Erabiltzaile Tresnak


morf:5:16

Adizkitegi automatikoa

Atal honetan adizkien formaz bakarrik arituko gara, beste azalpenik (nola erabiltzen diren, ezaugarri sintaktikoak, eta abar) eman gabe. Gai honen inguruko informazio gehiago ikusi nahi izanez gero, hemen begiratu daiteke:

Euskal aditzaren aurkezpen orokorra egiten da lehenik, ikusten duzun pantaila honetan. Segidan dituzu adizki laguntzaileak eta adizki trinkoak modu automatikoan sortzeko aplikazioak. Terminologiari dagokionez, aditzak eta adizkiak bereizten ditugu: aditzak dira hiztegian aurki ditzakegunak: joan, hartu, etorri, ikusi…, eta adizkiak dira aditz horiek hartzen dituzten formak: naiz, zen, genuen, dakusa, dakar, gatoz, zaigu, daramagu,…. Beraz, aditz bakoitzak adizki asko ditu. Orohar, adizki terminoa forma trinkoei bakarrik dagokie: dakusa forma ikusi aditzaren adizkia da; ikusten dugu forman ageri den adizkia dugu da, eta *edun aditzari dagokio: ikusi hemen berean aditz laguntzaileen sailkapena. Euskal gramatikek beti bereizi izan dituzte aditz iragankorrak eta aditz iragangaitzak: labur-labur esanez, izan hartzen dutenak (etorri naiz) iragangaitzak lirateke, eta ukan hartzen dutenak (ikusi dut) iragankorrak. Bereizketa hori, ordea, ez da oso egokia. Berehala ikusiko denez, aditz iragankorren eta iragangaitzen artean bereizteko hemen (SEG-en) erabiltzen ditugun irizpideak ez dira euskal gramatika horietan ageri direnak bezalakoak, eta nahiago izan dugu hemendik kanpo egungo gramatiketan gainerako hizkuntzetan erabiltzen diren irizpide berberak erabili: hemen ere labur-labur esanez, argumentu bat hartzen dutenak iragangaitzak dira: (NI) etorri naiz bezalakoak, baina berdin (URAK) irakin du bezalakoak ere, irakin aditzak, izan aditzak bezala, argumentu bakarra hartzen baitu (ezin esan *urak patatak irakin ditu); aldiz, bi argumentu hartzen dituztenak ((NIK) (ANDREA) ikusi dut) iragankorrak dira. Hori guztia "Aditz predikatiboak: aditz iragangaitzak eta iragankorrak" atalean azaltzen da.

Adizkitegi automatikoak kontuan hartzen dituen bereizgarriak

Euskal aditza “ulertzeko”, bereizgarri hauek hartu dira kontuan:

  1. Pertsona: nor, nori eta nork
  2. Modua: indikatiboa, subjuntiboa, ahalezkoa eta agintera
  3. Aldia: orainaldia, lehenaldia, alegiazkoa
  4. Aspektua: +burutua (etorri), -burutua (etortzen), gertakizuna (etorriko), markagabea(etor), trinkoa (dator). Adizki perifrastikoetako aditz nagusiak (etorri da, etortzen da, etorriko da) aspektu marka hartzen du indikatiboko formekin. Bestela trinkoa da edo “markagabea” deitu duguna (indikatiboa ez den aldietan), hau da, aspektu kontuetan ez du ezaugarri formal berezirik.

Zer da hemen ikusten ari zarena? Aplikazioaren erakusgarri bat besterik ez, hobeki ulertzeko. Adizki guztiak ikusteko aditz laguntzailea eta aditz trinkoak izeneko ataletara joan behar duzu. Han daude adizki guztiak.

aukeratu aditza
eman etorri ikusi irakin joan
aukeratu parametroak
NOR:
  • ni
  • hura
  • gu
  • zu
  • zuek
  • haiek
NORI:
  • niri
  • hari
  • guri
  • zuri
  • zuei
  • haiei
NORK:
  • nik
  • hark
  • guk
  • zuk
  • zuek
  • haiek
MODUA:
  • indikatiboa
  • subjuntiboa
  • ahalezkoa
  • agintera
ALDIA:
  • orainaldia
  • lehenaldia
  • alegiazkoa
ASPEKTUA:
  • +burutua
  • -burutua
  • gertakizuna
  • markagabea
  • trinkoa

