Erabiltzaile Tresnak


morf:5:18:1

Juntadura eta menderakuntza

Juntaduraren bidez perpausak ere elkartzen direla esan dugu; eta esan dugu horrelakoetan gramatika egituraren aldetik perpaus biak maila berean daudela, bata bestearen mende egon gabe. Izan ere, perpaus bat bestean mendean dagoenean, menderakuntza bidez elkartzen direla esango dugu, eta mendekotzat jotzen den perpausak beste edozein sintagmak perpaus nagusiaren barnean beteko lukeen zeregina beteko luke.

Juntadura eta menderakuntza ezberdintzeko ezaugarriak

Gehienetan ez dago arazorik bi elkarketa-mota hauek desberdintzeko, baina kasu batzuk zalantza eragiten dute. Juntadura eta menderakuntza ezberdintzeko ezaugarriak ikusiko ditugu atal honetan.

  • Morfologia
  • Adizki alokutiboak
  • Hitzen hurrenkera

Morfologia

Perpaus juntatuetan juntagailuak agertuko zaizkigu, hitz beregainak: eta, baina, edo… aldiz, menderakuntzan adizkiari itsatsitako atzizkiak: -en, -ela eta horietatik eratorriak: -enez, -enik, -enez gero, -elako(z) … Baita aurrizkiak ere: ba-, bait-. Elkartzen diren bi perpausetako batean aditz jokatugabea baldin badugu, aditzoinaren, partizipioaren (-tu (izan)a, -tuz, -turik, -tu ondoren…) nahiz aditz izenaren (-t(z)ea, -t(z)en, -t(z)era, -t(z)eko…) gainean eraikia, orduan ere menderakuntza izango da. Desberdintasun morfologiko honen arabera egin ohi da juntaduraren eta menderakuntzaren arteko bereizketa.

Nolanahi ere, batzuetan eta juntagailuak aditzari itsatsitako atzizkien jokaera duela pentsa liteke honelako perpausetan:

  • Goazen dantzara, azkeneko eguna da-eta. (adizki jokatuarekin)
  • Goitik behera bustita iritsi zen. (adizki jokatugabearekin)

Morfologiari dagokionez, eta azaltzen zaigu; baina euskarak juntaduratik menderakuntzarako pausoa eman berri duelako seinale izango lirateke egitura horiek.

  • Hara: Maiatzean ezta ulerik ebagi bear, urdindu egiten da-ta. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Ile horaildun adats motza bustita zeukan, eta begi bat estaltzen zion. (Mrs. Hemingway, Naomi Wood / Garazi Goia)

Adizki alokutiboak

Euskarazko tradizioan, mendeko perpausetan ez da adizki alokutiborik erabili; juntatutako perpausetan bai, ordea. Mendeko perpaus bat alokutibo eran jartzen saiatzen bagara, emaitza ez gramatikala izango da. Ikus adibideok:

  • Miren berandu etorri dun.
  • *Miren berandu etorri dunala uste dinat.
  • Miren berandu etorri dela uste dinat.

Lehenengo perpausa zuzena da; baina perpaus bera nagusiago den beste baten barnean txertaturik agertzen bada, orduan ez dago alokutiboa erabiltzerik, horregatik bigarren adibidea ez da gramatikala. 1. Perpaus juntatuetan, berriz, zilegi da alokutiboak erabiltzea:

  • Miren berandu etorri dun eta kontzerturik ez dinagu ikusi.

Baina aurreko irizpidearekin, desberdintasun morfologikoarenarekin, gertatu zaigun bezala, oraingoan ere -eta enklitikoaz osatutakoak kontuan izan behar dira:

  • Utz ezak lana, berandu duk-eta.
  • Beraz, itzultzen denean mila esker esan eta ospa etxera, azkar arraio gainera, berandu duk eta! ” Bai, horixe egingo zuen. (Begiak itxi eta kitto, Xabier Etxaniz Rojo)

-eta enklitikoaz osatzen diren perpausetan zilegi da alokutiboa erabiltzea, nahiz eta -eta horren enklitikotasunari esker, mendeko kausazko perpaustzat har dezakegun.

Hitzen hurrenkera

Mendeko perpausek perpaus nagusiaren barnean gainerako sintagmek edo osagaiek betetzen duten lekua eta zeregina betetzen dutela esan dugu gorago. Ondorioz, mendeko perpausek gainerako osagaiek perpausaren barnean duten mugikortasun bera erakutsiko dute:

  • Isilik egoteko agindu zion Mirenek Josuri atzo.
  • Mirenek Josuri isilik egoteko agindu zion atzo.
  • Atzo Mirenek Josuri isilik egoteko agindu zion.

