Erabiltzaile Tresnak


morf:5:18

Juntadura

Hizkuntza bateko osagaiak modu askotan elkartu daitezke. Osagai batzuk besteen mendean egon daitezke, baina beste batzuetan, osagaiak maila berean egoten dira. Azken horri helduko diogu hemen. Aurreko ataletan ikusi den bezala, hizkuntzan gehienetan buru edo ardatz batzuen inguruan biltzen dira elementuak, buru horien eraginpean, eta nolabait esateko, mendekotasun erlazioekin. Egitura sintaktikoan ere badu horrek eragina. Baina mota bereko osagaiak elkartzeko aukera ere ematen du hizkuntzak, eta orduan elementu horiek maila berean gelditzen dira. Maila bereko osagaiak elkartzeko prozesu horri “juntadura” esango diogu.

Maila bereko elementuak

Juntaduraren bidez mota edo maila bereko elementuak elkartzen ditugu: Jonek telefonoz deitu dit

  • izenak: Josu eta Miren
  • adjektiboak. aktore gazte eta indartsu asko
  • determinatzaileak: hiru edo lau katu
  • adberbioak: arduradunak triste eta serio agertu ziren, ez dakigu ondo edo gaizki aterako den
  • aditzak: arropak garbitu eta lisatu ditut

Baina kategoria lexikoak baino egitura handiagoko elementuak ere bil daitezke juntaduraren bidez:

  • perpausak: Arantxarekin mendira joan naiz eta Josu etxean geratu da
  • sintagmak: adinekoentzat eta haur txikientzat ondo etorriko da
  • edo bestelako osagaiak: Pirinioetako gailur zuri eta haran ezkutuak maite zituen

Pirinioak oso ederrak dira Era honetan elkartzen diren elementuen artean ez da egiturazko hierarkiarik ezartzen, eta sortzen den baturak elementu bakoitzak perpausean izango lukeen funtzio sintaktiko bera izaten du.

  • Jonek telefonoz deitu dit eta Miren etxera etorri zait.
  • Mikelek eta Liernik asko irakatsi didate bizitzaz.
  • Jon eta Miren antzerkira joan dira.
  • Triste eta serio aurkitu dut Aitor.
  • Guztia ikusi eta entzun ondoren, nire iritzia garbia da.
  • Neska garai eta indartsu guztiak hautatu ditugu talderako.

Elkartzen diren elementuak gehienetan kategoria berekoak izan ohi dira, edo gutxienez, egitura sintaktikoan maila berean daudenak. Hurrengo adibidean, esaterako, lehen juntagaia denbora adierazten duen adberbioa da, eta bigarrena adizlaguna, baina bien artean Jon lanera zer egoeratan edo nola joan zen azaldu nahi dute:

  • Berandu eta aurpegi txarrarekin azaldu zen Jon lanera.

Horrelakoak oso ohikoak dira aditzondoekin: kategoria eta adierazten duten nozio semantikoa (denbora, tokia, modua…) berdinak izan ez arren, aditzarekiko erlazio bera dute, maila sintaktiko berean daude, eta orduan juntaturik ager daitezke.

Beste batzuetan, ordea, ez dago hain argi juntagaiak maila berekoak diren:

  • Nork eta nondik ekarri behar duen esplikatu beharko didazue.
  • Mirenekin eta autoz joango naiz hondartzara.
  • Gutako inork uste baino janari garestiagoa eta izugarri jatetxe garestietan jaten du Jonek.

Juntatzen diren elementuek maila berekoak izan behar dute, baina baita semantikoki eta pragmatikoki elkarrekin joateko modukoak ere.

