Erabiltzaile Tresnak


morf:5:18:2:1

Zer elementu junta daitezke?

Emendiozko juntaduraren bidez zer elementu elkar daitezkeen ikusiko dugu atal honetan. Besteak beste, hauek dira elkartu daitezkeen osagaiak:

  • Perpausak
  • Postposizio sintagmak
  • Ardatz anitzeko juntagaiak

Perpausak

eta-ren bidez perpausak junta daitezke, eta oro har, ez dago eragozpenik mota bereko perpausak juntatzeko:

  • adierazpen perpausak:
    • Goiz jaiki da eta lanean ari da.
    • Ez du ekarri eta isuna ordaindu beharko du.
  • galde-perpausak:
    • Ikusi al duzu eta eman al diozu?
  • aginte-perpausak:
    • Zoaz etxera eta sar zaitez etxean.
  • harridurazko perpausak:
    • Ze jatorrak diren eta zenbat dakiten!

Nolanahi ere, mota desberdineko perpausak juntatu nahi direnean, egoera ezberdinak aurkitzen ditugu. Batzuetan ez dago mota desberdineko perpausak juntatzerik:

  • galde-perpausa eta aginte perpausa:
    • *Non bizi da? Eta esaiok etortzeko!
  • galde-perpausa eta adierazpen perpausa:
    • *hori al da? Eta esango diot.

Beste batzuetan, posible da mota ezberdineko perpausak juntatzea:

  • aginte-perpausa eta adierazpen-perpausa:
    • Zaude hemen eta ekarriko dizut; ekarriko dizut eta egon zaitez lasai.
  • Horrelakoetan, zenbaitetan baldintzazko adiera eraikitzen da:
    • Egin hori, eta ikusiko duzu!
  • Halakoetan, juntagaien ordena ezin da libreki aldatu:
    • *Ikusiko duzu eta egin hori!
  • adierazpen-perpausa eta harridurazkoa:
    • Loreak ekarri zituen, eta ze politak!
  • Baina horrelakoetan eten nabarmenagoa egiten da, eta badirudi eta lokailu modura erabiltzen dela gehiago: mota bateko perpausa emanda, ondoren datorrenak ere aurrekoarekin baduela nolabaiteko harremana adierazi nahiko balitz bezala.

Azkenik, hiztunen artean iritzi ezberdinak daude honelako perpausen zuzentasunaren inguruan. Adibidez, adierazpen-perpausa eta galde-perpausa –hurrenkera honetan– elkartzen direnean:

  • Berandu etorri da eta ez diozu ezer esan behar?
  • Ez duzu inoiz ikusi eta ezagutzen duzula?

Nolanahi ere, horrelakoetan gehienetan eten bat egiten da, eta horrek eta lokailutzat hartzera eramango gintuzke. Horixe dugu, hain zuzen, ondorengo adibide honetan ere:

  • Etorri da, eta noiz joango da?

Postposizio sintagmak

Emendiozko juntaduraren bidez postposizio sintagmak ere junta daitezke. Baita postposizio sintagmak baino txikiagoko elementuak ere:

  • izenak:
    • Arbaso eta gurasoengandik datorkigun ondasun urria xahutzen eta xehatzen. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • adjektiboak:
    • Euskal itzulpen zahar eta berriei buruz argitara berria duen idazlan [jakintsua]. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • izena+adjektiboa multzoa:
    • Irakasle alfer eta ikasle saiatuekin egin dute azken balorazioa.
  • izenlaguna+izena multzoa:
    • Herrietako ordezkari eta hirietako alkate guztiak bildu ziren aurkezpenean.

Nolanahi ere, batzuetan zalantzak sor daitezke juntagaiak zein diren, edo juntaduraren hedadura zein den. Erreparatu adibide honi:

  • Unibertsitateko kargudun eta langile berriek bihar bildu beharko dute.

