Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:2:2:8

Baldintzazkoen aditz-aldiak

Baldintzaren egiturak bi zati ditu: protasia, baldintza ezartzen duena, eta apodosia, baldintzaren ondorioa adierazten duena. 'Baldintzazko moduen' barruan protasikoak sartuko ditugu, baldintza ezartzen dutenak, hau da, ba- morfema dutenak. Izan ere, euskaraz ondorioa beste modu batzuetako adizkien bitartez adierazten da, menturazkoaren aldien bitartez batez ere.

Baldintza ezartzen duten adizkiak, bestalde, ez dira guztiak mota batekoak. Baldintza gertagarrikoetan, alegialdikoak ez beste 'aldiak' indikatiboko adizkiei ba- morfema erantsita eratzen dira: natorbanator; etorri daetorri bada… 'Indikatiboaren baldintza' deitu izan dituzte inoiz adizki horiek, eta ez dituzte baldintzazko moduko adizkitzat hartu. 'Baldintzazko moduan' alegialdiko adizkiak baizik ez dituzte sartu, parean ba- gabeko formarik ez dutenak, alegia: banintz-nintz; badadi-dadi.

Baldintza ebentualetan ere ez dira denak mota batekoak. Batzuk 'subjuntibo moztuaren' gainean eraikiak dira, beste morfemarik erantsi gabe: badadi, baledi. Horiez beste, ordea, badira ahalezkoen gainean eraikitakoak, hau da, ba- eta -ke- morfema biak erantsita eratuak: etor badaiteke, etor baliteke. 'Ahalezkoaren baldintza' eratzen dutela esan izan dute batzuek, baldintzazko moduko adizkitzat hartu gabe hauek ere. Gauzak ez nahastearren, guk ere ez ditugu bi morfema hartzen dituzten forma hauek aurkezpeneko eskema nagusian sartu; ondoko tauletan aipatuko ditugu, hala ere, era bateko eta besteko baldintza forma guztien ikuspegi osoa errazteko.

Tauletan forma denak aipatuko ditugu, beraz, baina azalpenetan alegialdikoei eta ebentual ez ahalezkoei eskainiko diegu arreta berezia.

Baldintzazko modu biek adierazpen-modu desberdina dute:

  • baldintza gertagarrikoak 'gertagarritasuna' adierazten du; beraz, [+gerta] eta aspektuduna da, haren aditz laguntzaile nagusiak izan eta *edun dira;
  • baldintza ebentualekoak ez du 'gertagarritasuna' adierazten; beraz, [-gerta] eta aspektugabea da, haren aditz laguntzaile nagusiak *edin eta *ezan dira.

Hauek dira baldintzazkoen ezaugarriak:

Modu-morfemak Aspektuak Aldi nagusiak
Modua -en/-ela -ke ba- be- Forma Aspektu-markak Aditz laguntzailea Orainaldia Iraganaldia Alegialdia
gertagarria - - + / T markagabea / badator, badakar bazetorren, bazekarren baletor, balekar
- - + / P -TU, -TZEN, -TUKO izan, *edun bada, badu bazen, bazuen balitz, balu
ebentuala * - + / P aditzoina *edin, *ezan badadi, badeza [bazedin], [bazezan] baledi, baleza
* + + / T markagabea / badatorke, badakarke bazetorkeen, bazekarkeen baletorke, balekarke
* + + / P aditzoina *edin, *ezan badaiteke, badezake bazitekeen, bazezakeen baliteke, balezake

Baldintza gertagarriko orainaldiko eta iraganaldiko aldiak indikatiboan dute oinarri: aurretik ba- morfema erantsita sortzen dira. Alegialdikoak, berriz, 'iraganaldi moztuan' oinarritzen dira (3. pertsona: z-l-).

Baldintza ebentualeko aldiek 'subjuntibo moztua' dute oinarri. Alegialdia, bestalde, 'iraganaldi moztuan' oinarritzen da. Ahalezkoen baldintzak, azkenik, ahalezkoan dute oinarri: aurretik ba- morfema erantsita sortzen dira.

