Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19

Testu mailako loturak: lokailuak eta diskurtso markatzaile batzuk

Perpausak ez dira bakarrik ageri arruntean. Beti testuinguru batean daude, diskurtso batean. Edo testu batean, hizkuntza idatziaz ari baldin bagara. Eta ez dira, gainera, bakarrik ageri: normalean perpaus bat baino gehiago ageri dira. Eta perpaus horiek elkarren artean lotzeko baliabide batzuk erabiltzen ditu hizkuntzak. Lokailuak eta juntagailuak deitzen ditugu horiek. Lotura horiek testu edo diskurtso mailakoak izaten ahal dira, edo perpaus mailakoak, besterik gabe. Horrela, bi perpaus elkarren artean lotzeko juntagailuak erabiltzen dira, perpaus horiek parekoak baldin badira:

  • Jon sukaldean sartu zen, baina Mikel bere logelan gelditu zen.

JON SUKALDEAN SARTU ZENHor ditugu, adibidez, bi perpaus beregainak direnak, pare-parean emanak. Kasu horretan “baina” da juntagailua. Badira beste asko ere: eta, halaber, alabaina, eta abar. Beste batzuetan ez da juntagailurik ere behar, bata bestearen alboan ematen ditugu:

  • Jon sukaldean sartu zen, Mikel bere logelan gelditu zen eta Miren baratzera joan zen.

Hor baditugu hiru perpaus: lehenbiziko bien artean ez da loturarik, eta bigarrenaren eta hirugarrenaren artean “eta” da lotura hitza. Horri deitzen diogu “juntagailu”. Juntagailuak perpaus mailako lotura hitzak dira.

Perpausak maila berean ez daudenean, baina loturik ageri direnean, “menderagailuak” erabiltzen ditugu:

  • Mirenek esan zuen Jon ere etorriko zela.

Kasu horretan ere bi perpaus ditugu, baina bigarrenak (“Jon ere etorriko zela”) ez du autonomiarik, ez da beregaina. Aurrekoaren azpian dago, eta -eLA morfemak lotzen du aurreko horrekin. Horri deitzen diogu menderagailua. Menderagailu asko ditugu euskaraz: -eN, -eLAKO, bait-, eta abar. Beraz, perpaus mailako lotura horiek juntagailuak eta menderagailuak dira.

Beste batzuetan diskurtso mailako lotura hitzak erabiltzen ditugu: hitz horiek ez dituzte perpausak lotzen, baizik testu zatiak. Hona hemen adibide hau:

  • Eta gero esango dute ez dugula abisatu.

Hor ere bada “eta” bat. Baina horren aurrean ez da beste perpausik, horrekin hasten baita perpausa. Hori ongi ulertzeko aurrean esandakoa jakin beharko genuke. Eta aurreko horrekin lotzeko hemen ere “eta” erabili dugu. Beraz, hitz horrek eusten dio testuaren edo diskurtsoaren hariari. Holako hitzei, testu mailako loturak egiteko erabiltzen ditugun hitzei, “lokailu” esaten diegu. Hemen lokailuak aztertuko dira. Lokailu mota asko dago: emendiozkoak, hautakariak, aurkaritzakoak, ondoriozkoak, ondoriozkoak eta kausazkoak. Horiek guztiak azaltzen dira atal honetan. Emendiozko lokailuekin hasiko gara. Baina, ez ahaztu:

Testua Perpausa
lokailuak juntagailuak eta menderagailuak

Lokailuak eta juntagailuak bereizten

Gramatika honetan lokailuak eta juntagailuak bereizten dira. Lokailuak diskurtsoari dagozkio, eta juntagailuak perpaus mailako loturari. Zer esan nahi den horrekin, testu honetan ikus daiteke:

  • Uste baino lehenago amaitu ziren oporrak, eta etxera itzuli behar izan genuen. Miren, ordea, pozik zegoen. Horrenbeste maite zuen Jokin ikusiko baitzuen arratsalde hartan berean. Eta hori egin zuen. Etxera ailegatu bezain laster, maletatik gauza guztiak atera zituen, armairuan sartu arropa garbia, garbitzekoak makina ondoan utzi, eta bizikleta hartu zuen Jokinen etxe aldera abiatuz. Pantxok ere ez zuen ematen hain triste zegoenik. Egia esatekotan, aspalditik zegoen etxera itzultzeko grinan, hantxe utziak baitzituen bere adiskide guztiak hilabete bat lehenago. Gainera, berari, egia esatekotan, oporrak ematen zituzten herrixka hura ez zitzaion gehiegi gustatzen. Nahiz urte batzuk zeramatzan bere gurasoekin mendi arteko herri hartara joaten abuztu hasiera guztietan, ez zuen laketzen erraz. Hortaz zegoen orain, bueltan zela, aski pozik. Xanti zen txikiena, eta ez zituen gauzak garbi: ez zekien etxean gelditu, logelan pilatzen zitzaizkion jostailuen artean, edo Borja ikustera joan. Bi gauzak egin nahi zituen, biak batera, baina ez zekien ongi zer egin.