Aplikazio hau behar bezala ulertzeko oharrak

Konbinazio posible guztiak ez dira gramatikalak

Adizkia eskatzen dugunean, nahi dugun adizkia osatzeko aukeratzen ditugun ezaugarriak ezin elkartuzkoak baldin badira, aplikazioak berak gaitzesten du aukera hori. Jo dezagun jakin nahi dugula zer adizki dagokion subjuntiboa+orainaldia+gertakizuna ezaugarri multzoari. Hori ezinezkoa da, subjuntiboak ezin baitu onartu gertakizuna. Arruntean markagabea (etor) eskatzen du, nahiz hizkera batzuetan +burutua (etorri) ere erabiltzen den. Gramatikalak ez diren formak eskatzen ditugunean, aplikazioak automatikoki baztertzen du egokia ez den ezaugarria: kasu honetan “gertakizuna” kendu eta automatikoki “markagabea” jartzen du. Berdin jokatzen du “nik ni ikusi” edo holako zerbait, ezinezkoa dena, eskatzen badiogu. Esan behar, hori bai, aplikazioak ez duela sortzen etorri daiteke bezalako adizkirik, nahiz horrek ez duen esan nahi zuzena ez dela. Kontuan hartu izan da, batez ere, adizki laguntzailea zein den (daiteke) eta zein den erabilera arruntena (etor daiteke).

Proposatzen den aditzen sailkapena

Goian esan bezala, Aditzen sailkapenari dagokionez, aplikazioan ikusten dena ez da euskal gramatikek arruntean erakutsi izan duten ohiko sailkapena. Euskal gramatiketan, orohar, aditzak hartzen duen laguntzaileari begiratzen zaio aditza iragangaitza den edo ez bereizteko. Horrela, esan izan da, aditz batek izan hartzen badu laguntzaile gisan, etorri da adibidez, aditza iragangaitza da: kasu honetan, etorri iragangaitza da, ikusten baita izan hartzen duela. Aldiz, *edun hartzen badu, aditza iragankorra da. Hori gertatzen da ikusi du adizkian. Kontua da, ordea, bereizketa hori euskal gramatiketan egiten dela, eta ez bestelako hizkuntzetan. Kanpoko hizkuntzetan bereizketa ez da oinarritzen laguntzailean, baizik aditzak hartzen dituen argumentuen kopuruan. Argumentu bat bakarrik baldin badu, aditza iragangaitza dela esaten dugu: Jon etorri da. Ikusten baita, etorri aditzak argumentu bat bakarrik hartzen du. Beraz, iragangaitza. Ordea, bi argumentu hartzen baditu, orduan iragankorra da: Mirenek Jon ikusi du. Bi argumentu hartzen dituenez, esaten dugu ikusi aditza iragankorra dela. Hor ez dago inolako kontraesanik euskaraz egin izan den sailkapenarekin, bi sailkapenak bat datoz. Kontua da, ordea, beste batzuetan ez dela hain sinplea: Jonek urtero eskiatzen du esaten badugu, aditz horrek *edun hartzen du, baina aldi berean argumentu bakarrekoa da (ezin esan *Mirenek Jon eskiatzen du. Hor bada kontraesana: laguntzaileak alde batetik jotzen du, eta argumentu kopuruak bestetik. SEG-en euskal graatiketan ohikoa ez den beste irizpidea erabiltzen denez (argumentu kopuruarena, hain zuzen), irakin aditza iragangaitzen sailean sartzen dugu, argumentu bakarra duelako: *urak esnea irakiten du. Hau guztia aditz predikatiboak izeneko atalean dago azaldua. Argumentu kopurua dela eta, datiboa aukerakoa da, ez da ezinbestekoa eta, hortaz, ez da kontuan hartzen iragankortasuna edo iragangaiztasuna bereizteko, non eta ez duen aditzak berak eskatzen (ekin, lagundu, eusti…) Hori guztia kontuan izanik, sailkapen hau egiten da:

  1. Aditz iragangaitzak (argumentu bat): izan, irakin
  2. Aditz iragankorrak (bi argumentu): ikusi
  3. Aditz datibodunak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizkitegi automatikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3