Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:5

ezpere(n)

Hona dakarkigu lokailu hau gramatiketan ere ageri delako, baina, egia esan, aski zaharkitua dugu dagoeneko. Gutxi erabiltzen da gaur egungo testuetan. Balio aldetik, aski lausoa dela esan daiteke. Batetik bestela lokailuaren parekoa da, baldintza moduko zerbait ezartzen baitu kokatzen den perpausean, bestela lokailuak egiten duen moduan (holakoetan aginte perpausetan ageri da maiz); bestetik, badu bederen eta behintzat lokailuekin ere zerikusia:

  • Ez egin holakorik; edo, ezperen zaudete isilik!
  • Ez joan euri honekin mendira, edo ezperen, hartu behar duzuen arropa guztia ez bustitzeko.

Ikus adibide gehiago:

  • Adibide klasikoak:
    • Eta emazte banaloriatsuez erraiten ohi da bere kastatean eta ohorean floxak eta flakoak direla: ezpere baldin kastitaterik badute, hura ezin ezagut diteke hanbat nahasgarriren eta fitzkeriaren artean. (Philotea, Pouvreau, S.)
    • Iauna barkha diazadazu; badakit ene faltak nik orai erran ahal nitzakeien baino gehiagoak direla, ordea zure miserikordia konparazino gabe handiagoa da eta behar da, ezpere guk bekhatoreok ondoren gaixtoa maiz izanen genduke. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • Gaurko adibideak:
    • Ikusi, ezpere, nola armiarmak eraikitzen duen berea, bere nahirik nahitsuenen atxikitzeko eta haien sostengatzeko. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Ezperen, bat bedi nafarroa beherearra edo zuberoarra bizkaitarrarekin edo alabesarekin, eta otxagabiarra edo erronkalesa baztandarrarekin eta lau-urtarrarekin; edo zein nahi Eskual Herriko alde batekoa bertze alderdikoarekin, eta ikhusiko duzu elkhar ezin adi dezaketela; aitzitik elkharri idurituko zaizkio eskualdunak direlarik, eztirela hizkuntza berekoak. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ezpere(n)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3