Testu horretan hiztegiko hitz arruntak ageri dira: uste, amaitu, opor, arratsalde, eta abar. Badira, izan, beste hitz mota batzuk ere: adibidez, etxera hitza ez da hiztegian ageri, baina bai, ordea, etxe hitza. Bistan denez, hiztegian aurkitzen ahal den etxe hitzari marka morfologiko bat erantsi zaio, ez da besterik gertatzen hor. Badira, dena den, kapitulu honetan aztertu nahi den gaia dela eta, aipatu behar diren beste hitz batzuk ere: eta, ere, gainera, horregatik, edo, baina. Horiei buruz emango da informazioa segidan. Hona hemen berriz ere testua, hitz horiek azpimarraturik daudela:

  • Uste baino lehenago amaitu ziren oporrak, eta etxera itzuli behar izan genuen. Miren, ordea, pozik zegoen. Horrenbeste maite zuen Jokin ikusiko baitzuen arratsalde hartan berean. Eta hori egin zuen. Etxera ailegatu bezain laster, maletatik gauza guztiak atera zituen, armairuan sartu arropa garbia, garbitzekoak makina ondoan utzi, eta bizikleta hartu zuen Jokinen etxe aldera abiatuz. Pantxok ere ez zuen ematen hain triste zegoenik. Egia esatekotan, aspalditik zegoen etxera itzultzeko grinan, hantxe utziak baitzituen bere adiskide guztiak hilabete bat lehenago. Gainera, berari, egia esatekotan, oporrak ematen zituzten herrixka hura ez zitzaion gehiegi gustatzen. Nahiz urte batzuk zeramatzan bere gurasoekin mendi arteko herri hartara joaten abuztu hasiera guztietan, ez zuen laketzen erraz. Hortaz zegoen orain, bueltan zela, aski pozik. Xanti zen txikiena, eta ez zituen gauzak garbi: ez zekien etxean gelditu, logelan pilatzen zitzaizkion jostailuen artean, edo Borja ikustera joan. Bi gauzak egin nahi zituen, biak batera, baina ez zekien ongi zer egin.

Zer dute bereizgarri azpimarratutako hitzek? Har ditzagun, hasteko eta hitza duten testu zatiak:

  • Uste baino lehenago amaitu ziren oporrak, eta etxera itzuli behar izan genuen
  • Eta hori egin zuen
  • …garbitzekoak makina ondoan utzi, eta bizikleta hartu zuen Jokinen etxe aldera abiatuz.
  • Xanti zen txikiena, eta ez zituen gauzak garbi.

Ohartuz gero, berehala ikusten da eta horiek guztiak ez direla berdinak. Esaterako, lehenbiziko adibideko eta delako horrek maila bereko bi perpaus lotzen ditu:

  • [uste baino lehenago amaitu ziren oporrak] eta [etxera itzuli behar izan genuen].

Baina bigarren adibidean ageri den eta horrek ezin ditu bi perpaus lotu, hain zuzen ere, perpausa hitz horrekin hasten baita zuzenean:

  • eta [hori egin zuen]

Lehenbiziko kasuan bi perpaus lotzen ditu eta hitzak. Bigarrenean, ondoren datorren perpausa beste zerbaitekin lotzen du. Hori da desberdintasuna. Desberdintasun bat, bederen, desberdintasun formala, neurri batean. Bietan, ikusten denez, eta hitzak zerbait informazio gaineratzen dugula adierazten du. Lehenbiziko kasuan oporrak amaitu direlako informazioari, “etxera itzultzea” gaineratzen zaio. Bigarrenean “hori egin zuen” delako hori beste zerbait gaineratzen zaio, baina aurreko adibidean ez bezala, zerbait hori (informazio hori) ez da ageri perpausean. Eta hitzak, ikusten denez, informazioa gaineratzeko, gehitzeko, emendatzeko, bidea irekitzen du. Eta gehitze edo emendatze hori perpaus mailan gerta daiteke, eta horrek bi perpaus lotzen baldin baditu, edo testu mailan, diskurtso mailan gaineratzen baldin badu zerbait. Bigarren adibidean badakigu zer gaineratzen duen, egite horrek esan nahi baitu Jokin ikustea dela. Horixe da aurreko esaldiak aditzera ematen duena. Perpausen arteko loturak egiteko erabiltzen diren hitz hauek juntagailu deitzen ditugu (hemen maila bereko perpusez ari gara, jakina, bai baitira juntagailuez gain menderagailuak ere, baina horiek beste nonbait ikusiko dira), eta delako perpaus bat testuarekin edo diskurtsoarekin lotzen duten hitzak, berriz, lokailu. Perpausek, hortaz, askotan eramaten dituzte aurreko perpausarekin halako erlazio mota bat markatzen duten hitzak eta partikulak, hemen berean ikusten den gisan. Batzuetan, partikula horrek perpaus elkartuetan ageri dira, esan bezala, eta beste batzuetan laxo, iduriz, lotura hori perpausetik kanpo dagoen zerbait eginez.

Badira, hala ere, diskurtso mailako beste markatzaile batzuk, geroago aztertuko ditugunak. Hona hemen adibide hauek:Berandu esnatzeak urduritu egiten gaitu askotan

  • Mikel berandu jaiki zen. Hots, beti bezala.
  • Ez dirudi oso egokia ideia guztiak zaku berean sartzea. Alegia, ez dira guztiak maila berekoak.
  • Kristautasunak dio bizitza honen ondoren badela beste bat hasiera eta amaierarik gabea. Hau da, gu hil ondoren berriz ere gauzatuko garela betiko, baina beste modu batean.

Holako hitzek eta itzuliek ere (hots, hau da, alegia, eta abar) nolabaiteko marka ezartzen diote diskurtsoari eta esaten denaren harian lotura bat ezartzeko balio dute. Hauek guztiak orain arte gramatiketan “lokailu” deitu izan direnak aztertu ondoren ikusiko dira hemen.

