Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:1:7

behintzat, bederen, behinik behin, bederik

Emendiozko lau lokailu aztertuko ditugu hemen, “markatuak” direnak.

behintzat

Lokailu hau ere, forma aldetik, aski gardena da: behin adizlaguna dugu alde batetik, eta -tzat destinatiboan eta prolatiboan ageri den atzizkia, bestetik:

  • amaren-tzatSemetzakoa, semetzat hartzen dena da
  • zure-tzat
  • seme-tzat
  • alkate-tzat
  • gazte-tzat
  • behin-tzat

Erabilera

Euskalki guztietako euskaldunek erabili izan dute, zubererazko autoreek izan ezik. Egia da, bestetik, Iparraldeko autore anitzek ere ez dutela erabili historian zehar. Batzuetan behin bezala ere ageri da gure autoreen artean, -tzat atzizki hori gabe. Lokailu hau ere emendiozkoa da, baina orain arte ikusitakoekin ez bezala, lokailu honek egiten duen emendio lana ez da gaineratze hutsa, baldintza estuagoak eta zurrunagoak eskatzen baititu erabiltzeko orduan, besteekin konparatzen baldin badugu. Horregatik sailkatu dugu, hasierako laukian, erabilera “markatua” duten lokailuen artean (besteak behinik behin, bederen eta bederik dira). Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Jokin joango da. Miren ere.
  • Jokin joango da. Eta Miren ere.
  • Jokin joango da. Halaber Miren.
  • Jokin joango da. Eta orobat Miren.

Horietan guztietan zail da ikustea nolako ñabardurak dauden esaldi batetik bestera. Badirudi denetan gauza bera esaten dugula: “Jokinek egiten duena, hori egingo du Mirenek”. Beraz, biak multzo berean sartzen ditugu. Ikus dezagun orain ondoko hau:

  • *Jokin joango da. Miren, behintzat, bai.

Ez dirudi esaldi horrek zentzu handirik duenik, nahiz hemen ere, aurrekoetan bezala, gainerako emendiozko lokailuen testuinguru berean jarri dugun behintzat. Baina zerbaitek erakusten digu ezberdina dela, eta beste baldintza batzuetan bakarrik erabili behar dugula. Ikus honako beste adibide hau:

  • Ez dakigu Jokin joango den. Miren behintzat, joango da.

Aurreko adibideetan “Miren eta Jokin” multzo berean sartzen genituen, baina hemen zalantza erakusten dugu. Ez gaude ziur multzo berean egongo diren edo ez: Jokin joan daiteke, eta joaten baldin bada Miren ere joango da (multzo bera) edo, Jokin ez da joango, nahiz Miren joango den (bi multzo). Segurtasun ez horretan erabiltzen dugu behintzat, esateko ez dakigula besteekin zer gertatuko den, baina delako “X” honekin (“Miren” kasu honetan) segurtatzen dugu adierazi nahi duguna gertatuko dela.

Esaldia ezezkoan jarriz gero, ikus dezagun zer gertatzen den:

  • Miren, behintzat, ez da joango.

Badirudi hor esperoan genuela Miren norabait joango zela, baina azkenean, espero genuenaren aurka, Miren ez doa. Holako zerbait adierazten dugu horrekin. Berdin, baiezkoetan gertatzen den gisa berean, baiezko edo ezezko partikularekin idartzen ahal dugu lokailua:

  • Miren behintzat bai, joango da.
  • Miren behintzat ez, ez da joango.

Kokapena

Ikusten denez, anitzetan mintzagai hanpatuaren ondoren ageri da:

  • Miren, behintzat, gaur etorriko da.
  • Nik, behintzat, ez dut holakorik entzun.

Esanahia

Ohartzen bagara, behintzat lokailuak adierazten digun esanahi bertsua dute, berdin-berdina ez bada, bederen, segurik, bederik edo behinik behin lokailuek ere, nahiz euskalkien arabera ez diren denak berdin erabiltzen. Gutxienez ere erabiltzen da orain maiz aski, esanahi bera duela, baina badirudi hori lotuago dagoela zenbatasunarekin:

  • Horrek baditu laurogei urte, gutxienez.

