Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:2

ere

Emendiozko lokailua da ere, eta horrela idazten da gehinetan, “ere”, baina ahozko hizkeran beste modu batzuk aurkituko ditugu: batzuetan “e” luze bat egiten da, eta batez ere mendebalean, bizkaieraz, bere eta be dira maizen erabiltzen direnak. Aski arruntak dira forma hauek:

  • neuk bere badakit
  • Iñorenagaz aberasturiko izkuntz asko dakusguz arro ta lerden, alderdi guztietan euren buru apainduak erakusten; atera daiguzan guk be geure etxe barruko aberastasunak, apaindu daigun aldogun añan euskerea ta erakutsi daiegun erbesteko arerio ta erritar erbestetuai eztala illteko zorian bizi ta eztala gañera eurak uste daben legez ilgarria. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Asmatzalle ona zara orrattiño, esan eutsan bakaldunak, baña okerra be bai; eta gaur zuk egin erazo dozun bigurrikerijak ba-leukian amai onik ez ixatia (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")
  • Eta idazle alemaniarren antologia be hik hartu dok? (Berandu da gelditzeko, Iturriaga, U.)
  • Niretzat aski ixan dok; eta orain, ba, bixontzako be bai (Labartzari agur, "Txillardegi")

ere-k azpian duen suposizioa

Ikus ditzagun honako adibide hauek:

  • Koldok busa 6etan hartu du. Handik ordu batera, Mattinek ere hartu du.
  • botika saltzaile hori aski buru gogorra da. Baina semea ere ez zaio atzean geratzen.

Holako esaldiak arruntak dira arras euskaraz. Zer egiten du hor ere hitzak? Zer da ere hitza? Ikusten denez, aditzondotzat har daitekeen lokailu honek lotura bat adierazten du lehenago esandako beste zerbaitekin. Adibide horietan badakigu, lehenbizikoan, norbaitek autobusa hartu duela, eta Mattinek besteak egindako gauza bera egin duela ondoren, geroago, ordu bat pasatu ondoren. Bigarrena anbiguoago izan daiteke, baina testuinguruak uzten du argi zerekin lotzen den kasu honetan lokailua: aita holakoa da, buru gogorra, eta semeari berdin geratzen zaio. Horregatik esaten dugu eredun perpausen azpian badela aurresuposizio bat, eta suposizio horren gainean eraikitzen da solasa. Erreferentzia mundua, lokailua biltzen duen perpausaren erreferentzia mundua, zabalago bezala geratzen da.

Hori baiezkoetan nahiz ezezkoetan gertatzen da. Hona hemen ezezkako bat:

  • - ez dugu egun osoan ikusi Peru.
  • - Ez, eta Jone ere ez dugu ikusi.

Lokailu guztiek dute era bateko nahiz besteko suposizio bat azpian. Ezezka emandako perpaus horretan, esate baterako, badakigu “X” ez dugula ikusi: hori adierazten digu ere biltzen duen esaldiak. Ka su honetan “X” hori Peru da (aurreko esaldiak argitzen digu). Baina “X” hori (Peru) ez da bakarra. Eredun perpausak argitzen digu Jone ez ez dugula ikusi. Horra hor aipatzen ari garen suposizioa. Horren esanahia, noski, testuinguruak argitzen du, hemen berean ikusten den moduan.

ere-ren tokia

Ere lokailua hainbat modutan erabil daiteke perpausaren barnean; forma horiek jasoko ditugu lerro hauetan.

ere, mintzagai

Lokailu hau dagokion sintagmaren ondoan (ondotik) ageri da gehienetan, hori da erabilera arrunta, salbuespen batzuk baldin badira ere, geroago ikusiko dugunez. Hau da, hortaz, erabilera arrunta:

  • herri hau ere ederra da
  • honek ere ikasi du pintatzen
  • zaharrekin ere ederki konpontzen da
  • elurretan ere ez da gaizki moldatzen

