Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:4:3

orduan

Asko erabiltzen den hitza euskaraz, oso polisemikoa da. Formari dagokionez bistan da ordu hitzetik datorrela, eta inesiboaren marka hartzen duela. Esanahiaren aldetik, beste edozein izenekin gertatzen den bezala, esanahi hori du lehenik eta behin:

  • Autobusean etorri zen. (=autobus batean etorri zen)
  • Orduan etorri zen. (= esandako ordu hartan etorri zen)

Hortik aditzondo arrunt bat sortu da gero, denbora aditzondoa, hain zuzen ere:

  • Atzo egon ginen elkarrekin.
  • Orduan egon ginen elkarrekin. (= une hartan)

Baina pixkanaka lokailu egin da, eta bere gisan erabiltzeko bidea hautatu du:

  • Orduan, ez ginela ohartu ere, auto bat etorri zitzaigun saihetsetik bat-batean
  • Orduan, zer esan dizue? etorriko dela edo ez?

Balio hirukoitz hori aski nahasia gertatzen da batzuetan, eta ez da erraz izaten batzuetan balio desberdin horiek ongi bereiztea:

  • Orduan lau telefono dei egin zituen.

Eta hori izan daiteke:

  • Ordu batean (6etatik 7ak arte, esaterako) lau telefono dei egin zituen.
  • Tarte hartan lau telefono dei egin zituen.
  • Hau da (hots, beraz, kasu horretan, gauzak hola izanez gero…), lau telefono dei egin zituen.

Holako kasuetan, eta hau aski arrunta izaten da lokailu gehienekin, tesuinguruak eman behar du datu aski zer esan nahi dugun ulertu ahal izateko. Hiru esanahi horietan, noski, hirugarrena da lokailua, eta aski hedatua da gaur egun Iparraldean nahiz Hegoaldean. Baina mugak, esan bezala, arras irristakorrak dira. Zenbait kasutan tarteko zerbait adierazten du, nolanahi ere:

  • Nekez jotzen dute zuzeneko ekintzara ezein kasutan, are gutxiago hau bezalako batean, zeren akats bat, denik eta txikiena dela ere, oso kaltegarria izan baitaiteke beraien helburuetarako. -Baina zer gertatuko da alproja horiek zuk uste baino ausartagoak badira, jauna? -galdetu nion nik, neurean tinko. -Orduan -esan zidan Murthwaite jaunak-, askatu zakurrak. (Ilargi-harriak, Wilkie Collins / Antton Olano)

Ikusten denez, adibide horretan ez da une zehatz bat (ez dira 60 minutu, ez epe jakin bat): badirudi “hori hala bada” edo holako zerbait adierazi nahi duela, hurbil, nolanahi ere, beraz lokailuak duen esanahitik.

Adibideak

Egia esateko, euskalki eta garai guztietako idazleek erabili izan dute:

Ez da esan beharrik, oraingo euskaran ere asko erabiltzen da, bai ahozkoan nola idatzian, Iparraldean eta Hegoaldean:

  • Baina ematen zitzaidàn hezkuntzan, hutsegiteen ordena ez zen beste haur batzuen hezkuntzakoaren araberakoa, irakatsia baitzitzaidan ezen beste guztien aurretik kokatu behar nituela (nigan ez omen zegoen-eta beraren kontra ni arduratsuago babestu beharreko beste ezein akatsik) hutsegite jakin batzuk, zeinen ezaugarri baterakoi nagusia baitzen, gaur egun ulertzen dudanez, beraietan erortzeko kausa bulkada nerbioso bati amore eman izana. Orduan, ordea, ez zen hitz hori aipatzen, ez zen jatorri hori aitortzen, bestela sinets bainezakeen hartan erori arren barkagarri nintzela, edo agian baita hari jarkitzeko ezgauza ere. (Denbora galduaren bila I. Swannetik, Marcel Proust / Arrieta, J. A.)
  • Baina gauza bat zen Reginak zekiena -egoera zailetan edo ezinezkoetan, gizakiak bere burua engainatzeko tartea bilatzen du maiz, kontziente nahiz inkontzienteki, erosoago sentitzeko-, eta oso beste gauza bat, zekièn hura besteen ahotik entzutea. Eta Reginak entzun egin zion izeba Eugeniri. Eta orduan, gaiztakeria bat gordean egiten harrapatzen duten haurraren antzera, lotsa-lotsa eginda sentitu zen neska, babesik gabe, blokeatuta. (Bestea da mundua, Irigoien, J. M.)
  • -Nele -esan zuen Ulenspiegelek-, gizona nauzu, baina ez gaiztoa, gure familia nobleak, magistratu familia, zilarrezko hiru pinta dauzka bruinbier azpi baten gainean. Nele, egia ote da Flandrian musuak ereiten direnean masailekoak batzen direla? -Ezin dizut berba egin. -Orduan zergatik zabaltzen duzu ahoa hori esateko? (Ulenspiegelen elezaharra, Charles de Coster / Izagirre, K.)
  • Ikertu dut, eta argitua da fenomenoa. Badakit zergatik joan ziren: petrolioa amaitzera zihoan. Edo planeta erregeneratu behar zen, mila milioi urte barru, beste gizateria intentu bat abia dadin. Edo… Joan ziren, behintzat, zorionez. Baina, orduan, ni zergatik gelditu nintzen? (Olatu bat kuarteklen gainetik, Amuriza, X.)

