Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:4

Ondorioa

Gure solasetan, behin baino gehiagotan perpausak erabiltzen ditugu aurrean gertatutako zerbaiten ondorioa adierazteko. Holako egituren analisia egin izan denean, ohiko gramatiketan, eta euskaraz idatzi izan diren gramatiketan ere, izen desberdinak erabili izan dira: ilatiboak, konjuntzio oklusiboak, ondoz ondoko konjuntzio koordinatuak, eta abar. Denetan, ondoriozko erlazioari buruz ari gara:

  • putzuan sartu da –> busti da
  • mendira joan da –> asko nekatu da

PUTZU HONETAN SARTU ETA BUSTITZEA GAUZA BERAZerbait adierazten dugunean, ez dugu argi-argi esaten beti adierazitako horrek nolako ondorioak dituen. Norbait putzuan sartu dela baldin badiogu horixe esaten dugu hain zuzen ere, putzuan sartu dela. Ez besterik. Eta mendira joaten bada norbait, horixe diogu, mendira joan dela. Baina bai putzuan sartzeak eta bai mendira joateak ondorioak dituzte. Eta arruntean, norbait putzu batean erortzen baldin bada bustitzen da. Eta norbait mendira joaten baldin bada, arruntean nekatu egiten da. Jakina: ondorioa ez da beti hain zuzena izaten, zenbaitetan, ondorioztatzen dugun hori gezurra izan baitaiteke, edo okerra:

  • putzuan sartu da –> hanka hautsi du

Baina, beharbada, ez du hanka hautsi putzuan sartu delako, baizik putzuan sartu aurretik harri batekin muturkatu delako. Putzura sartu baino lehenago hautsi du hanka.

Nolanahi ere, erlazio horren berri emateko lokailuak erabiltzen ditugu diskurtso mailan. Lokailu erabilienak beraz, bada, horrenbestez, hainbestez, horrela, hunelatan, beraz horrela… eta antzekoak dira. Jakina, ez dira guztiak pare-parekoak, zeinek bere ñabardura erantsen baitio nagusia den ondorioztatze esanahiari. Ondoren ikusiko ditugu, hortaz, ondorio lokailu nagusiak eta haien erabilerari buruz esango dugu zerbait.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ondorioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3