Notre Dame-ko arrosa leihoa ERE ederra daHau oinarrizko araua du euskarak, zenbat eta urrunago joan tradizioan orduan eta indartsuago dena gainera:

  • [ herri hau ere ] ederra da
  • [ honek ere ] ikasi du pintatzen
  • [ zaharrekin ere ] ederki konpontzen da
  • [ elurretan ere ] ez da gaizki moldatzen

Gaur egun, ordea, gero eta maizago entzuten dira beste mota honetako esaldiak, hain zuzen ere inguruko hizkuntzen eraginez edo:

  • *ere guk badakigu hori
  • *ere andereño etorri da
  • *ere bai matekoak esan digu
  • *ere ez garela joan behar azaldu du

Hori, noski, ez da euskara. Lokailu honekin ezin baita esaldirik hasi, eta ezin da sintagmaren aurretik jarri inoiz ere. Beti zerbaiten ondotik doa, modu enklitikoan, azenturik gabe.

Batzuetan, lokailua biltzen duen perpausa isilean uzten dugu eguneroko jardueran. Horrela, “Miren ere etorri da” horren ordez, nolakoa den testuingurua bera, aski izan daiteke “Miren ere” esatea, perpausaren gainerako atal guztiak isilduz. Hori ere aski arrunta da hizkuntzaren erabileran:

  • - Peru hondartzara joan da.
  • - Eta Miren ere
  • - jokalari ona da hori, aparta.
  • - Eta Koldo ere

Perepaus horietan ere bakarrik doa eta horrekin bukatzen da esaldia. Isildurik dago ondotik etorri behar lukeen sintagma (adibideetan perpausa da), esan bezala:

  • Peru hondartzara joan da. Eta Miren ere (joan da hondartzara)
  • jokalari ona da hori, aparta. Eta Koldo ere (ona da, eta aparta)

Batzuetan, ere horrek ez du sintagma bat biltzen, eta perpausaren baiezkotasunari edo ezezkotasunari egiten dio erreferentzia. Horrela, beharbada adierazi nahi dugu Jon etorri dela, esaterako, eta Mirenek ere gauza bera egin duela: “Bai, etorri da”, izango litzateke azpian dagoen esaldia. Holakoetan, aski da bai edo ez jartzea. Hori, baiezko edo ezezko partikula hori, beti ere, aukerakoa da, eta mendebalean gehiago erabiltzen da ekialdean baino:

  • Peru hondartzara joan da.
  • Eta Miren ere bai
  • jokalari ona da hori, aparta.
  • Eta Koldo ere bai
  • Peru ez da joan hondartzara.
  • Eta Miren ere ez
  • ez da jokalari ona hori.
  • Eta Koldo ere ez

Holako testuinguruetan “Miren ere” edo “Miren ere bai” esatea berdina baldin bada ere, horrek ez du esan nahi itzuli hauek pare-parekoak diren, ezta inondik ere, segidan ikusiko denez. Bai horrek aditz sintagma ordezkatzen du. Itzul gaitezen goiko adibidera berriz ere (pixka bat aldaturik emango dugu hemen) eta ikus ditzagun eskura ditugun hautuak:

  • Peru hondartzara joan omen da.
  • Eta Miren ere
  • Eta Miren ere joan omen da
  • Eta Miren ere bai

Hor bada itxuraz beste aukera bat, baina aukera hori ez da egokia euskaraz. “Bai” hori aditz sintagma osoaren (“joan omen da”) ordez dago. Hori frogaturik geratzen da, ezin baitira biak batera eman:

  • *Peru hondartzara joan omen da. Eta Miren ere bai joan omen da

Zergatik ez da zuzena esaldi hori? Bada, bai horrek, hain zuzen ere, aditz sintagma ordezkatzen duelako. Horregatik esan dugu “Miren ere” eta “Miren ere bai”, biak erabil baldin badaitezke ere, ez direla arras parekoak. “Bai” hori aukerakoa izanik, aditz sintagma osoaren ordezkoa da. Aditz sintagma, hortaz, zuzenean gauza daiteke (“joan omen da”), “bai” esan daiteke haren ordez (“bai”), edo isildurik gera daiteke (_), ahoskatu gabe.

