Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3:7

hala ere, hala eta guztiz ere

Egia esan, aurkaritza lokailu hau hainbeste aldaerarekin ageri da, euskalkien, idazleen, usadioen eta garaien arabera: halere, hala ere, hala eta guztiz ere, halandaguztiz ere, halan be, halarik ere, hala eta guztiz, halaz guztiz, halerik, halaz guzi arren ere, eta abar. Horien artean, hala ere / halere multzoa osatzen dutenak dira erabilienak, eta euskararen eremu osokoak. Bi horien artean, hala ere maite dute gehien idazleek, eta horixe erabiltzen da gehien. Esan daiteke, gainera, azken urteetan hori ari dela nagusitzen besteen gainetik. Besteetatik, hala eta guztiz ere eta antzekoak (horren sailekoak, nolabait ere esateagatik) mendebalean erabiltzen dira batez ere, bizkaieraz. Eta halarik ere bezalakoak, alderantziz, iparralde eta ekialdekoak dira (eta gaur egun ia-ia hango idazleek bakarrik erabiltzen dituzte.

Ikusten da, modu batean edo bestean, formaz konplexuagoak diren lokailu hauen azpian bi elementu ageri direla beti modu sistematikoan, bakoitza bere aldetik, nahiz biak batera: hala, erakuslean oinarritutako forma (aurreko perpausari erreferentzia egiten diona), eta guzti, zenbatzaile orokorra. Gainera, ere ageri da maiz, modu batean nahiz bestean, gehienetan aukerakoa izanik ere, eta horrek eransten dio balio kontzesiboa. Esan bezala, kontzesioa eta aurkaritza eskutik ageri dira behin baino gehiagotan testuinguru askotan.

Adibideak

Ikus ditzagun adibide batzuk, aldaeraz aldaera:

hala ere

  • Hala ere, ez da nabarmentzen hizkuntzarekiko kontzientzia politiko berezirik. (Bidegorriak hizkuntzentzat, A. Zuberogoitia)
  • Sarrera ondoko oihal ilupatuan, hala ere, ez zen pinabururik ageri, katu beltz bat baizik (Izan bainitzen Nafarroako errege, Epaltza)
  • Aurrera egitea erabaki nuen hala ere. (Arima enkoniatuak, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Denbora gutirako bizitza gelditzen zitzaion, eta hala ere, bere sinesteari bertze jira-buelta bat egiteko astia izan zuen oraino: alemaniar erreformatu baten idurian, Augsburgoko Aitortzako kide hil nahi zuela erran omen zuen, azken hatsetan zelarik. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Hala ere, ari gara poliki-poliki gure gorputzaren balioa ezagutzen, gure larruazalarena, gure sexualitatearena. (Sexua noiznahi, Elberdin)

halere

  • Halere, “Israelgo semeen arteko hautatuek” presaz jardun zuten, beren buru-maiseaketak aske utzirik, eta jainkotasuna ez zuten hauteman era ez osoz besterik. (Alderraien gidaria, Mose Ben Maimon / Kintana, X.)
  • Aurpegirik gabeko gizonaren begirada, halere, ez da besteratzen. (Gauaren sakonean, Murakami / I. Uribarri)
  • Lallaren aurpegiari baizik ez dio begiratzen, bere indar guztiekin halere. (Basamortua, Le Clécio / L. Berrizbeitia)

hala eta guztiz (ere)

Lokailu hau gehien-gehienetan ere barnean duela erabiltzen da gaur egun. Oso-oso bakanak dira ere gabeko lekukotzak, autore batzuek ez dute inoiz ere erabiltzen, nahiz adibide batzuk badiren noizbehinka:

