Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:4

bestalde

Lokailu honen morfologia ere aski gardena da: “beste” + “alde”. Eta “gainera” lokailuarekin gertatzen zaigun kontu bera ikusiko dugu hemen ere:

  • Beste alde batean egin zuten etxea.Etxe polit asko dago munduan
  • Bestalde, etxe berri bat egin zion alabari.

Bistan da lokailu bezala bere autonomia hartu duela, testuingurua aldaturik, esanahia ere aldatzen baitu. Bigarren adibidean, “bestalde” beregaina da, eta aurrez emandako informazio bati beste zerbait gaineratzen dio, zerbait emendatzen dio. Gainera, baturik idazten da. Horrela, norbait egon daiteke kontatzen alaba beste norbaiten alaba ezkondu dela eta…:

  • Bai, joan den hilabetean ezkondu da, eta etxekoek zernahi eman diote. Bestalde, etxe berri bat egin dio aitak.

Jakina, hor, gainera jarriz gero, esanahia ez da sobera aldatzen, zerbait aldatzen bada.

Esanahia

Esanahiari dagokionez, aurretik emandako informazioari zerbait gaineratzen zaiola adierazten du: “Honako hau diogu, hau gaineratzen diogu, lehen emandako informazioari”. Edo, Bai, joan den hilabetean ezkondu da, eta etxekoek zernahi eman diote. Bestalde, etxe berri bat egin dio aitak. adibidera egokituz, hauxe gehituko lioke: “etxekoek lagundu bai, baina gainera etxe bat jarri ere”. Perpausean hainbeste tokitan agertzen ahal da, hasieran, amaieran eta tartean ere:

  • Jakin badaki, bestalde, zer egin behar den holakoetan.
  • Bestalde, hamar aldiz esan behar izan zion ez zuela merezi holakorik egitea.
  • Hori egin duenak badaki kalte handia egin duela, bestalde.

Beste lokailu batzuekin

Lokailu hau beste lokailu batzuekin ere ager daiteke, batez ere, “gainera” lokailuarekin:

  • Gainera, bestalde, oker bidea hartu zuen ohartu gabe ere.

Eta aski arrunta da beste juntagailu batekin, batez ere eta edo baina juntagailuekin, agertzea. Hori ikusten dugu ondoko adibideetan:

  • Eta, bestalde, nola egin dezakezue holakorik aldez aurretik hartu behar liratekeen neurriak hartu gabe?
  • Baina, bestalde, hura etorri zenean jakin zenuten etxe hartan uste baino arazo gehiago zegoela.

Adibideak

  • Gaurko adibideak:
    • Bestalde, haziari buruz bakarrik hitz egiten zuten; beraz, badirudi eskuari eragite hori “gizonen gauza” zela bakarrik. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
    • Bestalde, zenbat bider eta zenbateko maiztasunarekin masturbatzen garen ez du garrantzi handirik (L. Elberdin, Sexua noiznahi)
    • Klitoriaren estalgarria, bestalde, bat dator zakilaren prepuzioarekin. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
    • Baina, bestalde, arauak betetzen ez direlako daude. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
    • Esperientziak erakusten du, bestalde, lanaldi murrizketak gertatzen direnean sortzen den lanpostu kopurua, halakorik sortzen bada behintzat, ez dela lanaldiaren murrizketari buruz proportzionala izaten, aitzitik, askoz txikiagoa izaten dela. (Txanponaren bi aldeak, I. Heras)
    • Ongizate Estatua kritikatu nahiak, bestalde, aurkitu du beste mito edo metafora berri bat, nolabait ere gaiztakeriaren tesiaren inguruan metatu daitekeena: arrisku moral edo moral hazard izenekoa. (Txanponaren bi aldeak, I. Heras)
    • Ongizate Estatuan parte hartzen duten profesionalek argi eduki beharko lukete, bestalde, beste edozeinek bezalaxe, alor horretan egiten den gastuaren efikazia eta efizientzia areagotzea garrantzitsua dela; hau da, oso kaltegarria dela lupaz jarraitzen diren politika sozialen bidez jartzen diren helburuak erabat ez lortzea, eta bereziki, ez lortzea nahi diren helburuak, baizik eta okerreko batzuk. (Txanponaren bi aldeak, I. Heras)
    • Bertzalde, ez zegoen Sorbonako inoren aholkurik aditzeko. (Mailuaren odola,Epaltza A.)
    • Doluz gaude denok hemen, baina bertzalde ere bozkarioz beteak, gure artetik haren beldur urrundu zirenak itzultzen ahalko baitira gaurgero…“ (Mailuaren odola, Epaltza A.)
    • Kezka zuen, bertzalde, halako lekualdatze batek kalte eginen ote zion bere arima bekataria behin betikoz erredimitzeko proiektu behin eta berriz geroratuari. (Mailuaren odola,Epaltza A.)
    • Ezin hurbilduz berebilez ibili gira, bainan itzulian, ez joaiteko ondotik ikusi gabe, urrundik lotuz, gure mendixka garaitu dugu, oinez pottokak bezala, eta delako Unibersitateren inguru guziak begistatu: itsaso zabala alde batetik, mendi ederrak bertzaldetik, herria azpian, zerua gainean, gure etxea eraikia hor ahal bezain gora, Jainkoari hurbilago izaiteko bezala. (Herria, “Itzuli bat Kantabria eskualdean”)

bertze alde, bertzalde

Jatorriz, ekialdeko idazleek erabili izan dute, bertze alde, bertzalde bezala, baina XX. mendetik aurrera mendebalean ere aurkitzen da. Hor sortzen da, jakina, bestalde.

  • Bertzalde aberastasunez eta erregetasuneko distiaduraz axola gutiegi dukezu distiadura hura erosi nahi izaitekotzat populuen manamenduak dakarken endresuez. (Telemake, Duvoisin)
  • Bertzalde, ezin ahantz Michel Garicoits Ibarreko saindua haurrean ikhusirik; ez bazion ere meza lagundu aldi bat edo bertze, bere herritar famatuari. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  • Bertzalde, urri hartan guzian lanik aski emaiten zioten etsaiak, nehor sobra luzaz bere amets dorpeekin egoiteko. (Piarres, Barbier)
  • Ordean nola harturen naiz diru haren eskuratzekotzat? Gizon hark ez nau ezagutzen, ez nik ere hura; ez dakit, bertze alde, herri hetako bidea. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Bertze alde, zer jakitate behar da, berrien igortzeko? Aski da ez izaitea alfer eta zikhoitz. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)

bestaldetik

Esan dezagun, azkenik, bestalde honen aldaera bat besterik ez dela bestaldetik lokailua. Goiko edozein adibidetan jar daiteke bestaldetik esaldiaren zentzu eta esanahia, estilistika kontua ez bada, ezertan ere aldatu gabe.

  • Bai orixe! Bestaldetik, berriz, naiko eskasak ziran lenago ere gariak-eta, etzetorren andik galkuntza aundirik. (Uztaro, "Barrensoro")

Bertzaldetik aldaera ere bada Ekialdeko euskalkietan:

  • Eta zer on eztatxeizko aphalesguneari arimakotzat? Bertzaldetik berriz zein ikharagarriak diren hantustearen edo urguiluaren ondorioak! Jainkoa enferratzen zajo hantustetiari, eta bere graziak nasaiki ematen diotza aphalgurari; berak erran dauku hori asko lekhutan. (Meditacioneac, Duhalde)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bestalde", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3