Itzul gaitezen orain berriz ere esaldi arrunt hauetara:

  • - Itziarrek hamar urte bete ditu
  • - Koldok ere (bai)

Lehenbiziko perpausean “Itziarrek” izen sintagma mintzagaian dago, mintzagaiaren lekua hartzen du. Bestetik, “hamar urte” galdegaia da (perpausa neutroa ez bada bederen). Hor ikusten da ere lokailuak “biltzen” duen sintagma mintzagaia dela edo, beste hitzetan paratzeko, ere lokailuaren ezkerraldean agertzen dena mintzagaitzat hartzen dugula. Mintzagaiak ematen dio perpaus osoari gero etorriko den informazioari buruzko erreferentzia, mintzagaiak zentratzen du, nolabait ere esateko, gero zertaz arituko garen:

  • mediku horrek ere, hobe zuen, beste anitzek egiten duten gisan, tratu egokiagoa emango balie eriei, hain ozpindua agertu gabe bere izateko moduan.
  • horiek ere, oraintxe berean joan dira hondartzara.

haur hau ERE gazte gizendu zenAzkeneko adibide horretan, “oraintxe berean” da galdegaia. Aurretik ere lokailua du, eta lokailuaren ezkerrean dagoena mintzagaia da. Hori de perpaus hauen egitura arruntean. Badakigu, hala ere, mintzagaia perpaus hasieran edo aditzaren ondoren ere ager daitekeela. Eta hori gertatzen da perpaus hauetan ere:

  • horiek ere, oraintxe berean joan dira hondartzara
  • oraintxe berean joan dira hondartzara, horiek ere
  • oraintxe berean joan dira, horiek ere, hondartzara

Hemen halako paradoxa moduko zerbait gertatzen zaigu. Demagun ondoko perpaus hau:

  • - Nora joaten da Miren igandero?

Erantzun posibleen artean hona hemen batzuk:

  • Miren, hondartzara joaten da
  • hondartzara

Bistan da, esandakoa kontuan izanik, “Miren” mintzagaia dela, eta “hondartzara” dela, berriz, galdegaia. Baina pentsa dezagun hori, Miren ez dela bakarrik hondartzara joaten igandeetan, eta norbaitek hau gaineratzen duela:

  • eta mendira ere

Zer gertatzen da hor orain? lehenbiziko kasuan “hondartzara” galdegaia dela eta bigarrenean “mendira” mintzagaia? Bai: hala da, ere lokailuaren aurrean, ere lokailuak biltzen duen sintagma, hain zuzen ere, ezin baita galdegaia izan, baizik mintzagaia.

Orain arteko adibideetan adizki perifrastikoak erabili ditugu. Zer gertatzen da, ordea, mintzagaia lokailuaren ezkerrekoa izaki, aditza trinkoa baldin bada? Ikus ditzagun adibide hauek (lehenik adizki perifrastikoekin hasiko gara):

  • Nor joan da hondartzara?
  • - Andoni joan da
  • - eta Mikel ere

Azkeneko hori, dagoen moduan, edo beste modu honetara eman daiteke, aukeran utziz aditza bera, lehen azaldu dugun gisan:

  • -eta Mikel ere joan da

Baina orain adizki trinkoa aukeratuko dugu hor:

  • Nor doa hondartzara
  • - Andoni doa
  • - eta Mikel ere
  • - eta Mikel ere badoa
  • - *eta Mikel ere doa