  • Hala eta guztiz, iparralde erdia zeukaten. (Esperantza, Malraux / K. Zabala)
  • Hala eta guztiz, balantzaka igartzen ditut sinesmen errotuenak, hori barik ere. (Auzoak, Urrutikoetxea, U.)
  • Norbaitek galde nahi baleza: Zergatik ene jokabidearen printzipio subjektiboak orokortu behar ditut, ez orokortuz gero ez baldin badut ezein kalterik jasaten?, ez geniezaioke hauxe esan besterik: Hala eta guztiz ere, zure jokabidearen printzipio subjektiboak orokortu behar dituzu (Terra sigillata, Arrieta, J. A.)
  • Oso antzekoa da Urruña eta Hondarribiko euskara eta, ezbairik gabe, antzekoagoa zen 1680an eta, hala eta guztiz ere, erdarara jo beharra izan zuten, batzuek besteei eroso eta egoki ulertuko bazieten. (Euskara batua, Zuazo, K.)
  • Hala eta guztiz ere, Anatomia bera aski eta gehiago zen, denik eta ongien antolatutako memoria ere estutzeko. (Jakintzaren arbola, Baroja / J. Zabaleta)

halarik ere

  • Halarik ere zure bizi guzian beti izana zira lanean. (Ez da musik, Oxandabaratz)
  • Halarik ere burasoak tematzen eta bortizten zaizkon ezkontarazi nahiz. (Jampierre Arbelbide, Arbelbide, X.)
  • Nik behintzat ez dut Ikerrek egin duena sustengatzen; baina halarik ere, semea dudanez, ama gisa ikustera banoakio. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Eta hor, itsasoan, aipatzen dituzun mementu dorpeak baditeizke, halarik ere… (Ez da musik, Oxandabaratz)

halaz guztiz (ere)

  • Halaz guztiz harekin paseatzen ahal nintzela pentsatuta poza ere etortzen zitzaidan. (Paradisuko Almanaka, G. Celati / Rey, F.)
  • Esana diote ez dela komeni haur txikiak ospitaleetan sartzea, sistema immunea ondo garatu gabea dutenez errazago harrapa ditzakeelako edozein birusek; hortaz, Aitzol taxian uzteko ideia etorri zaio une batez burura, baina, halaz guztiz, seguruago sentitzen du bere bihotzaren ondoan, ezinezkoa zaio arrotz baten eskuetan uztea; zer egingo luke taxista gizajoak umea negarrez arrantzaka hasiko balitz? (Bizitza homeopatikoak, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Halaz guztiz ere, Berorren Gorentasuna, neuk egin gura nuke. (Ulenspiegelen elezaharra, Coster / Izagirre, K.)
  • Ia dena da agiri horretan iraunkorra edo aldatzen ez dena, baina halaz guztiz ere, agiri hori iraungikorra da eta noizean behin berritu beharra dago: 5 urtez behin aurrena, 10 urtez behin hurrena, eta gero… batere ez. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Segurola, I.)

halan be

Lokailu hau, forma horretan, Xabier Amurizak bakarrik erabiltzen du (be hori, noski, ere da euskara batuan, eta mendebalekoa da):

  • Halan be, tarteka, gustatuko litxakit denok berba egitea. (Olatu bat kuartelen gainetik, Amuriza, X.)
  • Lan barrietarako kuraia gehiegi barik, asmoa baztertu egingo dok, baina ez, halan be, derrigorra denez gero, bitxoaren, basearen eta inguruaren neurriak ahalik ondoen haztatu barik, gero heureekin konparatzeko. (Olatu bat kuartelen gainetik, Amuriza, X.)

Tokia eta laguntza

Lokailu gehienekin gertatzen den gisa, sail honetako lokailuak ere perpaus hasieran ageri dira arruntean, baina adibideetan ikus daitekeen gisan, perpausaren beste tokietan ere ikusiko ditugu, eta hala erabiltzen dituzte egungo idazleek. Gutxiago, hori bai, perpaus amaieran, joera lehenago agertzeko baitute, asiueran edo mintzagaiaren ondoren. Baina ez da debekurik amaieran emateko. Adibideetan ikusten da, bestetik, eta edo baina juntagailuekin ere ageri dela maizkara, tartean zerbait sar daitekeela ere. Arrunta da, egia esan, erabilera hori (nahiz holakoetan ez den erraz, lekuko batzuk salbu, ageriko perpaus amaieran):