Berez izen sintagmak ez du mugarik ematen interpretazioaren aldetik: kargudunak unibertsitatekoak izateaz gainera berriak izan daitezke, edo ez, eta langileak, berriz, berriak izateaz gainera, unibertsitatekoak izan daitezke, edo ez. Irakurketa guztiak zilegi dira gramatikaren ikuspuntutik. Horiek horrela, lehenengo irakurketa da, bai kargudunak eta bai langileak, biak direla unibertsitatekoak eta berriak.

Baina demagun unibertsitateko kargudunak (berriak nola zaharrak), eta langile berriak (ez unibertsitatekoak, baina kontestuan emana den erakunde edo toki batekoak) aipatzen direla. Aurreko informazio inpliziturik gabe, goragoko adibidearen irakurketa hori, zilegi izan arren, zail gertatuko da, eta hortaz delako juntabidea ez da egokia izango. Horrelakoetan, argiago da kasu marka bi juntagaietan agerraraztea:

  • Unibertsitateko kargudunek eta langile berriek bihar bildu beharko dute.
  • Hala ere, kasu honetan anbiguotasuna ez da kendu, bigarren juntagaian izenlaguna ‘uler’ baitaiteke.

Hemen esandakoek berdin balio dute beste egoera batzuetan ere. Adibidez, izen ardatz bakar bati dagozkion bi adjektibo direnean, adjektiboen zuzeneko juntabidea hobetsiko da kontrako arrazoirik ez bada testuinguruan:

  • Euskaltzale zintzo eta leialari.

Nahiz beste bidea ere gramatikaren aldetik zilegi den, eta beharbada testuinguru batzuetan –indarra emateko, adibidez– guztiz baliagarri:

  • Euskaltzale zintzoari eta leialari.

Gauza bera gertatzen da izenlagunekin:

  • Fakultateko eta hiriko kargudunen aldeko hitzak.

Beste bidea korapilatsuagoa da, gramatikaren aldetik huts gabekoa izanagatik:

  • Fakultateko kargudunen eta hirikoen aldeko hitzak.

Postposizio sintagmen barneko elementuak

Beraz, postposizio sintagmak junta daitezke, eta postposizio sintagmen barneko elementuak ere bai. Baina, aukera guztiak zilegi ote dira? Adibidez, postposizio sintagma osoak junta daitezke, edo izenak juntatzea, ardatz anitzeko sintagma osatuz:

  • Lagunez, adiskideez eta lankideez mintzatu ziren.
  • Lagun, adiskide eta lankideez mintzatu ziren.

Postposizio sintagmak juntatzea beti da zilegi:

  • Bi euskaldunen eta indio baten istorioa da.
  • Pantxikari eta Mireni eman dizkiet liburuak.
  • Adiskideez eta lankideez mintzatu ziren.

Tradiziozko testuetan hori da gehien azaltzen den aukera. Gainera, nahitaezkoa da bi egoeratan:

  • 1) Sintagmaren ardatza pertsona izenordaina denean:
    • *Ni eta zuri eman digute.
    • Niri eta zuri eman digute.
    • Hala ere, bigarren juntagaian bezalako, antzeko eta halako konparazio hitzak azaltzen direnean, izenordain soilak ere junta daitezke:
    • Ni eta ni bezalako askoren iritziz.
    • Ni eta antzeko askoren ahotan… (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • 2) Ezkerreko juntagaia erakusle batek mugatzen duenean:
    • *Gizon hau eta emazteki hark egin dute.
    • Gizon honek eta emazteki hark egin dute.

Bi egoera horietatik kanpo, ez dago debekurik, eta molde bat edo bestea erabiltzeko joera euskalkien araberakoa izaten da. Ekialdean postposizio sintagmak juntatzeko joera dago, eta mendebaldean, berriz, ardatz anitzeko izen sintagmak ere bai.

  • Margotekin aitari eta amari buruz ere hitz egin dut. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank/ Josu Zabaleta)
  • Itzuli zenean, aita eta amari bera Valentziara zihoala esan zien. (Riomundo, Maia, J.)