Azkeneko adibidea ez da gramatikala. Zergatik ez da erabiltzen horrela euskaraz? Esan bezala, ere lokailuaren ezkerrean dagoena mintzagaia baldin bada, aditzaren galdegai tokia hutsik egongo litzateke doa bakarrik esango bagenu, eta hori ezinezkoa da. Hor galdegaiak bete behar baitu tokia. Kasu honetan aditzaren baiezkotasuna markatzen duen ba- partikula horrek betetzen du galdegaiaren tokia. Horrexegatik diogu holakoetan, hots, ere lokailuaren ezkerrekoa mintzagaia izanik, horrek galdegaia eskatzen duela, eta galdegaiaren toki hori zerbaitek bete behar duela: dela ba- partikulak, aditzak berak, edo beste zerbaitek. Konpara, hortaz, ondoko adibide hauek:

  • Andoni ere joan da
  • Andoni ere badoa
  • *Andoni ere doa
  • Andonik ere badakar liburua
  • badakar Andonik ere liburua
  • badoa Andoni ere

Jakina: perpausaren edozein osagai edo sintagma izan daiteke mintzagaia, ere lokailua sartuz gero. Ikus dezagun honako perpaus hau:

  • Lehendakaria gaur dator Gasteiztik

Edozein osagai izan daitekeenez mintzagaia, hau gerta dakiguke:

  • Lahendakaria ere, gaur etorriko da Gasteiztik
  • gaur ere, lehendakaria etorriko da Gasteiztik
  • Gasteiztik ere, lehendakaria etorriko da

Horien esanahia ulertzea ez da zaila: “norbait etorri da Gasteiztik, eta lehendakaria ere etorriko da handik” (beste norbait + lehendakaria); “beste batean etorri zen lehendakaria, eta gaur ere etorriko da” (noizbait + gaur) eta, “Gasteiztik etorri da norbait eta lehendakaria ere handik heldu da” (Gasteiztik norbait + Gasteiztik lehendakaria). Beraz, kontuan izan behar da zer den horien guztien azpian dagoen galdera: “Nor ere?”, “Noiz ere”, “Nondik ere”. Beraz, lehenbiziko adibidean galde dezakegu honako hau:

  • Miren etorri da gaur Gasteiztik. Eta lehendakaria?
  • - Bai, lehendakaria ere (bai)

Baina ezingo dugu erantzun:

  • -*Gasteiztik ere

Honek erakusten du ere zuzen erabiltzeko orduan kontuan hartu behar dela, eta ongi interpretatu, testuinguru osoa, bestela gertatzen ahal baita perpausak ez izatea batere egokiak.

  • Noiz hartuko ditu oporrak Mirenek?
  • - uztailean
  • - eta urtarrilean ere
  • - *Jesusek ere

ere, esaldi konplexuagoetan

Orain arte ikusitako adibideetan, ere lokailua izen sintagma edo aditz sintagmekin lotua ikusi dugu:

  • Koldo ere
  • Gaur ere
  • bihartik ere
  • eta abar

Baina berez esaldi konplexuagoak direnetan ere berdin gertatzen da:

  • mahaia goratu ere, beti goratzen du bortxaka eta denak oheratzeko gaudela
  • esan ere, holakoak esaten ditu horrek bi aldiz pentsatu gabe

Bada hemen desberdintasun bat aurreko adibideekin erkaturik, orain, ere lokailuak ez baitu biltzen izen sintagma bat, aditz bat baizik. Itzuli horiek biltzen dituzten esaldiak zuzen ulertzeko kontuan hartu behar dugu norbaiti edo zerbaiti buruz ari garela mintzo. Eta ari gara esaten hau eta bestea egiten duela, horri buruzko xehetasunak ematen ditugula: hau hola egiten du, beste hura hala, eta “mahaia goratu ere” hola egiten du. Jo dezagun ari garela ume bati buruz, eta harriturik gaudela zein arin eta erraz ikasi duen mintzatzen. Eta orduan amak hau esaten digu:

  • idatzi ere, ederki idazten du

Hortik sortzen dira “irakurri ere”, “ikusi ere”, “ohartu ere” eta holakoak. Holako batzuetan, dena den, esan daiteke itzuli batzuek beren autonomia osoa hartu dutela: “izan ere” bezalakoak aski arruntak dira, eta esan daiteke horiek esapidetzat ere jo daitezkeela, lexikalizaturik bezala ageri baitira:

  • izan ere, nori pasatuko zitzaion burutik holako zerbait gerta zitekeela?

