Erabiltzaile Tresnak


morf:5:18:2

Emendiozko juntadura

Juntadura moten artean semantikoki neutroena edo oinarrizkoena da. Emendiozko juntaduraren bidez elementuak gehitu, berretu, emendatu edo batu egiten dira. Hori da eta eta antzeko juntagailuekin bideratzen den nozio semantikoa. Hainbat testuingurutan ongi egokitzen da juntadura hau. Gramatiketan “kopulatibo” ere esan izan zaie honelakoei. Hala ere, “kopulatibo” esateak lotura edo elkartze funtzioa azpimarratze du, eta hori berez juntagailu guztiek egiten dute, juntagailu guztiak dira berez kopulatibo. Emendiozko deituraren bidez, berriz, juntadura nolakoa den azpimarratzen du: emendatu edo batu egiten duela, alegia. Eta juntadura moten sailkapenaren berri emateko, izen hau erabiliko dugu.

Emendiozko juntaduraren ezaugarri nagusiak ikusiko ditugu lehenik, eta ondoren beste atal hauek xehetuko ditugu:

eta

eta da emendiozko juntaduran erabiltzen den juntagailu nagusia. Forma hori da nagusia tradizioan, euskalki guztietan, eta euskara baturako ere eta hautatu zen. Iparraldean eta da forma bakarra XVIII. mendearen erdi aldera arte; orduan hasi ziren autore bakan batzuk ta erabiltzen, baina eta askoz ugariagoa da; ta bereziki aditz partizipioaren ondoren erabili izan da, juntatutako bi perpausen artean denborazko erlazioa adierazteko. Mendebaldean ere eta da nagusia, baina ta ere lehenengo testuetatik azaltzen da; baita, nahiz eta gutxiago, da forma ere, bereziki -n eta -r ondoren, baina baita -l, -s, -z ondoren ere; eta oro har, ta eta da forma laburtuak gehiago erabiltzen dira ahozko hizkeran idatzian baino:

  • Estu ta larri iritsi zen.
  • Han da hemen bizi da.
  • Gazte asko be estu ta larri dabiltzaz aize oneikaz. (Augustin Zubikarai, Herri euskararen zaindaria, Urkiza, A.)
  • Gau ta egun zimitzak ezin larrutik kenduz ari ziren, beti handik xixta, hemendik xixta, ez zitzaketen gehiago jasan. (Anbroxio, Bidegain, E.)

Testuinguruaren ekarpena

Emendiozko juntagailuen bidez perpausak elkartzen direnean, batzuetan, emendatze soilaz haragoko adierak ere uler daitezke, ziurrenera testuinguruak eta munduaren ezagutzak bideratuta:

  • Haizeak atea itxi zuen eta zarata handia entzun zen. → denbora aurrekotasuna
  • Triste bizi naiz eta, hilko banintz hobe. → kausa
  • Horrelako bat berriro egin, eta lanetik botako zaitut. → baldintza
  • Ia laurogei urte ditu eta etenik gabe lanean. → aurkaritza

Adibide horietan bi juntagaien artean denbora-aurrekotasuna, kausa, baldintza edo kontzesioa/aurkaritza dagoela uler daiteke. Horrela gertatzen da beste hizkuntza askotan ere: emendioa semantikoki nahiko neutroa da, eta emendiozko juntagailuen bidez bi perpaus elkartzean, gerta daiteke perpaus horiek adierazten dituzten gertaeren edo egoeren artean hiztunak era desberdinetako lotura semantikoak eraikitzea, ziurrenera errealitatean ere hala gertatzen delako. Baina gramatiketan ez dira era honetako irakurketak aztertzen.

Nahi adina juntagai

Emendiozko juntaduraren bidez nahi adina juntagai elkar daitezke:

  • Jon eta Miren eta Ane…

Baina eta-k bi osagai baino gehiago lotzen dituenean, azken bien artean bakarrik ipintzeko –esateko nahiz idazteko– joera dugu:

  • Jon, Miren eta Ane…
  • Jon eta Miren eta Ane…

Izan ere, juntagailuak errepikatzeak astundu egiten du esaldia. Hala ere, tradizioan badira hainbat juntagailu pilatzen dituzten adibideak:

  • Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean.
  • Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)

Batzuetan, juntagai bakoitzari enfasia emateko errepikatzen da eta juntagailua:

  • Jon eta Miren eta Pello, hirurak dira errudunak.
  • Horrelako gogoeta sainduetan eta bethiereko oinhazetan eta erran ditugun lanetan bizi eta saindutu zen hainitz urthez. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)

Perpausak lotzen direnean sarriago aurkituko dugu eta juntagailua errepikatuta, bereziki herri hizkera kutsuko testuetan. Baina tradiziozko testu batzuetan ere aurkituko dugu:

  • Igo zen eta sartu zen eta ikusi zuenean heldu zion eta harriaz jo zuen buruan.
  • Zeren nola ezpaikara bi mendetako eta zuk zeurea, hain ongi, hain ohorezki eta dohatsuki iragan baitazu, esperantza baitut zeruko lorian, Iainkoaren konpaiñian, kredit handiarekin zaudela: eta hortik helduko zatzaizkidala, eskua emanen derautazula: eta arranoak, airean dohanean, bere umetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula. Eta gero nik ere (hemengo aldia egin hurran baitut), Iainkoaren garaziarekin eta zure arartekotasunarekin batean, zure zorthe ona erdietsiko dudala: eta orduan guztiez eskerrak errendatuko derauzkitzudala. (Guero, "Axular")

Badirudi, ahozkora hurbiltzen garenean, gertakari-segida bat eman nahi denean, tartean eta juntagailua jartzeak mezuari lotura ematen laguntzen duela. Edo, orokorrean, perpaus batean esaten denaren ondorioz ekintza ezberdinak datozenean, eta ekintza bakoitza perpaus luze samar baten bidez adierazi behar denean, sarriago azaltzen zaigula juntagailua errepikaturik.

Maila bereko juntagaiak

eta juntagailuak maila bereko juntagaiak lotzen ditu, baina esan beharrik ez dago, ez direla beti eta guztiak maila berekoak perpaus batean:

  • Liburuetan eta egunkari eta aldizkarietan agertzen da.

Adibideko bigarren eta-k ‘egunkari-adizkariak’ elkarrekin juntatzen ditu eta sintagma hori da lehenengo eta-ren bidez ‘liburuekin’ juntatzen dena. Perpausekin ere izaten dira horrelakoak:

  • Lehengo batean, esate baterako, harrika egin zidan komentura etorritako mutil koxkor batek, eta ni haserretu eta halaxe mintzatu nintzaion. (Behi euskaldun baten memoriak, Atxaga)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Emendiozko juntadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3