Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3:3

bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean

Beste lau aurkaritza lokailu ikusiko ditugu hemen, formaz antzekoak direnak.

"Bizkitartean"

Lokailu honek, eta honekin batera datozen bitartean, bien bitartean eta artean lokailuek multzo bakarra osatzen dute, neurri handi batean. Arruntean zaila baldin bada lokailu batzuen eta haiek jatorrian duten adizlagunen artean bereiztea, oraingo lokailu honekin, eta bere kideekin, biziki zailagoa da mugak non dauden zehaztea. Adberbio esapide hau ekialdekoa da batez ere. Axularrek ez du erabiltzen, baina Leizarragandik hasita, idazle baxenafar eta lapurtarrek erabiltzen dute. Eta goi-nafar eta baztandarrek ere. Batzuetan esanahia ez du argia. Eta esanahia ez da argia, batzuetan aditzondo izaten segitzen baitu, guztiz lokailu izatera pasatu gabe. Atxikitzen du, hortaz, bere jatorriko esanahi osoa:

  • Begira, banoa ni denda horretara sagar batzuen erostera. Bizkitartean ez ezazuela deusik ere egin ni etorri arte.
  • Mikel futbolera joan da, eta bizkitartean, guk lanean segitu behar izan dugu

Beraz, hor ikusten denez, “bitartean” hitzak duen esanahi bera du, denborarekin lotua dena. Baina aurkaritzakoa ere izan daiteke, eta XVII. mendetik aurrera erabilera hau aski arrunta da autore lapurtar eta baxenafarren artean:

  • uste dute gauzak berehala konponduko direla; bizkitartean, ez da egia
  • harriturik ziren mintzatzen zelako emakume batekin. Bizkitartean, ez zuen inork ere galdegin zer erran zion

Eta juntagailuarekin batera ere aski erraz ageri da:

  • badira ezin sinesten ahal diren gauzak; eta, bizkitartean, egiak dira

"Bitartean"

Hau ere bizkitartean lokailuaren parekoa da, bai formaz, bai esanahiz, nahiz hau, aurrekoarekin erkaturik, hurbilago dagoen aditzondotasunetik. Balio aldetik, denbora balioarekin erabiltzen da, baina aurkaritza markatzeko ere ikusiko dugu.

  • Zuek joan zaitezte, nahi baduzue, hondartzara. Gu, bitartean, bazkaltzera joango gara (denbora balioa)
  • Gustukua dugu ikaragarri auzoa kritikatzea. Biartean, ez diogu gure buruari behatzen (aurkaritza balioa)

Beste lokailuekin ikusten dugun gisan, hemen beste lokailu bat (baina, adibidez) oso erraz erabil daiteke:

  • Mokokan dabil egun santu guztia alabarekin. Baina, bitartean, honek ez dio kasu gehiegi egiten

"Bien bitartean"

Noiz edo noiz aurkaritzako lokailu gisa ageri baldin bada ere, egia da gehienetan (eta batez ere gaurko idazleek) aditzondo gisa erabiltzen dela batez ere. Hori da erabilerarik arruntena egun:

  • Konturatu naizenerako, Luisa ez ezik Gaxuxa ere biluzten hasia zen, eta bien bitartean Antton, tentsioa baretze aldera, emakume atsegalearena egiten hasi da, botilaren muturra hankartean sartu, eta ateraz. (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)
  • Andres enplegu bat lortzeko burubideak egiten ari zen, eta bien bitartean Liburutegi Nazionalera joaten zen. (Jakintzaren arbola, Baroja, P. / J. Zabaleta)
  • Oraindik kontrolak jartzen ibiliko dituk, eta bien bitartean, Manuel hemen. (Kafka Bilbon, Alberdi, P.)

"Artean"

Bien bitartean lokailuari buruz esan duguna esan daiteke hemen ere. Aditzondo gisa gehiagotan erabiltzen da, eta gehien-gehienetan, gaur egun, postposizio bezala (mendi artean, kaleen artean, ikusi arteaneta abar. Ikusten denez balio desberdinak ditu)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3