Aldiak:

Baldintza gertagarriak hiru aldi trinko ditu eta bederatzi aldi perifrastiko, hiru aldi nagusiak eta aspektuak konbinatuta eratuak. Horietako lau dira alegialdiak, trinkoa bat eta hiru perifrastiko. Eta ebentualak hiru aldi ditu, hiru aldi nagusiei dagozkienak. [Horiei, esan bezala, ahalezko sei aldiak erantsi dakizkieke]:

Baldintza gertagarria
T P
marka gabea -TU -TZEN -TUKO
orainaldia orainaldi puntuala orainaldi burutua orainaldi burutugabea orainaren geroaldia
adibideak badator, badakar etorri bada, ekarri badu etortzen bada, ekartzen badu etorriko bada, ekarriko badu
iraganaldia iraganaldi puntuala iraganaldi burutua iraganaldi burutugabea iraganaren geroaldia
adibideak bazetorren, bazekarren etorri bazen, ekarri bazuen etortzen bazen, ekartzen bazuen etorriko bazen, ekarriko bazuen
alegialdia alegialdi puntuala alegialdi burutua alegialdi burutugabea alegiazko geroaldia
adibideak baletor, balekar etorri balitz, ekarri balu etortzen balitz, ekartzen balu etorriko balitz, ekarriko balu
Baldintza ebentuala
P T P
aditz-oina / aditz-oina
orainaldia orainaldi ebentuala ahalezko orainaldi trinkoa ahalezko orainaldi perifrastikoa
adibideak etor badadi, ekar badeza badatorke, badekarke etor badaiteke, ekar badezake
iraganaldia iraganaldi ebentuala ahalezko iraganaldi trinkoa ahalezko iraganaldi perifrastikoa
adibideak etor bazedin, ekar bazezan bazetorkeen, bazekarkeen etor bazitekeen, ekar bazezakeen
alegialdia alegialdi ebentuala ahalezko alegialdi trinkoa ahalezko alegialdi perifrastikoa
adibideak etor baledi, ekar baleza baletorke, balekarke etor baliteke, ekar balezake

Baldin lokailua aukeran dute baldintzazko adizkiek. Trinkoekin erabiltzen da maiz: baldin badator. Perifrastikoetan ere erabil daiteke, honako segidetan:

  • lehenago etorri baldin balitz
  • baldin lehenago etorri balitz

Baldintzaren protasia baldintzazko aditz-aldiez gain, beste era hauetara ere egin daiteke:

  • aditz-izenaren erlatiboaz [hori jakitera…]
  • partizipio burutua + ezik/ezean [hori egin ezik; hori egin ezean…]
  • aditzik gabeak [hori gabe, zer egingo genuke?]

Baldintza gertagarriko aldien erabilerak

Oharra: ondoko azalpenetan baldintzari dagokiona aipatuko dugu bakarrik; ondorioari dagozkionak beste moduetan azaldu ditugu. Dena dela, atal honen amaieran emango dugu baldintza-ondorio egiturari dagozkion moldeen laburpen bat.

Alegialdiez besteko aldiak

Alegialdiez besteko aldiak [1-8]

Orainaldi eta iraganaldi puntual, burutu eta burutugabeek (1-6) bi erabilera dituzte:

Batetik, 'gertatzea', hau da, gertatu edo gertatzen diren gertakari 'errealak' adieraz ditzakete. Baldintza baino areago baldintzaren itxura pean eginiko baieztapenak edo ezeztapenak direla pentsa daiteke [adibideen zenbakiak taulako zenbakiei dagozkie]:

  • 1. Haserre banago, zuk duzu errua: ordubete eduki nauzu hemen zain.
  • 2. Triste bazebilen, lagunik gabe geratu zelako zen.
  • 3. Etorri baldin bada, aitak agindu diolako izan da.
  • 4. Francok gerra irabazi bazuen, alemanen laguntza izan zuelako izan zen.
  • 5. Igandeetan ere lan egiten badugu, diru beharrean garelako da.
  • 6. Gaztetan oporrik egiten ez bagenuen, diru faltagatik zen.