Juntagailuak

Juntadura juntagailuen bidez gauzatzen da, hau da, juntagailuen alde banatan kokatzen dira juntagaiak. Nolanahi ere, juntagailuen definizio zehatz bat izatea ez da erraza. Beti aipatzen da mota bereko elementuak elkartzen dituzten elementuak direla juntagailuak, eta juntagaiak maila berean geratzen direla egitura sintaktikoan. Horrez gain, inguruko hizkuntzetan ere distribuzio-irizpidea erabili ohi da juntagailuak definitzeko:

  • A xy B

Egitura hori baldin badugu, A eta B mota bereko elementuak izanik, orduan x eta y, biak ezin dira juntagailu izan. Hau da, bi juntagailu ezin dira bata bestearen jarraian joan:

  • Jon etxera joan da eta *baina/aldiz Mirenek erosketak egingo ditu.

eta eta baina biak dira juntagailu, eta ezin dira bata bestearen jarraian joan; baina aldiz ez da juntagailua, eta orduan, juntagailu baten segidan joan daiteke.

Juntadura motak

Hainbat juntadura-mota bereizi ohi dira, gehienetan juntagailuaren arabera. Izan ere, juntagailuak lotura semantiko abstraktua duten elementuak dira, eta erabiltzen den juntagailuaren arabera, juntagaien artean lotura semantiko abstraktu bat ezartzen da. Horrenbestez, lotura semantikoen arabera sailkatu ohi dira juntadura motak:

  • Emendiozko juntadura: bi juntagaien arteko emendio edo gehiketa soila bideratzen da, eta jungatailuaren bitartez:
    • Jon afaltzera etorri da eta Josu lanera joan da.
    • Mireni mendia gustatzen zaio eta Mikeli hondartza.
  • eta horrez gain, badira balio bera ematen duten emendiozko esamoldeak ere: ez ezik, ez ezen, ez eze…(ere), ez… bakarrik.
  • Hautakaritzazko juntadura: juntagaien artean era bateko edo besteko aukera adierazten da. Juntagailu hautakariak edo, ala, nahi(z), zein, ezpa dira:
    • Mendira joango naiz edo etxean geratuko naiz.
    • Gurekin etorriko zara ala gurasoekin joango zara?
  • Aurkaritzazko juntadura: aurkaitza erlazioa juntagaien artean. baina, baizik, baino, ezpada dira balio hau ematen duten juntagailuak:
    • Berandu jaiki naiz, baina ordurako iritsi naiz.
    • Ez dut asko ikasi, baina azterketa gaindituko dut.
  • Aurreko sailetakoekin ez bezala, perpausak bakarrik junta daitezke.
JUNTADURA MOTAK
Emendiozkoa Hautakaria Aurkaritzakoa
eta edo, ala, nahi(z), zein, ezpa baina, baizik, baino, ezpada

Alborakuntza

Juntagailurik gabe ere elkar daitezke elementuak, maila berean bata bestearen jarraian emanez. Alborakuntza esaten zaio horri:

  • Isilik dago, ez daki ezer.
  • Oso argia da Miren, asko daki.
  • Beranduegi da, etxera noa.

Adibide horiek berak juntagailua erabiliz ere eman daitezke, baina alboratze hutsez ere elkar daitezke elementuak, ageriko juntagailurik gabe. Bereziki perpausekin gertatzen da, baina bestelako elementuekin ere badira era honetako elkarketak:

  • Haurrak, gazteak, helduak, han zeuden.

Alborakuntzaren egitekoa eta juntadurarena parekoak dira: elementuak maila berean elkartzea, alegia. Elipsiari, banakaritzari eta hikako alokutiboaren onargarritasunari dagokienez ere, alborakuntzak eta juntadurak antzeko jokabidea dute. Horrenbestez, juntagailurik gabeko juntadura egiten du alborakuntzak. Bestalde, etenaren luzerak adieraziko digu bi perpaus askeren aurrean gauden, edo alborakuntza den.

Lokailuak eta juntagailuak

Alborakuntzaren bidez elkartutako perpausetan, batzuetan lokailuak agertzen dira:

  • Gaur eguraldi ona egingo du; bihar, berriz, euria izango omen da.

Euskal Herrian Euskalmetek egiten du eguraldi iragarpena

Baita perpaus-juntaduretan ere:

  • Gaur eguraldi ona egingo du, eta bihar, berriz, euria izango omen da.