Ez du nahitaez hasieran joan beharrik, eskuinean ere agertzen baita:

  • zu entzuteko prest nago, egon ere

Ohart gaitezen kasu horetan “izan ere” semantikoki hutsik dagoen zerbait dela, ez baitu aparteko esanahirik eta edozein kontestutan erabiltzen ahal baita. Ez du nahitaez bat egin behar perpaus nagusiko “izan” aditzarekin:

  • Izan ere, jokalari horiek oso onak dira
  • Izan ere, hango bitxi guztiak lapurtu zituzten
  • Izan ere, Felixek ekarri zituen jostailu hauek guztiak
  • Nor naiz ni, izan ere, neure bizitzaz mintzatzen hasteko, gizon faun bat naizenean, ezdeus bezain guti-balio? (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Izan ere, nik baino hobeki dakizu, jaun André, aitzakia eta desenkusa bikaina gertatu zitzaiola Montaigneri bere galdegite hura, handik harat bere buruaz mintzatu ahal izaiteko, entseiuz entseiu. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Izan ere, Paris berezia zen hartan, eta Paris berezi hark bereganatu zuen aita hatsarretik. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • “Ez fida sagaratua eta ukiezina dirudien harrizko hitz betikoaz, zeren eta anitzetan zangoak buztinezkoak dituen: izan ere, ez ote ditugu harkaitzen iduriko hitz handiak asmatzen, eta ez ote ditugu haiek are handiagotzen eta lorifikatzen, haiek gero gu lorifika gaitzaten amoreakatik…? (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Izan ere, marxistentzat kapitalismoak bi klasetan banaturiko gizartea sortzen baitu: alde batetik, ekoizpen baliabideen jabe direnak, kapitalistak; eta bestetik, bere lana baizik ez dutenak, proletarioak. (Txanponaren bi aldeak, Heras, I.)
  • Izan ere, Ekonomia eta Diru Batasunaren ondorioz diru politika bateratua Europako Banku Zentralak ezarriko du. (Txanponaren bi aldeak, Heras, I.)
  • Kokagune horrek, izan ere, teatro baten oso antzeko kurbatura du. (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Xanti Iruretagoiena)
  • Izan ere, neronek ezin dut erloju-mota berririk asmatu, eta ez naiz hasiko besterenak direnak nireak direla esaten. (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Xanti Iruretagoiena)

Ekialdeko erabilera bat, eta beste erabilera markatuago bat

Badira beste agitura batzuk, hala ere, zertxobait nahasgarriago gerta dakizkigukeenak:

  • irakurri ere dut alkatea gaixotu dela
  • irakurri dut ere alkatea nola gaixotu den

Hor, ikusten denez, bi egitura berri azaltzen dira:

  • [ aditz nagusia ] + ere + [ aditz laguntzailea ]
  • [ aditz nagusia + aditz laguntzailea] + ere

Erabilera hau ez da orain arte ikusitakoak bezalakoak, eta hemen badirudi ere lokailua lekuz kanpo bezala dagoela. esan dezagun, hasteko, erabilera hauek aise mugatuagoak direla orain arte ikusi ditugunak baino, batetik; bestetik, ekialdean maizago erabiltzen dira mendebalean baino. Ikus dezagun lehenbizikoa: aditz nagusia + ere + aditz laguntzalea:

  • irakurri ere dut alkatea gaixorik dagoela

Horrek badu interpretazio bat nagusia, neutroa dena, nahi bada, eta ekialdean nahiz mendebalean egiten da. Testuinguru aproposa jarriz gero, berehala ulertzen da duen esanahia: “Irakurri dut hau eta bestea, hainbeste gauza. Eta irakurri ere dut alkatea gaixorik dagoela”. Interpretazio hau bat dator gorago aipatu den “mahaia goratu ere” bezalako egituretan ikusten denarekin. Beraz, zenbait gauza irakurri ondoren, hau ere irakurridugu. Hori da interpretazio arrunta, neutroa. Ekialdean, ordea, horretaz gain beste interpretazio bat ere ematen zaio. Bigarren interpretazio honetan badirudi perpausaren zati bat eskuin aldera bota dugula:

  • [ alkatea gaixorik dagoela ] ere irakurri dut
  • irakurri ere dut alkatea gaixorik dagoela

Hots, hemen, bigarren interpretazio honetan, kontua ez da lehenik zerbait “irakurri” eta gero beste zerbait “irakurtzen” dudala, ez. Interpretazio honek esan nahi du lehenik “zerbait egin” ondoren, zerbait egite horretaz aparte, “alkatea gaixorik dagoela” ere irakurri dudala. Beraz, bi interpretazio ditugu hor, bigarrena ez hain arrunta, esan bezala. Ere lokailuak ukitzen duen perpaus zatia (kasu honetan mendeko perpaus osoa da) luzeegia delakoan edo, eskuin aldera bota dugu, bere leku “naturaletik” kenduz.

Zer gertatzen da orain geratzen zaigun beste itzuliarekin (aditz nagusia + laguntzailea + ere)?

  • irakurri dut ere alkatea nola gaixotu den

Horren parekoa da beste esaldi hau ere:

  • hola pentsatzen dute ere Garcia Marquez idazlearen lanak oporretan aztertu dituzten irakurle guztiek

Esaldi horrek ez bi, baizik hiru interpretazio izan ditzake:

  1. Orain arte emandako markatu gabea: “zenbait gauza egin dute, eta egin duten horretaz guztiaz gain, beste hau ere pentsatzen dute” (egin + pentsatu)
  2. Emandako bigarren interpretazio mugatua: “zerbait pentsatu dute, eta hau ere pensatu dute, lehen pentdsatutakoaz gain” (pentsatu + pentsatu)
  3. Hirugarren interpretazioa: ere lokailua ez da perpaus osarekin lotzen, baizik bere eskuinean duen edozein sintagmarekin: “Garcia Marquez idazlearen lanak ere”, “oporretan ere”, “irakurle guztiek ere”, eta abar

Hirugarren irakurketa hau batez ere ekialdean egiten da, nahiz adibide bakan batzuk hegoaldean ere aurkitzen ahal diren (Mitxelenarenak, besteak beste). Jakina: ez da bakarrik euskalki kontua. Holako egituretan perpasaren esanahia arras anbiguo gerta daiteke, ere lokailua ez baitago dagokion tokian:

  • badakigu ere noiz etorriko den Miren, eta noiz Koldo, eta noiz Itziar

Hor ez dugu esan nahi beste zerbaitez gain badakigula noiz etorriko diren Miren, Koldo eta Itziar, baizik badakigula Miren ere noiz etorriko den, eta Koldo ere noiz etorriko den, eta Itziar ere noiz etorriko den.

Beste erabilera batzuk

Aurreko adibide batzuetan ikusten ahal denez, ere perpaus bakun baten barnean agertzen da, baina egitura koordinatuetan ere maiz aski. Hemen, ondoren, bi motako adibideak:

  • Mirenek ere badaki hori
  • Peruk badaki hori, eta Mirenek ere
  • Peruk badaki hori, eta Mirenek ere bai

Egitura koordinatuetan beste itzuli batzuk egiten ditugu, dena dela, aski arruntak direnak (berdin bai, nola ez partikulekin):

  • Peruk badaki hori, eta bai Mirenek ere
  • Peruk ez daki hori, eta ez Mirenek ere