Gabriel Garcia Marquez Lokailu hauek guztiek presuposizio bat badute azpian. Presuposizio horren nolakotasuna testuinguruak berak erakusten digu:

  • Sei liburu behintzat idatzi ditu.

Holako zerbait entzunez gero, badirudi esaldi horrek ez duela zentzu gehiegi. Baina García Márquez idazleari buruz ari baldin bagara, orduan esanahi betea izango luke. Arruntagoa litzateke, holako beste zerbait entzutea:

  • Liburu bat behintzat idatzi du.

Berdin gertatzen da honako adibide hauekin:

  • Frantziako txirrindulari itzulia behintzat idatzi du.
  • Nobel saria behintzat irabazia da.

Horiek nekez ulertuko genituzke testuingurua argi ez balego. Baina jo dezagun eztabaidan ari garela norbaitekin, eta norbait horrek zalantzat jartzen duela eztabaidan agertu den txirrindulari baten meritua txirrindulari ona izateko. Orduan, kasu horretan, adibide horrek esanahi betea hartuko luke, eta aski naturala izango litzateke. Eta, berdin, zientzialari baten merituak zalantzan jartzen ditugula eta, Nobel saria behintzat irabazi duela baieztatzea aski naturala litzateke.

Tokiari dagokionez, perpaus hasieran agertzen ahal da arazorik gabe, nahiz ez den hain maiz ageri leku horretan. Gainera, hola ageri delarik “lehenbizikorik” edo “hasteko” ere esan nahi dezake, euskalkien arabera. Tartean ere ageri da, mintzagaiaren ondoren, eta perpaus amaieran ere:

  • Behintzat, Joxe Marik ez du berriz ere holakorik esango.
  • Joxe Marik, behintzat, ez du berriz ere holakorik esango.
  • Joxe Marik ez du berriz ere holakorik esango, behintzat.

Esan bezala, hasieran ageri denean, “lehenbizikorik” esan nahi dezake, euskalkien arabera. Eta harridurazko esaldietan, “seguru”, “horixe bai”, “segurki” esan nahi dezake. Kontzesio kutsua ere izan dezake zenbaitetan.

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
    • Bai, beintzat; irabazi be egin dozak-eta eure jasagaz, maskelutzar orrek. (Bertolda'ren maltzurkeri zurrak, "Otxolua")
    • Eskatu beintzat lenbizi, ta gero, ezin bada, gogorrean badaude, utziko zaio. (Garoa, Aguirre, D.)
    • Orrela esan zioten beintzat Ana Josepari Berrizko sagar saltzalle batzuek, eta orregatik billatu degu ain muker ta añutsu. (Garoa, Aguirre, D.)
    • Ez aurreko urteetan bezain ondo; baña, tira, bukatu ditut, beintzat, nere ikasibearrak. (Uztaro, Agirre, T.)
    • Oraingoan ez lengoan bezela, zar edo gazte, makilla ta guzi, edo zuzenago esateko, makill utsez, asko beintzat. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
    • Alderdi guztietako sagardantegi ta ardantegiak, danak izaten dira bardin samarrak, itxas errietan beintzat. (Kresala, Aguirre, D.)
    • Behintzat bat bazen, haren atzetik etorki: oinkada astun, neurtuak ondo entzuten ziren, nahiz urrun samar izan oraindik. (Idazlan hautatuak, Mirande)

bederen

Forma aldetik genitiboaren -n marka darama lokailu honek. Euskal literaturan aldaera bat baino gehiago erabili izan dute idazleek: bederen, bedere, berere, bereren… Batez ere goi nafarreraz eta ekialdean erabili izan da, eta XX. mendetik aurrera hedatu da Hegoaldean, Lardizabal eta Iztueta, J. I erabiltzen hasi ziren ondoren.

