Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:1

edo, juntagailu eta lokailu

Esan bezala, edo hitzak markatzen du, hitz batek markatzekotan, hautakaritzaren kontu hori. Baina, arruntean, perpausen barneko elementua izaten da. Baina, batzuetan, erreferentzia zabalagoa izan dezake, eta zentzua testuinguruan bakarrik bereganatu:

  • Uda honetan hasi dira udaltzainak isunak ezartzen gaizki aparkatutako autoei. Horrekin bideratuko dute, omen, hemengo zirkulazioa. Edo, beste modu batera pentsatu behar dugu? Ez ote da gertatzen orain udalak dirua atera nahi duela biderik errazena erabiliz?

Adibide horretan, ikusten denez, edo partikulak hautu baten aurrean jartzen gaitu, baina hautua ez da perpaus baten barnean gertatzen, baizik testuinguru zabalago batean. Diskurtso osoan ematen den informazioan inguraturik bakarrik uler daiteke perpaus hasieran ageri den partikula hautakari hori. Alde horretatik, lokailua litzateke. Baina ez da izaten hori egoerarik arruntena, gehienetan partikula hau perpausaren barnean ageri baita:

  • Goizean etorriko zara, edo arratsaldean?

Hori dela eta, partikula hau juntagailuen atalean aztertzen da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "edo, juntagailu eta lokailu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3