  • Gerra handian bezala, Txinan bezala, motorraren zarata babesgarri eta hala ere hain ahulak inguraturik, Leclercek, txapel grisa buruan, aske sentitzen zuen bere burua askatasun jainkozko batean, logalearen eta gerraren gainetik, oinazeen eta grinen gainetik. (Esperantza, A. Malraux / K. Zabala)
  • Eta hala ere, erreberentzia zor nion. (Izan bainitzen Nafarroako errege, Epaltza A.)
  • Lau egun zituen euririk egin gabe eta hala ere lokatzez gainezka egin genuen gure lerroen bukaerarainoko tartea. (Izan bainitzen Nafarroako errege, Epaltza A.)
  • Positiboki, baina, hala ere, itzal bat zekusaten: Mauleko datuek osaturiko itzala, hain justu, Zuberoako herrixketan-eta Botza oso entzuna zen bitartean, Maulen oso entzuleria txikia baitzeukan, (Bidegorriak hizkuntzentzat, A. Zuberogoitia)
  • Jakina, modu asko daude emaitza bat frogatzeko, baina hala ere. (Loroaren teorema,Guedj / J. Muñoz)
  • Eta gero Verlaine, Rimbaud, Baudelaire…; ez nian tutik ere ulertzen, baina halere dardaraz irakurtzen nitian poema haiek; buruz ikasten nitian mordo bat; bereziki maite nian Rimbaud-en “Le bateau ivre”, uhinen sentipena eragiten zidaan, uraren gainean igeri banindoa bezala. (Elurra sutan, Igerabide, J. K.)
  • “Baina, halere, beti badira, honelako bileretan, gogoeta goibelago batzuk, gure gogoetara behin eta berriro etorle: iraganaren gogoetak, gaztaroarenak, aldaketenak, gaur hemen hutsesten ditugun begitarte aldenduenak. (Terra sigillata, J. A. Arrieta)
  • Beti gure huntaz eta hartaz mintzo, gure bataila galduen erre-kontua eta gerlari halere eutsi beharraz hitz eta pitz, etengabe, bere daratulu burrunbati horrekin nire hobi eta hagin-zuztarretan zirika, ni izerdi hotzetan eta hitzik artikulatu ezinik mutu nagoen bitartean! (Terra sigillata, J. A. Arrieta)
  • Baina Antjek halere uste zuen ez bat eta ez bi ari nintzela hitz egiten berriz, bestela bezala esan nuela, denbora pasatze aldera. (Paradisuko Almakana, Celati / Rey, F.)
  • Eta, halere, etxeko uso zuriak gogotik laguntzen zion Reginari, honela esaten baitzion Ernestinak, herritik Madrilera idazten zizkiòn eskutitz bakanetan: “Ez etsi, neska adoretsua zara eta ziur nago aurrera egingo duzula”; edo esaten zion: “Zuk jar ezazu borondatea, eta Jainkoak egingo dizu gainerakoa, ez […] (Bestea da mundua, Irigoien, J. M.)

Beste balio batzuk

Ikusi ditugun aurkaritzako balio horiek dira arruntenak. Baina harridura esaldietan ere ager daiteke hala ere, eta halakoetan, “eskerrak”, “gainera”, edo holako zerbait esan nahi du:

  • Baina hola joango zara? Bai, pozik hala ere!
  • Korapillo au zeiñ-ere dirudien estu, nik epaki gabe askatu det; eta erraz ala-ere. (Panegírico del gran doctor de la Iglesia S. Agustín, Larramendi, M.)
  • Iturberen mutilletan ba zitula adiskideak, asko ta zintzoak ala ere. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
  • Elduko dira, Rosa, ta zuk uste baiño lenago, ala ere. (Lur berri billa, Etxaniz, N.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hala ere, hala eta guztiz ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3