  • Baiña onez eta prestuez, guztiek, are etsaiek ere, bere bihotzetan barrena bedere, ongi erraiten dute. (Guero, "Axular")
  • Bigerrena: urthin behin berere kofesatzia, edo lehenago hiltzeko lanjerin gerthatzen bada, edo komüniatü behar bada. (Beste zenbait itzulpen, Intxauspe, E.)
  • Goatzan gü ere, Bihotzez berere, Heipe hartara, Jesüs maitiaren Gure bermiaren Adoratzera. (Üskal noelen lilia, Bordes, Ch.)
  • Aingerutxoa, badakizu miñ au nondik datorren; galkitatuago ez dedin, senda egidazu, arren, len baño len, guztia ezpada, erdia bereren; il bear det bestela, egun gutxi barru. (Iztuetaren olerkiak, Iztueta, J. I)

Behintzat lokailuarena aski antzekoa da, biak hurbil daude esanahiari dagokionez. Eta ondoren datozen bederik (gutxi erabailia gaur egun), behinik behin eta segurki (ekialdean erabilia batez ere) ere asko antzekoak dira.

  • Beñatek, bederen, ez du holakorik inoiz ere esan.
  • Baliteke Felixek ere egitea hori. Jonek bai, bederen.
  • Ez da komeni hori pentsatzea, astekeria bat egin nahi ez baduzue bederen

Ikusten denez, esaldiaren barnean ageri da, mintzagaiaren ondoren, edo amaieran. Hasieran ere ageri da, baina gutxiagotan.

Ikus adibide gehiago hemen:

  • Gaurko adibideak
    • Halakotzat saldu zidatek, bederen. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Aitaren pistola ekarri duk, bederen? (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Astia izan duk, bederen, atzo egun guztian lantokira agertu gabeøø (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Bederen, lanaren emaitzak tailerreko bidea hartua zuen, zirkuituz zirkuitu, egunkariko barne sarean barna: 7ø023 karaktereko informazioa, Tomasi mailegatutako grabazioez baliatuta gehienbat, eta 2ø098 karaktereko kronika sasi-literarioa, hilotzaren erreskatearen inguruko hileta-giro udatiarraz (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Ene iduriko, orain direna bat-batean buruturiko iraultza baten bitartez bihurtu ziren Matematika eta Natur Zientzia hain onurazkoa suertatu zaien pentsakeraren eraldaketaren funtsezko puntuaz gogoetatzeko adibide aski ohargarriak lirateke, baita haiek imitatzeko ere, saialdi gisa bederen, arrazoimenaren ezagutzak diren hauek Metafisikarekin duten analogiak baimentzen duen neurrian. (Arrazoimen hutsaren kritika,Kant / I. Uribarri)
    • Hau, ordea, objektua ematen zaigun heinean gertatzen da; eta hau, gizakientzat bederen, objektuak gogamena modu jakin batean afektatuz besterik ez da ahalgarri. (Arrazoimen hutsaren kritika,Kant / I. Uribarri)

behinik behin

Lokailu hau ere aurrekoen multzo berekoa da. Modu askotara idatzi izan da: beinik-bein, beiñipein, beñipein, behinik-behin, behindik behin, behindakin behin, behindunik behin… Euskaltzaindiak, errotuen dagoen tradizioari eustiz, behinik behin idaztea arautu zuen. Zubereraz izan ezik, euskalki guztietan erabiltzen da, Hegoaldean maizago ageri bada ere.