Aise ikus daitekeen bezala, esaldi horietako baldintzak ez dira egiaz baldintza. Ondorio esaldian aipatzen den gertakaria ez da baldintzazkoaren ondorioa, honen 'kausa' baizik. Baieztapenak edo ezeztapenak egiteko modu enfatikoa bat dugu baldintzaren erabilera honetan: 'haserre nago, eta zuk duzu errua', 'aitak agindu diolako etorri da'… Horregatik, hain zuzen, erabilera honetan 'gertatzea' adierazten delako, eta ez hipotesia, ezin da horien lekuan alegialdiko baldintzarik erabili: *etorri balitz, aitak agindu diolako izan da; *Francok irabazi balu…

Bestetik, ordea, gertakari gertagarriak adierazteko erabiltzen dira, egiazko baldintzak eratuz:

  • 1. Jende asko baldin badator, areto handiago bat irekiko dugu.
  • 2. Triste bazegoen, berri horrek poztuko zuen.
  • 3. Etorri baldin bada, ez da urruti ibiliko.
  • 4. Partida irabazi bazuen, pozik egongo da.
  • 5. Lan gehiegi egiten baduzu, gaixotuko zara.
  • 6. Esan zidaten asko ikasten banuen erraz gaindituko nuela azterketa.

Ondorio esaldiak erakusten du perpaus horietan egiazko baldintza dagoela, baldintzaren ondorioa aipatzen baita hartan, ez haren 'kausa'. Horregatik, erabilera honetako orain-geroko aldien lekuan alegialdia erabil daiteke: jende asko baletor; lan gehiegi egingo bazenu… Aldea gertagarritasunaren mailan dago: 'indikatibokoak' gertakorrak dira, eta alegialdikoak 'hipotetikoak'.

Zenbaitetan indikatiboko baldintza hauek denborazko esaldien errankide dira:

  • Gaixotzen bazen, ni joaten nintzaion laguntzera.
  • Gaixotzen zenean, ni joaten nintzaion laguntzera.

Orainaren eta iraganaren geroaldiek (7-8) erabilera berezia dute, mendebaldean batez ere: ondorioak zerbaiten beharra edo premia adierazten du eta protasiak helburua adierazten du, baldintzaren itxura pean:

  • 7. Erremedio hauek hartu behar ditu, sendatuko bada.
  • 8. Laguna behar zuen, ezkonduko bazen.

"baletor", "etorri balitz", "etortzen balitz", "etorriko balitz"

Alegialdi puntuala: "baletor", "balekar" [9]

Aldi honek, oinarriz, orain-geroan gertagarri den gertakari hipotetiko bat ematen du aditzera:

  • Aita orain baletor, zer pentsatuko luke?
  • Ezetz banio, gezurra esango nuke.

Baina hipotesia betetzen ez dela ezaguna denean, baldintzak balio kontrafaktuala du ['ez da hala, baina hala balitz…', alegia]:

  • Hemen bazina, ibilaldi politak egingo genituzke elkarrekin.
  • Diru gehiago baneuka, auto berria erosiko nuke.

Aldi honek baldintzazko beste alegialdien esanahi bertsua du, modu eta euskalkien arteko aldeak gorabehera:

  • Laguna gaur baletor
  • Laguna gaur etortzen balitz
  • Laguna gaur etorriko balitz
  • Laguna gaur etor baledi

'Hibridoa' izan daiteke egitura, baldintzazko protasiari indikatiboko ondorioa darraiolarik:

  • Norbaitek kontrakorik balio, hemen nago ni erantzuteko.

Alegialdi burutua: "etorri balitz", "ekarri balu" [10]

Aldi honek hizketa-unea baino lehen kokaturiko hipotesi 'ez gertatua' adierazten du: balio kontrafaktuala du ['ez da gertatu, baina gertatu izan balitz…', alegia].

  • a. Erneago ibili balitz, ez zen lurrera etorriko.
  • b. Gutxiago jan balu, arinago ibiliko zen.
  • c. Orain ordu erdi etorri bazina, hemen aurkituko zenuen laguna.

