Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:4:5

hala, halatan

Hala lokailua berez aditzondoa da:

  • Hau hala egin behar da.
  • Eta etxekoandreak hala esan zien.
  • Ovidiok ere hala idatzi zuen.

Baina adberbio izatetik lokailura eman du pausoa (beraz esan nahi du), adberbio izateari utzi gabe, noski. Bietarako balio du, hortaz:

  • Eta, ala, tristeza andiaz, Silvero joan zan bere aposentura. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Egin bear du kontu ari erraten zaiola berriau ain ditxosoa […], eta ala kontentu eta alegria andiareki bear du alabatu Iaungoikoa. (Tratado de como se ha de oyr missa, Beriayn, J.)
  • Norbaiten begiradak beste norbait sumintzen du, baita ere: hala, dukesaren begirada harroak subiranoa, bigarren liburuko parte handi batean. (Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz)
  • Teoria berriekin, honaino nola iritsi garen azaltzeko gidoia osatu ahal izan dugu, azkenean. Hala, hau dakigula uste dugu orain. (Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza)

Adberbio horrek egin dio bidea halatan lokailuari:

  • Guziok baikara haren [Adamen] ethorkitik eta naturalezatik, halatan sortzen gara likhistuak eta nothatuak. (Doctrina Christiana, Materre, E.)
  • Ezta kreaturarik egundaino bidegaberik egin derautanik eta halatan eztut zertaz zure kontra arrankuratzerik. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Halatan, altxorra aurkitzea lehenbiziko urratsa izango da soilik; gero zailena etorriko da, hots, barreiatua elkartzea: Maria Mistelek ziminoek harat-honat darabilten altxorra batu beharko du. (Txillardegi eta ziminoa, Zapiain, M.)
  • Halatan, gero eta iheslari gehiago hasi zen Pirinioetatik Espainiara igarotzen, handik Lisboako portura heltzeko. (Ihes betea, Lertxundi, A.)

Juntagailuaren laguntzarekin ere agertzen ahal da:

  • Beharbada, amarru bat zen, ni umiliatu eta halatan ni mendean edukitzeko. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Egia zen hargatik Jamaikako izarraren melodiek izakiak edonon kulunkatzen zituztela eta halatan omenaldi beratzak merezi zituela. (Ezer gabe hobe, Borda, I.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hala, halatan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3