Lokailuak, diskurtso markatzaileak eta juntagailuak

Lokailuak eta juntagailuak

Ikusten denez, hitz bera, non ageri den, eta nola, juntagailua (perpausen arteko lotura egiteko), edo lokailua (diskurtso mailako lotura segurtatzen du) izan daiteke. Bestetik, hitz hauen esanahiari kasu egiten bazaie, batzuk emendiozkoak izan daitezke (eta da kasu argia), zerbait emendatzen dutelako, gaineratzen dutelako. Baina goiko testuan ageri diren lokailu edo juntagailu guztiak ez dira, bistan denez, emendiozkoak. Hor ageri dira ordea, ere, gainera, hortaz eta edo, azpimarratuak. Horietan, bistan denez, ere eta gainera emendiozkoak dira, eta bezala, ematen den informazio horretan gaineratze zerbait azpimarratzen baita. Aldiz, ordea bezalako zerbaitek aurkaritza adierazten du, edo bezalako batek hautakaritza, eta hortaz bezalako batek ondoriotasuna adierazten du.

Esanahairen aldetik hitz edo partikula hauek sail desberdinetan multzokatzen ditugu, eta batzuetan (ez guztiak) lokailu edo juntagailu izan daitezke, testuinguruaren arabera. Ondoko eskema honek biltzen ditu juntagailu eta lokailu mota nagusiak, parean jarririk eta esanahiaren arabera sailkaturik. Jakina, lokailu edo juntagailu bakoitza bere tokian ikusi behar da, testuinguruan, zer esan nahi den hemen ongi ulertzeko.

Lokailuak eta juntagailuak
Lokailuak Juntagailuak
Emendiozkoak eta eta
ere eta …ere bai
gainera eta… ere ez
bestalde / bertzalde bai eta … ere
halaberbaita ere
orobatezta ere
berebatEta ere
behintzat bai… bai…, ez…ez
bederen ez ezik, ez ezen, ez eze
bederik
behinik behin
badere
badarik (ere)
Hautakariak bestela, bertzenaz edo
osterantzean edota
gainerontzean ala
ezpere(n) nahiz, zein
ezpabere ezpa
Aurkaritzakoak ordea baina
berrizbaizik
ostera baino, ezpada
aldiz baina (= baizik)
aitzitik ez baina (= ez baizik)
bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean ezezik, ez … ezen
alta, alabaina, alabadere
dena dela, dena den
hala ere, hala eta guztiz ere
haatik, hargatik; horratik,horregatik
barren
badarik ere
Ondoriozkoak beraz
bada
hortaz, hortaz bada
orduan
honebestez, horrenbestez, hainbestez
halatan, hala
kausazkoak zeren
zergatik
alabaina
bada
izan ere

Gure artean mintzatzen garenean, gure ahotik hotsak ateratzen dira, maiztasun fisiko batek ezartzen dituen mugen artean ekoiztutako hotsak alegia. Gure burmuinak hots horiek entzun egiten ditu, lehenik, eta “ulertu” ere gero, bai ekoizten ditugunean (gu mintzo garelarik) bai beste norbaitek ekoizten dituenean (beste norbait guri mintzo zaigularik. Ulertu, jakina, hots horien azpian dagoen gramatika eta erreferentziak gureak direnean. Hots kate horretan burmuinak nolabaiteko abstrakzioa egiten du, hots horiek eskema baten barnean ulertu ahal izateko, eta horrela, dagokion abstrakzioa eginez, gramatikak perpausak bereizten ditu. Perpaus horiek, jakina, ez dira bere bakardadean ageri, besteekin loturik baizik, eta, esan bezala, perpausak elkarren artean josteko, eta josketa horren berri emateko, juntagailuak edo menderagailuak erabiltzen dira. Perpausa baino gorago dago testua, diskurtsoa, eta maila horretan, perpausek elkarren artean duten lotura dela eta, lokailuak erabiltzen dira. Lokailuak eta menderagailuak jarri dira erakutsian goiko eskeman.

Diskurtso markatzaileak

Baina goiko eskema horrek, diskurtsoa antolatzeko erabiltzen ditugun baliabideen artean, atal bat besterik ez du osatzen, lotura horiek anitzez aberatsagoak baitira. Azken urteotan ikerketa asko egin dira gai hauen inguruan, eta euskal gramatiketan hemen jarri dugun eskema horretan biltzen direnak ageri badira batez ere, egia da gaia zabalagoa dela. Hemen ondoren jartzen dugu beste eskema bat, goikoa baino askoz ere aberatsagoa dena. Ez dago bata bestearen kontra, bigarren hau goikoa baino osago baita. Esan daiteke elkar osatzen dutela. Arlo honetan egiten ari diren ikerketak aurreratu ahala, eskema batera hurbilduko gara. Aurrekotik bereizteko, hemen Diskurtso markatzaileak deituko ditugu.

Dena dela, kontuan izan behar da gai hau aski nahasia dela, batez ere diskurtso markatzaile hauek ez baitira klase bateko hitzak edo elementuak, baizik aski desberdinak elkarren artean. Ez dute, noski, funtzio sintaktiko argirik (egokiago litzateke esatea ez dutela funtzio sintaktikorik), hitz egitean diskurtsoa antolatzeko erabiltzen baititugu, bestelako baliorik izan gabe. Horregatik ez diete, hain segur ere, holako kasurik egin gramatikariek berriki arte. Hori guztia dela eta, diskurtsoaren mailan, edo pragmatikan aztertzen dira, hizkuntzen sintaxitik urrunago joanez horrela.

