Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:5

Ahalezkoaren aditz-aldiak

Ahalezko moduak gaitasuna, posibilitatea, aukera eta baimena adieraz ditzake; beraz, [-gerta] eta 'aspektugabea' da.

Hauek dira ahalezkoaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
* + - / T / / datorke zetorkeen letorke
* + - / T / / dakarke zekarkeen lekarke
* + - / P - *edin daiteke zitekeen liteke
* + - / P aditzoina *ezan dezake zezakeen lezake

Subjuntiboaren ezaugarriak ditu, mozturiko menderatzaileak hari ematen dion mendekotasuna galduta, baina oinarriko 'subjuntibo moztuak' ematen dion aspektugabeen '-gerta' ezaugarria atxikita, eta agiantasuneko -ke morfemak eransten dion ahalezko modalitatea erantsita.

  • Trinkoak: 'subjuntibo moztua' + agiantasuneko -ke: datordatorke.
  • Alegialdia: 'ahalezko iraganaldi moztua': nentorke(en)nentorke; [3. pertsona, z-l-]
  • Perifrastikoak: aditzoina [mendebaldean -TU partizipioa]; *edin/*ezan laguntzaileen 'aldi moztuak'; [bizkaieraz egin ere izan daiteke laguntzaile, are -ke- gabe: esan ne(g)i; eta ekialdean *iro(n): ikus diro].

Ahalezko trinkoak menturazkoen formakideak dira.

  • menturazkoak: indikatiboa + -ke- [datordatorke]
  • ahalezkoak: 'subjuntibo moztua' + -ke- [datordatorke]

Balioa, ordea, zeinek berea du:

  • menturazko datorke = 'dator, menturaz', 'etorriko da, menturaz'
  • ahalezko datorke = 'etor daiteke'. 'etortzen ahal da'

Menturazkoak ez du ezin onartzen; ahalezkoak bai:

  • *ezin datorke = 'menturaz ez da etorriko'
  • ezin datorke = 'ez da etortzen ahal'

Besteetan ez bezala, *edin eta ezan aditzak, laguntzaile izateaz gain, trinko bezala ere erabiltzen dira (badaiteke, badezake).

Aldiak:

T P
orainaldia orainaldi trinkoa orainaldi perifrastikoa
adibideak datorke, dakarke etor daiteke, ekar dezake
iraganaldia iraganaldi trinkoa iraganaldi perifrastikoa
adibideak zetorkeen, zekarkeen etor zitekeen, ekar zezakeen
alegialdia alegialdi trinkoa alegialdi perifrastikoa
adibideak letorke, lekarke etor liteke, ekar lezake

Perifrastikoak dira usuen erabiltzen direnak. Trinkoek [*edin eta *ezan aditzenek izan ezik: badaiteke, badezake] erabilera urria dute.

Ezezkoek ez nahiz ezin eraman dezakete, honako segida hauetan:

  • Ez daiteke ezer txarrik gerta.
  • Ezin daiteke ezer txarrik gerta.
  • Ezin gerta daiteke ezer txarrik.
  • Ezin ezer txarrik gerta daiteke. [hiztun batzuek ez onartua]

'Ahala' adierazteko badu euskarak aditz-aldi hauez beste bi baliabide:

  • lexikoa: ahal eta ezinizenen bidez [etortzen ahal da; ezin da etorri]
  • sintaktikoa: -TZEA aditz-izena, eduki edo izan aditzen osagarri [badaukat sartzea?].

"datorke"; "zetorkeen"; "letorke"

Orainaldi, iraganaldi eta alegialdi trinkoari dagozkien formak banaka ikusiko ditugu orain.

Orainaldi trinkoa: "datorke", "dakarke"

Posibilitatea, aukera, gaitasuna edo baimena adierazten duen aldi hau, ahalezko trinko guztiak bezala, gutxi erabilia da. Nabarmentzekoa da besteetan laguntzaile diren *edin eta *ezan aditzen forma trinkoak erabiltzen direla aldi honetan [badaiteke, baliteke, genezake…]; horiek dira, gainera, usuen erabiltzen direnak.

Izan aditzak, kopula gisa erabilia denean, perifrastikoa eskatzen du: Mikel kirolari handia izan daiteke [*Mikel kirolari handia daiteke]. Baina 'existentzia' adierazteko *edin aditzaren trinkoa erabiltzen da; aditz-izena izaten du maiz subjektu (b):

  • Baliteke hori.
  • Nola daiteke, ordea, zuk hori esatea?

Era berean, *ezan aditzak ere baditu forma trinkoak:

  • Horrek dena dezake.
  • Zurekin ezin dezaket gehiago.

Horrelakoek, ordea, ez dute ukan/izan dezake adierazten, egin dezake baizik. Horiez beste, gutxi dira forma trinko erabiliak dituzten aditzak: egon, etorri, ibili eta joan aipa daitezke:

  • Non gaudeke hemen baino hobeto?
  • Ezin natorke bat zurekin.
  • Lasai nabilke, hori ikusita?
  • Bazoazke etxera.

Zenbaitetan kortesiazko agindu edo aholkua egiteko erabiltzen da:

  • Bazoazke laster, bestela gaizki ibiliko zara.

