Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:2:6

ezpabere

Lokailu hau ezpere(n) lokailua bezala erabiltzen da, haren lehenbiziko balioa du batez ere, bestela, alegia, baina gaurko literaturan esan daiteke baztertuta dagoela, oso adibide gutxi aurkitzen direlako egungo testuetan. Tradizioan, ordea, ez, arruntagoa da. Batzuetan baizik-en parekoa ere izan daiteke.

Gipuzkoar autore batzuek erabili izan duten arren, nagusiki Bizkaieraz erabili izan da.

  • Adibide klasikoak:
    • Eta kontu amar urte onetan pagaduagaz; ze ezpabere karzela gogor baten gerizpean egon bearko dozu arik eta edo zuk, edo bestek zure ordez, dan-dana lauzirigiñokoa pagau artean. (Sermoiak, Zabala, J. M.)
    • Adiuntzaz ta era onez, edo asierati gatxari bidera urten biar jakola: ezpabere berandu datozala osakarrijak. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
    • Eta ezpabere itandu egiozu bere azkeneko orduan ain laburki ta laster Zerua irabazi eban Lapur Santuari, ea zer eretxi jakan denporeaz. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Gaurko adibideak:
    • Ez genduan ezelango susmorik, ezpabere jo eta bertan akabauko genduan. (Paperezko hegazkinak, Egia, L.)
    • Alemanek ez eben Gernika txikitu, ezpabere ingelesek eta frantsesek. (Paperezko hegazkinak, Egia, L.)
    • Senide eta osagileek esaten eusten: kontuz alkohola, sexu eta telebistagaz, ezpabere txarto ibiliko zara Ipethea. (Denboraren mugan, Irigarai, J. A.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ezpabere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3