Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:5

halaber

Emendiozko lokailu honek ekialdean dauka jatorria. Han hedatua zegoen, eta Nafarroan ere bai, idazleen lekukotasunek erakusten duten bezala. Euskara Batuan, egia esan, arrakasta handia izan du. Gainera eta bestalde lokailuekin gertatzen den gisan, hitz honen morfologia aski gardena da. Halde batetik hala dugu, adizlagun modala, eta bestetik ber- aurrizkia euskaraz aski erabilia dena: berrehun hitzean, edo berriz, bera, berregin eta holakoetan ageri dena.

Aurrizkia izateaz gain, Ekialdean hitz beregain gisa ere erabiltzen da:

  • Hotzik ez den ber, abia gaitezke. (Diccionario manuscrito vasco-francés, Duvoisin)

Eta atzizkia balitz bezala ere ageri da aditzekin:

  • Ona den ber.

Esateko modu horiek, mendebalera joanez, hola emango lirateke:

  • Hotzik egiten ez badu / egiten ez duen bitartean… abiatuko gara.
  • Ona dela onartuz…

Suposizio bat adierazten du horrek. Beraz, hori da halaber lokailuaren morfologia.

Esanahia

Hori dela eta, berehala ikusten da esanahia ere gehitze moduko zerbait dela: “modu berean”, “gisa berean”… eta abar. Emendiozko lokailua da, hortaz:

  • Debekatu dute pilotan aritzea. Halaber, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute.
  • Ez da egia Peruk hori esan duela. Eta ez da egia, halaber, faltsukerietan ibili dela.
  • Gogoan dut, halaber, nola hilabete hartan etorri zen osaba Alfontso Ameriketatik, Mexikon hamar urte pasatu ondoren.

Emendiozkoa denez, ez da batere zaila emendiozko beste lokailu batzuekin ordezkatzea halaber:

  • Debekatu dute pilotan aritzea. Gainera, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute.
  • Ez da egia Peruk hori esan duela. Eta ez da egia, gainera, faltsukerietan ibili dela.
  • Gogoan dut, ere, nola hilabete hartan etorri zen osaba Alfontso Ameriketatik, Mexikon hamar urte pasatu ondoren.

Edo, gaineratze hori adierazten duen beste itzuli batekin:

  • Debekatu dute pilotan aritzea. Gauza bera, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute.

Tokia

Adibide horietan ikusten denez, halaber perpaus hasieran joan daiteke, baina berdin tartean (mintzagai hanpatuaren ondoan, edo aditzaren ondoan) edo amaieran ere, nahiz toki horretan gutxiagotan ageri den. Gainera, halakoetan badirudi aditzondo hutsa dela:

  • Debekatu dute pilotan aritzea. Halaber, hormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute.
  • Debekatu dute pilotan aritzea. Hormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute, halaber.

Literaturako erabileran garbi aski ageri da lokailu honen askatasuna perpausean. Eta horrek berak erakusten du aditzondoa dela, lokailu funtzioan, eta testuari lotura emateko erabiltzen dela, informazioaren haria gal ez dadin.

Ondoko adibide hauetan ikusten da hemen dioguna:

  • Halaber, Mireni ere esan beharko diogu etortzeko.
  • Miren, halaber, egun hartan gaixotu zen.
  • badakizu, halaber, hamarretan aterako dela trena.
  • kontatuko dizut, halaber, zer gertatu zen orduan.

Ikus ditzagun adibide gehiago:

  • Klasikoak:
    • Halaber da Baionaren izen egiazkoa: Ibaiona. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Ogi landa eta mahasti zenbeit halaber, han hemenka; bai eta lur-sagar kutsua. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Ez dugu astirik sakristiak dauzkan elizkizunetako untzi eta jauntzi aberatsen ikusteko; ikusi gabe utzi behar dugu halaber komentuko liburutegia, adituak girelakotz berdin ez dela gehiago han Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilar-estalgiarekilako liburu handia. (Beribilez, Etchepare, J.)
    • Nere bihotz guziaz halaber gomendatzen derauzkitzut nere etsaiak eta gaizki zonbait egin ahal derautaten guziak; ahantz bekizkitzu heien bekhatuak eta nereak, nere bihotzetik khen itzatzu khiratstasun eta gaitzirizko guziak. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J.P.)
    • Halaber hautskitzu ni baithan bekhatuaren lokharriak, nohan ni-ere umerri nothagabeari jarraikitzen diren sainduetara. (Liburu ederra, Duvoisin)
    • Har zazue halaber. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
    • Halaber ohoratü eta obeditü behar dütügüla gü beno zaharragoak, Eliza gizonak, kargütan direnak oro, hain espiritualekoak, nola tenporalekoak. (Catechima laburra, Belapeyre)
    • Ohatuen utzi duzu ikhusteko kargua, Baita presuner gaxoen halaber gaztelua. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
    • Ordea nola lur-lantzea, aphaintzea, laboratzea, eta begiratzeko beharrean eta premian ere iartzea, bekhatutik sortzen eta heldu diren xertoak, landareak, fruituak eta ondoreak baitira, eta oraino orduan ezpaitzen bekhaturik, eta ez bekhaturen aierurik, omenik eta ez aiphamenik ere, badirudi ezen etzela halaber, oraiño orduan, parabisu haren lantzeko, eta begiratzeko premiarik. (Guero, Axular)
    • Hala komunzki izanen da bada halaber, bizi deiño deabruaren zerbitzuan erroak eginik egon dena ere, hiltzen denean, deabruaren, eta ez orduan Iainkoagana makhurtuagatik Iainkoaren. (Guero, Axular)
    • Zeren eskiribatzen den gauza, hobeki pensatzen eta konsideratzen baita, berehala solhasean erraiten dena baiño: bai halaber, halatan huts ere gutiago egiten. (Guero, Axular)
    • An bizi zan alaber Ana izeneko andre profeta bat, Fanuelen alaba ta Aseren yatorrikoa. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
    • Jainko bat adora ezazu, alaber maita osoki. (Cristau doctriñ berri ecarlea, Ubillos)
    • Urteoro alaber konbeni lizake urtearen konferio jenerale bat suplizeko urteasko konferioetan akaso izan diren faltak. (1780ko testu batzuk, Lizarraga)
  • Egungoak:
    • Edo ez al da egia, halaber, ezen Historia, eta gure egunorozko historiak, berdin faltsu daitezkeela nola alferrik erantsiarekin hala ahantziarekin, edo berariaz isilduarekin ere? (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • “Jaso nuen zure gutuna, zeinak zure asmoen berri eman baitzidan, eta jaso dut, halaber, gure zerbitzu sekeretuen informazinoa, zuri eta zure familiari buruzkoa” (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Ez dira ahaztu behar, halaber, etxiya bezalako silaba moldaketak4, noizbehinkakoak izanda ere erakusten baitute kantari horrengan azaleko baldintza fonetikoak ezaugarri fonemiko oinarrizkoen gainetik nagusitzen direla. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
    • Esaterako, ezetz esateko egiten diren hots batzuk klikak izaten dira, eta, halaber, zerbaitekiko etsipena edo ezina adierazten duena eta haurrei debekua edo kontuz ibili beharra adierazten diena. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
    • Garbi zitzaion halaber, amak ez zuela arazoaren nondik norakoen azaltzeko gutiziarik. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Hamar kilometro urrunago Graxiren oin txikiak nekatu ziren; mintzatzeko ahalmena halaber urritu zitzaion; aitari ez zion ezer galdegiten, salbu. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Lanean elkarrekin jarri gintuzten arte, nik halaber ez nizkian beltzak biziki estimatzen. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Larruaren epelaz eta betazalen higiduraz halaber. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Ez zuen bizia biderkatzen, ildozkatzen eta neurkatzen zion zurrunbilo horren azkenik antzematen, bukaerarik gabekoa baitzen, mundua adina zabala, zerura iristeko orratz zuloa bezain txikia halaber. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)

Beste zerbaitek lagundurik

Ez da beti bakarrik ageri. Bistan denez, eta beste lokailu batzuekin getrtatzen den gisan, ez da harritzekoa eta juntagailuaren ondoan erabiltzea:

  • Eta halaber, oroitzen da ederki aski noiz hartu zuten azkeneko gutuna Kaliforniatik.
  • Kale guztietan zehar pizten dituzte suak. Eta halaber, etxeetako argiak piztu bederatziak jotzen dituenean.

Batzuetan baiezko nahiz ezezko partikulekin batera erabiltzen da, eta juntagailua ere aldamenean izan dezakeela edo ez:

  • Horrek ez du legatzik jaten. Ez halaber amuarrainik ere.
  • Urtero joaten da Lisboara. Bai halaber Santiagora ere.Lisboa oso hiri ederra da
  • Ez da komeni hotza egiten duen tokian ikasten ibiltzea. Ezta halaber, bero gehiegi egiten duen lekuan ere.
  • Irratian bi aldiz agertu omen zen. Baita halaber, beste lau aldiz telebistan.

Esan dezagun, azkenik, batzuetan modu konparazio lokailu gisa erabiltzen dutela autore batzuek, nola….hala egin beharrean nola….halaber egitura erabiliz:

  • Nola entrenatu behar baitu jokalariak partida ongi jokatu nahi badu, halaber egin behar du piano jotzaileak ere egunen batean kontzertua xuxen eman nahi baldin badu.
  • Nola urak bere bidea aukerkitzen duen ororen gainetik, halaber demokraziarik ez den herrialdeetan jendeak ere bere bidea topatzen du askatasunez bizitzeko.
  • Hala-nola Aphezak, meza erratean, eskeintzen baitu sakrifizioa, bai beretzat bai bertze fededunentzat, halaber elizan aurkhitzen direnek berdin eskein dezakete harekin batean, nahiz beretzat, nahiz bertze zaizkotenentzat eta behar-ordu guzientzat. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J.P.)
  • Izpiritu sainduaz zure dizipuluak argitu eta borthiztu zinituen bezala, halaber Jauna, garbi eta hazkar zazu nere bihotza. (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Marseillen egun hautarik batez hola hola mintzatzekoa baita gure prefet guzien buruzagia, Canbes delako arnegatu fraide hura, halaber hil-gogor eror baladi han berean, ez dakit, ez hango, ez hemengo, aditzaleak beren baitan sar litazkenetz; ikus lezaketenez hor Jinkoaren hatza, ez dakit. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, Jean)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "halaber", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3