Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:2

bestela, bertzenaz

Bi lokailu hauek aditzondoak dira formaz eta sortzez. Banaka ikusiko ditugu baten eta bestearen ezaugarri nagusiak.

Forma

Beste aditzondoari -la modu atzizkia erantsiz eraikitzen da bestela. Bertzenaz sortzeko ere bertze+-n+-az (instrumentalaren marka) egitura dago oinarrian. Horrez gain, balioari dagokionez, aditzondo hutsa izan daiteke “bestela” lokailua, eta jatorrizko esanahia biltzen du horrela: bestela, beste modu batera esan nahi du. Ezin da holakorik egin “bertzenaz”-ekin, hau beti lokailua baita.Elizondo Baztango herritxo bat da

Esapide-lokailu ere bihurtzen da beste zenbaitetan bestela, inguruko perpauseko aditz sintagmatik eta elementuetatik bereiz. Elementu horietatik bereizteko etena egiten da ahozkoan, eta komak erabiltzen dira idatzizkoan.

Bertzenaz, ostera, lokailu lexikalizatu gisa erabiltzen da soilik, ez adizlagun gisan, eta lapurteraz (Baztanen ere) erabiltzen da.

  • Bego hori hortxe berean! Bertzenaz, aita etorriko da eta ikusiko duzu!
  • Adibide klasikoak:
    • Madrilen ezin da ibili leku batetik bestera, dena goratua baita karriketako lanak egiteko; bertzenaz, hiri ederra da eta eraikin politak ikus daitezke han.
    • Egin dezagun bethi ongi atheratzen direnek bezala; bertzenaz erhoak gaitezke. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
    • Egungo egunean, asko bilkuretan, bertzeak nonbeiteko gora beherez mintzo direlarik, deus ez dakiena zozo da; eta zozo ez denean, are gehiago ahalgetzen da bere buruaz, ez dea hala? Ixiltzen naiz; bertzenaz nere lagunak samurtuko zauzkit, toki guzia ebasten diotedala. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, Jean)
    • Alaere utzi bear da griña txar au, bestela mingaña erraz irristatu liteke lagun urkoen kontra. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Gaurko adibideak:
    • Baldin eta etorkizun hobe baten ametsa aipatzen banion, nitaz trufatuko zen, umore ingelesaren aizto zorrotza dantzatuz, edo guztiz isilduko zen bertzenaz. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
    • Bainan bertzenaz orori mintzo gare; zerbait dakiten, eta, apezek bezala, astia edo aizina dutelarik Eskualherriaren etorkizunaz eta Eskuararen aipamenaz den gutieneko axolarik duten guzieri. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, J.P.)
    • San Blas egunez ez zen goruetarik egin behar: samako mina izaten zuen gorulariak, bestela. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Ezetz esaten jakin behar da, bestela afari merke baten prezioak zerura egin dezan nahi ez bada behinik behin. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • Bestela esanda, ekonomiaren helburua da urriak diren baliabideak, mugagabe diren beharretara moldatzea. (Txanponaren bi aldeak, Heras I.)

Funtzioa

Lokailu hauek bi funtzio izan ditzakete, emandako adibide hauetan ikus daitekeenez: batetik, aurreko perpausaren aditzari dagokion esanahia dute, isilean baldintza moduko bat ezkutatzen dutela. Halakoetan, lokailua bera perpaus oso baten laburduratzat har daiteke, eta “aurreko perpausak dioena betetzen ez bada” esanahia har dezake; bestetik, hau da bigarren erabilera, aurreko perpausean adierazitakoa murriztu egiten du, “hori alde batera utzita” edo “gainontzean” adierak hartuta. Ikus adibideotan bi adiera horiek:

  • Eguraldi ona bada, hondartzara joango gara. Bestela, zinemara egingo dugu.
  • Miren oso urduri eta kezkatia da. Baina bestela, jatorra da.

Hau da, “eguraldi ona egiten ez badu” adierazten da batean, eta bestean “Miren urduri eta kezkatia dela alde batera utzita”. Horra hor aipatu bi esanahiak.

  • Jakintsuak izatea baxen, santuak egitea, geiago gura izan bear dozue; jakituria baxen lenago billatu bear dozue deboziñoa; onelan guztia idoroko dozue; ta bestela, ez bata, ta ez bestea. (Lora sorta espirituala, Añibarro)
  • Auto barruan dagoen batek esaten dio: “Ez egiok tira kanpora irten arte, bestela odolez beteko duk autoa. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Egia esan, Wendyk aste osoak pasatzen zituen han barruan: gauren batean, akaso, galtzerdi bat jostera irteten zen, baina bestela ez zen sekula kanpora joaten. (Peter Pan, James Matthew Barrie / Gabiria, J.)