Birformulatzaileak

Birformulatzaileak erabiltzen ditugu gure diskurtsoan aldez aurretik esandako zerbait argitzeko, beste modu batera esateko, zehaztasunen bat egiteko, eta abar. Bost birformulatzaile mota bereiziko ditugu, eta adibide batzuk eman:

Azalpenezkoak

Birformulatzaile hauek aurretik esandakoa argitu nahi duen esaldiaren atarian jartzen ditugu: argitasun hori eman nahi da aurretyik esandakoa argitu nahi delako, hain zuzen ere biziki ilun baitzegoen jatorrian. Birformulatzaile azalpenezkoak alegia, hau da, hots, esan nahi baita… bezalakoak dira.

  • 1830eko kontuak direla aipatzen da, eta Paristik 300 legoara idatzia dagoela ere bai; alegia, gezurrezko data eta lekua ematen ditu egileak, ez bakarrik 1839an Frantzian nagusi zen Uztaileko Monarkia zeritzonaren zentsura saihesteko, baita ere, azpikariaren mozorroa jantzita, Stendhalek irakurlearekin jolastea atsegin zuelako (Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz)
  • “ez nintzela han ni izpirituz” (2Erg 5,25), erran nahi baita, ni neure pentsamenduaz bertan nintzen hau eta bestea gertatu zenean. (Alderraien gidaria, Mose Ben Maimon / Kintana, X.)
  • Ez dakit konturatzerik merezi zuen, hots, egoeraz jabetzearen sustoa ez ote den larriagoa izan, aurreko inguru-senaren galera-kezka baino (Olatu bat kuartelen gainetik, XABIER AMURIZA, Lanku, 2009, 35)
Zuzentzaileak

Diskurtso markatzaile hauek aldez aurretik esandakoa argitzean, zuzenketa bat ezartzen diote esandakoari, gaizki ulertzeko bidea irekia geratu delakoan edo. Euskaraz honako hauek ditugu: hobeto esan (eta horren aldaerak), bestela esan…:

  • Euskaraz ere, listatu, listan sartu, lista pasatu esaten dugu, eta egia esan, denak diziplina militar bateko esaldiak dirudite. Edo bestela esan, listatzeak, listan sartzeak, lista pasatzeak, ez ote duen azpi azpian liztotze, ernatze, espabilatze zentzua gordeko, alegia? (Dakiguna ikasten, Perurena, P.)
  • Bart arratsean, edo hobeki esan gaur goizaldean, hirekin, panta-hila (ez: pantaila) honetan, latz eztabaidatu ondoren, nekeak erasanda ere bai, baina batez ere Ezteberen aholku praktikoak praktikara eramaten oso baldarra naizelako, burua zeharo nahasturik oheratu nindunan (Terra Sigillata, JOXE AUSTIN ARRIETA, Txalaparta, 2008, 223)
  • Nire pertsonaiek ez dute aurpegirik, edo, hobeto esan, edozein aurpegi izan lezakete (Gure gerretako heroiak, RAFA UGALDE, Elkar, 2006, 117)

Egituratzaileak

Hasiera ematekoak
Ordenatzaileak
Jarraipena ematekoak
Bukaera ematekoak
Interaktiboak

Emendiozkoak

Kontraargumentatiboak

Baldintzazkoak

Ondoriozkoak

Ondorioztatzekoak

Adibidegileak

Kausazkoak

Justifikatzekoak

Denborazkoak

Nabarmentzaileak

Murriztaileak

Finkatzaileak

Perpausa eta esaldia

Perpaus deitzen dugun hori eraiketa teorikoa da, gramatikaren barnean sortzen dugun zerbait hizkuntza fenomenoak, hobeki esan, sintaxiaren gorabeherak, ulertzeko erabiltzen den zerbait. Jakintza arlo guztietan egin behar izaten dira eraikuntza abstraktu horiek, aztertu nahi dena ongi zedarritu nahi baldin bada. Hizkuntza batean mintzo denak, badu gaitasuna hizkuntza horretan jarduteko. Esaten dugu delako horrek badakiela hizkuntza horretan hitz egiten. Azken batean, esan izan da, baduela, besteak beste, gaitasuna hizkuntza horri dagozkion nahi adina perpaus sortzeko, eta baduela gaitasuna perpausak ulertzeko ere. Baina gaitasun hori praktikan jartzen denean, norbait hizkuntza batean ari denean, eta hizkuntza horri dagozkion ahotsak sortzen dituenean, zerbait esaten duenean, esaldiak esaten dituela diogu. Hau guztia dela eta, perpausa eta esaldia maiz nahasten dira elkarren artean. Batzuetan zaila da, praktikan ere, mugak garbi bereiztea:

  • Jone gaixorik dago
  • Mattin etorri da
  • Miren bihar itzuliko da
  • autoa gelditu da

Horiek guztiak perpausak edo/eta esaldiak izan daitezke, nondik behatzen den. Perpausak, euskararen gramatika gai baita holakoak sortzeko. Esaldiak, segur aski ere, gramatikak sortzeaz gain, norbaitek ekoitzi dituelako, esan dituelako. Ikus dezagun beste hau:

  • Elorgako Martik oraintxe berean etorri da ilargitik, arratsaldeko 5etan

Hori perpausa da, alde batetik, euskal gramatika holakoak sortzeko gai baita, hiztunek bai baitute gaitasuna perpaus hori sortzeko (inork ere ez luke esango hori euskara izan beharrean japoniera dela, edo euskara izanik ere, gaizki eratua dela), baina beharbada ez du perpaus hori inork ere esan, ez du inork ere ekoiztu. Ikuspuntu horretatik behaturik, perpaus hori ez da, oraingoz, eta egia baldin bada ez duela inork ere ekoitzi, esaldia. Beraz, bi kontzeptu horiek bereiztea komeni da. Gramatika perpausez aritzen da, eta hiztunaren hizkuntza gaitasunarekin dago lotua; hizkuntza jarduna, ordea, esaldiez ari da, eta hiztunaren hizkuntza erabilerari begiratzen dio. Perpausa kontzeptu teorikoa da, mundu errealean existitzen ez dena, mundu errealean esaldiak aurkitzen baitira, benetan hiztunek barneratua duten gramatika hori dela eta, besteak beste, esaten dituztenak.