Beste xehetasun batzuk

Gainerako lokailuekin gertatzen den gisa berean, lokailu hau perpausean toki bat baino gehiagotan ageri da. Batzuetan bakarrik ere bai, elkarrizketa batean galdetzen badugu: orduan?. Baina arruntean perpausetan ageri da, beste osagarrien artean. Perpaus hasieran, tartean nahiz amaieran ager daiteke.

Perpaus hasieran

  • Dardartzan hondoratzen den gauza, astuna izan, arina izan, ez da inoiz gehiago azaleratuko, inork ez du sekula gehiago ikusiko. -Ba al daki hori Rosanna Spearmanek? -Nik bezain ongi. -Orduan -galdetu zidan sarjentuak-, zer arraiogatik ez du Rosannak pinturaz zikindutako jantzia hartu, eta hari harri-koskor bat lotuta, harea bizietara bota? (Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano)
  • Baten bat agertu zen, sotanaren lepo eta botoi gorriak zituena, baina hortik gorakorik ezin zen lortu. Gotzainagaz audientzia eskatu genuen. Ez zegoela gotzaindegian. Guk baietz, bazegoela, auto episkopala (mercedes kolosal bat, Aldundiak oparitua) eta txoferra atarian ikusi genituela eta. - Orduan, ezin dogu azterketarik egin? (Olatu bat kuartelen gainetik, Amuriza, X.)
  • SATUR: - Oi, oi, oi, Eusebio, edaten ibili haiz? EUSEBIO: - Ez diat ttantta bakar bat ere sartu. SATUR: - Orduan gaixorik hago. Kioskotik pasatzean ahots bat? (Buruari eragiten) Seinale txarra duk hori. EUSEBIO: - Alderantziz, seinale on-ona, Satur, bokazioaren ahotsa zuan, ulertzen? SATUR: - Ulertzen diat, bai, ganbara pitzatzen hasia daukak, bistan zagok (Goenkale, 191. atala, “Etxean berriro”, eitb)

Perpaus tartean

  • Azken judizioaren eguna ote zen hura, liburuek eta jakintsuek aipatutako azken ordua, zeinean mundu gezurti hau begi itxi-ireki batean erreko baita, txinparta bat itzaltzen den bezain erraz? Baina, zertarako behar du Jainkoak halako zalaparta, begirada hutsez munduak sortzeko eta deusezteko gauza izanik? Jainkoa ez tartean, beraz. Baina, orduan, nondik datorkio gizonaren eskuari halako boterea? (Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala)
  • -Bizimodu atsegin horretan hamar urte igaro ondoren, zer egin ote dut nik? -zioen Fabricek-; Zer izango ote naiz? Gazte heldua, alajaina, eta nerabe ederren bati utzi beharko diot, orduan, goi mailako lekua, aurreneko aldiz gizartean agertzen denean, ingeles zaldi batean hura ere! (Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz)
  • Ez zioten sinetsi eta kontrako epaia iritsi zitzaion, diru asko ordaintzen ez bazuen bizitza guztirako kartzelan sartuko zutela. Baina osabak ez zuen dirurik. Orso Neroren emaztea, orduan, osaba argala konbentzitzen ahalegindu zen etxearen bere partea sal zezan, hura baitzen osabak sos batzuk eskuratu ahal izateko zuen ondasun bakarra. (Denak hasperenka, Gianni Celati / Lizarralde, P.)
  • Ezin izango dut ahantzi abandonatu nauzula eta jendeak kalean berarekin ikusi zaituela… Gureak egin du, Hamida. Nik maite izan dudan neskatxa dagoeneko ez dago. Hiltzaileak, baina, sufritu beharra dauka. Esadazu non topa dezakedan. Neskak, orduan, pentsamenduak mihia baino azkarrago zerabiltzala… (Mirarien kalezuloa, Naguib Mahfuz / Zubizarreta, P.)

Kasu horietan, juntagailu baten (baina) ondoren ageri da batzuetan, perpaus oso baten ondoren (… utzi beharko diot), edo mintzagaiaren ondotik (…emaztea; neskak).

