Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:4:1

beraz, bada

Hauexek dira ondoriozko lokailurik erabilienak, eta anitzetan kide dira gainera. Euskalki guztietan erabiltzen dira, nahiz bada ez den ageri zuberera klasikoan, nahiz egia den Hegoaldeko euskalkietan bada oso hedatua dela hiztunen artean.

Adiera

Zail gertatzen da bien artean bereizketa argirik egitea sarri askotan, esanahiaren aldetik:

  • Hartu, bada, aitzur hori eta has zaitez berehala landan arto jorran.
  • Hartu, beraz, aitzur hori eta has zaitez berehala landan arto jorran.

AHOTIK KEA ATERAKO DUOndorioa adierazten da hor bi kasu horietan. Baina testuinguruaz jabetu behar dugu lehenik ondorio hori zer den argi izateko. Jo dezagun bi lagun ari direla hor solasean, eta ikusten ari direla landan artoa bakandu behar dela hobeki haz dadin. Eta erabakitzen dutela lanera joatea, bestela arto landareak hondatuko direlako. Egoera horretan esaten dio batak besteari goiko esaldi hori. Batzuetan, noski, ondorioztatze hori argiago gertatzen da:

  • Mozkortua dago, beraz, ardoa edan du.
  • Ahotik kea ateratzen du, bada, erretzen ariko da.

Bien arteko baliokidetasun hori sarritan itzulpenetan ikusten da argiago. Nor den itzultzailea, hizkuntza arrotzeko testu bera harturik, ez baita batere arraroa batek beraz aukeratzea eta besteak bada.

Ez dira, ordea, beti-beti baliokide. Ikus ditzagun honako esaldi hauek:

  • Etorriko zinela eta etorriko zinela. Zergatik ez zara, bada, agertu?
  • Etorriko zinela eta etorriko zinela… A! konforme, Zergatik ez zara, beraz, agertu?

Lehenbiziko kasuan badirudi galdera horretan, edo, hobeki esateko, kontu eskatze horretan, bada lokailuak nolabait ere kontrakotasuna adierazi nahi duela: etorriko zinela esan duzu, baina azkenean ez zara etorri (lo gelditu zara?, ahaztu zaizu etorri behar zenuela? beste zerbait garrantzizkoago zenuen esku artean?). Bigarren kasuan azalpen bat, edo adostasun bat adieraztu du galdera horrek (orain ulertzen dut: ez duzu erlo jua entzun eta, beraz, horregatik ez zara etorri agindu bezala).

beraz

Badirudi “beraz” erabiltzen dugunean aurreko gauza bera esaten dugula (ikusten denez, bera erakusle indartua besterik ez da, forma aldetik, instrumentalean emana). Badirudi gauza bertsua esaten dugula baina hitzak aldatuz, badirudi ez dagoela benetako informazio berririk, benetan dedukzio bat egiten baitugu, eta hola erabiltzen dugu maizkara gure elkarrizketetan:

  • Lo gelditu naiz (eta ezin izan naiz garaiz jaiki horregatik). Beraz, ez naiz agertu agindu tokian.

Eta beste batzuetan berdin:

  • Goraintziak eman dizkit zuretako. (Beraz, berarekin egon zara nonbait)
  • Datorren astean ezkonduko omen da. (Beraz, badu senargaia)
  • Mezara joan da. (Beraz, fededuna da)

MADRILEN GAZTELANIAZ EGITEN DUTEHorregatik, silogismoak egiteko orduan aski erabilgarria suertatzen da:

  • Madrilen bizi direnek badakite gaztelaniaz.
  • John Madrilen bizi da.
  • Beraz Johnek badaki gaztelaniaz.

Beti erakusten du lokailu honek badela aurresuposizio bat erabiltzen duenaren gogoan. Horregatik, gerta daiteke elkarrizketa bati hasiera ematea lokailu honekin:

  • Beraz, atzo oso pozik omen zinen.
  • Zer diozu beraz? Zergatik diozu hori?
  • Bai: dantzan ikusi omen zintuen nire adiskide batek.