Esaldiak mundu errealekoak direnez, badira anitz esaldi perpaustzat nekez hartzen ahal direnak. Hitzegiterakoan gure jarduerak ez ditu errespetatzen perpaus teoriko baten ezaugarri garbiak: pentsa, esaterako, zenbat aldiz trabatzen garen hitz egin nahi dugunean, zenbat aldiz zerbait esaten hasi, eta beste ideia bat gurtzaturik ematen diogun hasiera perpaus berri bati, eta horrekin ari garela, arras amaitu gabe, zenbat aldiz mozten dugun bigarren hori ere edozein gauzagatik: norbaitek telefonoz jotzen duelako une horretan, ohartu gabe erori garelako, erabili nahi genuen hitz hark huts egin digulako edo ideia behin betiko trabatu zaigulako. Horrexegatik ez dira parekoak perpausak eta esaldiak. Esaldiek betetzen dute bere helburu komunikatiboa, baina okerrak izan daitezke gramatikaren ikuspuntutik, eta, duda gabe, okertzat joko genituzke.

Alderantziz ere gauza bera gertatzen da: gramatika gai da perpausak sortzeko. Eta gramatika gai da perpaus bat beste baten barnean sartzeko:

  • jon etorri da
  • Mirenek dio [Jon etorri dela]
  • Koldok entzun du [Mirenek diola [Jon etorri dela]]
  • Irakasleak aipatu du [Koldok entzun duela [Mirenek diola [Jon etorri dela]]]
  • badakizue [irakasleak aipatu duela [Koldok entzun duela [Mirenek diola [Jon etorri dela]]]]?

Hemen galde dezakegu non dagoen muga: zenbat perpaus txerta ditzakegu bata bestearen barnean? Gramatikaren erantzuna: nahi adina. Gramatikaren ikuspuntutik ez dago mugarik. Nahi adina, aspertu arte sar daitezke perpausak…. baina nekez ulertuko genuke esan nahi dena perpaus asko sartzen baditugu. Gure burmuinak baditu mugak, gure memoriak mugak ditu, guk ez dugu gaitasun fisiologikorik etengabe perpaus lotuak ekoizteko. Hizkuntza jarduerak baditu gramatikak ez dituen mugak, hori gertatzen da. Jarduera horrek jartzen ditu mugak, ez gramatikak. Eta hizkuntza jarduerak baztertzen ditu bestela ere gramatikak erraz sortzen dituen perpaus zuzenak:

  • bidegurutzera iristen zarenean, hartu beldurrik gabe
  • bi orduko siesta ederra egin dut, ordu bietatik hirurak arte
  • beti komeni da besteen hiletetara joatea, bestela ez baitira inoiz ere etorriko haiek zurera

Berehala ohartzen gara perpaus horiek gramatika aldetik zuzenak izanik ere (ezingo genuke gramatika hutsik aurkitu), ez direla egokiak euskaraz, zerbaitek huts egiten duela. Hain zuzen ere, hizkuntza gramatika baino gauza asko gehiago da, eta “gauza gehiago” horretatik egiten du hemen huts zerbaitek. Hori da jarduera. Eta horregatik bereizi behar da hiztunaren gaitasuna, hiztunak duen gramatika perpausak sortzeko, eta hiztunaren jarduera, hiztunak praktikan (gramatika, eta hizkuntza ekoitzeko parte hartzen duten gainerako baliabide guztiak indarrean daudela) egin duen ariketa, arialdia. Goiko adibideetan ez digu gramatikan esaten ezin dela bidegurutzea hartu, baizik praktikak, praktikak esaten du bidegurutzean bi bide izaten direla gutxienez, eta horietako bat bakarrik hartzen dela. Eta munduari buruz dugun ezagutzak esaten digu ordu bietatik hirurak arte ordu bateko desberdintasuna dela, eta hori hala bada, ezin dugula tarte horretan bi orduko siesta egin. Eta azkenean, nekez etorriko da gure hiletetara lehenik hileta izan duen norbait. Baina horiek guztiak ez dira gramatika kontuak.

beste desberdintasun bat ere hemen ikusten da. Demagun norbait badoala solairuz solairu, eta atez ate, hogei aldiz segidan esaten: “Jon etorri da”. Hogei aldiz esango du hori, hogei aldiz esaldi bera. Baina zenbat perpaus dago hor? Bat, jakina. Hara hor beste desberdintasun argi bat. Horregatik esaten dugu perpausa gramatikaren lehengaia dela, solasalditik eta hizkera bizitik gramatika kontuak azaltzeko asmatzen den kontzeptua. Perpausa eta esaldia bereizten ditugu, bai, zein bere mailan jarriz, eta nola perpausen artean badiren erlazioak, esaldien arteko erlazioak ere gertatzen dira, hainbeste mailetan. Esaldiek badituzte lotura sintaktikoak eta semantikoak, esate baterako. Jo dezagun ondoko perpaus hau:

  • nik ez dakit nola egiten den hori

BRAILE SISTEMAN IDAZTEKO TRESNABistan da perpaus hori (esaldia, norbaitek esaten duenetik) nekez ulertuko dugula bere osotasunean, huts-hutsean eta bera bakarrik azterturik. Zer da, esate baterako, hori delako hori? Horren erreferentzia ezin da agortu perpaus mailan, eta inguruak emango digu. Esaldi hori inguru jakin batean entzungo dugu, edo esan. Eta inguru horri esker jakingo dugu zertaz ari garen, inguruak ematen dio zentzu osoa, ulertu ahal izateko:

  • agindu didate itsu bati erakutsi behar diodala Braile sisteman irakurtzen. nik, ordea ez dakit nola egiten den hori

Orain ulertzen ahal da esaldiaren esanahia, testuinguruak ematen baitigu. Gainera, berriz, bestalde, dena den… bezalako lokailuek ere funtzio hori dute, lan hori egiten dute. Ikusten denez, hau guztia azaldu nahi denean, gramatikaren mugak gainditurik geratzen dira.

Perpausa da gramatikaren lehengaia, esan den bezala. Eta gramatikaren oinarrian kokatzen da perpausa, gramatikak perpausaren analisia, perpausak nola sortzen baitira, perpausen gorabeherak… aztertzen baititu. Baina bestetik esan dugu badirela hizkuntza fenomeno batzuk perpausa baino urrunago doazenak, perpausak ez baititu agortzen analisi mota guztiak. Hori betetzera datoz, esate baterako, Testu Gramatikak, testu gramatikek hori baitute helburu, alegia, perpausa baino zabalagoak diren inguruneak azaltzea. Atal honetan perpausaren gramatikaz ari garenez, muga argiak jarriko dizkiogu erakutsi nahi den gramatika honi. Perpausek badute, izan ere, ezaugarri berezi bat: perpausaren barnean dauden elementu guztiak kategorietan sailka ditzakegu (izenak, adberbioak, izenondoak… dira kategoriak). Horretarako aski da ikustea nolako distribuzioa duten. Horretan oinarriturik esaten dugu ikusi, esaterako, aditza dela, eta etxe, berriz, izena, edo gaur, adberbioa. Horrela konturatzen gara hitz hauek sail desberdinekoak direla, eta batzuek laguntzailea har dezaketela, eta beste batzuek ez: ikusi dut, adibidez, esan daiteke, baina ez *etxe dut. Eta batzuek mugatzailea hartuko dute, baina beste batzuek ez: etxeak, baina ez *gaurrak. Beraz, perpausaren barnean dauden hitzak kategorietan banatzen ditugu, eta gai gara, gainera, hitz horiek sintagmetan egituratu eta perpaus barneko mailak bereizteko. Horiek ez dira unitate beregainak, baizik perpausaren osagaiak. Baina hori ezin dugu egin perpausarekin berarekin. Perpausa beste perpaus batekin lotzen dugu, baina hortik sortzen den unitatea perpausa da berriz ere. Batzuetan perpausa izen baten barnean bil daiteke (etorri den gaztea), baina izen hori, berriz ere, goizago edo berantago, perpaus baten barnean bilduko da. Beraz, beti amaitzen dugu perpausarekin. Beti bada muga bat: nola norbaitek bere burua ispilu batean ikusten duen, eta ispilu horretan beste ispilu bat jar dezakeen nahi adina irudi sortuz horrela, holako zerbait hemen ere. Ispilu bat da abiapuntu, ispilua da perpausa. Baina barnean dituen elementu guztiak nahi adina biderkatzen dira, bata bestearen barnean txertatuz, errekurtsibitateari esker. Baina azkenean beti perpausa. Hori da gramatikaren abiapuntua eta gramatikaren muga. Horrela, perpausak kateaturik gera daitezke, maila desberdinetan (parean, bata bestean txertatua, eta abar), baina beti perpaus bakarra geratuko zaigu azkenean:

Perpausa
perpausa perpausa perpausa perpausa perpausa
1 2 3 4 5

Adibide horretan ikusten da, esaterako, aipatzen ditugun egitura mailak nola nahasten diren elkarren artean:

  • [ zein ongi kantatzen duen esaten dioten bakoitzean gorri-gorri jartzen da eta lasterka joaten da bere gelara liburu bat hartzera ]
  • [ [ zein ongi kantatzen duen esaten dioten bakoitzean gorri-gorri jartzen da ] eta [ lasterka joaten da bere gelara liburu bat hartzera ] ]
  • [ [ [ zein ongi kantatzen duen esaten dioten bakoitzean ] gorri-gorri jartzen da ] eta [ … ] ]
  • [ [ [ [ zein ongi kantatzen duen ] esaten dioten bakoitzean ] … ] eta [ … ] ]
  • [ [ [ [ ….] ] ] eta [ lasterka joaten da bere gelara liburu bat hartzera ] ]
  • [ [ [ [ ….] ] ] eta [ lasterka joaten da bere gelara [ liburu bat hartzera ] ] ]

Perpausen arteko loturak

Esan bezala, loturak egiteko erabiltzen diren hitz batzuk testu mailakoak dira, diskurtso mailakoak, eta perpausetik kanpokoko loturak egiten dituzte. Lokailuak deitu ditugu. Beste hitz edo morfema batzuek, ordea, perpausen arteko loturak egiten dituzte. Perpausak bakunak izan daitezke, edo elkartuak, ondoko adibide hauetan ikusten den moduan:

  • Peruk pilota galdu du mendian
  • Peruk pilota galdu mendian eta biziki haserretu da
  • Peruk esan digu pilota galdu duela mendian

Adibide horietan, lehenbizikoa perpaus bakuna da, eta beste biak elkartuak dira, esan nahi baita, lehenbizikoan perpaus bat bakarrik izanik, bigarrena eta hirugarrena perpaus batek baino gehiagok osatzen ditu (kasu honetan bi perpaus bakarrik, baina gehiago ere izan daitezke). Perpaus horien arteko loturak egiteko ez ditugu erabiltzen lokailuak, baizik juntagailuak eta menderagailuak. Egitura horiek honela isla ditzakegu:

  • [ Peruk pilota galdu du mendian ]
  • [ [ Peruk pilota galdu mendian ] eta [ biziki haserretu da ] ]
  • [ Peruk esan digu [ pilota galdu duela mendian] ]

Perpaus bakunak ez du lotura hitzik (ez bada testu mailakoa, baina ez da hori kasua: ez du perpaus gramatika mailako loturarik. Perpaus elkartuetan badira, adibide hauetan, bi motako loturak: juntagailua ikus daiteke bigarren adibidean (eta da juntagailu hori), eta menderagailua, hirugarren adibidean (-elako da menderagailu hori). Perpaus elkartuak bi motakoak izan baitaitezke: juntaduraz sortuak, eta txertaketaz sortuak. Lehenbiziko kasuan juntagailuak sintaktikoki parean dauden bi perpaus elkartzen ditu: [ Peruk pilota galdu du mendian ] batetik, eta [biziki haserretu da] bestetik, parean daude sintaxi mailan. Elkarketa egiteko, aldiz, txertatze bidea aukeratzen baldin bada, menderagailuak erabiltzen dira euskaraz: bistan da hirugarren adibideko bi perpaus horiek ez daudela parean sintaktikoki, [pilota galdu duela mendian] perpausa bestearen azpian baita: zer esan du Peruk? Eta [pilota galdu duela mendian] perpausak, zer horren tokia betetzen du: hori esan du, esango bagenu bezala. Juntadura juntagailuen bidez egiten da, baina batzuetan alborakuntza hutsa ere izan daiteke, lotura hizkirik gabekoa alegia:

  • Peru etxera etorri da, logelara igo da, liburuak hartu ditu, eta telebista ikusten jarri da

Perpaus elkartu konplexu horretan, hasierako perpausen artean ez da lotura hizkirik. Hori azkenekoan bakarrik ageri da (eta, hain zuzen ere). Lehenbiziko hiru perpausek ([ Peru etxera etorri da ], [ logelara igo da ], [ liburuak hartu ditu ]) ez dute inolako lotura hizkirik, baina bistan da perpaus bat osatzen dutela denen artean. Kasu honetan, juntadura alborakuntzaz egin da. Beraz, honela antolatzen ditugu funtsean perpausak, duten konplexutasunaren arabera:

PERPAUS MOTAK, konplexutasuna dela eta
perpaus bakunak perpaus elkartuak
juntadura menderakuntza
juntagailuaz alborakuntzaz menderagailuz
eta… -en, -ela…
Jon etorri da Jon etorri da eta logelan sartu da Jon etorri da, badakizu Jon etorri dela esan dute

Eskema horretan ikusten dira perpaus batzuen eta besteen arteko desberdintasunak, konplexutasunaren arabera. Hala ere, juntadura edo menderakuntza aipatzen dugunean, kontuan izan behar da, fenomeno hori es dela, hemen ageri den gisan, perpaus lokabeen kontua bakarrik: juntarua gertatzen da izen sintagmetan, perpaus lokabe nahiz mendekoetan, eta abar:

  • ateak eta leihoak
  • gaur eta bihar
  • etorriko zela eta erabakiko zuela

Horiek guztiak juntadura mota desberdinak dira, eta denetan ageri da juntagailua. Alborakuntzarekin ere antzera gertatzen da:

  • gaur-bihar
  • zeru-lur
  • goiz-arratsalde
  • bai astuna gizon hori, beti ziria sartu nahian dabil

Jarritako adibide guztiak perpaus mailakoak dira (edo apalagoak). Goiko eskemako sailkapena ere, ikusten den moduan, perpaus mailakoa da, eta hortik kanpo geratzen dira lokailuak, hauek, hasieratik esan den gisan, testu mailako, diskurtso mailako loturak baitira.

Gorago eskema orokorra paratu baldin badugu ere, bil dezagun hemen, laburpen gisan, zer motakoak diren lokailu hauek, banan bana aztertzen hasi aurretik:

  1. Emendiozko lokailuak: ere, bederen, behintzat, gainera, bestela, etab.
  2. Lokailu hautakariak: bestela, osterantzean, gainerontzean, etab.
  3. Aurkaritzako lokailuak: berriz, hala eta guztiz ere, ordea, ostera, aitzitik, alabaina, eta abar
  4. Ondoriozko lokailuak: beraz, orduan, hortaz, horrenbestez, eta abar
  5. Kausazkoak: zeren, zergatik, bada, eta abar

Lokailu hauen tokiari dagokionez, askatasun handia dute. Batzuetan perpausa irekitzen dute, beste batzuetan amaieran ere ageri ohi dira, eta tartean ere ez dira falta:

  • Ordea, Beñatek ez zuen batere ongi ikusten hartutako erabakia
  • Beñatek ez zuen batere ongi ikusten hartutako erabakia, ordea
  • Beñatek, ordea, ez zuen batere ongi ikusten hartutako erabakia
  • Beñatek ez zuen, ordea, batere ongi ikusten hartutako erabakia
  • Beñatek ez zuen batere ongi ikusten, ordea, hartutako erabakia

Dena dela, lokailu hauek badute joera mintzagaiaren eta galdegaiaren artean kokatzeko. Lokailu hauetako asko, kategoriari dagokionez, adberbioak dira, eta adberbio gisa galdegaiaren tokia dagokie berez. Baina, behin lokailu bihurtu ondoren mintzagairekin lotzen dira batez ere. Ondoko adibide hauetan ikusten da egiazko adberbio (aditzondo) baten eta lokailu bihurtutako adberbio baten arteko desberdintasuna:

  • Anton, hori berriz ikusi beharko da
  • Antonek, berriz, ez zuen ongi aztertu gaia

Lokailuak eta juntagailuak: antzekotasunak eta desberdintasunak

Sarritan ez da batere erraza izaten lokailuen eta juntagailuen artean bereiztea, biak erabiltzen baititugu mota bateko edo besteko loturak egiteko. Perpausak juntagailuen bidez egon daitezke juntatuak. Alboratuak ere egon daitezke. Lokailu bat sartuz gero, ñabardura berezi bat eransten dio loturari. Bestetik, anitzetan, gramatiketan nahasi izan dira batzuk eta besteak, denak zaku berean sortuz. Ez hori bakarrik: ez lokailuekin ez juntagailuekin zerikusirik ez dituzten hitz batzuk (baizik; bai,ez errepikaturik)ere sartu izan dira zenbaitetan haiekin batera: Patxik baizik ez daki hori, bezalako perpaus batean ageri den baizik hori, adibidez, guztien zaku komunean sartu izan da. Baina holakoak perpaus bakunaren barneko elementuak dira, eta ez diote nahitaezko erreferentziarik egiten ez beste perpaus bati ez diskurtso mailako beste zerbaiti. Adibide zehatz horretan, baizik markagarri bat besterik ez da, itxuraz ezezkoa den perpausari baiezko esanahia ematen diona (Patxik bakarrik daki hori). Baina hori ez da, bistan denez, ez lokailua ez juntagailua.

Alde batera utzirik, bada, lokailu edo juntagailu ez diren hitz horiek, zertan bereizten dira lokailuak eta juntagailuak elkarren artean?

  1. Aurrean emandako irizpide nagusia nahiko argia da. Eta hori da lehenbizikoa: lokailuek testu mailako loturen berri ematen dute
  2. Lokailuek aditzondo edo adberbio izaera dute
  3. Lokailuek egiten duten loturan ñabardura bat eransten dute askotan, eta perpaus batek aurreko perpaus batekin duen lotura “haria” –esanahiari dagokionez– uzten dute agerian
  4. Lokailuek ez dute perpaus elkarketarik sortzen, eta ez dute balio izen sintagmak, edo adjektiboak, edo adberbioak,… elkarren artean lotzeko
  5. Lokailuek, lekuari dagokionez, juntagailuek baino askatasun handiagoa dute perpausean
  6. Juntagailuak, ordea, perpausak elkartzeko (edo izen sintagmak, adjektibo sintagmak, eta abar) erabiltzen dira
  7. Juntagailuak ezin dira bat baino gehiago elkarren segidan jarri
  8. Baina lokailuak metatu daitezke. Batzuetan beste lokailu batekin agertzen ahal dira, eta beste batzuetan juntagailu baten aurretik:
  • euria ari zuen baina Mirenek ez zuen euritakoa hartu
  • euria ari zuen eta Mirenek euritakoa hartu zuen
  • *euria ari zuen eta baina Mirenek euritakoa hartu zuen
  • *euria ari zuen eta baina Mirenek ez zuen euritakoa hartu
  • euria ari zuen, eta Mirenek, ordea, ez zuen euritakoa hartu
  • Koldo kazetaria zen eta Jone, ostera, arkitektoa
  • Koldo kazetaria zen eta, gainera, hainbeste liburu bazituen argitaratuak

Azkeneko adibide horretan ikusten ahal da nola gainera lokailuak ñabardura bat eransten dion eta juntagailuari. Gauza bera gertatuko litzateke juntadura alborakuntza bidez egingo balitz:

  • Koldo kazetaria zen, gainera hainbeste aldiz egona zen Txilen, gainera urtero joaten zen Frankfurtera eta, gainera, oso ona zen pilota jokoan.

Hitz hauetan guztietan ere partikulak sor ditzake arazoak. Emendiozko lokailutzat hartzen badugu ere, ez dago batzuetan perpausetik urrunago joan beharrik horren esanahia zehazteko. Perpausean berean amaitzen du egitekoa:

  • Mikelek ere ikasi du ederki idazten

Badakigu, jakin, ere horrek zer suposatzen duen, eta testuinguruak ez du besterik argitu beharrik:

  • norbaitek ikasi du idazten

Baina batzuetan espresuki lotzen du testu mailako edo solas mailako beste zerbaitekin:

  • Mikel Afrikan barrena ibili eta arras gaixorik etorri zen etxera. Medikuak egin zion bisita eta zenbait pilula eman zizkion sukarra beheratuko zitzaiolakoan. Biharamunean odola eraman zuen azterketak egitera. Gaur horretan, medikua ere gaixotu zen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Testu mailako loturak: lokailuak eta diskurtso markatzaile batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3