Edo perpaus amaieran

Hau batez ere elkarrizketetan ageri da maizago:

  • MARIA LUISA: - hamarretan? Bederatziak dira bakarrik. Gosaria prestatuko dizut. GAIZKA: - Ez, ama, eskerrik asko, ez zait ezer sartuko, pozaren urduriak ez lidake utziko. JOSEMARI: - Kafetxo bat, sikiera. GAIZKA: - Are gutxiago. JOSEMARI: - Menda-infusio bat orduan. MARIA LUISA: - Tira, Gaizka, horrek onik baino ez dizu egingo. GAIZKA: - Atera, ba. Gaur ez dut uste benetako lanean hasiko naizenik. (Isilune labur bat eta gero, garrasi bat botatzen du, pozaren pozez) Oraindik ezin dut sinetsi! (Goenkale, 195. atala, “Egun on, Arralde!”, eitb)
  • EUSEBIO: - Zuk ez duzu herri hau ezagutzen. Esan ezazu zerbait norbaiten kontra eta hark bizi osoan ez dizu barkatuko. MAIDER: - Baina, Eusebio, kontua ez da zerbait norbaiten kontra esatea. EUSEBIO: - Zein da ba kontua orduan? MAIDER: - Zer esanik duenak hitz egitea. Kezkak dituenak bere kezkak plazaratzea, konponbidea duenak konponbidea eskaintzea. EUSEBIO: - Erraza ematen du, baina… MAIDER: - Denok izango duzue hitz egiteko aukera. Baina bakean eta inor iraindu gabe (Goenkale, 197. atala, “Irin guztiak ez dira zuri”, eitb)
  • LEIRE: - Gauza bera beste era batera, ezta? AINHOA eta FELIX Goenkalen. Boga-Bogara sartzera doazenean, AMAIA ateratzen da. FELIX pozik. FELIX: - Bukatu al dun, Amaia? AMAIA: - Oraindik ez! FELIX: - Nora hoa orduan? AMAIA: - Bideodendara diru xehearen bila. (AINHOAri) Asko aspertu zara Felixekin? AINHOA: - Ez ama, Elkanon izan gara liburu baten bila eta gero Felixek hanburgesa bat jatera gonbidatu nau. AMAIA: - Felix, hi ez hago burutik sano. Ez al dakik hanburgesa zabor hutsa dela. Ainhoa gaixotzea nahi al duk? (Goenkale 198. atala, “Batek saldu, besteak erosi”, eitb)

Juntagailuekin batera

Arrunta den bezala, juntagailu baten ondoan ere ikusiko dugu, batez ere juntagailu horrek bi perpaus lotzen baldin baditu. Hona hemen zenbait adibide:

  • Azken judizioaren eguna ote zen hura, liburuek eta jakintsuek aipatutako azken ordua, zeinean mundu gezurti hau begi itxi-ireki batean erreko baita, txinparta bat itzaltzen den bezain erraz? Baina, zertarako behar du Jainkoak halako zalaparta, begirada hutsez munduak sortzeko eta deusezteko gauza izanik? Jainkoa ez tartean, beraz. Baina, orduan, nondik datorkio gizonaren eskuari halako boterea? (Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala)
  • Baina, orduan, ezin “aspaldi ahantziriko iraganaldian ereindako hazi nimiñoak” panta-hilara presenteratu: “Hire filosofia natura baldin bada, anti-natura duk literatura” (Terra Sigilata, Arrieta, J. A.)
  • Haren sabelak ezin zuen, edo beharbada berak ez zion leku apur bat ere utzi nahi. Nik bezalaxe, pentsatu zuen Alicek. Michela bahitu eta gero handik urruneko etxe batean hazi zuen, beste izen batez, berea balitz bezala. Baina, orduan, zergatik itzuli zen? (Zenbaki lehenen bakardadea, Paolo Giordano / Biguri, K.)
  • Haren seme izanagatik ere, aitatxok ez du amona atsegin, baina aldi berean beldurra ematen dio eta ez da ausartzen amonari aurre egiten, eta, orduan, amona bisitan etortzen zaigun guztietan, nahiko giro tirabiratsua izaten dugu, eta horrek nahigabetu egiten du amatxo (Jaiotze markak, Nancy Huston / Iñigo Errasti)
  • Zergatik, beraz, ni buruzagi? Bere apurra eginen zuen jomuga garbi izateak, baita lehenagotik nire izate basaz Akademian zebiltzan istorio ikaragarriek ere. Funtsezkoena, haatik, nire armategia izan zen. Oraingo denboretan pistola bat ez da nornahiren eskuetan ikusten. Pentsa, beraz, orduan. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Balestrari bere izenez deitu nahi lioke, baina ez du horretarako adina ahots. Orduan, bada, mahai gaineko txilinari heltzen dio, harik eta laguntzailea etortzen den arte, gezurrezko presa bat duela aurpegian -morroi-aurpegi otzan eta kamuts bat, bere ondoren nork jakin zenbat denboraz bizi izatekoa- (Gaueko gezurrak, Gesualdo Bufalino / Josu Zabaleta)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "orduan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3