Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:3

gainerantzean

Formari dagokionez, bistan da gain izenean oinarritzen dela, izenak hondarki bat baino gehiago hartzen duela. Gauza bera gertatzen da osterantzean lokailuarekin ere. Pareko ditugu biak.

  • Noizbehinka eri kontuan ibili izan da azkeneko urteetan. Baina gainerantzean ez dut batere gaizki ikusten.
  • Pakete hauek Koldok eraman beharko ditu atzeko gelara lehenbailehen. Gainerantzean, guk egin beharko dugu gero lan hori

Balioa

Adibide horiek erakusten duten gisan, gainerantzean lokailuak bestela lokailuak dituen balio berak ditu: “hala gertatzen ez bada” (baldintzari dagokiona) eta “hori alde batera utzita” (balio murriztalea). Badira beste lokailu batzuk gain izenaren gainean eraikiak, baina horiek balio murriztalea bakarrik dute. Honako hauetaz ari gara: gainerakoan, gaineratikoan, gainerakoz.

  • Estualdi batzuk pasatu genituen lehenbiziko aldian, baina gainerakoan ongi konpondu ginen.
  • Ez zaizu, gainerantzean, holakorik egitea komeni batere.
  • batzuetan haserre bezala dabil, eta zaila da orduan harekin gauzak ongi bideratzea; gaineratikoan, bihotz onekoa da gure Joxe.

Kokapena

Arruntean, perpaus hasieran ageri dira lokailu hauek, aurreko pasarteren batean aipatutakoari egiten diotela erreferentzia, adibideetan ikus daitekeenez. Eta adibideetan ikusten den gisan, ez da batere harritzekoa juntagailu baten ondoan agertzea:

  • Egin beharko dugu ahal dugun guztia, eta gainerakoan hobe da holakoan etxean uztea beste batean.
  • Zortzi urte beteak ditu, eta arazoak ditu lasterka egiteko, istripua izan zuenetik: baina gainerantzean, ez du laguntzarik behar ezertan ere.
  • Horretaz ez dira batere arduratu, gainerakoan ere arduratu ez diren bezala.

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Gainerantzean hutsik dago espazioa. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)
    • Gainerantzean manpara batek bereizten zuen egongela sukalde txiki batetik, leiho guztiak itxita eta pertsianak beheraino jaitsita zeuden, isiltasuna erabatekoa zen. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)

gainera

Komeni da hemen gainera (emendiozko lokailua) eta gainarantzean (hautakaria) ez nahastea. Biak oinarritzen dira gain izenean, baina esanahaia ez da batere berdina:

  • Arizonan basamortu handiak daude; gainera, film ederrak egin izan dituzte han.
  • Arizonan basamortu handiak daude; gainerantzean, ongi bizitzeko modua ere aurki daiteke han.Kanoi Handia oso ezaguna da Arizonan

Lehenbiziko kasuan esaten da Arizonan badirela basamortuak, eta horretaz gain, filmak egin direla; bigarrenean esaten da basamortuak badirela han, baina hori alde batera utzirik, aurki daitekeela modua ongi bizitzeko han ere. Holakoak aski arruntak dira eguneroko bizitzako elkarrizketetan: esan daiteke Kantauri Itsasoak ur biziak dituela, eta gainera, gero eta arrantza gutxiago egiten dela, edo, gainerantzean, merkataritza ontzien kasuan, ezinbesteko bidea dela leku batetik bestera ibiltzea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "gainerantzean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3