Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3:9

barren, badarik ere

barren eta badarik ere aurkaritza-lokailuak aztertuko ditugu atal honetan.

barren

Lokailu hau erabiltzen da aurretik esandako zerbait indartu nahi denean eta, alde horretatik, ondoriozkoetatik ere ez da hain urrun (bada-ren zentzua izan dezake). Zaila da guztiz hemen mugak ongi markatzea. Gotzon Garatek, adibidez, ordea esan nahi duela dio:

  • Eibartarra da hori barren!
  • egia da barren oinez etorri dela! (= benetan oinez etorri da)

Gaurko idazleen artean ere ez dira adibideak falta, nahiz autore askok ez duten inoiz ere erabiltzen:

  • Ikusterik izan bazenu emakume hagitz arrunt horrekin, hari begirik kendu ere egin gabe, eta hark ahoskaturiko hitz bakoitzari adi-adi, perlazko harribitxi ezin baliotsuagoak balira bezala! Horratik, gogait eragin… Mona, aingerutxo, negarrez ari al zara? Baina, laztana, huskeria da barren (Hona hemen gu biok, DOROTHY PARKER / MIRENTXU LARRAÑAGA (Alberdania-Elkar, 2006, 191)
  • Kalean sehi atso bat ikusi duzulako, soil-soilik, ezin zaitez negar-zotinka hasi haren kariaz, zinkulin-minkulin. Emakumea ondo dago. Primeran. 'Gure begiek eta gure bizitzek elkar topo egin dutenean', diozu… Tira, tira. Sekula ez zaitu ikusi ere egin, barren (Hona hemen gu biok, DOROTHY PARKER / MIRENTXU LARRAÑAGA (Alberdania-Elkar, 2006, 251)
  • Kasu honetan ez zirudien alderantzitasuna korrespondentzia osokoa zenik. Erdi zorabiaturik, hilerriaren aurreko landara atera genuen, arnasa sanoak susper zezan. Bere begi noizbait irekiek inguruan hainbeste jende arduratsu ikustearen sustorik disimulatu ezin zutela, etsita bezala esan zuen: - Haurdunaldiarena izango da. - Inoiz ez dozu zorabiorik izan barren! (Olatu bat kuartelen gainetik, XABIER AMURIZA (Lanku, 2009, 111)
  • “Bandera bi? ”, durundi egin du Andreiren bozak. “Eta ez dakizue onena: bart ostu omen ditek lehena tailerrean bertan! ”. Dimitrik ulertu egin du: bandera bakarra barik, bi haizatuko dituzte harmailetan. Bata eurek eta bestea katalanek. Laidoa salatuko dute sobietek, Franco seinalatu. “Baina jokatuko ditek, barren!” (Zubigilea, LUTXO EGIA (Susa, 2007, 104)

badarik ere

Hau euskal literaturan erabili izan da (Leizarragak, Duvoisinek, Larramendik, Pouvreauk, esaterako, badituzte adibideak, badarian, badarikan aldaerekin) eta gaur egun ere erabiltzen dute idazle batzuek: hala ere-ren parekoa da:

  • atea irekia ikusi zuen. Badarik ere ez zen sartu

Badarik bakarrik ere (ere gabe) erabili izan dute idazleek, batez ere Iparraldekoek.

  • Operazioa. Beti horretara iristen da, nahi ezta ere. - Zer moduz dago aita? - Ondo. Ikusi duzu. Makal antxean baina, lehenago ere ez zen hori dantzari ibiltzekoa. - Eta operazioa, derrigorrezkoa al da? Ezin al du segitu bere martxan, ttirri-ttarra badarik ere? (Bizitza homeopatikoak, XABIER MENDIGUREN ELIZEGI (Susa, 2008, 89)
  • Ederki konturatu bainintzen Kurtek ez zuela nire etorkizunari buruz hitz egin nahi, hark berriro ateratako gaiari heldu nion nik gogoz kontra badarik ere, eta ezetz, Umbertok ez zidala halakorik kontatu (Ihes betea, ANJEL LERTXUNDI (Alberdania, 2006), 195)

Idazleren batek kutsu kontzesiboa ematen dio:

  • Modu askotara hil dezakek, ostia. Gaur arte geldirik iraun diat, arrebari diodan begiruneagatik, baina orain berak deitu zidak laguntza eske, eta muineraino sartuko nauk, bai alafede. Hasteko, ostia pare bat emango zizkioat ergel horri, eta arreba etxera itzuliko diat, arrastaka badarik ere (Elurra sutan, JUAN KRUZ IGERABIDE (Alberdania, 2009, 155)
  • Condillac ezin ahaztu, gomutatzeko bakarrik badarik ere, berak halaber, 1) hizkuntzaren jeinuarekin nazioaren jeinua behatzen duela, nazioak eta hizkuntzak bat egiten dutelarik; eta 2) jeinu hori historikoa dela harentzat ere (Volksgeist. Herri gogoa - Ilustraziotik nazismora (JOXE AZURMENDI (Elkar, 2007, 53)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "barren, badarik ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3