Gogoan izan menturazkoen eta ahalezkoen homonimia:

  • Etxean dagoke. ['etxean egongo da, menturaz']
  • Lasai dagoke hor. ['lasai egon daiteke hor']

Iraganaldi trinkoa: "zetorkeen", "zekarkeen"

Orainaldikoaren parekoa da aldi hau, posibilitatea, aukera, gaitasuna edo baimena iraganaldian kokatuta:

  • Bazitekeen joku hartan diru guztia galtzea.
  • Zurekin ezin nezakeen gehiago.
  • Non geundekeen han baino hobeto?
  • Ezin nentorkeen bat zurekin.
  • Lasai nenbilkeen hori ikusita?
  • Bazindoazkeen etxera.

Gogoan izan menturazkoen eta ahalezkoen homonimia:

  • Etxean zegokeen. ['etxean egongo zen, menturaz']
  • Lasai zegokeen han. ['lasai egon zitekeen han']

Alegialdi trinkoa: "letorke", "lekarke"

Aldi hau orainaldikoaren errankidea da neurri handi batean. Posibilitate maila urrunago edo apalago bat adierazten du inoiz, beharbada, alegialdiei dagokienez. Ikus ondoko perpaus pareak:

  • Badaiteke gaur zinera joatea [seguruenera joango naiz (?)]
  • Baliteke gaur zinera joatea [behar bada joango naiz (?)]
  • Nire aitak dena dezake [posible du dena egitea (?)]
  • Nire aitak dena lezake [posible du, hartaraz gero, dena egitea (?)]

Ez dira asko, *edin eta *ezan aditzez beste, aldi honetako formak dituzten aditzak:

  • Ezin legoke hobeto.
  • Nor lebilke lasai baso hartan?
  • Horretan ez nentorke bat zurekin.
  • Orain, auto horrekin, nornahi zindoazke.

"etor daiteke"; "etor zitekeen"; "etor liteke"

Ikus ditzagun orainaldi, iraganaldi eta alegialdi perifrastikoaren ezaugarriak banaka.

Orainaldi perifrastikoa: "etor daiteke", "ekar dezake"

Erabilera zabala du aldi honek. Forma trinkoak dituzten aditzek ere erabiltzen dituzte perifrastikoak, esanahi bertsuarekin [badaiteke hori ere = izan daiteke hori ere; lasai zaudeke hor = lasai egon zaitezke hor].

Orainaldiko posibilitatea, aukera, gaitasuna edo baimena adierazten ditu:

  • Beroaldi handietan edozein unetan sor litezke suak.
  • Denetik eros daiteke denda horretan.
  • Ezin uler dezaket hori.
  • Nahi duzunean joan zaitezke.

Orainaldiko posibilitateaz beste, etorkizunekoa edo 'mugagabea' ere adieraz dezake:

  • Hori aurrerago egin dezakegu.
  • Lagunik onena ere etsai gerta daiteke zenbaitetan.

Iraganaldi perifrastikoa: "etor zitekeen", "ekar zezakeen"

Iraganaldiko posibilitatea, aukera, gaitasuna eta baimena adierazten ditu aldi honek, bi modutara:

  • Orainaldiaren pare, iragan-une bateko posibilitatea edo haren ondokoa seinalatuz:
    • Beroaldi handietan edozein unetan sor zitezkeen suak.
    • Orduan ikasi behar zuen, ondoren joan zitekeen lagunetara.
  • Baldintzazko alegialdiaren pare, iraganean gertatu zitekeena, baina gertatu ez zena -hau da, kontrafaktuala-, adieraz dezake:
    • Partida irabaz zezaketen, gogoz ari izan balira.
    • Urrutiago joan zintezkeen, lehenago irten bazina.

Alegialdi perifrastikoa: "etor liteke", "ekar lezake"

Posibilitatea, aukera edo gaitasuna inguru hipotetikoan ezartzen du aldi honek, baldintza baten pean bezala. Baldintza perpaus batean adierazia duela (a), perpaus batean bildua ez dela (b), nahiz adierazi gabea dela © erabil daiteke aldi hau:

  • a. Zinera joan gaitezke, hala nahi baduzu.
  • b. Martxa horretan, urrutira joan zintezke.
  • c. Zuk ere egin zenezake nik egiten dudana.

Kortesiazko galdera, eskaintza edo eskaera egiteko ere erabil daiteke:

  • Sar ninteke?
  • Zer nahi zenuke?
  • Nahi adina jan zenezake.
  • Gustura esango nizuke gauza pare bat.

Kortesia-keinu horrek eraginda, mendebaldean 'alegialdi' hau erabiltzen da (ia) beti, 'orainaldia' baztertuz, txukunagoa eta egokiagoa delakoan: goizago ere jaiki gintezke esaten da maiz, goizago ere jaiki gaitezke bezalakoen lekuan.

Ekialdean 'alegialdi' hau erabiltzen dute orain-geroko baldintzaren ondorioa adierazteko, ahalezko esanahirik gabe (a), mendebaldean 'menturazko alegiazko geroaldia' erabiltzen delarik (b):

  • Diru gehiago banu, auto berria eros nezake.
  • Diru gehiago banu, auto berria erosiko nuke.

Bizkaieraz egin idatziko formak erabiltzen dira, -ke- morfema gabe, ahalezko esanahiarekin: ikusi ne(g)i, eroan le(g)i.

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Ahalezkoaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3