Ardatz anitzeko juntagaiak

Ardatz anitzeko juntagaiak izateko aukerari dagokionez, garbi ikusten da postposizioaren nolakotasunak, zer postposizio erabiltzen den, ez duela debekurik:

  • Igone eta Anderrek eskiatu dute.
  • Igone eta Anderri lagundu diet eskiatzen.
  • Igone eta Anderren eskiak garbitzen ibili gara.

Aldiz, numeroak eta egiturari dagozkion beste aldagai batzuek badute zerikusia. Horrela, tradizioan garbi ikusten da ardatz anitzeko izen sintagmak pluraleko markekin aurkitzen direla bereziki, eta numeroa singularra denean, joera nabaria dela postposizio sintagmak juntatzearen alde:

  • Eta geroztik, hamabortz ehun eta lauretan hogoi eta hirurean (1583), Remesgo kontzilioak manu berezi hau ekharri izan zuen: Igande eta phesta egunetan, Jaun Erretorak bere jendea bil dezala, Mezarat eta Predikurat bezala, Bezperetarat ere. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)
  • Ingurumai guzian guziz ezagun zan eran gizonak len baño obeagotu eta gauz onak egitera eman ziran: len errierta eta alkar eziñ ikusi eta gorrotoa besterik etzan etxe eta baserrietan pakezko eta kontentuzko, estimaziozko eta amorezko biziera sartu zan. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)

Adibide horietan, autore berak pluralean postposizioa bigarren juntagaiaren amaieran bakarrik jartzen du, eta singularrean, bi juntagaiak postposizioarekin azaltzen dira. Azkeneko juntagaia eta ondorengo determinatzailea pluralekoak direnean, ohikoena juntagai guztiak pluralekoak balira bezala ulertzea da; hala ere, Lafittek bere gramatikan ongi seinalatu zuenez, ez da nahitaezkoa, eta bestelako adibideak ere aurki daitezke tradizioan:

  • Jainkoak eginak dira eguzki, ilhargi eta izarrak (Grammaire basque, Lafitte, P.)
  • Igandea da, eguzki gabeko igande beltza; ostatua gizadiz borborrean dago; etxejabeak, alegin guztiak egiñarren, danentzako jakirik eta astirik eztauka, ta gure Patxiko ta lagunai bazkaria bazter baten, otza, urri ta kiskaldua ematen diote. (Garoa, Aguirre, D.)

Bestalde, ezkerrean bi izenei dagokien izenlaguna azaltzeak erraztu egiten du postposizio bakarra erabiltzea:

  • Gure bezero eta laguntzaileei oparitu diegu.
  • Orduan nire lagun eta adiskideek, hura ikasi zutenean, bilera bat egin zuten ni neska harengana bidaltzea komeni zen erabakitzeko. (Paradisuko Almanaka, Gianni Celati / Rey, F.)

Bi izenen eskuinean biei dagokien adjektiboa izateak ere aukera ematen du postposizioa bakarrari jartzea:

  • Neska ta mutil arduratsuenak hautatu zituen.
  • Hirugarren zatian bertso mota ezagutuenak goresten dauzku Aita Onaindiak; ume-bertso, kirol-bertso, erlisione-bertso, neska eta mutil zaharrenak, Amerikanoenak, trikixak. (Euskal literaturaz, Lafitte, P.)
  • 20. mende hasieran oraindik, neska eta mutil gazteak Aezkoatik oinez jiten ziren Baigorriraino arto jorratzera. (Agotak in memoriam, Marikita Tambourin)

Gutxiago azaltzen dira ardatz anitzeko izen sintagmak singularrean: badirudi postposizio sintagma osoak juntatu behar direla:

  • Gizonari eta haurrari eman diet.

