Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:6

berebat, orobat

berebat eta orobat lokailuak antzekoak dira. Ikus ditzagun hemen, banaka-banaka.

Artikulu honetan

berebat

Berebat lokailua halaber lokailuaren pare-parekoa da. XVIII. mendetik aurrera ikusten da euskal testuetan, Mendebalean bakarrik:

  • Denen artean ikusi behar dugu, berebat, zein den biderik zuzenena ataka honetatik ateratzeko.
  • Irlandan bizi direnei “irlandar” deritze, eta, berebat, “italiar” Italian bizi direnei.

Ikus ditzagun lokailu honen zenbait adibide:

  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Ezin neure aldetik, andrea, bertzerik opa ezkontza horri, ez bada izan dadin hain zoriontsua nola baita nirea, zeina baita berebat zuk obratua, eta zeinaren kariaz egunean egunean bizikiago eskertzen baitizut. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
    • Berebat hari zor baitizkiot Volanges andereñoa zure alabaren ezteiak gibelatu izanaren okasioz erraten dizkidazun begirunezko eleak ere. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
    • Azkenean, adiskide ederra, urrats bat aitzina egin dut, urrats bat zinez handia, zeinak jomugaraino eraman ez banau ere, jakinarazi baitit bederen bide onean naizela, eta aienatu baitit berebat desbideratzeko nuen beldurra. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
    • Berebat, harresiak zingira-lurretan egin badira, eta zingira horiek itsaso inguruan badaude, eta iparraldera edota iparralde eta ekialde bitartera begira jarrita, eta zingira horiek itsasertzeko kosta baino garaiago baldin badaude, zentzuz eraikita daudela ikusten da. (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / S. Iruretagoiena)
    • Berebat, jantzi zuri batean bilduta hartu, eta ondoren, igurtzi edo astindu eta oihala zikinduta geratuko ez balitz, hau da, lur-arrastorik geratuko ez balitz, hori ere egokia izango da. (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / S. Iruretagoiena)

orobat

Orobat ere halaber bezalakoa da, esanahi eta erabilera aldetik. Baina berebat ez bezala, hau gehiago erabili izan da Ekialdean eta Nafarroan. Gipuzkeraz ere bai.

  • Musikari dagokio, orobat, jendea pozteko eta alaitzeko duen gaitasuna.
  • Orobat deseginik utzi ditu gerra horrek.

Ikus adibide gehiago:

  • Klasikoak:
    • Halere, agertu duen poxitik ezagun da zer koblari den; erran nahi dut hoberenetarik dela, ez baita orobat Eskual-herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elissanburu zena eta Zalduby. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Gutiak dira, orobat, dakitenak gure Harpeko urari eskerrik gehiena eman dakotenetarik bat izan dela *Zalduby koblakaria. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Orobat usantza on bat da larunbat arratsetan gutixago jatea, barur-egunetan egiten den bezalatsu, Andre dena *Mariaren ohoretan. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Egungoak:
    • Genero horrek debekuak behar baititu; aisiarako denbora eta dirua baduen eta lan egiteko beharrik ez duen jendea behar du; eta behar ditu orobat elkarri gaizki esaka eta elkarren zelatan ibiltzea zeregin nagusi zuten eta XVIIIø mendeko goi mailako gizarteak hain maite zituen lagunarte eta bilkura haiek. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)Koro Navarro
    • “Harreman arriskutsuak” zorretan dago orobat XVIIIø mendearen bigarren erdian arrakasta handia izan zuen genero batekin: sentimenduaren eta grinaren nobelarekin.(Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
    • Une hartan zabaldu ziren orobat Indiarako eta Txinarako lehorreko merkataritza-bideak, Marco Polo veneziarraren kontakizunak deskribatzen duen bezala. (Ekonomiaren globalizazioa, Adda / Navarro, K.)
    • Probintzia Batuek ez bezala - Amsterdamgo Bankua baitzuten haiek -, eta Erresuma Batuak ez bezala orobat - 1694an sortu zen Ingalaterrako Bankua -, Luis XIV.aren Frantziak ez zuen ez jaulkipen-erakunderik, ez banku zentralik. (Ekonomiaren globalizazioa, Adda / Navarro, K.)
    • Gas noble esaten zaie, orobat, eta eztabaidatzekoa litzateke ea benetan noble guztiak diren geldo eta geldo guztiak diren noble; gas arraro ere esaten zaie, azkenik, nahiz haietako bat, argoi delakoa, “Eragingabea”, ehuneko baten proportzio ez batere eskasean sartzen den airearen osaketan: alegia, hogei edo hogeita hamar […] (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
    • Horretaz barreneraino kutsaturik dago yiddisha, eta orobat zegoen, bere muga apaletan, lur honetako gure arbasoen hizketa bitxia ere, zeinaren gomuta ekarri nahi baitut hona, galdu aurretik: hizketa eszeptiko eta onbera, izan ere, arretarik gabeko azterketa batek baino ez bailezake har biraogiletzat, zeren, aitzitik, konfiantza bete-betea erakusten […] (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
    • Badira gero prestutasun eskaseko hitz batzuk, sortatxo bat baino ez, zeinak ez baitira soilik haurren aurrean berezko zentzuan erabiltzekoak, baizik eta, orobat, biraoen ordez: horretan, hain zuzen, italierazko zein piamonterazko hitz baliokideekin erkarturik, badute, aipatu dugun ezin ulertu izanarenaz gainera, beste abantaila bat ere: ahoa zakar larrutu gabe bihotza arintzearena, hain zuzen. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
    • Orobat kontatzen da ezen, etzangu horretarakoxe bidea ez zitzaiola ezezagun delako havertà harixe, eta, lehenbiziko urteetan bederen, osabaren gogozko itxialdi hura han beheko kafetxean billarrean jokatzera joateko gau-irtenaldiz etena izan zela. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
    • Adiozko mozkorraldia zen, orobat. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "berebat, orobat", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3