Juntaduran, ordea, juntagailuaren bi aldeetara kokatzen dira juntatutako perpausak; egin daitekeen hurrenkera-aldaketa bakarra juntagaien ordena aldatzea da, baina ordena aldaketa horrek esanahi aldaketa ekar dezake, menderakuntza bidezko perpaus elkartuetan ez bezala; ikus, adibidez, ondorengo bien arteko aldea:

  • Berandu altxa naiz eta sukarra nuela ikusi dut.
  • Sukarra nuela ikusi dut eta berandu altxatu naiz.

Irizpide honetan ere, aurrekoetan bezala, aurki daitezke mugako adibideak. Adibidez, zenbait hizkeratan, lehenengo juntagaia aditz laguntzailerik gabe azaltzen denean, honelako adibideak aurki ditzakegu:

  • Josu, iaz, lanetik baimena eskatu eta urtebetez Amerikara joan zen.

Horrelako adibideez aurrerago hitz egingo dugu.

Elementuak maila berean

Esan dugu juntadurak elkartzen dituen elementuak maila berean kokatzen direla eta, aldiz, menderakuntzan elementu bat bestearen azpian, mendean, egoten dela egitura sintaktikoan. Baina, zertan oinarritzen dira hizkuntzalariak hori esateko? Juntaduraren bidez elkartutako elementu bi ditugunean, bietakoren bat albo batera uzteko aukera dago; menderakuntza-harremana dagoenean, aldiz, ezinezkoa da hori. Ikus dezagun adibide hau:

  • Ane mendira eta hondartzara joaten da oporretan.

25 urteren ostean, Berri Txarrak taldeak agur esango du Perpaus horretan bi atal bereiz ditzakegu: Ane mendira joaten da oporretan, eta bestetik, Ane hondartzara joaten da oporretan. Juntadura egiturako bi elementu bat albora utzita ere adibidea egokia da. Berdin perpaus-juntaduran ere:

  • Gazteek musika entzuten dute eta adinekoak musean ibiltzen dira.

Adibide horretan ez dago eragozpenik bietako bat alde batera uzteko:

  • Gazteek musika entzuten dute.
  • Adinekoak musean ibiltzen dira.

Bi horiek zuzenak eta esanahidunak dira. Perpaus-menderakuntzaren aurrean gaudenean, ordea, ezin dugu bi perpausetako bat albo batera utzi:

  • Haurrek txinera ikastea nahi izan dut beti.
  • Nongoa naizen galdetu dit poliziak.

Adibide hori osatzen duten bi osagaiak ezin ditugu bereiz erabili:

  • ?Haurrek txinera ikastea.
  • *Nahi izan dut beti.
  • ?Nongoa naizen.
  • *Galdetu dit poliziak.

Zati bakoitza ezin da albo batera utzi; perpaus horiek ezin dira bere kasa azaldu.

Baina irizpide honekin ere sortzen dira tarteka zalantzak. Adibidez, juntaduraren eta alborakuntzaren eremuan ere adibide guztiak ez dira goikoak bezain argiak:

  • Edo ikasi egiten dugu, edo lanean hasi beharko dugu.

Adibide horretan ere ezin dugu juntagaietako bakoitza bereiz erabili:

  • *Edo ikasi egiten dugu.
  • *Edo lanean hasi beharko dugu.

Bi juntagai horiek ezin ditugu zein bere aldetik erabili.

Menderakuntzaren eremuan, aldiz, mendeko osagai horrek aditz nagusiarekin duen lotura semantikoak eta sintaktikoak eragin argia du elementuak albo batera uzteko aukeran. Menderagailuen bidez biltzen diren perpausen artean, inplikazio eta lotura semantiko askoz handiagoa dago perpaus osagarrietan, baldintzazkoaren (edo kontzesiozkoaren) eta dagokion perpaus nagusiaren artean izaten dena baino:

  • Josuk ez daki ingelesez hitz egiten. → perpaus osagarria
  • Etzi jai ematen badidate, nahiz eta oraindik ezer ziurrik ez dagoen, lagunekin bazkarira joateko aukera izango duzu. → baldintzazko perpausa

Hori horrela izanik, mendeko perpausa albo batera uztean ez da bi kasuetan ondorio bera izaten, baina azpian dagoena aditz nagusiak –edo perpaus nagusiak– menderatuekiko –perpaus osagarria, baldintzazkoa, kontzesiozkoa– duen erlazio semantiko-sintaktikoa da.