Beste lokailu askorekin gertatzen den gisan, leku askotan agertzen ahal da beraz perpausean.

Perpaus hasieran kokatu izan da gehien batean idazle klasikoen artean. Axularrek, esate baterako, horrela erabiltzen du sarritan. Gaur egungo idazleek ere anitzetan jartzen dute toki horretan:

  • Beraz, ez duzu nornahi hautatu zurekin bizitzeko!
  • Beraz, argazkilariari adierazi zitzaion goizeko hamarretan egon behar zuela han.

Baina perpausaren barnean ere aski arrunta gertatzen da, sarritan galde perpausa dagoela tartean, nahiz ez den beharrezkoa batere:

  • Zergatik ez duzue, beraz, zuek hartu?
  • Norekin ari da, beraz, bizitzen orain?
  • Andonik telefonatu zuen, beraz, arratsalde apalean.
  • zuk zeuk ikusi zenuen, beraz, nola gertatu zen istripua.

Mendeko perpaus osagarrien aurretik ere aurki daiteke:

  • Aurrez aurre ikusi zuten, beraz, nola ebatsi zioten sakelatik diru zorroa.
  • Esan nahi du, beraz, gauzak hola egin behar direla ezinbestean.

Aditzondoen ondotik ere aski arrunta dugu lokailu hau:

  • Bihar, beraz, kontzertura joango gara.
  • Oraino, beraz, ez da inor ere gai izan arazo horri konponbidea aurkitzeko. SARAN OROITZEN DIRA AXULARREZ

Euskara klasikoan lokailu hau indartzeko joera izan da. Axularrek, esate baterako, anitzetan erabiltzen du beraz hunelatan, beraz halatan, beraz halaber eta holakoak erabiltzen ditu. Denetan erabiliena, desberdintasun handiarekin gainera, “beraz hunelatan” da:

  • Beraz hunelatan, lehen baiño lehen izanen da hoberenik, eta erraxenik obra onen egitea, eta bekhatuetarik ilkitzea. (Guero, "Axular")
  • Beraz hunelatan zuk ere ioan diren hamar urtheotan, edo gehiagotan, hari izan baitzara Iainkoaganik urruntzen, beharko duzu hurbiltzeko ere, hainbertze denbora. (Guero, "Axular")
  • Arrazoin izanen da beraz halaber, Iainkoak berak laborari onak bezala, bere trabaillua lehenik goza dezan: eta adimendura edo endelegamendura heltzen garen pontu beretik, gure obren primizia, eta lehena dasta dezan. (Guero, "Axular")

bada

Esan bezala, zenbait hitzetan beraz eta bada guztiz errankideak dira. Gauza bera adierazteko erabiltzen ditugu. Hala ere, beti-beti ez dira arras berdinak. Esan daiteke bada lokailua beraz baino zabalagoa dela, errazago erabiltzen dugula, eremu semantikoa hedatuagoa duela. Beste hitzetan esateko: badirudi “bada” beti ertabiltzen ahal dela, beraz lokailuarekin gertatzen ez dena. Formari dagokionez,bada idatzi izan da euskal literaturan, baina XX. mendearen hasieratik gero eta gehiago hasi ziren idazlean ba erabiltzen. Onartutako aldaera idatzia bada da.

Oihu eta hasperenetan, maiz erabiltzen dugu:

  • Ene bada! zer diozu?
  • Tira bada, ea amaitzen dugun behingoan hau
  • Zuk ere esan behar hori bada!
  • Ezetz, bada, esan digu ezetz!

Hegoaldeko hiztunek asko erabiltzen dute lokailu hau, batez ere eguneroko hizkera bizian (ba bezala ahoskatua):

  • Noiz etorriko da, bada?
  • Nik ez dakit zer egin, bada.
  • Zuk ikusi beharko duzu, bada.
  • Zatoz hona, bada.
  • Zaude isilik, bada.

