Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:6

Inperatiboaren aditz-aldiak

Inperatiboak agindua eta aholkua adierazten ditu; beraz, [-gerta] eta 'aspektugabea' da.

Hauek dira inperatiboaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
- - - / T / / zatoz / /
- - - / T / / ekarzu / /
- - - / P / *edin zaitez / /
- - - / P aditzoina *ezan ezazu / /
  • Aspektugabeen -en/-ela beste morfemarik ez du inperatiboak, eta horretan subjuntiboaren kide da; baina, subjuntiboak ez bezala, agerian ezabatua du inperatiboak menderatzaile hura, 'subjuntibo moztua' baita. Horrenbestez, galdua du mendekotasuna, baina ez 'aspektugabe' edo '-gerta' izatea.
  • Trinkoak: 'subjuntibo moztuak' dira: zatoz-(en)zatoz.
  • Perifrastikoak: aditzoina [mendebaldean -TU partizipioa]; *edin/*ezan laguntzaileen 'aldi moztuak'. Iragankorretan orainaldiko da-/de- ere ezabatua: (d)ezazu(n)ezazu. [egin ere izan daiteke laguntzaile: esan egizu].

Aldiak:

Inperatiboak orainaldiko formak ditu bakarrik (orain-geroko balioarekin): trinkoa bat eta perifrastikoa bestea. Bigarren pertsonako formak baizik ez ditu: bigarren pertsona da beti aginduaren hartzaile eta bera da aditzaren subjektu.

T P
orainaldia orainaldi trinkoa orainaldi perifrastikoa
adibideak zatoz, ekarzu etor zaitez, ekar ezazu
  • Forma trinkoak dituzten aditzak ez dira asko; parean dituzte gainera forma perifrastikoak, esanahi bertsua dutenak: zatoz - etor zaitez.
  • Trinko iragankorrak 'semitrinko' edo 'sasitrinko' dira, perifrastikoen laburdura baitira: ekar ezazuekarzu.
  • Aditzoin edo partizipio burutu soilak ere erabiltzen dira maiz inperatibo gisa, hura ekialdean eta hau mendebaldean:
    • Etor laster!
    • Etorri laster!

Aldien erabilerak

"zatoz", "etor zaitez"

Orainaldi trinkoa: "zatoz", "ekarzu"

Esan bezala, ez dira asko inperatibo trinkoa duten aditzak. Agindua (a), erregua (b) eta aholkua © adieraz ditzateke; testuinguruak eta intonazioak laguntzen dute adiera bereizten:

  • Zoaz berehala etxera!
  • Zatoz laguntzera, mesedez.
  • Zaude lasai, hobeto izango duzu.

Iragangaitzetan, 'egon' [zaude…], 'etorri' [zatoz…], 'ibili' [zabiltza…], 'joan' [zoaz…], 'etzan' [zautza…], eta 'jarraitu' [zarraizkit…] aipa daitezke. Indikatiboko formen homonimoak dira inperatibokoak, baina intonazioak eta jokabide sintaktikoak bereizten ditu. Indikatiboak ba- behar du beste galdegairik ez denean (a) eta inperatiboak ez (b):

  • a. *Zoaz etxera? / Bazoaz etxera?
  • b. Zoaz etxera!

Bestalde, indikatiboak onartzen du ezezkoa ( c ); inperatiboak ez (d):

  • Hortik ez zoaz ondo.
  • *Ez zoaz etxera!

'Izan' aditzak ez du inperatibo trinkorik; perifrastikoen laguntzaile da:

  • *Zaitez errukitsua!
  • Izan zaitez errukitsua!

Iragankorrek, esan bezala, forma 'semitrinkoak' dituzte, perifrastikoen forma laburtuak direnak: ekar ezazuekarzu; eraman ezazueramazu

'*edun' aditzak ere ez du inperatibo trinkorik; perifrastikoen laguntzaile gisa erabiltzen da:

  • *Ezazu bihotz!
  • Izan ezazu bihotz!

Adizki hauen lekuan, perifrastikoak ere erabil daitezke:

  • Joan zaitez berehala etxera!

Orainaldi perifrastikoa: "etor zaitez", "ekar ezazu"

Inperatibo perifrastikoek ere agindua (a), erregua (b) eta aholkua © adieraz ditzakete; testuinguruak eta intonazioak laguntzen dute adiera bereizten:

  • a. Joan zaitez berehala etxera!
  • b. Etor zaitez laguntzera, mesedez.
  • c. Egon zaitez lasai, hobeto izango duzu.

Baiezko perpausetan laguntzailea nagusiaren ondo-ondoan doa, indikatiboan bezala:

  • Joan zaitez etxera.
  • Egin ezazu nahi duzuna.

Ezezkoetan laguntzailea aurrera eraman daiteke, indikatiboan bezala, mendebaldeko euskalkietan:

  • Ez zaitez joan orain etxera.
  • Ez ezazu horrelakorik egin.

Ekialdeko euskalkietan ez dira ezezko perifrastikoak erabiltzen; horien lekuan, aditzoin soila (a) edo optatiboa (b) erabili ohi dira:

  • a. Ez egin horrelakorik.
  • b. Ez dezazula horrelakorik egin.

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Inperatiboaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3