Perpauseko kokalekua

Non ageri da lokailu hau? Lokailu gehienekin gertatzen den gisa, askatasun handi samarra du, tokiari dagokionez, eta leku askotan ikusten ahalko dugu. Perpaus hasieran nahiz erdian joan daiteke, baita aditzaren eta galdegai ez den osagairen baten ondoan eta perpausaren azkenean ere.

  • Utzi lorontzia dagoen lekuan. Bestela, erori egingo da eta.
  • Ez da horren lan zaila. Ikusi, bestela, zein erraz egin duen Maddik.
  • Gogo ikaragarria daukat afarira joateko. Ez nizuke halakorik esango, bestela.

Juntagailuen ondoan ere ager daitezke bestela eta bertzenaz, juntagailuaren adiera murriztuz. Eta juntagailuarekin, esaterako, arestian aipaturiko bi adieretan ager daiteke (“aurreko perpausak dioena betetzen ez bada” eta “hori alde batera utzita”).

  • Eskolara etor dadila ikastera, eta bestela gera dadila etxean!
  • Miren asko saiatzen da eskolan; eta bestela ere, neska azkarra da.
  • Eta ezbai anitzen buruan esan zion dragoiak bidezkoari: “Ots emazu, ta goazen norgana nai, ta esaten badu ez dela egia orain nik diodan hau, utziko zaitut bizirik, eta bestela ill ta janen zaitut”. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Deitzen bazidaten ondo eta bestela hobeto. (16 ipuin amodiozko, Mendiguren Elizegi, X.)

Baina juntagailuarekin, berriz, bigarren adiera (“hori alde batera utzita”) baino ez du hartzen.

  • Askotan oharrak idatzi behar izaten ditut lanean, baina bestela, ez du ia inoiz eskuz idazten.

Edo nahiz edota lokailu hautakariekin agertzen da sarri:

  • Emaidazu liburua, edo bestela nik neuk kenduko dizut eskuetatik.
  • Alaere ibilli oi dira zenbait aztien, edo sorgiñen otspena duen atso gezurtien billa, lurpeko ondasunak, edo bestela ezkutatu zaizten gauzak arkitzeko. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Esaten dio bada berriz Jangoikoak bere serbitzari, ta mandatari onari; adierazo bear diezu bada, nik diodala, presta ditezela iru egunean, ta itz egingo diedala Sinaiko mendiaren gañetik, ipiñi bear zituztela orretarako mugarri batzuek mendiaren inguruan; irtengo ezin zutela mugatuko lekuetatik; ta non ez, edo bestela, bizitza galduko zuela irteten zuen edozeñek. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)
  • Eta ez zen kontua Martin Mihurubikoak izan ezik beste denek egiten zutena egitea, alegia, ezinbestekoak diren beharrak kamaina artean eta edozein katilu edo ontzi ziztrinetan egitea, gero hondakinok uretara leiho zuloren batetik, halakorik eskueran zutenek, edo bestela egunean behin-edo kareletik jaurtitzeko. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)

Bada lokailuarekin ere erabiltzen da bestela lokailua:

  • Azaldu ezazu berriro mesedez, bada bestela, ez dut ongi ulertuko.
  • Bada bestela, axe ona danean bela egin baga gelditzen dan ontzia legez, gelditu zintezkez zu bere. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Eta benetan argitasuna egiten zuten, nola izango zen bada bestela, horretarako luma zuzentzailea erabiltzen hasi ziren lehenek. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)

Ezi (=ezen) lokailuarekin ere ageri da maiz, literatura testuetan batez ere.

  • Zoaz Mirenen etxera, ezen bestela ez duzu hura berriz ikusiko.
  • Eztüzü ororen eiztia lege zeren natürak behar beitü süstengatü izan; bena zure lege saintiak eztizü unhesten behar beno haboro, eta haboruenik plazer egiten dienen txerkhatzia; ezi bestela aragia ezpiritiaren kunre altxa litezü. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Hala eman da gainerako auzo hedabideetan, el decano gazteleraz, le doyen frantsesez, eta halaxe eman dugu guk, ongiegi jakin gabe zer esaten ari garen, ezen bestela, zergatik ez dugu behin bakar batean erabili orain arte etxekoekin? (Hizlandia, Aranbarri I.)

Horrez gain, bertzenaz lokailuak balio murriztailea duenean ere lokailua har dezake lagungarri.

  • Guk ez daukagu arazorik gure autoa eramateko; eta bertzenaz ere, autobusez joan gaitezke.
  • Egitera deramaten berexkunde hori, bertzenaz ere asko erraiteko izana gatik, bederen egiazko berexkunde bat izan balitz, baluke zerbeit onik. (Xuri-gorriak, Arbelbide, X.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bestela, bertzenaz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3