  • Iñigok, behinik behin, ez daki holakorik.
  • Maddalenek, behinik behin, ongi erantzun dio horri.
  • horietako lau, behinik behin, ezkongabe dira.
  • Adibide klasikoak:
    • Denbora asko da lerrorik batere zirrimarratzen ez dudala; ta gaur, oitura galdurik, gorriak pasako ditut nere barnea astintzen duena erdipurdi beiñipein azaltzeko. (Leturiaren Egunkari Ezkutua, "Txillardegi")
    • Langille guztiak, orixe da guraria, beiñipein, ezer ez dabe egingo, kaleetan ibilli baiño. (Batetik bestera, Erkiaga)
    • Behinik-behin, aberetegia ez da nahi laborariaren etxe barnean. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
    • Esan ohi zuten inoiz Poeta“ren gisan, eta baita beren irakurleek ere, irakurleek, entzuleek edota buruz ikasten dituztenek, apurka eta zatika behinik-behin. (Idazlan guztiak. Lieraturaz I, Mitxelena, K.)
    • Neurria dela, errima dela, geldiuneak eta etenak direla, ez dakigu oraindik, nik behinik-behin ez dakit, behar adina. (Idazlan guztiak. Lieraturaz I, Mitxelena, K.)
  • Gaurko adibideak:
    • Igarregunen eskolara itzuliz, abuztukoak behinik behin, badutela berekin konplexutasuna ikusten diogu, dena ongi erreparatzea zailtzen duena. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Bestalde, egia baita gainera, gure inguru hauetan behinik behin, zenbat eta eguraldi garbi sanoagoak errestan gozatu izan, aro trakets eta gordinak ere halaxe mudatuta etortzen direla gero segidan. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Arteetan, herri euskaldunen batera joan ohi ziren kanpotarrek herrikoei entzunez ikasten zuten euskara, eta eurek ikasten ez bazuten ere, bai, behinik behin, euren seme-alabek. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
    • Horixe da, behinik behin, nire ustea. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
    • Behinik behin bere paraia eta situazino arraia eta arinaren kariaz; eta bigarrenekorik bere eskuara garbiaren edertasuna dela kausa, zeina hain handirozki baita laudatua ez xoilki Laburdin, baina bai oraino Espainiako eta Franziako bertze Eskual herrietan ere. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)

bederik

Ikusten denez, eta formari dagokionez, partitiboaren amaiera -ik hartzen du lokailu honek. Esan daiteke forma berriagoa dela, eta aise gutxiago erabilia gainera. Larramendi hasi zen erabiltzen, eta ondoren gipuzkeraz idazten zuten autoreek bereganatu zuten. Gero zerbait gehiago, baina ez da orain arte ikusitako emendiozko lokailuak bezainbat erabiltzen. Kontzesio balioa hartzen du batzuetan.

  • Txantxetan bederik, esan duzu inoiz ere gezurrik?
  • Etxetik atera zen, erdizka bederik etsita.
  • Xirrina bederik entzun izan balu!

Ikus ditzagun adibideak:

  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Castrotik Santanderrera tartekoak, berriz, nola ez, Mar de España du izena, lehorrean ez ezik itsasoan ere mugarriak, izenez bederik, ikusteko moduan egon daitezen. (Hitzak eta giltzak, Aranbarri, I.)
    • Hamar minutu barregarrirako bederik ematen du. (Hitzak eta giltzak, Aranbarri, I.)
    • […] “kausa” eta guzti; norbera oroitzen ez den gauzez, hura oroituko da; batek bere buruari giza gauzaren antzik ere ez diola hartzen, edo nor den ere ez dakiela?: ba, hark esango dio garbiro (hori bai, izan litezkeen hitz zikinenekin; txinoek bederik, ping edo pong, silaba bakarrean hasi eta bukatzen dituzte gaitzik gaitzenekikoak); batek arimarik baduen ere ez dakiela, edo duenik behintzat ez duela sentitzen, edo marrazki bizigabe baten pare ikusten duela bere burua?: hark adieraziko dio ariman ze artesi edo pitzatu klase […] (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Segurola, I.)
    • Hortaz, hesia jarriko diot etorriari eta amore emango diot lotsari; alabaina, bi hitz bederik esan beharko dut, kontua zertan amaitu zen behinik, hori gabe herren geratuko bailitzateke istorioa, burutzapenik gabe nire nerabezaroa. (Nerabearen biluzia, Mendiguren Elizegi, X.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "behintzat, bederen, behinik behin, bederik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3