Erabiltzaile Tresnak


morf:5:15:3

Adizkiaren barneko osagaien hurrenkera

Pertsona komunztadura marken hurrenkerarena oso gai interesgarria da, batez ere ABS-ko eta ERG-ko markei dagokienez. Orokorrean, ABS-ko markak aurrizki bezala agertzen dira, eta ERG-ko markak atzizkiak izaten dira. Zehatzago, Oraineko adizkietan, aipatutako hurrenkera daukagu beti: ABS-ko komunztadura markak aurrizkiak dira, eta ERG-ko komunztadura markak atzizkiak:

ABS markak Orainean ERG markak Orainean
SGPL SGPL
n- g- -t -gu
h- z- -k / -n -zu
(d-) (d-) (-te)

Hortaz:

Etorri: NORK-gabea Ekarri: NORK-duna
SGPL SGPL
nator gatoz dakart dakargu
hator zatoz dakark / -na dakarzu
dator datoz dakar dakarte

Alabaina, Iraganeko eta Alegiazko adizkietan, eredu hori ez da beti betetzen. Alegia, NORK-dun adizkietan, ABS-ko komunztadura hirugarren pertsona denean, ERG-ko komunztadura markak (atzizkiak izan beharrean) aurrizkiak dira; eta gainera aurrizki horiek ABS komunztadurako aurrizkiak berak dira. (Beraz, adizki hauen komunztadura markek itxuraz NORK-gabe dirudite, nahiz eta funtzioz NORK-dunak diren):

ABS markak Iraganean ERG markak 3.p. ABS-ko Iraganean
n- g- n- g-
h- z- h- z-
(z-) (z-) (z-) (z-)

Egia esan, aipatutako ABS eta ERG markak ez dira berdin-berdinak, Iraganeko lehen eta bigarren pertsonei dagozkien ABS markek -n- artizki bat erakusten dutelako, ERG singularreko marketan agertzen ez dena. (ERG pluraleko marketan -n- bat bai agertzen da, baina honen ostean beste -e- bokal bat daukagu).

Hots:

ABS markak Iraganean ERG markak 3.p. ABS-ko Iraganean
nen- gen- ne- gene-
hen- zen- he- zene-
(ze-) (ze-) (ze-) (ze-)

Hortaz:

Etorri: NORK-gabea Ekarri: NORK-duna
nentorren gentozen nekarren genekarren
hentorren zentozen hekarren zenekarren
zetorren zetozen zekarrenzekarten

Euskararen datu hauek “azaltzea” ez da kontu erraza, eta delako azalpena hartutako ikuspegi teorikoaren mendean egongo da neurri handi batean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizkiaren barneko osagaien hurrenkera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3