Horregatik, hain zuzen ere, hemen erregistro kontu bat ere gertatzen da: nola lokailu hau maiz ageri den elkarrizketan, hizkera bizian, aise zailago gertatzen da lokailu honi toki egitea beste erregistro landuago batzuetan: zientzia liburuetan, adibidez. Horregataik ere, hitz honek ez dakar berarekin, testuinguru horietan, informazio gehiegi, eta betegarri gisa ageri da. Batzuetan hain da betegarri hutsa, itxuraz inolako informaziorik gabeko hitza, non ezin baita inolako odoriotasunik ikusi zenbait erabileratan:

  • Badaki nola egin, bada.

Hori gertatzen da, esan den bezala, batez ere Hegoaldean, Iparraldeko hiztunak aise zuhurragoak baitira hitz horren erabiltzen. Honekin badu zerikusi handia hizkera doinuak eta entonazioak. Batez ere galderazko perpausetan ikusten da hori, nolakoa den egiten den galdera. Batzuetan egiazko galdera da, eta beste batzuetan erretoriko hutsa. Doinuak markatzen du askotan desberdintasuna:

  • - Jonekin egongo naiz istantean.
  • Ezagutzen duzu bada?

Hor egiazko galdera da. Hiztunak, erantzuna ematen duenak, besteak Jon ezagutzen duen galdetzen dio. Bigarren hau aski desberdina dugu:

  • -Jonekin egongo naiz istantean.
  • Gezur ederra! ezagutzen duzu bada?

Kontrako egoera dugu hor: galdera horrek ez duela ezagutzen baieztatzen du. Holako zerbait esango balu bezala:

  • Gezur ederra! Ez duzu ezagutzen bada!

Zenbaitetan bai edo ez partikulak lagundurik ageri da: bai bada, ez bada (hizkera bizian báiba edo ézba bezala ahoskatuak. Baina batzuetan lekuz aldatzen dira bi hitzak eta ba-bái eta ba-éz bezala ahoskatzen ditugu.

  • - Patxik erabaki du ez egitea.
  • Ez bada! Nola nahi duzu egitea Patxik hori?
  • - Patxi ere etorriko omen da.
  • Bai, bada! Halaxe esan zigun berak orain dela zenbait aste.

Beste batzuetan, esanahi bikoitza du bada honek:

  • - Nola etorriko da bada?

Horrek bi esanahi ditu: batean galdetzen dugun nola etorriko den (autoz, oinez…) eta bestean harridura-edo adierazten da: nolatan etorriko da? (ez dugu uste etorriko den)

Arrazoi horiek guztiak direla eta,biziki zaila da bada honen erabilera ugariak eta ñabarduraz beteak behar bezala zehaztea. Dena den, sail batzuk egin daitezke:

  • aurreko perpausaren kontrako saila
  • lagunarteko erabilera batzuk
  • literatura klasikoan izan duen erabilera

Aurreko perpausaren kontrako saila

Bada lokailuak badu, berez, berea den barne-barneko ezaugarri bat: harridura eta mesfidantza adierazten du azken batean. Eta horrekin batera haserrea, edo zerbait gainditzeko erronka ere. Nola gertatzen da hori? Bada, aski erraza da kontua: aurreko perpausean zerbait baieztatzen bada, bada honek kontrako erronka bezalako zerbait adierazten. Berdin aurreko perpausean zerbait ukatzen bada, erronka baiezkoaren alde litzateke:

  • - Iñakik egingo du hori.
  • Egin dezala bada!

edo

  • - Miren ez da joango.
  • Berak ikus dezala bada!

Esaten denak sinesgarritasunik ez badu, aski arrunta da bada honekin erantzutea:

  • - Aita, nik ez dut hori egin.
  • Nork bada?

