, eskertuko lizuke.

Euskara mintzatuan eta ez formalean ohikoagoa da perpaus hauetan ere adizki jokatugabeak erabiltzea: jasatea, ibiltzea, gertatzea; erosteko.

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Subjuntiboaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3