Horiek guztiak dira egitura koordinatuak. Holakoetan, hala ere, ordena truka daiteke (“eta bai” / “bai eta”/“baita”; “eta ez” / “ez eta”/“ezta”):

  • Peruk badaki hori, bai eta Mirenek ere
  • Peruk badaki hori, baita Mirenek ere
  • Peruk ez daki hori, ez eta Mirenek ere
  • Peruk ez daki hori, ezta Mirenek ere

Hori da erabilera klasikoa: ”baita [….] ere“ Berdin aldaera guztiekin: “bai eta”, “ez eta”, “baita”, “ezta”. Erabilera klasikoa eta, nolabait ere esateko, euskal gramatikak eskatzen duena. Hala erabilzen dute idazle klasiko guztiek. Hala ere, batez ere XX. mendean beste erabilera mota bat nabarmendu da, eta ere lokailuak aurretik behar duen osagai edo sintagma hori atzera botatzen hasi ziren idazleak, ere lokailua eta juntagailuaren arrimura eramanik:

  • Peruk badaki hori, baita ere Mirenek
  • Peruk ez daki hori, ezta ere Mirenek

Jokabide hau, esan bezala, bestea baino modernoagoa da, eta ez da ongi egokitzen gramatikak eskatzen dituen arauetara. Esan behar da, dena den, segida hori beti perpaus hasieran ageri dela, ez perpaus amaieran:

  • *Peruk badaki hori, Mirenek baita ere
  • *Peruk ez daki hori, Mirenek ezta ere
  • Gainera, azpimarratu nahi nuke ” pelotavasca.com “ webgunea arras lagungarria izan zaidala ipuin horren asmatzeko, baita ere Gast eta Hakforden “When we were kings” filma. (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • Lagun baten etxean elkar ikusten zuten baita ere dantza egiteko. (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • Baita ere 'sexy'! (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • Hori hor jarri zuten gure bataioaren kontzientzia izan genezan, baina baita ere gure arbasoen erruak berritu gabe aurrera ibil gintezen; zeren erruak ezagutu egin behar baitira, onartu eta apaltasunez geureganatu (Aristi, P., Urregilearen orduak, 27. or.)
  • Gainera, iruditzen zait gertatu zaion esperientzia txiki horren aurrean liluraturik dagoela, baina baita ere haserre punttu batekin, seguru ez dakidalarik haserre horrek non dituen oinarriak (Aristi, P., Urregilearen orduak, 81. or.)
  • Eguraldi onarekin, eta bai erretratista eta baita ere argazkian irten beharrekoa geldi-geldirik egonez gero, argazkiak seguru ateratzen zituen. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Iratzarri zenean, dinosauruak artean han jarraitzen zuen, bai, baina pagorik ez zen ageri bere begien aurrean, eta ezta ere gailurrera igo eta harantzagoko haranaldeak ikuskatu zituenean. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Ez nuen gogo-berotasun gehiegi jarri nahi, baina ez nuen ezta ere axolagabekeria transmititu behar (Ihes betea, Lertxundi, A.)

Honaino ere juntagailu emendiozkoari dagokiona. Zeren bai baitira ere juntagailu honen beste erabilera batzuk, beste testuinguru batzuetan ageri direnak. Hasteko, esan dezagun lokailu hau beste lokailu batzuk indartzeko erabiltzen ahal dela: “hala ere”, “hala eta guztiz ere”; juntagailu baten ondoan ere agertzen ahal da, juntagailuaren balioa berdin dela: ”baina zuk ere egin behar duzu hori?“, ”edo Peruk ere gauza bera pentsatzen du?“, ”bestela ere, ez da batere ongi ibiliko hortik joaten baldin bada“; forma klixetu batzuetan ere ageri da lokailu hau: “batez ere”, “izan ere”; mendeko perpaus batzuetan: “etorri bada ere…”, “jakinik ere hala dela…”, “hori esatea ere…”, eta beste egitura hauetan: “inor ere”, “inoiz ere”, eta abar.