Diskurtsoaren ikuspegia

Gramatikan perpausa hartu izan da azterketarako unitate: perpausa zer elementuk osatzen duten, eta elementu horien artean zer erlazio dauden argitzen saiatu dira gramatikariak. Ikuspegi horren barnean aztertu izan dira juntadura edo menderakuntza erlazioak edo egiturak. Baina azken urte hauetan fenomeno horiek berak diskurtsoaren ikuspegitik aztertzen dituzten lanak ere ugaritu dira. Eguneroko jardunean, elkarrizketen bidez gauzatzen da hizkuntza. Hiztunen arteko elkarrizketa-txanden bidez eraikitzen da informazioa, eta diskurtsoa. Hizkuntzaren azterketara ikuspegi honetatik hurbildu diren ikertzaileek elkarrizketa-txanda horiek egoera eta faktore desberdinen arabera nola gauzatzen diren aztertzen dute 2. Ondorengo puntuetan jartzen da arreta:

  • hiztunen parte-hartzeen artean zer erlazio semantiko eta pragmatiko dauden;
  • diskurtsoak ahozkoan eta idatzian nola garatzen diren;
  • haurren hizkera nola garatzen den: juntadura eta menderakuntza baliabideak noiz eta nola bereganatzen dituzten eta zertarako erabiltzen dituzten.

Elkarrizketa-txanda horien arteko erlazio pragmatiko eta semantikoei begiratuz parataxiaz eta hipotaxiaz hitz egiten da3

Hurbilketa honen arabera, perpaus elkartuen oinarrian eta sorreran elkarrizketa-txanda askeak leudeke, gerora txanda edo testu bakarrean –juntagailuak nahiz menderagailuak erabiliz– elkartu direnak. Idazkerak berak ere lagundu omen du prozesu horretan. Idatzizko testua edo diskurtsoa, hein batean, igorle bakarraren ‘elkarrizketa’ izango litzateke. Ahozko ohiko elkarrizketan bi hiztunen artean banatzen zen informazio-fluxua; baina igorle bakarrarekin guztia batera eta zatitu gabe ematen da. Adibidez, gure gizartean erraz gerta daiteke elkarrizketa hau:

  • -Bihar hondartzara joango gara.
  • -Ea eguraldi ona duzuen gaineratzea.

Elkarrizketa-sekuentzia hori ezagutzen duten hiztunak egoerara aurrera daitezke, eta baldintzazko hipotaxia erabili:

  • Bihar eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara.

Era berean, gerta daiteke beste elkarrizketa hau ere:

  • -Nire anaia Londresera joango da ikastera.
  • -Nirea, Erromara.

Bi informazioak txanda bakarrean biltzeko emendiozko parataxia erabil dezakegu:

  • Nire anaia Londresera joango da ikastera, eta zurea, Erromara.

Oinarrizko erlazio semantiko-pragmatikoak elkarrizketa-txanden artekoak izango lirateke, eta ondoren, txanda edo testu bakarrean ematean, sintaktikoki juntadura edo menderakuntza erabiliz bateratuko genituzke.

Euskaraz oraindik lan gutxi ditugu ikuspegi honetatik abiatuta. Nolanahi ere, munduko hizkuntzei begiratuta, aipatu izan da hiztun ikasien jardunean, edo hizkera zainduan, edo idatzian, gehiago erabili izan dela menderakuntza, ikasi gabeko hiztunen artean, edo ahozkoan lagun arteko erregistroan baino. Kontuan izan behar da, munduan hizkuntza gehienak oraindik ez direla idazten, eta idatziari lotutako zenbait funtzio ez dituztela garatuta: horrelako hizkuntzetan menderakuntzak garapen txikiagoa izan ohi du. Berdin gertatzen da haurren hizkeran ere.

1 Hala ere, esan behar da gaurko zenbait euskaldunek nonahi sartzen dituztela forma alokutiboak.
2 Gaiaren ikuspegi orokor batearko, A. Lopez, “Relaciones paratácticas e hipotácticas” in Bosque&Demonte (1999), Gramática descriptiva de la lengua española.
3 Gramatika lanetan ere erabili izan dira parataxi eta hipotaxi terminoak, askotan juntadura eta menderakuntza hitzen pareko balioarekin. Aipatzen ari garen hurbilketa honetan, parataxia eta hipotaxia diskurtsoaren mailako kontzeptuak izango lirateke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Juntadura eta menderakuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3