Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:4

osterantzean

Formari dagokionez, lokailu hau oste izenean oinarritzen da, eta gero marka hauek guztiak hartzen ditu ra+ntz+ean. Baina bere osotasunean lokailu hutsa dugu gaur egun, bestela lokailuaren pare-parekoa:

  • Eraman hau berehala etxera. Osterantzean, ama haserretuko da.
  • Komeni da liburu hau patxadaz irakurtzea. Osterantzean, ez duzu erraz ulertuko.

Hor ikusten den bezala, osterantzeanen ordez bestela jarriz gero, testuinguru horretan, esaldia ez da ia-ia aldatzen:

  • Eraman hau berehala etxera. Bestela, ama haserretuko da.
  • Komeni da liburu hau patxadaz irakurtzea. Bestela, ez duzu erraz ulertuko.

Artikulu honetan

Kokapena

Adibide horietan lokailua perpaus hasieran doa. Eta hala gertatzen da arruntean: literaturan ikus daitezkeen adibide gehienetan hor ageri da. Batzuetan, baina juntagailuaren ondoren ere ageri da, baina adibideak ez dira asko literaturan. Eta literatura klasikoan berriz lokailuarekin batera ere ikusiko dugu inoiz. Baina adibideak aski bakanak dira azkeneko kasu horretan ere.

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
    • Eskarrak nazionalistiak katolikuak bezin demokrata zintzuak dirana, ostantzean triskantza kruela komentu danetan egingo genduke, egin be. (Lurrikara, Labaien, A. M.)
    • Ostantzien, libre bizi da, gura dauanian ibilli, gura dauanian etzun edo jezarri, iñok eztautso agintzen, lapurren bildurrik eztauko. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")
    • Are, arre! —iñotsean astuari joranaz, aspaldittik joyalako astiro ta narrezka— Arre, arre, geldi-barik, gogattuten nok-eta; ariñago ezpa-ua belu elduko gozak! Ostantzian emongoskat makillada gorrija! Arre, arre, bigurrori, arin, arrapaladan! Bestelako pizti txarra, asto-edo etxakijat! Arin, arin, geldi-barik; aldija aurrera yuak ta Bilbo-ra eldu biar zortziretako beintzat. (Urretxinddorra, "Aizkibel")
    • Beste zeozeren bat be egin bear izan eban Txantonek, nik uste. Osterantzean zer zala-ta eroan al egien guardasobillek kartzelara? (Ipuin-barreka, Bilbao, F.)
  • Gaurko adibideak:
    • Osterantzean, itaundu Kepari“ - “Hori egia dok, Kepa? ” - itauntzen eutsien honeri eta honek be zeozer esan behar eta: “Beno, nik arrautzak ikusi nebazan konejutokian. (Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, Amuriza, X.)
    • Osterantzean, lapiko tapea edo botilea bere bardin joten genduan. (Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, Amuriza, X.)
    • Hala beharko; osterantzean ez dugu astirik izango txortan lasai egiteko. (Ostiralak, Arretxe, J.)
    • Osterantzean, greba egiteko prest gaude! (Ostiralak, Arretxe, J.)
    • Normalena satorra bera ere ez izatea zatekeen, osterantzean gutun hura irakurri eta deuseztatzeko astia eduki baitzuen. (Pasaia blues, Cano, H.)
    • Froga bat besterik ez zen, osterantzean Olatz joango zen gidari. (Pasaia blues, Cano, H.)
    • Osterantzean, ez dugu zu jendarmeen eskuetan uztea beste biderik izango. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
    • Osterantzean, aintzira bat bezain bare zegoen itsasoa. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
    • Osterantzean, bilketa lana bukatuta neukala esan zitekeen, eta oharretan neuzkanak txukundu eta idaztea besterik ez zitzaidala falta. (Errautsen distira, Mendiguren Elizegi, X.)
    • Muñagorri zaharxeagoa izatea, osterantzean beti elkarrekin ibiliak ziren, gure herrian abertzaletasunaren hazia zabaltzeko lanean. (Errautsen distira, Mendiguren Elizegi, X.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "osterantzean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3