Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:5

Kausa / azalpena

Kausazko eta azalpen lokailuak zer diren ikusiko dugu atal honetan.

Lokailu mota hauek, bistan denez, kausarekin edo zergatiarekin lotuta daude, eta garai batean oso erabiliak ziren euskaraz, gero galdu zuten indarra, eta orain berriz ere aski arruntak dira. Zergatiaren kontu hori oso modu zabalean ulertu behar da. Zergatia izan daiteke, edo azalpena, aitzakia, esplikazio zabala, eta abar. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Jone gaixorik dago, zeren ez da etorri gaur lanera
  • Euria egin du, zeren karrikak bustiak daude

Bi adibide horietan zenbait gauza ikusten ditugu, ongi dastozkigunak lokailu hauen kontua azaltzeko:

  • Esan dezagun, hasteko, gainerako lokailuekin gertatzen den gisan, hemengo zeren lokailu honek ere bi perpaus lotzen dituela
  • Perpaus horiek “biluzik” daude, bigarrenean ez dago inolako menderagailurik (da eta daude ageri dira)
  • Lokailu hauek zeren, zergatik(an), zerengatik(an)… bezalakoak dira, kausaren kontzeptua gogorarazten dutenak berehala. Lokailu horiek menderagailu batekin ere ager daitezke (…zerengatik ez baitu deus erran, …zergatik ez duelako sendatu…).
  • Benetan, hor ez da inolako kausarik adierazten: Jone ez dago gaixorik lanera etorri ez delako, eta ez du euririk egin kaleak bustiak daudelako. Zerbait izatekotan, alderanztzizkoa litzateke kausa: Jon ez dela lanera etorri gaixorik dagoelako, edo kaleak bustiak daudela euria egin duelako. Hor ikusten da, bistan denez,lokailu horiek azalpen baten adierazleak direla: “Uste dugu Jone gaixorik dagoela, zeren, ikusten duzuen gisan, gaur ez da lanera etorri”; “Euria egin du gaur, zeren, ikusten dituzue nola dauden kaleak: bustiak”.
  • Kausa edo azalpenezko lokailu hauek ez dira, ordea, gainerako lokailuak bezalakoak ezaugarri guztietan. Ez dute, esate baterako, horrenbeste askatasunik perpausean ia edozein tokitan agertzeko, eta arruntean perpausari ematen diote hasiera. Bestetik, menderagailu batekin ere agertzen ahal dira, esan bezala. Komeni da hemen, zernahi gisaz, lokailuen eta juntagailuen arteko bereizketa desberdintasunak gogora ekartzea. Ondoko atalean, zeren aztertzean, esaten da zerbait gehiago kontu honetaz guztiaz.

Lokailu hauek errazago ikusten dira Hegoaldeko idazle klasikoen artean (zerengatik gehiago Iparraldean, baina Iparraldeko euskalkietan gehiago aurkitzen dira juntagailu gisa, aditzean menderagailua dagoela, bait- edo -en):

  • Nik ezteretxut on zuri bapere baño geiago, zegaiti ene biotza Doridogan dago (Juan Perez de Lazarraga 1152r., eskuidazkia)
  • Jauna, zu aditzean beldur izan det nik, zergatik arkitzen naiz jantzi gabetanik (Juan Irazusta, Doctrina christiana eguinzuana erdaraz aita Gaspar Astete jesuitac. Ipinidu eusqueraz don Juan de Irazuzta Erretore Hernialdecoac. Iruñea, 1739 220)
  • Eta handik du bere izena, zeren bathaioak garbitzen du arima bekatu orijinaletik (Esteban Materre, Doctrina Christiana. Aita Esteve Materre San Franciscoren ordenaco Fraideac eguina, Bordele, 1617, aipamena Bordele 1623, 2. edizioa, 127)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa / azalpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3