Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3:8

horregatik, hargatik, horratik, haatik

Lau lokailu hauek etorri komuna dute: hori eta hura erakuslearen kasu motibatiboan oinarritzen dira, jatorria kontuan hartzen badugu. Horregatik eta hargatik dira zaharrenak eta beste biak, horratik eta haatik, berriagoak dira. Gainera, bada beste desberdintasun bat ere hauen guztien artean: horregatik eta hargatik erakusle gisa erabiltzen dira gaur egun. Beste biak, horratik eta haatik beti lokailu dira:

  • Jendez betea egongo da eta horregatik ez gara joango hara.Gianni Celati
  • Dena berak jaten zuen eta horregatik agertzen zitzaion hainbeste haragi ipurdian. (Denak hasperenka, G. Celati / Lizarralde, P.)
  • Baina arrazoi horiek, politikoak izan ala erlijiosoak, gure irudimenezkoak baino ez dira. Luis hil zuenaren begietan ez zegoen misteriorik, hutsa baizik. Horregatik ziren bereziak. (Ez da gaua begietara etortzen, Juaristi, F.)
  • Medikuak minbizia duela gaztigatu dio. Hargatik etorri da hain kezkatua.

Bi adibide horietan erakusle hutsak ditugu, ez lokailuak. Lokailuak ez direnez, perpausaren barnean gune-gunean ager daitezke, aditz sintagmaren barnean edo galdegaiaren tokian esaterako: horregatik egin du hau, horregatik ez da konforme, horregatik pentsatu genuen hori, horregatik eman dio muturreko bat, eta abar. Aldiz, lokailuak askoz ere periferikoagoak dira, perpausetik kanpokoak edo, eta lokailu guztiekin gertatzen den gisan, diskurtsoaren haria indartzeko erabiltzen dira:

  • Baina, beharbada, gaur ezkor jaiki naiz, eta hori da guztia. Gosaltzerakoan, izan ere, ez naiz eroso sentitu: begiratu diot emazteari, begiratu diet alabei, eta errudun sentitu naiz bat-batean. Horregatik, Andaluziara itzultzeko gogoarekin nago, cantaora gaztearen hurbiltasunak eta etxekoekiko urruntasunak neure onera ekarriko nautelakoan. (Bestea da mundua, Irigoien, A.)
  • Eskuko erloju handia eta katedraleko handiagoa ez datoz bat. Barneko ordua ez da kanpokoa, beti bezala. Ez da horregatik harritu gizona (Ez da gaua begietara etortzen, Juaristi, F.)
  • Azken adiera honetatik heldu da izen hau metaforaz erabiltzea gauza baten erroa eta hasiera adierazteko; horregatik, profeta berak, honela dio geroago. (Alderraien gidaria, Mose Ben Maimon / Kintana, X.)

Lokailu direnean, noski, aurkaritzako lokailuak dira, eta beste lokailu asko bezala, juntagailu baten ondoan (eta horregatik, baina horregatik…) edo beste lokailu batekin batera ere ager daitezke: horregatik, ordea, horregatik ere, eta abar.

Aldaerak

Gaurko euskaran horregatik eta haatik dira gehien erabiltzen direnak, baina horregatik askotan erakuslea da, kausa balioarekin, eta haatik, ordea, beti lokailua, aurkaritza balioarekin. Beraz, esan daiteke idazleen artean haatik dela, horrenbestez, gehien erabiltzen den aldaera, multzo honetakoen artean.

Tokiari dagokionez, gainerako lokailuekin gertatzen den gisan, bigarren perpausaren hastean doaz hauek arruntean, baina berdin joan daitezke perpaus horren erdian, eta bakan batzuetan, amaieran ere. Hona hemen adibide batzuk:

horregatik

Gehien-gehienetan motibatiboa da gaur egun, nahiz badiren adibide batzuk non lokailutza har daitekeen:

  • Joan den larunbateko ekaitzak ez du Baionan Kantuz egiterat utzi, bainan ez du horregatik kantuz artzeko gogoa kendu. (Herria)
  • […] hesi gaineko ertzera igo nahirik, baina zalditik mugitzeko ere ez zen gauza, erabat xehatua eta hebaindua baitzegoen; honela bada, zaldi gainetik gaizki esaka hasi zitzaien Santxoren mantatzaileei, hitzik zikin lotsagarrienak esanez; paperean nola jarri ere ezin suma halakoak; baina ez zuten haiek horregatik beren barrea eta lana utzi, ezta hegazti Santxok ere bere antsiak, erregu txarrez eta onez oratuak; baina alfer-alferrik izan zen dena harik eta nekearen nekez utzi zuten arte. ( On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)

horratik

  • Bada zera, espainolekin hautsi-mautsi batera iristen nola saiatu omen zen, haiek losintxatzen, eta limurtzen, eta erosten, noski. Ez dakit zenbat enbaxada bidali omen zituen inbasoreengana, hauek Inperioaren hiriburura zenbat eta gertuago, orduan eta oparoago. Cortés eta enparauen irrika, horratik, ase beharrean, orduan eta sutsuago, gutiziatsuago. (Terra Sigillata, Arrieta)
  • Eta entzuten ari zaizkidan haurrek sekula santan gisa horretan inor martirizatzen ikusterik ez nuke nahi. -Mesedez! Hilko naiz! -eskatzen zuen Juan Darienek garrasika. -Erakuts marrak! -erantzuten zioten. -Ezetz! Ezetz ba! Gizona naizela! Ai, ama -egiten zuen negar-zotinka gajoak. -Erakuts marrak! Azkenean bukatu zen horratik tormentua (Eguzki kolpea, H. Quiroga / J. M. Mendizabal)
  • Ideologien araberako etsaia asmatzen dute. Jakina, nik behinik behin ez diot inori ukatuko kanpoko etsai hori. Arrazoi du horretan. Baina arrazoiaren erdia besterik ez, horratik (Abertzaleak eta euskara. Edo nazio euskaldunaren gainbehera, J. M. Odriozola)

hargatik

  • Buhameak ez ziren fededun kiskalduak eta baserrikoek ez zuten bestabururik ospatzen. Alabaina, meza saindua segurtatu eta etxean, izan Eguberri edo astean behineko ostiral, lanak baizik ez zuen garrantzirik. Eta bozkario zerbait baldin bazen, norberaren pozaren ez erakustea garrantzitsua zen: irri eta kantarik ez, sekula. Ez zen hargatik familia tristea, ez. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Domingo zen, bi-hiru armagizon gehiagorekin batean, gazteluaren hondakinetako biztanle bakarra. Dorre eraitsia ez zen gehiago exekuzioetarako leku aproposa. Justiziaren gurpila ez zen hargatik gelditua. (Mailuaren odola, Epaltza A.)

haatik

  • Ez nintzen halakoetakoa, eta ez neukan ezer oinen azpirako, kutxa izan ezik. Ez nintzen hura mugitzera ausartu, haatik. (Azeria eta lehoia, Jimenez, E.)
  • Karga deskargatzen hasi baino lehen, haatik, ate nagusian barrena egin zuen aitak oihuka. (Bestea da mundua, Irigoien, J. M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "horregatik, hargatik, horratik, haatik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3