Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:7

Iusiboaren aditz-aldiak

Oharra: inperatiboaren antzeko aginte-balioa duenez, tradizioan inperatiboen sailean sartu izan dute modu hau ere. 3. pertsonako inperatiboa deituz. Hala ere, ezaugarri morfologiko bereziak ditu [be- morfema] eta modu propioa osatzen du.

Iusiboak ere, inperatiboak bezala, agindua, erregua edo aholkua adieraz ditzake; maizago erabiltzen da erregu-aholkuetan benetako aginduetan baino. Horretaz gain, desira ere adieraz dezake; beraz, [-gerta] eta 'aspektugabea' da.

Hauek dira iusiboaren ezaugarriak:

-en/-ela -ke- ba- be- aspektuak aditz laguntzailea orainaldia iraganaldia alegialdia
* - - + T / / betor / /
* - - + T / / bekar / /
* - - + P / *edin bedi / /
* - - + P aditzoina *ezan beza / /
  • Iusiboak ere 'subjuntibo' moztua du oinarri, eta horrek ematen dio 'aspektugabe' edo '-gerta' izatea; be- morfemak, berriz, gobernatzaile gorde baten osagarri egiten du iusiboa, eta horrek bereizten du inperatibotik.
  • Trinkoa: 'subjuntibo moztuaren' gainean eraikia da, hasierako da-/de- silabaren lekuan be- morfema duelarik:
    • dator- → betor
    • dakar- → bekar
  • Perifrastikoa: aditzoina [mendebaldean -TU partizipioa]; *edin/*ezan laguntzaileen 'subjuntibo moztua', da-/de- → silaba be- [dadinbedi; dezanbeza]; [egin ere izan daiteke laguntzaile: esan begi].

Aldiak:

Iusiboak ere, inperatiboak bezala, orainaldiko formak baizik ez ditu (orain-geroko balioarekin), trinkoa eta perifrastikoa. Hirugarren pertsonako formak ditu bakarrik; hirugarren pertsona dute aginduaren hartzaile eta aditzaren subjektu.

Berorika: morfologikoki 3. pertsona dena esanahiaren aldetik 2.ari dagokio: Etor bedi lehenbailehen, mediku jauna!

T P
orainaldia orainaldi trinkoa orainaldi perifrastikoa
adibideak betor, bekar etor bedi, etor beza

Forma trinkoak dituzten aditzak ez dira asko iusiboen kasuan ere, eta badituzte gainera parean forma perifrastikoak, esanahi bertsua dutenak: betoz - etor bitez.

Optatiboen esanahi bertsua dute iusiboek:

  • Betoz aurrera hamasei urtetik gorakoak.
  • Datozela aurrera hamasei urtetik gorakoak.

Esan daiteke, beharbada, aginte-indar handiagoa dutela iusiboek.

Aldien erabilerak

"betor", "etor bedi"

Orainaldi trinkoa: "betor", "bekar"

Inperatibo trinkoko formak dituzten aditz gehienek dituzte iusibo trinkoko formak ere: bihoa, betor, bego… Badira iusibo iragankorrak ere: bekar, beuka, beki…

'Izan' aditzak forma trinko bereziak zituen antzinako euskaran: biz eta bira. Esaldi eginetan erabiliak izan dira: biz hala, esate baterako. Gaur egun forma perifrastikoak erabiltzen dira horien lekuan.

  • Izan bedi hala.
  • Gurasoak izan bitez errukitsuak.

'*Edun' aditzak ere ez ditu forma trinkoak. Perifrastikoak erabiltzen dira:

  • Izan beza bakoitzak behar duena.
  • Gurasoek izan bezate pazientzia seme-alabekin.

Inperatibo trinkoek bezala, iusibo trinkoek ere ez dute ezezkorik onartzen:

  • *Ez betor inor.
  • *Ez beuka ezer etxean.

Agindua, erregua eta aholkua ez ezik, desira ere adieraz dezake iusibo trinkoak:

  • Goian bego!
  • Bihoa ondo.

Orainaldi perifrastikoa: "etor bedi", "ekar beza"

Agindua, erregua eta aholkua adierazten ditu aldi honek:

  • Isil bedi jende guztia.
  • Etor bekigu Mikel laguntzera.
  • Har beza bakoitzak behar duena.
  • Gerta bekio dena nahi duen bezain ongi.

Baiezko perpausetan laguntzailea nagusiaren ondo-ondoan doa eta ezezkoetan laguntzailea aurrera eraman daiteke, indikatiboan bezala:

  • Egin beza bakoitzak nahi duena.
  • Ez beza inork nire ardotik edan.

Desira ere adieraz dezake iusibo perifrastikoak ere:

  • Egon bedi lasai!
  • Izan bitez zoriontsuak!

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Iusiboaren aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3