Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:5:2

zergatik

Bistan da zergatik hitzaren azpian zer dagoela, eta ondoren gatik postposizioa. Batzuetan zerengatik bezala ere ageri da. Arruntean galdera hitza izanik ere, gero lokailu balioa ere hartu du. Balioaz zeren bezalakoa da, azken batean, eta testu bera harturik, itzulpenak egiten direnean, autoreen arabera zergatik edo zeren ageri da, zein den maiteago. Eta forma aldetik, aldaera bat baino gehiago izan du historian zehar: zergatik, zergaitik, zegaitik, zergaiti, zegati, zegatik, zergaitikan, zergatika, zeatik, zeitik eta zengatik bederen bai. Ia euskalki guztietako idazleek erabili izan dute –eta ez bakarrik Hegoaldekoek, EGLU III-n (184) esaten den gisan–, eta hasiera-hasieratik. Etxeparek berak ere badu adibide bat.

  • Ain kontenturik nago ni zugaz / nola zu nigaz gaxtoto, / zegaiti Jaunak egin ez naben / zure kontentamentuko (Lazarraga, 1164)
  • Skandala zaitut nik zu, zergatik ez baiduzu gusturik Jainkoaren gauzentzat (Haraneder, Mt 16, 23)
  • Dauden penaturik, zergatik gelditu diran probatu gaberik (Jan-Edanaren bertsoak, [I] Tolosa, 1982. [II] Tolosa; 1985, II 100)

Erabileraz hitz bat

Noski, lokailua beregainak diren perpausen lotura eginez erabil daiteke, edo menderagailua duen perpausa lotzen ere, lokailu hauekin hala gertatzen baita. Tokiari dagokionez, beti perpaus hasieran, honek ez du gainerako lokailu gehienek duten askatasunik, eta idazle klasikoetan ezen lokailuarekin batera ageri da batzuetan. Gaur egun nekez aurki daitezke holako adibideak. Bai, ordea, eta juntagailuarekin batera doazenak:

  • Zenbat aldiz agortu zuen, horratik, dukesa baten aurrean zeukàn kreditua, dukesa horrek urtetan barrena berari atsegingarri gertatu nahiaren desira asegabetik metatua zuena, zergatik-eta, bat-batean, Swannek ohar zabar baten bidez gomendio telegrafiko bat eskatzen ziolako, harremanetan jar zezan berehala, arren, norekin-eta, dukesaren baserri bateko maizter zèn norbaitekin, zeinaren alaba begiz joa baitzuen noizbait landetan, hots, ogi-koxkorraren ordainetan diamantea emango lukeen gosekilaren gisa (Denbora galduaren bila I. Swannetik, MARCEL PROUST / JOXE AUSTIN ARRIETA, Alberdania-Elkar, 2010, 267)
  • “Azkenean, azken-azkenean, konturatu egin nauk: egunkariko zuzendariak zaintzailea saritu dik, hoba bizitza salbatu ziok eta; baina lanik gabe utzi dik, zergatik eta, gauez, erredakzioa zaindu beharrean, lotan egoten zelako: “Bart amets egin dut hau eta hau gertatuko zitzaizula” (Mundua lo dagoen bitartean, PATXI ZUBIZARRETA, Txalaparta, 2008, 119)
  • […] ikusiko, elkarrizketak, laudorioak, omenaldiak, orain ez didate Rob esaten, akaso jakin ere ez duzu egingo izena nola dudan, arrotza izango duzu beharbada liburu-azaletan hizki larri urreztatuz azaltzen den izen hori, nik ez nizun sekula nire liburu argitaraturik bidali, eta badakit zergatik eta lotsa ematen dit aitortzeak, seguru nire liburuak ez direla eskuz esku ibili emakume-kartzelan, ez dutela inoren samina arindu, inoren maitasuna berpiztu, ez direla zure begien mazeletan etzan, eta orain seme galduaren gisa itzularazi naute, laudoriorik handienez eta hutsalenez jantzirik, seme kuttun […], (Gizakiaren minak, KARLOS LINAZASORO, Erein, 2010, 42)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zergatik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3