Adibide horietan ondorioa ere iraganari dagokio, baina izan daiteke orainari dagokiona ere:

  • b'. Gutxiago jan balu, arinago ibiliko litzateke orain.

Hipotesi burutu ez gertatua areago seinalatzeko, izan eransten da maiz partizipioaren eta laguntzailearen artean:

  • a'. Erneago ibili izan balitz, ez zen lurrera eroriko.
  • b''. Gutxiago jan izan balu, arinago ibiliko zen.

Alegialdi burutuaren lekuan (a) iraganaldi burutua (b) erabiltzen dute hiztun batzuek, egitura 'zuzena' ez bada ere:

  • Etorri balitz, pozik hartuko nuen.
  • *Etorri bazen, pozik hartuko nuen.

Alegialdi burutugabea: "etortzen balitz", "ekartzen balu" [11]

Aldi honek hizketa-unean edo etorkizunean kokaturiko hipotesia adierazten du. Ekialdean erabiltzen da, eta ondorioa ahalezko alegialdi trinkoa (a) nahiz perifrastikoa (b-c) izaten da:

  • a. Gurera etortzen balitz, pozik geundeke.
  • b. Gurera etortzen balitz, pozik har genezake.
  • c. Etxea erosten bagenu, urte gutxitan ordain genezake.

Alegiazko geroaldia: "etorriko balitz", "ekarriko balu" [12]

Aldi honek ere hizketa-unean edo etorkizunean kokaturiko hipotesia adierazten du. Mendebaldean erabiltzen da, eta ondorioa menturazko alegialdi puntuala (a) nahiz alegiazko geroaldia (b-c) izaten da:

  • a. Gurera etorriko balitz, pozik geundeke.
  • b. Gurera etorriko balitz, pozik hartuko genuke.
  • c. Etxea erosiko bagenu, urte gutxitan ordainduko genuke.

Baldintza ebentualeko aldien erabilerak

"etor badadi", "etor bazedin", "etor baledi"

Orainaldia: "etor badadi", "ekar badeza" [13]

Indikatiboko orainaldi burutugabeko baldintzaren (a) balio bertsua du aldi honek (b), gertagarritasuna urrunduz bezala, eta haren lekuan ebentualtasuna adieraziz:

  • a. Joaten bada, ikusiko duzue.
  • b. Joan badadi, ikusiko duzue.

Esan daiteke, gainera, gaur egun gutxi erabiltzen dela aldi hau, eta honen lekuan indikatiboko baldintza erabiltzen dela: joan badadi-ren lekuan joaten bada, alegia. Ahal eta ezin izenekin, ahalezko baldintzaren orainaldiaren balioarekin erabil daiteke:

  • etor ahal badadi = etor badaiteke
  • ekar ahal badeza = ekar badezake

Iraganaldia: "etor bazedin", "ekar bazezan" [14]

Aldi honetako formak ezinezkoak ez badira ere, esan daiteke guztiz urriak izan direla iraganean ere. Iraganeko aditz baten mendekoa denean erabiliko zuten, erabiltzekotan, askoz ere ohikoagoa den indikatiboko iraganaldi burutugabeko baldintzaren (a) balio bertsuarekin, baina gertagarritasuna urrunago kokatuz bezala (b), beharbada:

  • a. Agindu zien kapitana hirira sartzen bazen kartzelara eraman zezatela.
  • b. Agindu zien kapitana hirira sar bazedin kartzelara eraman zezatela.

Zaila da horrelako lekukotasunik aurkitzea testuetan ere. Axularren ondoko adibideak erakusten du, dena dela, forma hauek erabil ezinak ez direla:

  • Ordenatu zuen Solonek bere legetan baldin herriko kargudun bati gerta bazekion sobera edatera […] edeki zekiola berehala bere kargua. (Axular, Gero, 264)

Alegialdia: "etor baledi", "ekar baleza" [15]

Aldi honek (a) alegialdi puntualaren (b), ekialdeko alegialdi burutugabearen ( c ) eta mendebaldeko alegiazko geroaldiaren (d) balio bertsua du, baldintza ebentualtasun hutsean utziz, ordea. Esan daiteke, gainera, haiek baino erabilera urriagoa duela.

