Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3:4

alta

Batez ere Nafarroan eta ekialdeko euskalkietan erabiltzen den aurkaritzako lokailua dugu hau: aurkaritzaz gain, balio esplikatiboa ere badu (eta gauza bera gertatzen da alabaina eta alabadere lokailuekin ere. Hori dela eta, gramatika batzuek multzo berean sartzen dituzte hirurak (ikus EGLU-III ), esaterako. Lokailu honek zeregin bat baino gehiago betetzen du, hortaz.

Batzuetan aurkaritza lokailua da:

  • esan ziguten ez joateko. Alta, guk kasurik egin ez eta hara joan ginen
  • uste dute ongi konponduko direla. Alta, holako hamaika ikusia naiz ni, eta badaki ez direla ongi konponduko
  • Bertzalde zaharrek sekulan baliatzen ez duten“ ukan” hori entzuten da alde guzietan, alta Axularrek berak beti“ izan” erabiltzen du (Herria, 2005/12/15)

Holakoetan, oso erraz ikusten dugu harridurazko perpausetan, aurkaritza tasun hori galdu gabe:

  • edario ez omen zaio gustatzen batere; alta, baditu botila bat baino gehiago hustuak bere estomakan!
  • gaur berriz ere gaixotu da umea; alta, bada, zenbat aldiz ez ote diogu erran ezin dela hain arropa gutxirekin atera kalera!

"Bada"-ren laguntza, eta tokia

Azkeneko adibide horretan ikusten denez, batzuetan alta lokailu hau bada-ren laguntzarekin ageri da. Nahiko arrunta da erabilera hori. Bestetik, adibide horiek guztiek erakusten dute zein den altaren tokirik arruntena erabileran: arruntean, bigarren perpausaren hasieran ageri da, nahiz perpausaren beste toki batzuetan ere ageri den. Hori ez da,dena den, hain arrunta:

  • Semea hor zeukan alta, gohainaren uhinek gibelondoa zitzikatzen ziotela, salda usaintsua, ezki-ura edo kafe beltza sukaldetik ekartzen (Itxaro Borda, I. , Zeruetako erresuma, 65)
  • Mozkortzen ari da, eguna alta ez delarik horretarako egokia! (Itxaro Borda, Zeruetako erresuma, 158)

Azalpen balioa

Behin baino gehiagotan halako azalpen balioa emateko erabiltzen dugu, ondoko adibide honetan ikus daitekeen gisan:

  • Bazter so batekin zelatatzen nau, alegia liburu baten laugarren azala irakurri nahiz dagola. Badakit mintzatuko zautala. Nunbait elkar ezagutu dugula erranez: - Barkatu, baina… zu ezagutzen zaitut, ez? - Baditake, bai… ez naiz oroitzen… - Eta nundik ote?… Iruditzen zait alta… zure aurpegia ez zait arrotza. (Mixel Thikoipe, Jin bezala)

Ohart gaitezen adibide horretan “iruditzen zait alta” esan beharrean holako zerbait ere esan dezakegula: “iruditzen zait, iruditu,…” edo “Izan ere, iruditzen zait….”.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "alta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3