Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:1

eta

eta juntagailu bezala ageri da maizenik, bistan denez. Beste hitzetan esateko, elkartzen dituen osagaiak arruntean perpaus berean daude, dela perpaus bakuna edo elkartua. Baina, hain arrunta ez bada ere, anitzetan ageri da lokailu gisa, perpaus edo pasarte bati hasiera ematen. Kasu horietan, eta horrek zer lotzen duen jakiteko testuingurua hartu behar da kontuan, eta diskurtsoaren hariak bakarrik argituko du kontua. Hona hemen adibide batzuk:

  • Hitzekin osatzen dugun oihala mehea izaten da gehientsuenetan. Huskeria bat, eta horra hor lapsus deitzen den zulotxoa, horra azpian zegoena agerian, horra sekretuan gorde nahi zena nabarmen. Eta ez zaio hordiari bakarrik gertatzen, edo histerikoari, edo izutuari; bere onetik aterata gadoenari. Nornahiri gertatzen zaio, zeinahi egoeratan (Lekuak, Atxaga)
  • Esan nahi zuen, noski, partikulartasun kulturalek galarazi egiten dutela ibilbide politiko lasaia. Eta arrazoi handia zuen, seguru asko. (Lekuak, Atxaga)
  • Ikusmena aztertzen zidaten bitartean, konturatu nintzen ez nintzela gauza letrak edo koloreak bereizteko. Letrak grekerazkoak iruditzen zitzaizkidan. Eta ikusi, berriz, zuri-beltzeko telebista batean bezala ikusten nuen guztia.. (Antropologo bat Marten, Olarra, X. / Sacks, O.)
  • Amy aldamenean izan ez balu, beren autoaren ondotik ere pasatuko zen konturatu gabe. Eta Bob eta biok harriturik geunden, ikusten baikenuen nola Virgilek, begiratu bai, arreta handiz begiratzen zuen, norbaitek hala eskatu edo zerbait seinalatuz gero… baina ez berezko joeraz. (Antropologo bat Marten, Olarra, X. / Sacks, O.)

Adibide horietan guztietan testu osoa irakurri behar da, ez bakarrik eta ageri den perpausa, jakin nahi baldin badugu zer lotzen duen partikula horrek. Denetan badirudi azalpen esplikatibo baten harira datorrela: “hau gertatzen da… eta… beste hau ere… eta ez hori bakarrik, beste hau ere…” edo holako zerbait esan nahiko balu edo. Esan bezala, hau maiz erabiltzen dugu, azalpenak emateko orduan, informazio orokorra gehitzeko bezala. Kasu horietan guztietan, eman diren arrazoiak direla eta, lokailua dela esango dugu. Ikusten denez, lokailu honen zeregina informazio generikoan halako hari bat jartzea bezala da. Baina, hala ere, eta denez gero lokailu tipiko eta aipagarriena, lokailuez arigarenean aztertuko dira hitz honen berezitasun guztiak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "eta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3