Lokailuek aurreko perpausarekiko (edo berbaldiarekiko) lotura diskurtsiboa egiten dute, eta nozio semantiko batzuk bideratzen dituzte: emendioa, hautakaritza, aurkaritza, ondorioa, kausa (ikus juntadura motak atala).

Aurreko adibideetan, esate baterako, aurkaritzako nozioa azaltzen zaigu, berriz lokailuaren bidez. Alborakuntzaren edo juntaduraren bidez elkartutako bi perpausen arteko loturaren indargarri modukoak dira lokailuak: bestela ere elkartuta edo elkartu gabe egongo liratekeen perpausen arteko erlazioaren ñabarduraren bat ematen dute. Ohartzen gara, gainera, ñabardura horiek juntagailuek ematen dituztenen antzekoak direla. Ez da kasualitatea: maila honetako perpaus arteko lotura eta, beraz, esanahi-erlazioak, funtsean mota horietara biltzen baitira. Baina ez dira juntagailuen multzo berean sartu behar, ezaugarri desberdinak baitituzte.

Ezberdintasunak

Juntagailuen eta lokailuen arteko lehenengo ezberdintasuna distribuzio-irizpidetik dator. Juntagailuen eginkizuna juntagaiak elkartzea da. Eta ondorioz, ezin dira metatu; ezinezkoa da, adibidez, eta eta baina, bi juntagailuak, elkarren ondoan perpaus elkartu batean azaltzea:

  • *Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, baina, asko lagundu diezazukeena.

Aldiz, berriz edo ordea, lokailuak, azal daitezke juntagailuei laguntzen:

  • Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, berriz/ordea, asko lagundu diezazukeena.
  • Manuel Gorra Errera-n bizi zan eta ni berriz Ayete-n, eta goizeko lauetarako Donosti-ko “ Autonomía ” kalean egon bear izaten genduan. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
  • Aldea da berak hogei ordu inguru daramatzala aireportu batetik bestera, eta ni berriz duela bi ordu eskas atera naizela Stonehametik (Soinujolearen semea, Atxaga)

Horrek erakusten digu juntagailuak eta lokailuak elementu-mota ezberdinak direla, eta lagunduko digu elementu bakoitza bere sailean jartzen.

Bestalde, juntagailua juntatzen dituen osagaien artean joaten da, bien juntagunean. Egia da bakarren batek (baizik-ek, adibidez) kokagune berezia izan dezakeela. Baina juntagailuak kokagune jakina izango du beti. Lokailuak, berriz, askoz mugikorrago dira, eta bigarren perpauseko osagaien arten ibil daitezke. Beraz, lokailuek bigarren perpausarekiko, beren perpausarekiko, atxikimendu argia dute.

Horrez gain, eta lehen ere esan dugu, juntagailuak oso elementu ezberdinak elkartzeko balia ditzakegu (perpausak, sintagmak eta osagai sintaktikoak, hitzak); baina lokailuek beti perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen dute. Esan nahi baita, lokailurik ez dugula aurkituko, adibidez, bi izen sintagmaren artean, edo bi izenen artean.

Azkenik, morfologikoki ere ezberdinak dira. Lokailuen aditzondo edo adberbio izaera oso nabarmena da: lokailuen morfologiak gehienetan argi erakusten du aditzondo baten aurrean gaudela:

  • aldiz<aldi+z
  • beraz<bera+z

Juntagailuak nekez banatuko ditugu horrela.

Laburbilduz: juntagailuak eta lokailuak elementu ezberdinak dira. Batzuetan inolako juntagailurik gabe ere ager daiteke lokailua, eta bideratzen duen nozio semantikoa izan daiteke juntagailuren batek bideratzen duenaren antzekoa. Baina horrelakoetan ez dago benetako juntadurarik, juntagailuen eta lokailuen ezaugarriak ezberdinak direlako.

Euskaltzaindiak honetaz

Euskaltzaindiak EGLU-IV liburukian aztertu zuen juntaduraren kontua perpaus mailan.

111. araua ere juntadurari dagokio.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Juntadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3