Laburtuz

Laburtuz, eta alde batera utzirik erabilera markatuak, esan dezagun hiru egoera direla nolabait ere azpimarratzekoak ere lokailuaren erabileran:

  • Erabilera arruntena, eta klasikoena: ere sintagma baten ondoren. Sintagma hori, zernahi dela ere, mintzagaia da arruntean: “Peru ere etorriko”. Erabilera hau komuna da Euskal Herri osoan.
  • Aditz nagusiaren ondoan. Bi interpretazio izan ditzake, bat arrunta eta euskaldun guztiek egiten dutena, eta beste bat Ekialdeko euskaldunek bakarrik egiten dutena. Ikus gorago.
  • Aditz laguntzaileraren ondoren. Ekialdekoek bakarrik erabilia arruntean. Biziki anbiguoa da interpretazio aldetik. Ikus gorago.
“Ere” lokailuaren erabilera
Euskaldun guztiekMendebaleanEkialdeanZuzena ez dena
Peru ere
bihar ere
aztertu ere egin dute
eta Jon ere
eta Jon ere bai
eta Jon ere ez
eta bai Jon ere
eta ez Jon ere
baita Jon ere
bai eta Jon ere
ezta Jon ere
ez eta Jon ere
eta bai ere Beñat
eta ez ere Beñat
baita ere Peru
ezta ere Peru
*ere nik…
*ere bai nik…
*ere ez nik…
*eta ere nik…
*Jon ere baita
*Jon baita ere
*Jon ere ezta
*Jon ezta ere
*eta ere Jon

Ikus hemen adibide gehiago:

  • Hori zen tenisa sortu baino lehenagoko jokoa eta ere kondatzeko moldea (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. / Etxarren, J. B.)
  • Ez da dudarik aroztegi onak bazirela, kanoiak eta ezkilak egiten zirenaz gain, bai eta ere aitzurrak, aizkorak, goldenabarrak (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. / Etxarren, J. B.)
  • Haren lanak ez dira orokorrak, baina bereziak, zortekoak, kasuan kasukoak, hala nola, Coimbrako koruak gogoraziko dion Laudorioaren eta gaitz erranaren liburua eta ere Otoitzeko eskuliburua (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Nahi zuen gaiak aztertzea filosofiaren, teologiaren, zuzenbide zibilaren eta kanonikoaren ikuspegitik edo beste batzuetan erraten zuen bezala, zuzenbide naturalaren eta positiboaren aldetik bai eta ere elizaren eta estatuaren legearen partetik. (Enkiridion, Azpilikueta, M. / Xarriton, P.)
  • Ez duzu ordea gorazarre lirain hortatik aterako, bihotza bera bizi dela gorputzaren beste alderdiak baino lehen, ez eta ere beste partetarik baino berantago urruntzen dela bihotzetik arima, ezen arima Jainkoak kreatzen du ezdeusetarik espreski prestatu eta egin duen gorpuzkitxoarekin batean, honen osotasunaren eta parte edozeinen substantzia forma baitezpadakoa izateko gisan, gorpuzkitxo delakoa gizaki egiazko biziduna zuti dadin, hori baita sinesmen arrunta, san Tomasek erran […] (Enkiridion, Azpilikueta, M. / Xarriton, P.)
  • Aurreiritzi horietarik libratzeko, bada, ez dut hemen erakuste beharrik zergatik egia den erran zaharra: laster egina, laster galdua; ez eta ere erraterik, izaera osoari begira, ea gauza guztiak berdin errazak diren ala ez. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
  • Ez da, beraz, nehondik ere erraten ahal Jainkoak pairatzen duela beste zerbaitengatik, ez eta ere substantzia hedatua ez dagokiola Jainkozko izaerari, zatikorra asma baledi ere, mugagabea eta betierekoa dela onartzen den ber. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3