111. arauan jaso duenez, Euskaltzaindiak txartzat ematen ditu honelako egiturak:

  • *gizon eta haurrari eman diet bezalako adibideak txartzat ematen ditu (111. araua)

Nolanahi ere, bigarren molde honetako juntabidea ere aurki daiteke tradizioan. Egiturari dagozkion kontuek, edo juntatzen diren izenen nolakotasunak badute hor zerikusia: badira horrelako egiturak errazten dituzten baldintza batzuk. Adibidez, ezkerrean bi juntagaiei dagokien izenlaguna dugunean, edo eskuinean adjektiboa dugunean, egitura hauek errazago azaltzen dira. Bestalde, esanahiz oso hurbil diren izen abstraktuak juntatzen dira maizenik horrelako juntaduretan: zein kaltegarria dan euren alperkeri ta nagitasuna (J.A. Mogel, Peru Abarka); nagusiaren samurgo eta hasarrea (P. Lafitte, Grammaire basque); (…) gordiaz geure burubak onen asarre ta burdiña odoltsuti (J..A. Mogel, Peru Abarka). Holako adibideetan nozio abstraktuak adierazten dituzte izen ardatz juntatuek (haien gauzatzeko izen konkretua erabiltzen bada ere: burdiña, adibidez). Are gehiago, juntatu izenetan bata bestearen adierazle dela ere esan daiteke.

Beste zenbaitetan, sinonimoak ez diren izen konkretuak izanagatik, juntatu diren ardatzak elkarketa moduko bikoteak dira, edo hitz biko esakuntzak: zeru ta lurrean zure oldea egin bedi (D. Agirre, Garoa); ari ta orraatzaz lotu ta josirik (J.A. Mogel, Peru Abarka); (…) gaztelania ta frantsesez baino (Mitxelena); udaberri ta udan, izan oi dira onenak (A.M. Labayen, Euskal Eguna).

Juntagaiak izen bereziak direnean ere, bestelako izenekin baino errazago aurki daiteke ardatz anitzeko izen sintagmen juntaketa (Josu eta Mirenek ez dute horrelakorik onartuko). Baina jakina, postposizio sintagma juntatuen adibideak ere beti dira zilegi (Josuk eta Mirenek ez dute horrelakorik onartuko); batzuetan, gerta daiteke autore berak esaldi berean molde biak erabiltzea (Giputz aditza erabili dute, esate baterako, Arestik eta Villasantek maiz, Mirande eta Peillenek sarritan. Mitxelena).

Bada, azkenik, aipatu beharreko beste joera nagusi bat. Zerrendatze bat egiten denean, ondarrean eta X guztiak, edo eta X asko, edo horrelako esapide bat emanez, maizenik ardatz izenak juntatzen dira: onela ongi datorkio eizari azeriaren izena, ollagor, eper, erbi, ollo, ta gauza askoren eizaan ibilli oi dalako (J. A. Mogel, Peru Abarka); gure nekiakaz (…) datoz baba, irar, indirar, garagar, olo, ta jankai guztijak (J. A. Mogel, Peru Abarka).

Baina, hasieran esan bezala, horrelako kasuetatik kanpo, singularrean aukera guztiz nagusia postposizio sintagmen juntadura da. Gramatiketan aipatu izan da, jokabide honen oinarrian determinatzaileen eta izenen izaera semantiko-gramatikala egon daitekeela. Artikuluak eta erakusleak erreferentzia zehatza ezartzeko gaitasuna izango lukete; izenei, ordea, propietate bat ezartzea legokieke. Horrela, katua esaten dugunean, bere interpretazioa, nolabait esateko, ‘katua izateko propietatea duen banakoa edo erreferentea’ izango genuke. Juntatzen diren izenen propietateek erreferente bakarra izendatzeko aukera ematen dutenean, errazago erabiliko ditugu singularrean ardatz anitzeko juntadurak: ‘alabaren egonezin eta haserrea begi bistakoa zen’ diogunean, egoera bakar batez ari gaitezke, erreferente bakarraz; egonezin eta haserre izenen propietateek horretarako aukera ematen baitute. Aldiz, izenen propietateek bi erreferente desberdin izatea behartzen dutenean, askoz nekezago aurkituko ditugu horrelako egiturak (*ordenagailu eta autoa erosi ditut), determinatzailea singularrekoa baita.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zer elementu junta daitezke?", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3