Ondoriozko lokailua dela ikusten da adibide horretan. Azken batean, semeari edo alabari hori erantzun dionak hau pentsatzen du:

  • - Nork egin zuen hori, zu ez bazara? (=sinistuta nago zuk egin duzula)

Galdera inguru zabalagoa erabiliz ere egiten da anitzetan:

  • - Mirenek min hartu du gaur goizean.
  • Nola ez digu, bada, deusik ere esan harekin mintzatu garenean telefonoz?

Eta batzuetan erretorikoa izaten da galdera:

  • - Athleticek berriz ere galdu du gaurko partida.
  • Eta zer nahi duzu egitea, bada?

Bistan da hori galdetzen duenak ezin duela ezer ere egin, eta ez duela galdera egiten besteak erantzun diezaion zer egin behar lukeen. Galdera erretoriko hutsa da, besterik gabe. Baina kontrako iritzia aginduetan ere ematen da lokailu honen bitartez:

  • - Harrapa ezazu lapur hori.
  • Bai, zuk harrapatuko duzu, bada!

Edo erronka kutsua adierazi nahi denean edo agindua alferrekoa denean. Hurrenez hurren:

  • - Ez aipatu hau gero Mikeli!
  • Esango diot bada.
  • - Esaiozu berehala etortzeko!
  • Nola esango diot? hondartzara joan da bada.

Batzuetan, harridura perpausetan, baiezkoak izanik ere forma aldetik baiezkoa den beste perpaus batekin erantzuten ahal da, edo ezezko batekin ere:

  • - Azkenean Tourmalet igo omen du bizikleta gainean.
  • Ibili da, bada, hainbeste denbora entrenatzen.
  • - Gaur goizean zuhaitz baten kontra jo du autoarekin.
  • Ez du joko, bada, asto bat bezala ibiltzen da eta!

Beste norbaiten lotsagabekeria azpimarratu nahi denean ere erabiltzen da lokailu hau, ezezko perpausa erabiliz:

  • Ez zidan, bada, ergel bat naizela esan!
  • Ez zion, bada, eskua sartu eta sakelatik giltza kendu!

Lagunarteko erabilera batzuk

Elkarrizkeketan, esan den bezala, aski ohikoa da bada lokailua erabiltzea:

  • - Badakizue non dagoen?
  • Non ikusten baituzue mendi tontor hura…bada, hantxe eman du gaua.
  • - Zer gertatu zaio orduan?
  • Oroitzen zara nola esan nizuen hori eginez gero… bada hori egin du.
  • - Zer uste duzu egin nuela orduan?
  • Bada, muturreko eder bat eman nion.

Literatura klasikoan izan duen erabilera

Behin eta berriz esan dugu bada honen leku aprioposa elkarrizketa dela. Eta orain arte eman ditugun adibide gehienak, guztiak ez badira, elkarrizketa biziarekin lotutakoak dira. Horrek ez du esan nahi, dena dela, literaturan, liburu idatzietan (klasikoetan nahiz gaur egungoetan) erabiltzen ez denik. Hor ere asko erabiltzen da: literatura klasikoan, adibidez, beraz baino maizago. Hori da "Axular"en kasua, esate baterako. Leizarragak ere badarabil. Horietan, argudiobide berri bati irekitzen dio atea. Ez dute horiek bakarrik erabili.Oso arrunta da euskalki eta garai guztietan, salbu zuberotarrez (euskalki honetan Maisterrek bakarrik erabiltzen du): azalpen berri bati atea irekitzeko erabiltzen dute autore gehienek, lotura emateko diskurtsoari.

Eta egungo literaturan ere maiz ageri da, holako testuinguruetan:

  • - Nahi duzu berarekin egotea? Ederki, hitz egingo diot, bada, zure izenean.
  • - Nola ulertuko dugu, bada, inork ere argitzen ez badigu kontu hori?
  • - Zer dira, bada, espazioa eta denbora?

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "beraz, bada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3