  • a. Gurera etor baledi, pozik har genezake.
  • b. Gurera baletor, pozik hartuko genuke/har genezake.
  • c. Gurera etortzen balitz, pozik har genezake.
  • d. Gurera etorriko balitz, pozik hartuko genuke.

Alegialdi horien aldea, eta are indikatiboko orainaldi burutugabearekin edo ebentualaren orainaldiarekin dutenak, gertagarritasunaren eta hipotesiaren mailan dago. Teorian, gertakortasunetik hipotesi ebentualeraino doan eskala osatzen dute, ondoko eskeman ikusi daitekeen bezala, praktikan gauzak horren zehatzak ez badira ere:

-hipotetikoak +hipotetikoak
(baldin badator) etor badadi (baldin) baletor etor baledi
etortzen bada etortzen balitz
etorriko balitz
1. gertagarria (gertakorra) 2. ebentuala 3. gertagarri hipotetikoa 4. ebentual hipotetikoa

Baldintzazko aldien protasi-apodosi egiturak

Iraganeko baldintza kontrafaktuala Ondorioa
etorri (izan) balitz pozik zegokeen hemen
'alegialdi burutua' 'menturazko iraganaldi trinkoa'
[zaharra-idatzia]
[*etorri bazen] pozik egon zatekeen hemen
'iraganaldi burutua' 'menturazko iraganaldi burutua'
[zaharra-idatzia]
pozik egongo zatekeen hemen
'menturazko iraganaren geroaldia'
[idatzia]
pozik egongo zen hemen
'indikatiboko iraganaren geroaldia'
[ohikoa]
hemen nengoen ni
[hibridoa]
Orain-geroko baldintza hipotetikoa Ondorioa
(baldin) baletor pozik legoke hemen
'alegialdi puntuala' 'menturazko/ahalezko alegialdi puntuala'
etortzen balitz pozik egon liteke hemen
'alegialdi burutugabea' 'ahalezko alegialdi perifrastikoa'
[ekialdean] [ohikoa ekialdean]
etorriko balitz pozik egongo litzateke hemen
'alegiazko geroaldia' 'menturazko alegiazko geroaldia'
[mendebaldean] [ohikoa mendebaldean]
[*pozik egongo zen hemen]
'indikatiboko iraganaren geroaldia'
hemen nago ni
[hibridoa]
Orain-geroko baldintza ebentuala Ondorioa
[orainaren geroaldia, iusiboa, 'optatiboa', inperatiboa]
etor badadi pozik egongo da hemen
'orainaldi ebentuala' 'indikatiboko orainaren geroaldia'
[gutxi erabilia]
[etortzen bada] bego pozik hemen
'gertagarriaren orainaldi burutugabea' 'iusibo perifrastikoa'
dagoela pozik hemen
'subjuntiboko orainaldi trinkoa'
[optatiboa]
egon dadila pozik hemen
'subjuntiboko orainaldi perifrastikoa'
[optatiboa]
zabiltzate elkarrekin
'inperatibo trinkoa'
ibil zaitezte elkarrekin
'inperatibo perifrastikoa'
hemen nago ni
[hibridoa]
Orain-geroko baldintza ebentual-hipotetikoa Ondorioa
etor baledi pozik legoke hemen
'alegialdi ebentuala' 'menturazko/ahalezko alegialdi puntuala'
[baletor] pozik egon liteke hemen
'alegialdi puntuala' 'ahalezko alegialdi perifrastikoa'
[etortzen balitz] [ohikoa ekialdean]
'alegialdi burutugabea'
[etorriko balitz] pozik egongo litzateke hemen
'alegiazko geroaldia' 'menturazko alegiazko geroaldia'
[ohikoa mendebaldean]
hemen nago ni
[hibridoa]

— Egilea: Jose Antonio Mujika

lanaren aipamena nola egin...

Jose Antonio Mujika, "Baldintzazkoen aditz-aldiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3